Sekuentzia didaktikoa: kontzeptuak antolatzen

Datozen asteetan, Jakintza ikastolako DBH3 eta DBH4ko irakasleek Ikastolen Elkarteak diseinaturiko esperimentazio fase baten barruan, sekuentzia didaktiko desberdinen garapenari ekingo diote. Irakasleak testuinguru berrietan lanean jartzeko aukera bikaina izango da.

Aurretik diseinatuta datorren sekuentzia batekin probatzea garrantzitsua bada ere, benetako erronka irakasleok sekuentzia baten diseinuari heltzea izango da. Izan ere, irudipena daukat Bigarren Hezkuntzako irakasle gehienok, orain arte zeregin hori argitaletxeei “azpikontratatu” diegun zerbait dela, testu-liburuetan datozen jarduerak eta ariketak aurrera eramatera soilik dedikatu garela, eta uste dut ez gaudela oso ohituta lan hori egitera.

Horregatik, esperimentazio faseak behar-beharrezkoak direla onartuta ere, besteen esperientziak erreferentziatzat hartzea garrantzitsua dela onartuta ere, beharrezkoa ikusten dut irakasleei, sekuentzia baten diseinuaren gauzatze prozesuan, lagungarria izango zaien baliabideak eskura ipintzea. Behar hori ikusita, ikasturte honen hasieran ni neu sekuentzia baten diseinuarekin hasteko erabakia hartu nuen. Esperientzia gehiegi ez nuela kontutan izanik, ikasteko modurik eraginkorrena sekuentzia baten diseinuari heltzea zela erabaki nuen.

Hasteko, nituen informazio pilula guztiak modu egokian antolatu eta erlazionatzea erabaki nuen. Egia esan lan horretan denbora asko pasa dut baina egia da ere, oso emankorra izan dela; oso baliagarria suertatu zait ideiak argitu eta kontzeptuak barneratzeko. Sekuentzia bat osatzen duten faseak eta hauetako bakoitzaren esanahia eta ezaugarriak zehazten ahalegindu naiz. Poliki-poliki forma hartzen joan da eta azkenean, nire lankideekin partekatzeko modukoa den zerbait prestatu dudala iruditzen zait.

Dena den, kontzientea izanda zeinen luze eta astunak izaten diren azalpenak kasu gehienetan, ez dut nahi lankideak aspertzea nire disertazio amaigabeekin. Horrela, bildutako informazio guztia modu eskematikoan antolatzea behartu nuen nire burua, irakasleentzat benetan baliagarria izan daitekeen zerbait sortzeko asmoz. Zeregin honetan, oso baliagarriak izan dira aurrekoan itzuli nituen lau fitxak. Lehenengo biak abiapuntutzat hartuz, eta gordeta nituen bestelako notatxoekin, sekuentziaren diseinua azaltzen duen azpiko eskema eraiki dut sekuentzia didaktikoaren diseinuaren abiapuntu bezala. Uste dut fitxa hau ondo etor daitekeela sekuentziaren inguruko ideia orokorra izateko.

Sekuentzia didaktikoaren faseak

Orain, poliki-poliki goiko eskeman agertzen den fase bakoitzaren definizio eta ezaugarrien zehaztapenarekin ari naiz. Atal bakoitzari dagokion informazio guztia ikastolan sortuta daukagun “txoko” (horrelaxe deitzen diegu guk Google Sites-en sortutako gune bakoitzari) batean biltzen ari naiz eta gero informazio hori modu labur eta sinplean azaltzen duten fitxak sortzen ari naiz. Gauzak aurrera egiten duen heinean, hementxe joango naiz ipintzen ekoiztutako lan guztia. Hasteko hementxe uzten dizuet goiko irudia pdf formatuan (bektoriala), kalitate hobeagoan ikus dezazuen eskema osoa.

Ilaratik irteteko garaia

Ken Robinsonek “Eskolak sormenarekin amaitzen duela” dioenean, irakaskuntzako sektore batzuk haserretu edo errudunak bilatzen hasten dira. Ni, sistema horren pieza bat naizen heinean, errudun sentitzen naiz eta haserretu egiten naiz, baina nire buruarekin.

