Gaur goizean beste bideo interesgarri batekin topatu naiz. Virginiako John Hunter irakasleak 2011ko martxoan eskainitako TEDTalk bat topatu dut sarean. Bertan Hunter-ek duela 34 urte asmatu zuen World Peace Game izeneko eskola ekimen interesgarriaren berri izan dut. Azpian daukazue bere hitzaldia (erdarazko azpitituluak aukeran dituzue).
World Peace Game delakoarekin Hunter-ek bederatzi urteko haurrak rol joku batean murgiltzen ditu. Munduaren irudikapena izan nahi duen hiru geruza dituen mahai joko baten inguruan ipintzen ditu bere ikasleak. Bakoitzak rol zehatz bat hartzen du (lepotik zintzilik daramaten orritxoetan irakur daiteke nor ordezkatzen duen bakoitzak) eta horren arabera mundu mailan gertatzen diren arazo politiko, sozial, militar eta ekonomikoen inguruan ikasleak lanean ipintzen ditu. Azpiko bideoan daukazue gela barruan ikasleekin egiten duen lanketaren laburpen bat:
Pertsonaia desberdinen paperean sartzea eta hauek bizi dituzten arazoak simulatu eta hauen aurrean konponbideak erabakitzea haurrek naturaltasunez egiten duten zerbait izaten da, izan ere, umeentzat helduon bizitza simulatzea ohiko jolas bat izaten da. Beste modu batean bada ere, gazte eta helduoi ere gustatzen zaigu askotan besteen paperean sartzea: hortxe The Sims bideojokoa edo Second Life horren lekuko.
Ikaskuntza teknika bezala oso interesgarria iruditzen zait rol jokoa. Egia da irakasleon aldetik teknika honen oinarriak menperatzea eskatzen duela, prozesuaren bideratzaileak izaten jakitea beharrezkoa dela baina protagonismo gehiegirik hartu gabe, rol jokoaren bitartez zein helburu lortu nahi ditugun garbi izatea beharrezkoa dugula… eta horrek trebakuntza eta esperientzia minimo bat eskatzen duela. Baina hori lortzen badugu, uste dut horrelako metodologia bat ikaskuntza esanguratsua, ikaskuntza “autentikoa” lortzeko modurik aproposena dela. Eta autentikoaz hitz egiten ari naizenean ez naiz ari ikasitako edukien baliagarritasunaz bakarrik (hori ere bada arrazoi bat baina ez bakarra). Horrelako metodologia batekin adimen anitzak garatzen dira (intra eta interpertsonalak nagusiki), pentsamendu kritikoa mobilizatzen da (izugarri garrantzitsua gaur egun bizi dugun gizarte konplexu honetan), pentsamendu sortzailea areagotzen da (“creative thinking” deitzen diote anglosaxoiek) eta balore unibertsalen inguruko hausnarketa bultzatzen da (pakea, justizia, solidaritatea…) Aurreko batean aipatu nuen bezala, hauek dira niretzat XXI. mendeko ikastola idealaren zimenduak, azpiko irudian islatu nahi izan nuen bezala behin:
Irailean Mikelek eta biok elkarrekin emango dugun gai batean, rol jokoan oinarritutako proiektutxo bat aurrera eramateko asmoa daukagu DBH 3ko ikasleekin. Irakasle bezala ez dut inoiz horrelako teknikarik erabili gela barruan eta ikasleek ere uste dut ez dutela sekulan horrelako dinamika batean parte hartu ikastolan. Errespetu pixka bat ematen dit esperientzia berri honek baina ez diot beldurrik. Kontzientea naiz mahaiaren hirugarren hanka sendotzen ari naizela horrelako praktikekin eta orduan idatzi nuen bezala:
Bi urte dauzkat aurretik gutxienez, handik eta hemendik irakurritakoa praktikan jartzeko, hanka-sartzeetatik ikasteko, muturrekoren bat edo beste ere jasotzeko. Baina baita ere, zergatik ez, ondo egindako lanak ematen duen harrotasunaz gozatzeko, ikasten ari naizela egiaztatzeak ematen duen satisfazioaz disfrutatzeko, konfiantza hartzen joateko. Ez nago bakarrik gainera, inguruko lankideekin elkarlanean arituko naiz eta lortutako ondorioak guztion artean partekatuko ditugu, duela zazpi urte, blog honekin hasi gineneko izpirituari berriro helduz.
Hemendik hamabi hilabetera egindakoaren balorazio pertsonala hementxe bertan jasoko dut. Ikusiko dugu noraino eman duen honek guztiak.
Horixe da Bill Gates-ek 2010. urtean ekoiztutako dokumental honen izena. Bertan, Estatu Batuetako eskola publikoaren egungo egoeraren analisi bat egiten da. Asko dira bertan planteatzen diren galdera, kezka eta kritikak eta hauetako asko ez dira soilik EEBBetako hezkuntza sistemaren ezaugarri propioak. Nik esango nuke herrialde aurreratuetan gizarteak bizi izan duen bilakaeraren ondorioak direla dokumentalean planteatzen diren arazo gehienak.
Eskola aurkitzen den auzo edo herrien egoera sozio-ekonomikoak baldintzatzen du eskola porrota edo alderantziz da?
Hezkuntza sistemaren arrakasta bermatzeko muntatzen den egitura burokratikoa bera ez al da porrotaren eragile nagusienetako bat?
Eskola arrakastaren interpretazio desberdinak eta hau “neurtzeko” ezartzen diren indikatzaileak egokienak dira gure gizarte modernoan?
Zergatik esperientzia arrakastatsuenak sortzen dira gehienetan ezarritako hezkuntza sistemaren periferiatik?
Jarrera proaktiboa eta inplikazio maila altua duten irakasleek irauli al dezakete hezkuntza sistemaren parte diren (administrazioa, sindikatuak, eskolen elkarteak eta guraso-taldeak) estamentuen artean une honetan ezarrita dagoen “status quo”-a?
KIPP eskolen adibideak ikastolen sorrera ekarri dit burura. Eskola hauen inguruan bideoan agertzen diren zertzeladatxo pare horiek nire ikasle garaiko ikastola ekarri didate gogora. Askotan esan dut orduko ikastolek eskola “autentikoen” ukitu hori zutela, irakasleen inplikazioa agerikoa zen, orduko auzo eta herrietan ondo uztartuta zeuden, egitura deszentralizatua, burokrazia gutxi eta lan asko komunitatean eta, azkenik, balore etiko, sozialak eta kulturalak indikatzaile akademiko aseptikoen gainetik ipintzen zituena. Nik behintzat horrela gogoratzen dut ezagutu nuen ikastola. Gaur, dokumentala ikusi ondoren, EEBBtako eskoletan agertzen diren hainbat egoerekin pentsakor geratu naiz, ez ote garen gu ere hezkuntza sistema unibertsalean dagoen “status quo” horretara egokitu. Tamalez, uste dut baietz.
Hemen azpian daukazue bideoa, merezi du ordu pare bat hartzea osorik ikusteko:
Amaitu berri den ikasturte honetan aurrera eraman ditugun hainbat proiektuen berri ematen joan naiz azkeneko hilabetetan blog honetan. Ikasturte hasieran talde kohesioa bilatzen zuten hainbat dinamika eraman genituen aurrera, benetako ikaskuntza kooperatiborako aurretiko ezinbesteko baldintza bezala.
