Sortze-prozesuak burutzeko modu desberdin bat
Datorren ikasturtea berezia izango da Jakintza ikastolan. Berrikuntza ugari egongo dira instalazio eta gela kontuetan eta berrikuntza horietako bat niri pertsonalki izugarrizko ilusioa egiten dit. Berrikuntzak azpiegitura mailakoak izango dira nagusiki. Dena den, duela hamairu urte IKTen inguruan lanean hasi nintzeneko antzeko panorama baten aurrean nago orain. Ikastolak eskaintzen dizkidan baliabide berri horien aurrean nola jokatu erabakitzea tokatzen zait berriro. Trebakuntza teknikoan soilik zentratu behar dut nire lana, orain arte ikasleekin gela barruan egiten dudana aldatu gabe, edo aldaketa sakonagoa da eta bitarteko berri hauen eskutik, gela barruan burutzen dudan lanaren enfoke metodologikoa aldatu beharrean nago?
Izan ere, baliabide berri hauek ikastola barruan burutzen ditugun sortze-prozesuen inguruan dugun ikuspegia errotik aldatzen dute. “Egiten eta ekiten ikasi” konpetentziari lotutako egoerek perspektiba berri bat hartzen dute baliabide berri hauei esker. Berrikuntza hauek, beraz, modu zuhurrean txertatu nahi baditut ikastolan, derrigorrezkoa da egoera berri horretara egokitzen diren metodologiak erabiltzea, gure ikasleen sormena, ekimena, iniziatiba, autonomia, pentsamendu kritiko eta estrategikoan, besteak beste, jauzi koalitatibo esanguratsu bat gerta dadin.
Horrela, datorren ikasturtea gainera etorri aurretik, bi izan dira aztertzen aritu naizen kontuak:
- Egun gure ikasleek ikastolan burutzen dituzten prozesu kreatiboen ezaugarriak.
- Aurreko paragrafoan aipatutako gaitasunen garapena bermatu dezaketen prozesu kreatiboak.
Lehendabiziko atalari dagokionez, nik esango nuke ikasleek gure ikastolan burutzen dituzten prozesu kreatibo gehienek (eskulanak, ipuinak, antzerkiak, teknologiako proiektuak…) bi ezaugarri nagusi dituztela::
- Sortze prozesuak erabat gidatuak izaten dira, ia kasu gehienetan. Ikasleari irakasleak diseinatzen duen protokolo kreatiboa jarraitzea eskatzen diogu gehienetan. Apenas dago lekurik ikaslearen sormena aktibatzeko, “prefabrikatuak ez diren” egoeren aurrean pentsamendu estrategikoa lantzeko, ikasleek egoera berriei irtenbidea eman behar diotenean adimen anizkunak jokoan ipintzeko edota ezusteko egoeren aurrean pentsamendu kritikoa mobilizatu eta irtenbide propio eta originalak bilatzeko. Dena dago aurretik lotuta eta ondo lotuta gainera.
- Prozesu kreatiboa ekoizpen fasera mugatzen da ia kasu guztietan. Azken ekoizpena, azken produktua izaten da benetan balioa duena, horixe baita irakasle gehienok aintzat hartzen duguna ikasleak “egiten” ipintzen ditugunean. Pentsamendu edo kognizioari loturiko gaitasunak, ideia abstraktuak irudikatzeko gaitasuna, planifikazio eta antolaketarako trebetasuna, talde-lanean aritzeko eta taldeko lan-dinamikaren motorrean bilakatzeko gaitasuna, etabar… inork ez du ukatzen oso interesgarriak direnik baina gero ez dute isla zehatzik irakasleok burutzen dugun ebaluazioan.
Gure ikastolan ikasleek burutzen dituzten sortze-prozesu gehienak hamarkada askotan inguruko lantegietan jarraitu diren fabrikazio prozesuen kopia bat besterik ez da (dagoeneko askotan esan den moduan, bestalde): ikasleek burutu behar dutena aurretik azaltzen zaie eta agindutakoari jarraitu behar diote. Amaieran, ekoizpenaren kalitatea ona ez bada, ondo egin ez dutenagatik zigortuak izango dira.
Lan mundua oraindik horrelakoa dela sinesten duten irakasle, lagun eta familiar asko ditut. Ez dakit lanbide guztietan oraindik horrelako planteamenduak nagusitzen diren. Baina badakit lan egiteko modu honek ez duela etorkizunik. Berrikuntzaren gizartean omen gaude, konpetitiboak izateko bide disruptiboak bilatu behar omen ditugu, langile kritikoak, proaktiboak eta autonomoak behar omen dituzte gure enpresek, porroten aurrean jokabide resilientea adierazten dutenak gainera. Eta abar, eta abar, eta abar… Hori guztien hazia eskoletan ereiten dugula sinesten dut: eskola gizarteak eskatzen duen aldaketa hori lortzeko palanka garrantzitsuenetako bat dela sinesten dut.
Gaira bueltatuz, izango ditugun baliabide berriekin, curriculum ezkutuko gaitasun horiek ikasleei transmititzeko metodologia eraginkor baten bila ibili naiz azken asteotan. Proposamen didaktiko berri honek ondorengo ezaugarriak eduki beharko lituzke:
- Sortze prozesua ikasleengan oinarrituta egon behar du. Bera izan behar da sortze prozesuaren arduradun eta jabe bakarra.
- Prozesua funtsezkoa da. Azken emaitza edo produktua beti dago jarraitutako prozesuaren menpe.
- Emaitza desberdinak bilatu nahi dira, berritzaileak, originalak.
- Talde-lanean oinarritutakoa. Talentu eta adimen mota desberdinen (muturrekoak badira orduan eta hobe) aldibereko elkarreragina bilatzen denean emaitza hobeak lortzen dira.
- Pentsamendua (bere adjetibo guztiekin: kritikoa, dibergentea, bisuala, estrategikoa…) prozesuaren muinan ipini behar da. Emaitza erraz eta sinpleetatik urrundu nahi bada, prozesu kognitiboei garrantzia gehiago eman behar zaie.
- Azken emaitzan erroreak saihesteko mekanismoak praktikan ipini behar dira.
- Hanka-sartzeak ikasteko aukera paregabeak dira. Erroreen penalizazioarekin amaitu beharra dago.
Duela denbora batetik hona kontu hauen inguruan informazioa biltzen eta irakurtzen aritu naiz. Eskola batzuetan Design Thinking deitzen den metodologia praktikan jartzen hasi direla ere jakin dut eta honen inguruan sakontzen aritu naiz. Orain arte irakurri dudana oso interesgarria iruditu zait eta datorren ikasturterako nire ikasleekin martxan jartzea erabaki dut.
Aurten dagoeneko saiakera batzuk egiten hasita nago, datorren ikasturtean zerotik ez hasteko. Orain arte bildutako informazio guztiarekin txuleta bat prestatu dut, jardueren diseinua ikuspegi egokiarekin planteatzeko. Azpian ipintzen dizuet dokumentuaren kopia bat eta beherago pdf formatuan jaisteko botoia:
Design Thinking Fabrikazio Prozesuetan
PS: nola adierazi beharko litzateke “Design Thinking” euskaraz? Erdaraz “Pensamiento de diseño” bezala itzultzen da baina ez dakit gehiegi gustatzen zaidan.