Ezin dut ezer egin horrekin amaitzeko? Zer egiten dut nire ikasleen heziketa integrala izan dadin?

Blog honekin hasi ginen garaian, IKT baliabideetan irtenbide bat ikusten genuen gure hezkuntza sisteman detektatzen genituen hutsune eta gabeziak konpontzeko. Jakin bagenekien soluzio magikorik ez zegoela eta IKTen inplementazioak ez zuela, berez, dena konponduko, baina itxaropen handia genuen – handiegia, beharbada – iragartzen zen iraultza 2.0 hartan. Jada, sei urte igaro dira ibilbide hura hasi ginenetik eta 2.0 espiritua instituzionalizatu egin da, hau da, deskafeinatu egin da eta ezer gutxi eskaintzen digu hutsune edo gabeziak gainditzeko. Hori dela eta, badira urte batzuk, nire kezka arazoaren muinarekin lotu dudala eta konponbiderako egiten diren aldaketa estetikoengandik aldentzen ahalegindu naiz.

Aspalditik, izan dudan kezketako bat oso lotuta joan da nire jardun profesionalarekin eta zin dagizuet buruko min handiak ematen dizkidala. Izan ere, nire ikasleen aurpegi eta iruzkinak ikusita, ikasle nintzeneko oroitzapen txarrak datozkit burura eta nik bizi izan nuena errepikatzen ari ote naizen zalantza pizten zait. Ongi ari naiz? Eta ongi diodanean, nire ikasleen hazkuntzaz (pertsonalaz nahiz kognitiboaz) ari naiz eta ez sistemak nahi dituen helburuez. Alegia, nire ikasleak ogibidea eskuratzeko edo bizitzen jakiteko prestatzen ari naiz? Nik, bietarako nahi nituzke prestatu.

Beharbada, batek baino gehiago esango du curriculumak horrelako helburuak ere eskatzen dituela, baina denok dakigu helburu horiek bigarren edo hirugarren mailakoak bihurtzen direla, batez ere, ebaluazioa eta promozioa iristen direnean. Eta ikasleek “ezkutuko curriculum” hori txiki-txikitatik barneratzen dutenez, oso erraz erortzen gara betiko eskemetan. Erreforma bakoitzarekin, izen ezberdinez makilatzen ditugu betiko topikoak eta kito. Bada, azken urteotan konpetentzietan oinarritutako curriculuma ezarri denetik, antzeko pertzepzioa daukat eta beldur naiz ezer ez aldatzeko aldaketa berri baten aurrean gaudela.

Ni, konbentzituta nago benetako aldaketaren adierazleak ez direla PISA edo Ebaluazio Diagnostikoan sekula neurtuko. Horregatik, niretzat ez da esanguratsua nire ikasleek froga horietan lortzen dituzten emaitzak. Nik nahiago dut ikasleek arazoen aurrean erakusten duten jokabidean, irtenbide originalak eskaintzeko duten ahalmenean, akatsen aurrean erakusten duten jokabidean, ekarpenak egiteko eta horiek partekatzeko duten jarreran, besteen tokian jartzeko duten erraztasunean, errealitatea interpretatzean iritzi propioa adierazteko duten askatasunean… erreparatzea eta horren arabera nire jarduna egokitzen joatea. Oscar Wildek zioen benetan ezagutzea merezi duen guztia ezin dela irakatsi, bada, nik diot benetan ebaluatzea merezi duen guztia ezin dela azterketa batekin edo froga batekin neurtu.

Bada, eskolan ongi ari ote garen jakiteko, Jerry Mintzek ondorengo 10 adierazle aipatzen ditu (barkatu nire itzulpen kaskarra) eta gurasoentzat pentsatuta badaude ere, irakasleok aintzat hartu beharko genituzkeen adierazleak iruditzen zaizkit niri.


Irudia Flickr-etik hartuta, woodleywonderworks erabiltzaileak eginda.

1. Zure seme-alabak eskola gorrotatzen du?

Horrela bada, zerbait gaizki doa, umeak “ikasle naturalak” baitira. Txikiak direnean, ezin da ezer egin ikas ez dezaten. Zure seme-alabak eskola gorrotatzen badu, entzun iezaiozu.

2. Zure seme-alabari heldu baten begietara begiratzea edo adin ezberdinetako beste umeekin elkarreragitea asko kostatzen zaio?