Aurretik ere azaldu nuen Ordiziako azokari buruz egin genuen infografiaren inguruko sekuentzia didaktikoa, banan-bana jarduera guztien deskribapen zehatzekin. Oraingoan hirugarrenarekin nator, aipatutako bi proiektu horien artean burutu genuena, hain zuzen ere. Niretzat garrantzitsua da hau azpimarratzea, izan ere, ikasturteak aurrera egin duen heinean, ikasten joan naizen bitartean, ikasleei planteatzen joan naizen erronka berriek bilakaera bat izan dute, nire ikaskuntza prozesua garatzen joan den heinean.
Aipatutako hasierako talde-kohesiorako dinamika haiekin amaitu bezain pronto, Ball Shooter izeneko nire lehenengo sekuentzia didaktiko “ofizialarekin” hasi ginen. Honen bitartez, nire asmo nagusia arlo zientifiko/teknologikoan curriculumean zehaztutako fisika eta matematikako hainbat helburu jorratzea zen, beti ere, ikaskuntza kooperatiboan oinarritutako metodologi aktibo batean oinarrituta (eta ondorioz, honi lotutako helburuak ere, sekuentziaren helburuen artean agertuz, noski).
Irakurrita neukan ez zela komenigarria gehiegi konplikatzea helburuekin proiektuari forma ematen hasterakoan; egokiena helburu bi edo hiru lantzeko baliagarria izango den ataza baten deskribapenarekin hastea zela. Nire lehenengo proiektua zela kontutan hartuta, gehiegi ez konplikatzea erabaki nuen. Horrela, batxilergoko lehenengo mailarako tiro parabolikoa lantzeko buruan neukan ideiari heltzea erabaki nuen. Higidura mota hau aztertzea pentsatuta neukan halako kanoi moduko bat diseinatzea eta honekin benetako jaurtiketak eginez, higiduraren ezaugarriak “sobre el terreno” ikasleekin frogatzea. Pentsatu nuen egokitzapen txiki batzuk eginda, posiblea izango nuela ideia hau nire DBH3ko ikasleekin aurrera eramatea. Eta halaxe egin nuen.
Printzipioz nire asmoa ondorengo edukiak jorratzea zen:
Trigonometriaren oinarriak: arrazoi trigonometrikoen esanahia eta hauen aplikagarritasuna
Higikari baten higidura uniformea eta uniformeki azeleratua
Aurreko bien konposaketatik sortzen den higidura paraboliko berria
Gero, proiektuak aurrera egin zuen heinean jabetu nintzen uste baino eduki eta helburu curricular gehiago landu genituela: Tales-en teorema, triangeluen antzekotasuna, bigarren mailako ekuazioak, bigarren mailako funtzioen irudikapen grafikoa… Eta hori sekuentzia oso oso bideratuta zegoela aurretik. Izan ere, geroago konturatu naiz (hau ere ikaskuntza bat izan da niretzako) ikasleak motibatuta ditugunean gela barruan eta planteatzen zaizkien erronkak irekiagoak direnean, ikasleak berak eskuratzen dituela, modu autonomo eta informalean, aurretik zehaztu gabe zeuden ezagutza berriak. Gai hau, dena den, beste baterako utziko dugu.
Ikasleei zehaztu nien erronka, modu laburrean, hauxe izan zen:
Erregai gaseosoa erabiltzen duen kanoi bat eraiki eta honekin tenis pilota bat saskibaloiko kanasta baten uztaitik igarotzea
Jarraian dituzue sekuentzia osatzen duten sei jardueren deskribapen laburra eta hauetatik ateratako hainbat ondorio pertsonal (amaieran daukazue sekuentzia osoa pdf formatuan):
1. JARDUERA: Jaurtigailuaren tutua eraiki”
Kanoiaren eraikuntza bi zatitan banatu nuen. Ikasleek, lehenik, tutua eraiki behar izan zuten eta jarraian, tutua modu egokian eusteko oinarri bat. Aztertu nituen kanoi eredu posible guztien artean, jaurtiketa mekanismoa gasen errekuntzan oinarritutakoa (eztanda kanoia) egokiena izan zitekeela pentsatu nuen. Izan ere, kanoi mota hori eraikitzeko behar genuen materiala nahiko merkea zen eta lortzea gauza erraza. Gainera tutuaren eraikuntzak ez zuen konplikazio gehiegirik suposatzen.
Erabili genuen materiala azpiko irudian daukazue:
Muntatze prozesua oso sinplea zen. Interneten horrelako kanoiak muntatzeko jarraibideak ematen dituzten web orri ugari aurki ditzakezue. Nik azpiko bideoa eman nien ikasleei prozesua zein zen uler zezaten:
BALORAZIO PERTSONALA:
Eztanda bitarteko kanoia ez da egokiena horrelako saiakuntza baterako. Izan ere:
Erabilitako erregairen bolumena zehaztasun handiz neurtuta ere, eztanda bakoitzarekin lortzen ziren helmenak oso desberdinak ziren saiakera bakoitzean. Jaurtiketa guztien potentzia uniformeagoa ematen duen mekanismo batean pentsatu beharko dut hurrengorako.
Gasen errekuntzari behin trankiloa hartuta, eztanda bortitzak lortzen ziren kasu gehienetan. Horrela, zazpi edo zortzi bat jaurtiketen ondoren, eztanda kamera puskatu egiten zen eta kanoi berria eraiki behar izan genuen. Ez dakizue zenbat Pringles patata pote jan zituzten nire ikasleek saikauntza hau aurrera ateratzeko!! 😉
2. JARDUERA: Jaurtigailuaren oinarria diseinatu eta eraiki
Bigarren jarduera honetan ikasleei kanoiaren oinarria diseinatzea eskatu nien lehendabizi. Diseinua librea zen baina euskarriak baldintza batzuk bete behar zituen:
Tutua erabat horizontala izatetik, lur-gainazalarekiko elkarzuta izatera pasatzeko aukera eman behar zuen (tutuaren inklinazioa 0º-tik 90º-ra izan behar zuen)
Euskarriak sendotasun nahikoa izan behar zuen eztanda bakoitzean gertatutako atzerakada indarra saihesteko.
Kanoia ezin zen zulatu.
Oinarriaren diseinua modu kooperatiboan erabakitzea nahi nuen, taldeko kide guztien partaidetza beharrezkoa izatea nahi nuen. 1-2-4 bezalako egitura kooperatiboa oso egokia ikusten nuen horretarako. Bakoitzak etxetik oinarriaren diseinu propio bat eginda ekartzea eskatu nien ikasleei. Jarraian bikoteka jarri behar ziren eta, elkarri norberak bere diseinua aurkeztu ondoren, bien artean adostutako diseinu berri batera heldu behar ziren. Amaitzeko gauza bera errepikatu behar zuten taldeko bi bikoteek, modu honetara talde osorako diseinu bakar bat erabaki arte (prozeduraren xehetasun gehiago daude azpiko pdf dokumentuan). Behin behin betiko diseinua aukeratutakoan, teknologiako gelan guztion artean muntatu beharko lukete.
