Pasa den ikasturtearen amaieran izan genuen azken IKTeroen bileran garbi ikusi genuen IKTeroak weblogarekin hasitako bideari jarraitu behar geniola eta irakasle batzuk konpromisoa hartu genuen blogak gure irakasgaiak jorratzeko tresna gisa erabiltzeko. Horrela jaio ziren Euskaljakintza, Jakinstein, JakinminDBH eta JakinminLH. Proiektu horietako bakoitzak ezaugarri bereziak izanik badute denek helburu komun bat: poliki-poliki ikasleak ohitu daitezen teknologia berriak erabiltzen irakaskuntza tresna bezala.
Ekainean egindako azken bilera hartan buruan bueltaka ere beste ideia bat bagenuen: eskainitako baliabideen erabiltzaile soilak izan ezik, posible ote zen ikasleek eurek ere baliabide propioen sortzaileak izatea?. Nahiz eta orain arte ikasleekin multimedia baliabideen ekoizpena gauzatu, gure asmoa haratago joatea zen: gure helburua ikaslea bera webgunea sortu, berak erabakiko duen motako edukiak argitaratu (forma eta tonu egokia erabiliz) eta bere kabuz sortutako multimedia material guztia txertatzeko ardura edukitzea izan zen.
Egoera honetan, aurtengo ikasturtean, duela urte batzuk sortu genuen irakasgai bat ematea tokatu zait. “Sor itzazu baliabideak paperik erabili gabe” lelopean DBHO 1eko ikasleek, teknologia berriak soilik erabiliz, multimedia materiala ekoizteko eginkizuna jasotzen dute. Aurreko ikasturteetan ikasleek CD multimediak sortu dituzte, aurkezpen multimediak ekoiztu dituzte ikasle nahiz gurasoentzat… Aurten, aurreko paragrafoan aipatutako ideiari irtenbide bat eman nahien, blog bat sortzeko eskatu zaie ikasleei. Aurreko ikasturteetan landuko gaiak irakasleak proposatzen bazituen, aurtengoan ikasleek aukeratu duten gaia librea izan da; azken finean, ikasturte osoan gai baten inguruko informazioa bildu eta argitaratu behar badute zer esanik ez dago gustukoa den zerbaiten inguruan lan egin beharko dutela.
Ikasturte hasiera pasa dugu bloga euskaratzen, diseinuari ikutu pertsonala ematen eta edukiez hornitzen. Nahiz eta oraindik bitakora guztiak erabat “finduta” ez egon, blog guztien aurkezpena egiteko garaia heldu dela iruditzen zait. Hona hemen Jakintza ikastolako blogari berriek diseinaturiko blog sorta:
- Allwear: Nagorek eta Leirek sortu duten modaren inguruko bitakora. Azken tendentziak, diseinuko erropa, osagarriak, albisteak… izango dira irakurgai bertan. Kate Moss-en inguruko artikulu batekin hasi dira
- Zure Txokoan!!!!!!: Felixuka eta Sorgintxok sortutako bloga. Orokorrean kulturarekin zerikusia izango duten albisteen berri emango dute: musika, literatura, zinea…. Irakurleen kolaborazioa ere eskatzen dute.
- Eroak:Anderrek sortu duen blog honetan umorea izango da nagusi. Bideo barregarriak, argazki xelebreak, txisteak…. aurkituko dituzu hemen. Ahalegin handiak egin ditu weblogari bere ikutu pertsonala emateko.
- Euskadi eta Xakea:Xakearen mundua gustukoa baduzu hau da zure bloga. Asier maixu handiak hemen ipiniko ditu jokaldi desberdinen amaierak, xake txapelketen inguruko azken berriak, liburuak…
- Jun da etorri:Taldeko parrandera handienak (Alaitz eta Nerea) festaz festa etengabe ibiltzen omen dira. Horregatik pentsatu dute bere bloga erabiliz denen berri emateko aukera paregabea dutela. Jaiak gertutik jarraitu nahi badituzu bisita ezazu beraien bloga
- Kirolak:Leku honetan kirol munduarekin zerikusia duten albisteak irakurriko dituzu. Lehen bistazo batean Errealaren inguruko albisteak dira nagusi; ez da harritzekoa bere webmasterra den Gonzalo Errealaren zale amorratua baita. Azkar eguneratzen den bloga duzu hau.
- Ordizia K.E.:Lander ordiziko futbol taldean etorkizun oparoa izan dezakeen gaztea da. Futbol taldeko kolore urdina bere bihotzean darama eta hori garbi ikusten da bitakorari bistazo bat ematen badiozue. Ordizia Kirol Elkarteko futbol talde guztien inguruko informazioa aurkituko duzue.
- Txiki Eroak:Nik uste dut Izaskunek eta Nereak etorkizunean maistrak izateko aukera handiak dituztela. Oso gustukoa dute umetxoen mundua eta, horregatik, erabaki dute umetxoekin lotutako gaien inguruko informazioa zabaltzea, bide batez, gure ikastolako eskolaurreko ikasleek egingo dituzten jaialdien berri ere hemen aurkituko dituzu.
Jakintzako irakasleen aldetik, eta bereziki IKTeroon aldetik, animo eta zorte on hasi duzuen proiektu hauekin.