BALORAZIO PERTSONALA:
Nire lehenengo aldia zen ikasleak egitura kooperatibo baten inguruan lanean ipintzen nituela eta nire ikasleentzako ere lehenengo aldia zen horrelako ariketa baten aurrean jartzen zirela. Beraz, litekeena zen emaitzak ez izatea espero nituenak. Eta halaxe gertatu zen. Ikasleek dena oso azaletik egin zuten, elkarri entzuteko denborarik ere ez zuten hartu. Jasotako proposamenekin kritikoak izatea eskatu nien baina, klaro, nola egin hori inoiz landu ez badute horrelakorik? Aurtengo ikasturte arte ohituta zeuden moduan, batek botatzen zuen ideia bat eta horixe zen aurrera ateratzen zena, inongo hausnarketa edo planifikazio minimorik gabe. Eta noski, planifikazio minimorik gabeko proiektuek gauzatze fasean porrot egiteko boleto asko izaten dituzte.
Bidegabekoa izango litzateke porrota ikasleei atxikitzea. Akatsa egitura kooperatiboa planteatzeko mdouan egon zen, errua nirea izan zen. Helduok ez gara gai horrelako dinamikak aurrera ateratzeko, nola demontre izango dira gai ikasleak inongo jarraibiderik eta laguntzarik gabe? Nola ba!
Ikasturte hasiera hartan (zorionez, orain desberdina da) ikasleak ez ziren euren aurre-ezagutzak baloratu eta hauek asetzeko prozedurak definitu eta abian jartzeko gai. Irakasleok hainbestetan aipatzen dugun autorregulazio hori oraindik kimera bat da DBHko ikasle askorengan. Nire ustez DBH3ko ikasle bat gai izan beharko litzateke metakognizio saiakera autonomo bat egin ahal izateko. Baina egun eskolak funtzionatzen duen moduan hau oraindik kimera bat da. Hurrengo proiektuetan prozesu hau menperatzen joateko ariketa eta teknika desberdinak probatu ditut eta gauzak askoz ere hobeto joan dira. Dena den, diseinatutako bi euskarriak nahiko kaxkarrak izan baziren ere uste dut ikasleek hemendik ondorio positiboak ateratzeko gai izan zirela. Ikasleak eurak jabetu ziren zeinen garrantzitsua den fase honetan denbora hartzea eta gauzak ondo analizatu eta ebaluatzea. Uste dut gai izan zirela egindakoaz ondorio positiboak ateratzeko. Ez al da hori, azken finean, ikastea?
1-2-4 teknika oso interesgarria iruditzen zait erabakiak taldean hartzeko. Baina ikasleei oso garbi adierazi behar zaie nola eraman aurrera eta zeintzuk diren teknika horren helburuak. Eta nik ez nuen hori egin. Geroago izan da, Ibon Burgoaren sarrera interesgarri hau irakurri nuenean, konturatu naizenean horrelako egitura kooperatibo batean entzute aktiboa, analisi kritikoa eta feedback-a klabeak direla teknikak aurretik espero diren emaitzak emateko. Eta hori helduok oraidnik ez bagar gai egiteko, nola demontre egingo dute ikasleek bakarrik inongo laguntza eta gidaritzarik gabe? Hurrengo baterako Ibonek berak proposatzen duen taula hau erabiltzea erabaki dut. Hurrengo batean ikasleei aurretik azalduko dizkiet helburuak eta taulatxo horren laguntzarekin, espero dut 1-2-4 teknikari ahalik eta zuku gehien ateratzen. Hortxe aurten atera dudan beste ikaskuntza berri bat.
3. JARDUERA: Jaurtigai eta erregai egokiak aukeratu
Azken jarduera honekin bukatzen genuen eekuentziaren lehen fasea. Amaitzeko jaurtiketan erabiliko genuen gas nahasketa egokia aukeratzea zuten helburu ikasleek. Proba/errorea metodoa jarraituz, kostata baina azkenean eman genuen nahasketa egokiarekin (nahasketa baino gehiago, likidoa gas bihurtzeko beharrezkoa zen denbora tartearekin).
Hiru jarduera hauen laburpen moduan azpian ipintzen dizuet ikasleek buruturiko lanaren bideo txikia. Amaieran daukazue atazaren definizioan datorren erronakren gauzatzea. Ez genuen erronka gainditu baina oso gertu geratu ginen!!
Puntu honetara helduta, pentsatu nuen egindakoaz hausnarketa egiteko unea zela. kontutan hartuta hiru jarduera hauetan talde-lanak garrantzia berezia zuela, norberak taldean hartutako rol eta arduren inguruan koebaluazio eta autoebaluazio ariketa bi garatzea erabaki nuen. Alde batetik, talde dinamikan norberak hartutako protagonismoaren inguruan ahusnartzea nahi nuen. Eta bestetik bakoitzaren balorazio pertsonala taldekideek zuten iritziarekin parekatu nahi nuen. Lehena burutzeko checklist bat prestatu nuen eta bigarrenerako rubrika edo balorazio matrize bat. Azpian dituzue biak:
Jaitsi rubrika (PDF) – Jaitsi checklista (PDF)
BALORAZIO PERTSONALA:
Oso esperientzia polita izan zen eta irakasle bezala oso emankorra. Nik neuk, behaketa bitartez, ikusitako gauza asko islatzen ziren ikasleek betetako tauletan. Beldur izaten gara askotan ikasleek euren lanari buruz egiten duten balorazioaz, bai pertsonala baita gurutzatua ere. Baina nire kasuan esan beharra daukat ikasleek heldutasun maila altuarekin egin zituztela euren balorazioak, bai pertsonalak baita beraien taldekideenak ere. Horrelako baliabideak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit goian aipatu dugun autoregulazio prozesuetan ikasleei laguntzeko.
Agian hobekuntza txiki bezala, gauza bi:
Hurrengo baterako dokumentu biak sinplifikatzea egokia izan daiteke. Gauza gehiegi jasotzen dira bi tauletan eta uste dut sinpleagoa bihurtuta, arinagoa egingo zaiela ikasleei eta, era berean, checklista batez ere, behin baino gehiagotan erabiltzeko aukera izango dut.
Taulak berandu prestatu nituen eta ez nien ikasleei aukerarik eman lanean hasi baino lehen zer ebaluatuko zitzaien jakiteko. Hurrengo baterako, sekuentziarekin hasi bezain pronto banatuko diet taula biak.
4. JARDUERA: Triangeluen antzekotasuna: distantziak zeharka neurtzeko teknika interesgarria
Behin kanoia martxan genuela honekin hainbat magnitude neurtu behar izan genituen, hauekin beharrezkoak ziren hainbat datu eratorrien kalkulua egin ahal izateko. Azken hauetako lehenengoa pilotak kanoitik irteterakoan zuen abiadura zen. Datu hau kalkulatu ahal izateko beharrezkoa zen aurretik pilotak lortzen zuen altuera maximoa neurtzea. Nola neurtu ordea ahalik eta zehaztasun gehienarekin balio hori kanoiak pilota hain altu botata?
Hortxe agertzen zen triangeluen antzekotasunaren kontzeptua eta triangelu zuzenen arrazoi trigonometrikoak. Garai batean, DBHko 2. zikloko matematikako irakasle nintzenean, hilabete luzea joaten zitzaidan kontzeptu hauek lantzen gela barruan “ohiko metodologiarekin”. Beti pentsatu izan dut oinarrizko kontzeptuak ulertzea eta behar bezala aplikatzea gauza sinpleagoa eta errazagoa dela. Horrela, jarduera honetarako zehaztutako helburuak bost ariketaz osatutako ariketa kate batekin lortzeko erronka jarri nion nire buruari.
Ariketa hauek ikasle bakoitzak bakarka burutu zituen. Emandako jarraibideak irakurri ondoren, ikasleak bere kabuz egin behar zuen aurrera, printzipioz irakaslearen azalpen gehigarririk gabe. Ariketa bakoitzak printzipio edo propietate matematiko batera eramaten zuen. Prozesua amaitutakoan deduzitutako ondorio hori behar bezala ulertzea eta idatziz azaltzea ezinbesteko baldintza zen ariketa sekuentzian aurrera egin ahal izateko. Ikasle batek barneratu beharreko kontzeptuarekin jotzen zuenean, kolorezko kartulina zati bat jasotzen zuen nik idatzitako propietate matematikoaren definizio zehatzarekin. Horrela, jarduera honetako ariketa zerrendak Trivial jokoaren ukitua hartzen zuen. Helburua kolorezko kartulinak lortzea zen; kartulina bakoitzak hurrengoa lortzeko aukera ematen zuen. Katearen azkeneko kartulinan jasotzen ziren hiru arrazoi trigonometrikoen definizioak. Esan beharrik ez dago guztiak heldu zirela azken kartulinara, batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago baina bederatziak izan ziren gai arrazoi trigonometrikoen definizioak euren eskuz idazteko.
Azpian daukazue ikasleei proposatutako ariketa katea eta hauen erantzunak jasotzen dituzten dokumentu biak:
Jaitsi Ariketa Katea (PDF) – Jaitsi Ondorioak (PDF)
BALORAZIO PERTSONALA:
Sekula probatu gabe nengoen ariketak egiteko modu hau eta esan beharra daukat oso esperientzia polita izan zela. Ikasturte hasiera zen eta oraindik askoren buruan zegoen matematikako ariketak egiteko zeuzkaten ohiko zailtasunak. Batzuk ez zuten oso garbi ikusten nola zitekeen irakasleak inongo azalpenik eman gabe horrelako ariketa batzuk planteatzea. Horrela, batzuk halako blokeo mentala izan zuten ariketekin hasi ginenean. Beste batzuk berriz motibazio puntu estra batekin heldu zioten ariketei; kolorezko kartulinatxoak irabaztea halako erronka berezi ukitua ematen zion ariketa hauek egiteari.
Hasierako azalpenik ez ematea ez du esan nahi ikasleak gidatzen ez nituenik. Zalantza edo blokeo baten ondoren laguntza eske etortzen ziren eta noski nik halako pista edo gomendioak ematen nizkien aurrera egin zezaten. Ariketak egiteko modu honekin, adibidez, konturatu nintzen nortzuk zuten autonomia nahikoa euren arazoei bakarrik aurre egiteko eta nortzuk, zailtasun txikienaren aurrean, gehiegi sakondu gabe, etortzen ziren niregana “ondo ari ote ziren” galdetzea.
Esan dudan moduan, IKASLE GUZTIAK heldu ziren hiru arrazoi trigonometrikoen definizioak euren hitzekin adieraztea. Bakoitzak bere modura egin zuen, bakoitzak bere hitzak erabili zituen baina guztiak heldu ziren jardueran zehaztuta zeukaten helburuetara.
Fitxak eta kartulinak eskuan zituztela, froga idatzi txiki bat ipintzea pentsatu nuen, ohiko kontrol moduan, helburuen barneratze maila modu kuantitatiboan neurtzeko. Baina azkenean atzera egin nuen. Orduan (azaro ingurua zen oraindik) ikastea azterketak gainditzea zela burutik kendu nahian nenbilen. Ikasle batzuk oso barneratuta zeukaten ideia hau; azterketetan gaizki ibiltzea ezer ez zekitela adierazi nahi zuela ulertzen zuten batzuk. Horren kontra egin behar izan nuen denbora luzez eta pentsatu nuen, une honetan froga idatzi bat egitea, hainbeste kostatzen ari zitzaidan mentalitate aldaketa horretarako kaltegarria izan zitekeela. Nahiago izan nuen jardueraren alderdi positiboarekin geratu, alegia, ikasle guztiek ikasi zituztela hiru arrazoi trigonometrikoen esanahia.
5. JARDUERA: Jaurtigaiaren irtete abiadura kalkulatu
Jarduera honetan aurrekoan ikasitakoa aplikatu behar izan zuten, izan ere, pilotak lortzen zuen altuera kalkulatzeko erabili behar zuten arrazoi trigonometrikoa zein zen beraiek erabaki behar izan zuten. Pilotak lortzen zuen altuera zeharka kalkulatu behar zuten, kanoitik distantzia zehatz batera jarriz eta pilotak, altuera maximoa lortzen zuenean, begi-lerroak horizontalarekin osatzen zuen angelua neurtuz.
Angelua neurtzeko XClinometer izeneko Androiderako aplikazioa erabiltzea proposatu nien ikasleei. Ordurako batek Android bat bazuen eta nirearekin bi egiten genuen, talde bakoitzerako bana. Mugikorra doitu ondoren, proba batzuk egin genituen lehendabizi angelua ondo neurtzeko oinarrizko trebakuntza minimo bat lortu arte.
Angelua neurtuta eta kanoirainoko distantzia ezagututa, angeluaren tangenteak eman zigun altuera maximoaren balioa. Bi taldeek arazorik gabe lortu zituzten balio biak.
Bukatzeko, eta datu hori erabiliz, higidura bertikaletarako zinematikako oinarrizko erlazio matematikoak erabiliz, pilota kanoitik irteterakoan zuen abiadura kalkulatu ahal izan zuten. Kalkulu hauetan laguntzearren, ondorengo txostena banatu nien:
Jaitsi txostena (PDF)
BALORAZIO PERTSONALA:
Jarduerak ez zuen misterio handirik izan. Mugikorra erabiltzea pilotaren altuera deduzitzeko puntazo bat izan zen eta uste dut, ikasleak jarduerarekin engantxatuta edukitzeko puntu garrantzitsu bat izan zela. Arazoa ez zen hainbeste gailua izan, arazoa beste leku batetik zetorren. Kanoi batek pilota sekulako indarrarekin jaurtitzen zuen. Horrela altuera horietarako inklinazio angelua hain handia zen ze gradu bat gora, gradu bat behera, ondorioa metro kopuruan oso handia zen. Talde bat konkretuki hemen ataskatu zen, izan ere, lortu zuten hasierako abiadurarentzat kanoia ikastolako patiotik kanpo jarri beharra zeukaten pilota kanastaren uztaitik pasatzea nahi bazuten.
6. JARDUERA: Kanoiaren irismen maximoa kalkulatu
Hemen amaitu zen guztia. Ez zen nire asmoa DBH3ko ikasleekin tiro parabolikoaren oinarriak lantzea. Bai ordea jabetzea higidura honentzat zehaztutako erlazio matematikoak erabiliz, gai izan gintezkeela benetan gertatuko zena aurretik jakiteko (uste dut fisikaren enfoke hau oso garrantzitsua dela ikasleekin lantzea). Horrela tiro parabolikoaren irismen maximoa kalkulatzeko erlazio matematikoa zuzenean eman nien. Formularen itxurarekin bakarrik beldurtu nituen. Baina gero, jabetu zirenean ekuazioko parametro bakoitza dagoeneko kalkulatuta eta neurtuta genuela, ekuazioak hartu zuen itxura berriarekin lasaitu egin ziren.
Bigarren mailako ekuazio bat lortu zuten, gure mailan oraindik jorratu gabe genuena. Dagoeneko proiektua luze zihoan et batzuk amaitzeko gogoz zeuden. Beraz, Wolfram Alpha (matematikako irakasleok daukagun “navaja suiza” bikaina) erabiltzea erabaki nuen. Lortutako ekuazioa “solve” parametroaren jarraian idatzi genuen eta Wolfram Alphak bi soluzio bueltatu zizkigun. Soluzioekin batera, funtzio koadratikoaren irudikapen grafikoa ere jaso genuen. Bertan zetozen gainera bi soluzioak markatuta. Irudia ikusita berehala jabetu ziren distantzia laburrena diskriminatu beharra zegoela. Horrela, azken jaurtiketa, definitiboa, balio zuena kanoia kanastatik 26,5 metrotara egin behar genuela jakin genuen, ia ia saskibaloiko zelaiaren mutur batetik bestera.
Distantzia ikusita ikasle gehienek ezinezkoa ikusten zuten pilota uztaitik igarotzea. Eta egia esan gauza konplikatua zen, ez bakarrik distantziaren balioan egon zitekeen errorearengatik, baizik eta beste faktore batzuk ere eragin zuzena konturatu zirenean zutelako azken helburuaren lorpenean.
Jaurtiketa egin genuen eta huts egin genuen. Baina ikasleak erabat harrituta geratu ziren konturatu zirenean zeinen gertu ibili ginen. Kanoia uztairantz hobe zuzenduta jarri izango bagenu (albo batean erori zen) hortxe hortzx ibiliko ginateke.
BALORAZIO PERTSONALA:
Irakasleok eguneroko lanerako kalkulagailua edota kalkulu orriak erabiltzen ditugun bezala, uste dut hainbat egoeretarako oso baliagarria izan daitekeela Wolfram Alpha bezalako web aplikazioa. Gure kasuan genuen arazo bati (denbora) irtenbide azkarra emateko baliagarria izan zen eta nahiz eta bigarren mailako ekuazioak ebazteko ohiko algoritmoa ez erakutsi nire ikasleei, uste dut grafikoaren interpretazioa egitea bakarrik, zerbait positiboa bezala kontsideratu behar dudala.
Artikulu luze honekin amaitzeko bakarrik esan metodologia berri hauen inguruan ikasi dudana eginez egin dudala. Alegia, marko teoriko soiletik praktikara pasa naizenean joan naizela ikasten. Eta sekuentzia honek asko lagundu dit zein hobekuntza ezarri behar dizkiodan nire praktikari hurrengo proiektuetan. Urteak daramat nire inguruan entzuten aldaketarekin hasi baino lehen ondo lotuta eraman behar ditugula ideia eta jarduera guztiak gelara. Eta hori ezer egiten ez hasteko aitzakia bat besterik ez da, izan ere, planteamendu hori erabat utopikoa da. Gauzak lotuta nahi baditugu praktikatzen hasi beharra daukagu eta esperientzia horrek emango digu gero taldearen eta testuinguruaren ezaugarri propioetara gure praktika moldatzeko behar dugun abilezia.
Sekuentzia osoa azpiko botoian sakatuz jaitsi ahal izango duzue:
Aurreko egunotan Donostian izandako “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda ikastaroaren inguruan bi mezu (1 eta 2) argitaratu genituen, baina ikastaroaren amaieran burututako mahai-inguruan ateratako gai garrantzitsuenak aipatu gabe gelditu ginen eta gaur saiatuko gara hori bukatzen.
Esan genuen bezala, J. F. Lukas moderatuta, Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aramendi (EHU) izan ziren mahai inguru horretan aritu zirenak. Kristau eskolen ordezkari bat ere aurreikusita zegoen, baina ez zuen etortzerik izan eta hiru horiek izan ziren “Euskal Curriculuma eta eskolen hobekuntza” gaiaren inguruan mintzatu zirenak.
Lehen txandan Pello Aramendi izan zen hitza hartu zuena eta jarraian doazen aspektuak aipatu zituen:
OCDEk bere kanpo ebaluazioetan erabiltzen dituen adierazleak ez dira nahikoak eskola bat ona den edo ez esateko. Beraz, emaitza horiek tentu handiz hartu eta aztertu behar dira.
Espainian zor historikoa dago hezkuntzarekiko. Izan ere, oso gutxi inbertitu da eta oraindik ere egoera ez da hobetu.
Euskadin eta Nafarroan, hobeto gauden arren, gure erreferenteak diren beste lurraldeekin alderatuz, urruti samar gaude.
Eskola porrotaren datuak negargarriak Espainian eta EAEn nabarmen hobeak, baina oraindik ere bide luze bat dago eremu horretan hobetzeko.
0-2 urteko etapa EAEn eta Nafarroan hedatzen eta indartzen jarraitu beharko genuke.
Ikastetxeek autonomia eskasa (publikoetan areagotu egiten da arazoa) dute eta administrazioak duen jarrera zurruna aldatu beharko luke.
Gertuko administrazioari (udalak eta diputazioak) rol garrantzitsuagoa eman behar zaie.
Irakasleen rola derrigorrez aldatu beharra. Proiektuarekiko atxikimendua eta konpromisoa azaltzen duten irakasleak zaindu eta mantendu.
Ebaluazioaren (barnekoa nahiz kanpokoa) kultura garatu behar da hobekuntza tresna gisa.
Curriculuma egokituta landu eta ez finkatuta datorrena argitaletxeetatik edo administraziotik. Gutxieneko ezagutzak finkatu, zehar lerroetan jorratzen dena ere aintzat hartu (bizikidetza, osasuna, euskal izaera…).
Testu liburu kontsumitzaile hutsak diren irakasleekin amaitu eta irakasle sortzaileak bultzatu behar dira.
Inertziaz egiten diren hainbat gauza birplanteatu behar dira, hala nola; aniztasunaren trataera, orientazioa, ikasturteak promozionatzeko edo errepikatzeko gaia, harrera programak…
Jarraian, Abel Ariznabarretaren txanda iritsi zen. Honek zituen 10 minutu horietan dena sartu nahi izan zuen eta, jakina, formula bateko kotxe baten abiaduran mintzatu zen eta oso zaila egin zitzaigun oso ondo prestatuta eta egituratuta ekarri zuen diskurtsoa jarraitzea. Noski, apunteak hartzea zailagoa izan zen. Hala ere, nik uste dut esandako ideia garrantzitsuenak jaso ahal izan nituela. Horra hor:
Oro har, EAEn eta Nafarroan eskola onak ditugu. Ez horren onak, ordea, gure antzeko beste lurraldeekin alderatuz gero.
PISA bezalako proben emaitzak epe labur batean hobetzea ez da gauza zaila. Administrazioak helburu hori lortzeko politika bat bultzatuz gero, lortzen da. Hori frogatzeko hori egin duten lurralde batzuen adibideak jarri zituen.
Horregatik, ezinbestekoa da goitik beherako inpultso hori, behetik datorrena alboratu gabe.
Izugarrizko balioa eman zion Ebaluazio diagnostikoari. Izan ere, irakurketa sakon bat eginez, oso ondorio esanguratsuak atera daitezke. Ikastolen Elkartean bide horri heldu omen diote.
Ikastetxeen autonomiaz asko hitz egiten bada ere, kontu handiz tratatu beharreko gaia eta ez du begi onez ikusten gai hori besterik gabe planteatzea. Beste aspektu gehiago aintzat hartu beharko lirateke eta.
Hobekuntzarako klabe garrantzitsuena gela da. Izan ere, bertan gauzatzen dira prozesu guztiak.
Antolaketari dagokionez, garrantzia handia lidergoari eta irakasleen gaitasunari eman zien.
Antolaketa orokorrak koherentzia izan behar du bilatzen dugun ikasle irteera profilarekin eta lortu nahi ditugun emaitzekin.
Euskal Curriculuma ikastolen ikurra baino gehiago da. Euskal ikuspegia bermatzeaz gain, konpetentzietan oinarrituta dago.
Materialgintzan Ikastolen Elkartearen lana goraipatu zuen eta arestian aipatutako helburuen lorpenaren mesedean ekoizten direla adierazi zuen.
Horrekin batera, irakasleentzat formazio sakona eskaintzen dute. Ekoiztutako unitate berriak esperimentatu eta ebaluatu egin dira. Hobekuntzak ondorioztatu dira eta dena prest dute DBH 1eko eguneroko lanean txertatzeko.
Ikastolek “Integrazioaren Pedagogia”ren aldeko hautua egin dute.
Finkatutako ikasleen irteera profila konpetentzien bidez lortu nahi da.
Azken finean, lortu nahi dena hauxe da: emaitzak hobetu, ikastolak gaitze prozesuan jarri eta egun dauden tarteak murriztu ekitatea hobetuz.
Abelen “zaparrada”ren ondoren, Xabier Mendizabalen txanda iritsi zen. Hau lasaiago eta inongo aurkezpenik gabe aritu zen. Hori bai, gauzak ozenkiago esan daitezke, baina argiago…
Ikastetxe publikoek eskola inklusiboaren aldeko apustu garbia egiten dute. Horrek markatzen euren zeregina.
Hezkuntza kalitatea konpetentzia kognitiboaz harago doan zerbait izanik, emaitza hutsetatik harago ez doazen planteamenduek ez dute lekurik eta ez datoz bat euren printzipioekin.
“Instrukzioa” bakarrik ebaluatzea ez da bidezkoa. Ikuspegi integrala behar da.
Administrazioan sartzen diren guztiek “euren arrastoa” utzi nahi izaten dutenez, indarrean dauden proiektu batzuk baztertzen dituzte inongo irizpide garbirik gabe eta egitasmo berri batzuk ezartzen dituzte. Horrek berrikuntza prozesuak oztopatu besterik ez ditu egiten.
Zerbitzu publiko bezala, baliabideen erabilera eraginkorra egin behar dugu. Erantzukizuna gure gain hartu eta ez administrazioaren gain utzi. Azken finean, administrazioaren baliabideak GUZTIONAK dira.
Konpetentzia “ez kognitiboak” gartuz gero, konpetentzia kognitiboak ere hobetuko dira. Horregatik, azken hauetan gehiegi zentratzeak ez du merezi.
Kalitatezko ikastetxe batean, denek dakite zer egin, nola jokatu… Ez dago zalantzarako tokirik.
Ebaluazioaren kultura beharrezkoa da, baina barnean eta gure errealitatera egokituta dagoena egiten dena, batez ere.
Zuzendariaz ez dute hitz egiten. Bakarrik “Zuzendaritza Taldea” ulertzen dute eta horri ematen diote garrantzia. Horrekin batera, taldeak aurkezten duen “Zuzendaritza Proiektua” izugarrizko balioa du.
Ezinbestean, erantzukizun kolektiboa behar da (administrazioa, ikuskaritza, berritzeguneak, ikastetxeak…
Noski, horretan sinisten dutenek AUTONOMIA eskatzen dute, baina ez dute ulertzen autonomia hori nolabaiteko diskriminazioak sortzeko (pribilegiatuak), prozesu integratzaileak (ekitatea bermatzeko) garatzeko baizik.
Administrazioaren zurruntasunarekin AMAITU beharra dago.
Ez da posible irakasle bat konprometituta dagoenean, proiektu berritzailetan murgilduta dabilenean, ikastetxeari ekarpen ugari egiten dionean… ikastetxeak inongo eskumenik ez izatea bere jarraipena bermatzeko.
Egun dauden formazio zirkuituetan, teoriko eta aditu asko ikusten da, baina nekez ikusten dira praktika onak, berritzaileak eta arrakastaz burutu dituzten irakasleak. Ezinbestekoa da pertsona horiek hor sartzea formazio praktikoagoa eta irakasleen errealitateari lotutakoa izateko.
Hiru mahaikideek hitz egin ondoren, galderen txanda iritsi zen. Baina gehienetan gertatzen den bezala, horretarako oso denbora gutxi gelditu zen eta saioa ia ordu erdiz luzatu behar izan zuten.
Egia esan, jendeak eginiko galderen aurrean, mahaikideen erantzun gehienek aurreko saioetan esandakoa berresten zuten eta oso gauza berri gutxi atera zen. beharbada, deigarria egin zitzaidan ikastola batean aritutako eta orain publiko batean dabilen andereño baten iruzkina. Berak esan zuenez, publikoa ezagutu duenetik maitemintzen ari dela bertan arnasten den giroarekin eta askatasunarekin, baina faltan botatzen duela ikastoletan bizi den euskaltasuna. Bere iritziz, Eskola Publikoak ahalegin berezi bat egin beharko lukeela hori konpontzeko.
Iruzkin horren aurrean, noski, ikastetxe publikoen ordezkariak aipatu zuen horren inguruan lan handia egin dela eta euren printzipioetan hori beti presente dagoela eta ados zegoela bere adierazpen horrekin, baina era askotako oztopoei aurre egin behar izaten dietela eta bidean daudela. Adibide gisa, “A” ereduarena aipatu zuen. Administrazioak eredu hori kentzen ez badu, ezinezkoa egingo zaie aipatutako euskal izaera hori bermatzea. Beste alde batetik, ikastetxe publiko askotan gertatzen ari da etorkin kopuru izugarri handia dutela eta, hori gutxi balitz, bazterketa sozialetik datozen ikasle gehienak ere hartzen dituztela. Horrekin egiten duten esfortzua ere aitortu behar zaiela eta esfortzu hori beste sareetako ikastetxeekin partekatu beharko litzatekeela. Hau da, lan horren zamarik handiena ikastetxe publikoen esku gelditzen bada, ezin da gero kritikatu euskal izaera hori bultzatzen ez dutenik.
Tira, horraino bi egun horietan jaso nuena. Ahaleginak egin ditut hizlariek adierazitakoa islatzen eta, batez ere, esan zutenaren espiritua jasotzen. Konturatuko zinetenez, nire iritzi pertsonala ez dut eman eta aseptikoa izaten ahalegindu naiz. Horregatik, nire hurrengo asmoa bertan bizi izandakoa eta entzundako guztiaren aurrean sentitu nuena eta pentsatzen dudana esatea izango da. Ea bihar hori argitaratzeko astirik dudan.
Atzo, ikastaroaren lehen saioaren berri eman genizuen eta gaur bigarren saioarekin gatoz. Gaurkoa ere mamitsua suertatu da, nahiz eta atzo aipatutako gauza asko errepikatu diren. Nolanahi ere, F. Javier Murillo Madrilgo UAMeko irakasleak eskainitako bi saioek zapore ezin hobea utzi digute.
Esan dudan moduan, gaurko lehen bi saioak F. Javier Murillorentzat izan dira eta hirugarren saioan mahai-inguru bat izan dugu ondorengo partaideekin: Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aranburu (EHU). Kristau Eskolako ordezkaria den Aitor Bilbaok ez du etortzerik izan.
Murilloren bi saioak oso interesgarriak izan direla garbi gelditu da, baina zerbait zuzentzearren, denboraz eskas ibili da esan behar zuen guztia esateko eta gai batzuk oso azkar eta asko sakondu gabe jorratu behar izan ditu. Asko gustatu zait komunikatzeko duen gaitasuna, transmititzen duen konbentzimendua, gertutasuna eta, aldi berean, apaltasuna.
Tira, hezkuntzaren inguruan egin diren ikerketa historikoen erreferentzia batzuk eman eta gero, adierazpen interesgarri batzuk mahai gainean jarri ditu: “eskolak, eraldaketa sozialerako ahalmen handia izan arren, desberdintasun sozialak errepikatu eta legitimatu egiten ditu”, “eskolaren eragina, %15-%20 ingurukoa baino ez da”, “jarrera eta balore eraldatzaileetan eskolak duen eragina oso murritza da”, “ikasleen errendimenduan, amak duen kultura mailak eragin oso handia du”… Hala ere, arestian esandako guztia esan eta gero, oso garbi utzi du eskolak duen esparru edo eragin mugatu horretan, asko egin dezakeela eta ez dela berdina irakasle edo eskola on batekin topo egitea, ekitatearen bidean gauza asko egin daitezkeela. Hori bai, horretarako, ezinbestekoa da eskola eraginkor bat izatea, zenbat eta testuinguru zailagoa izan orduan eta eraginkortasun handiagoa izan behar du. Eta zer ulertzen du berak “eskola eraginkor” bat izateaz? Bada, balio erantsia ematen duen eskola bat, ekitatea sustatzen duena eta ikasleen garapen integrala (ez kognitiboa soilik) bultzatzen duena (baloreei garrantzia handia ematen diena).
Bestalde, egiten diren analisietan, beste gauza batzuk ere begiratu behar direla aipatu ditu: emaitzak egonkorrak dira? ba al dute iraunkortasunik?, hau da, eskolatik irten eta gero, ikasle horien emaitzak mantentzen al dira? eraginkortasun diferentziala (norbanakoaren eboluzioa) neurtzen al da? irribarre-tasa altua du ikastetxeak? Eskola eraginkorra bada, galdera hauen erantzuna baiezkoa izango da. Baina oreka delikatu baten inguruan mintzatzen ari garenez, oso garbi utzi digu faktore batek huts egiten duenean, eskolak kolapso izan dezakeela.
Ondorengoak dira berak aipatu dituen faktore giltzarri gisa:
1.- Komunitatearen sentimendua
Ikastetxeak oso garbi dauka zer nahi duen eta bere Hezkuntza Proiektuan jasota dago.
Irakasleak konprometituta daude Proiektuarekin.
Irakasleek taldean lan egiten dute (ikasgelak “despribatizatuta” daude).
2.- Eskola giroa
Ikasleek ongi baloratuta eta aintzat hartzen dituztela sentitzen dute.
Komunitateko kiden arteko harreman onak ematen dira.
Irakasleak gustura daude.
Familiak ere gustura daude ikastetxearekin eta irakasleekin.
Ez dira berdinen arteko erasoak ematen (horrelako eraso bakar bat ematen bada, nahikoa da eskola eraginkorren multzoan ez sartzeko).
3. Eskola zuzendaritza
Zuzendaritza kolegiatua, konpromiso handia duena, gaitasun handikoa eta lidergo sendoa erabiltzen duena.
Lidergoa arlo pedagogikoan zentratuta eta parte hartzailea.
Lan administratiboetatik aldenduta eta aspektu pedagogikoetan aitzindaritzan dagoen taldea.
Eskarmentua duten pertsonak eta emakumezkoak hobeak omen dira.
4.- Kalitatezko curriculuma
Klaseak ongi prestatuta daude.
Lanak oso ongi egituratuta daude eta argiak dira.
Jarduerak mota anitzekoak dira, ikasleen parte hartze handia eskatzen dute eta hauek oso aktiboak dira.
Aniztasunari erantzuna ematen zaio. IKASLE GUZTIAK aintzat hartzen dira.
Baliabide didaktiko anitzak erabiltzen dira eta IKTen erabilera ohikoa eta “naturala” da.
Ebaluazioaren komunikazio etengabea. Ikasleen lanak feedback egokia du eta bere hobekuntzan zentratuta dago. Ez da epaitzen.
5.- Denboraren kudeaketa
Gelan pasatzen den egun kopurua.
Puntualtasuna.
Klaseen denbora optimizatuta dago.
Ikaskuntza-irakaskuntza jardueren etenak eskasak dira (absentismoa, grebak…).
Denbora malgutasunez antolatzen da.
Ikasleak desafiatzaileko jarduerak burutzen pasatzen duen denbora da balio duena.
6.- Eskola-Komunitatearen partaidetza
Ikasleek, familiek, irakasleek eta beste eragileek jarduera mota anitzetan elkarrekin parte hartzen dute.
Komunitateko kide guztiek antolaketan, funtzionamenduan eta erabakietan parte hartzen dute.
Zuzendaritzak partaidetzari garrantzia ematen dio eta hori erraztearren, kanal instituzionalak daude.
Ingurune hurbilarekin (auzoa, herria, erakundeak…) harreman estua du.
Familia eta ikastetxearen artean batasun sinergiak sortzen dira (gurasoak geletan sartzen dira ikasle txikiak jasotzera, gelak bisitatzen dituzte, irakasleekin hitz egiten dute…).
7.- Irakasleen garapen profesionala
Irakasleek hobetzeko eta ikasten jarraitzeko interes handia dute. Gauza bera komunitateari dagokionez.
Berrikuntzarekiko jarrera baikorra dago.
Ikas Komunitate Profesionala (ikaskuntza, kolaborazioa eta babesa) bihurtzeko aurretiko joera.
8.- Espektatiba handiak
Espektatiba handiak daude eta hauek ikasleei eta komunitateko beste kideei komunikatzen zaizkie.
Zuzendaritzak irakasleekiko espektatiba handiak ditu.
Familiek ere espektatiba handiak dituzte irakasleekiko eta zuzendaritzarekiko.
Administrazioak ikastetxearekiko ere espektatiba handiak ditu.
9.- Instalazioak-baliabideak
Beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak daude eta hauek egokiak eta kalitatezkoak dira.
IKT baliabideak erabiltzen dira.
Horraino lehen saioan azaldutakoa eta atseden labur baten ostean, bigarren saioari ekin dio. Bigarren saio honetan eskolak hobetzeko, iparra markatu, bideak erakutsi eta proposamenak zehaztu ditu.
Hasteko, eskola bat hobetzeak zer esan nahi duen argitu nahi izan du:
Aldaketa planifikatuta, sistematikoa, koordinatua eta asumituta da. Hau da, bilatutako aldaketa izan behar du eta eskolaren kulturaren aldatuz lortzen dena.
Ikastetxean fokalizatutako aldaketa izan behar du.
Planteamendu sistematikoa eta ikastetxearen barne-baldintzetan oinarrituta egon behar du.
Pertsonal osoa hartuko du bere baitan.
Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eta antolaketan zentratuta.
Aldaketaren funtsa, eskola, ikasleen eta irakasleen kalitatea hobetzea da.
Ikasleek inplikatuta egon behar dute aldaketan.
Laburtuz, ikastetxeak aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsonak aldatzea. Ebaluazioa beharrezkoa bada ere, EFQM bezalako modeloek balio dute, baina ez dute bermatzen hobekuntza hori. Gainera, pertsonak “erreta” bukatzeko arrisku handia dago, batez ere, eginiko lan izugarri horren ondoren, eremu pedagogikoan aldaketa hori ikusten ez dutenean. Hori dela eta, ebaluazio “txiki” eta pertsonalizatu batzuen aldekoa dela adierazi du. Hori bai, ebaluazioak, “per se”, ez du inongo aldaketarik ezta hobekuntzarik ere bermatzen.
Berak dioenez, eskola bat aldatzea gauza samurra da. Zailena, kultura bat sortzea da non ikastetxea bere kasa etengabe aldatzen, egokitzen eta hobetzen segitzen duen.
Une honetan, hiru indar-ideia azpimarratu behar direla esan du: kolaborazioa, babesa eta ikaskuntza. Nola lortu daiteke? Bada, hiru estrategia nagusi hauek jarraituz:
1.- Ikas Komunitate Profesionala
Zer da hori? 3 ardatz dituen aldaketa estrategia bat da: Komunitate osoaren ikaskuntza (guztientzat eta guztien artean), kolaborazioaren bitartez eta elkarri babesa emanez.
Zein dira IKPen ezaugarriak?
Balioak konpartituta daude (ikusmira).
Ardura kolektiboak.
Ikasleen ikaskuntzan eta irakasleen hobekuntzan zentratuta.
Elkarlana oinarria da.
Profesional guztiek ikasten dute euren lanbidean hobeak izateko.
Irekita daude eta sare ezberdinetako kideak dira.
Elkarrenganako konfiantza, errespetua eta laguntza.
Eta, zein dira IKPen indar-ideiak?
Ikasgelak “despribatizatuta daude (inork ez du esaten hau nire gela da edo ikasle hori zurea da, denak sentitzen dira erantzule)
Ikastetxea norberarena dela sentitzen dute.
Laguntza eskatzea/eskaintzea ohiko gauza bat da.
Auto-konplazentzia saihesten da.
Irakasleak profesional duinak bezala ikusita daude.
Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ez daude estandarizatuak eta, horren ondorioz, ikasle estandarraren irudia desagertuta dago. Erronka etengabea da.
Norbanakoaren ikaskuntza eta ikaskuntza kolektiboa sustatzen dira denbora, espazioak, baliabideak, erraztasunak… emanez.
Ikastetxeen “Kultura” gaitzat hartuta, Louise Stoll eta Dean Fink aipatzen dituzten 10 puntu eskola kulturan txertatzeko ekarri ditu gogora:
Helburu komunak
Arrakastaren ardura guztiona da
Talde lana
Etengabeko hobekuntza
Ikaskuntza, guztiaren oinarri eta ardatz
Arriskuak hartu
Elkarren babesa sentitu
Elkarren errespetua bultzatu
Argitasunez hitz egiten da
Ospakizuna eta umore ona
2.- Lidergo banatua
Zer esan nahi da horrekin? Bada, eskola ulertzeko beste era berri bat da. Ez da eginkizunen birmoldaketa hutsa, aitzitik, arestian aipatu dugun kultura horren aldaketa sakon bat da, zeinek komunitateko kide guztien konpromisoa eta inplikazioa eskatzen duen. Konpromisoa eta inplikazioa eskola kudeatzeko, funtzionamendu hobe bat bermatzeko eta kultura on hori sustatzeko. Kide guztien indarguneak erabiltzen ditu helburu komun baten mesedean jartzeko. Konfiantza hori pertsona guztiengana iristen da eta lidergoaren eragina esparru guztietan islatzen da.
Horrek, noski, derrigorrean, inplikazio zuzenak ditu indarrean jartzen den eskoletan eta zuzendariaren irudia birplanteatu egiten du. Azken finean, lidergo banatua indarrean jartzen denean, zuzendaria aldaketaren kudeatzaile bat bihurtzen da. Lidergo anitzari bultzada ematen zaio eta pertsona guztiak, modu batean edo bestean, inplikatuta sentitzen dira. Irakasleak eginkizun profesionalagoa hartzera derrigortuta sentitzen dira eta guztien trebetasunak edo indarguneak aprobetxatuta daudela sentitzen dute. Inor ez da gutxiesten edo baztertzen. Argiñanok esango lukeen bezala: “Hemen ez da ezer botatzen”.
3.- Ikas sareak
Sare hauek konpetibitateari erantzun bat emateko modu bat dira eta irakasleen isolamendu tradizionala haustera datoz. Konpromisoa optimizatzeko aukera bat dira eta elkarlanean oinarritutako berrikuntzarako aukera paregabeak dira. Sare hauek aukera anitz eskaintzen dituzte:
Ezagutza sortu eta partekatu
Baliabideak optimizatzen dira
Ikaskuntza sustatzen dute
Praktika onak barreiatzeko aukera paregabea
Partaide guztien kapital sozio-intelektuala areagotzeko aukera
Berrikuntzak eskaini
Espektatibak areagotu
…
Bukatzeko, ondorengo ideiak luzatu ditu:
Gizartea hezkuntzaren bitartez aldatzea posiblea izan ez ezik, BEHARREZKOA DA!
Gizarte justu baten alde eskolak kolaboratu behar du. Horretarako, EKITATEA ezinbestekoa da.
Berrikuntzak ezartzea urgentzia bat da. Egin ezean, nekez lortuko da ikasten duen komunitate bat, babesa ematen duen komunitatea eta kolaboratzailea den komunitatea.
Bueno, honaino, korrika eta presaka hartu ahal izan ditudan oharrak.
Baina goizak mahi-ingurua burutzeko gordeta zeukan hirugarren saioa. Hala ere, mezuak hartu duen luzera ikusita, beste baterako utziko dut mahai-inguruan jaso ditudan ohar nagusienak eta, horrela, aprobetxatuko dut nire iritzi pertsonala zuekin partekatzeko.