Horrela bada, ziur, eskoletan ematen den sozializazio estuan ohitzen ari dela eta beste adinetako pertsonekin komunikatzeko gaitasuna galtzen ari dela.

3. Zure seme-alaba marka eta modako jantzietan erreparatzen hasita dago?

Eskola tradizionalen ikuspegiaren murriztasunaren adierazle bat da hori, zeinek kanpoko eraginen mendekotasuna sustatzen duen eta sakonagoak diren baloreak aintzat hartzen ez dituen.

4. Zure seme-alaba nekatuta eta suminduta itzultzen da eskolatik?

Bere hezkuntza esperientziak, bere burua indartu ordez, bere pertsonalitatea ahultzen ari dela adierazten du hori.

5. Zure seme-alaba eskolan izandako gatazkaz edo bidegabekeriaz kexu itzultzen da eskolatik?

Garbi dago, eskola horrek ez duela gatazkak bideratzeko eta komunikatzeko sistema on bat.

6. Zure seme-alabak adierazmen sortzaile mota ezberdinekiko (musika, dantza, marrazketa…) interesa galdu du?

Eskola tradizionalak ez ditu horiek sustatzen eta balio eskasa dute bertan. Bigarren mailakoak dira eremu akademikoan. Horrek, umeen talentu eta gaitasun naturalak suntsitzera garamatza.

7. Zure seme-alabak plazerez irakurtzeari edo gozamenerako idazteari utzi dio? Ahalik eta etxerako lan gutxien egiten saiatzen dira eta beste edozein gauzarengatik uzten dute?

Horrek garbi adierazten du berezko zaletasunak ez direla eskolan baloratzen eta sormena galtzen ari dela agerian uzten du.

8. Zure seme-alabak etxerako lanak azken unerako uzten ditu?

Etxerako lan horiek oso interesgarriak ez direla, bere beharrak ez dituztela asetzen eta berezko jakin-mina galtzearen seinale.

9. Eskolan gertatutako gauza miresgarriak bizi dituela esanez itzultzen da etxera?

Horrela ez bada, eskola horretan ez dago ezer zure seme-alabarentzat interesgarria denik. Zuk horrelako lan batean jarraitu nahiko zenuke?

10. Eskolako norbaitek zure seme-alabak AGHA (Arreta Galdu – Hiperaktibitate Asaldura) izeneko gaitasuna duela eta Ritalin bezalako botikaren bat hartu beharko lukeela aipatu dizu? (Puntu hau garbi dago EEBBen ikuspegitik eginda dagoela)

Ziur eskola horrek HDG – Hezkuntza Defizitaren Gaixotasuna – izango duela eta seme-alaba bertatik ateratzeko ordua iritsi da!

Beharbada, hau guztia gehiegi dela esango duzue. Ez dakit nik ba!

Kontua da gure eskolak iraganean errotuta jarraitzen duela eta oso gutxi egiten dela/dugula egoera horretatik ateratzeko. Niretzat okerrena, eszeptizismo nagusitzen ari dela eta konpetentzietan oinarritutako curriculumak (Euskal Curriculuma) edo Eskola 2.0 bezalako egitasmoak eraldaketarako aukerak diren arren, aukera pasatzen uzten ari gara eta erreforma huts batean gelditzen ari da hori guztia. Estandarizazioa nonahi eta McDonald’s-en eredua indartsu. Ken Robinsonek dio, Arzak bezalako jatetxeen eredua imitatu beharko lukeela eskolak. Baina ez gutxiengo aberats baten zerbitzuan dagoelako, arreta pertsonalizatua eskaintzen duelako baizik.

Nik oso garbi daukat beste eskola bat nahi dudala. Honekin ez nagoela gustura. Ilara uniforme horretatik irteteko garaia heldu dela. Horregatik, hurrengo mezuan saiatuko naiz nik amesten dudan eskola eredua marrazten. Jarraian uzten dizuedan bideoak ideia bat emango dizue nire ikuspegia nondik joango den jakiteko.

Pentsamedu kritikoa

Batxilergoko irakaslea izanik, urtero esan behar izaten diet agur ikastolako ibilbidea amaitu duen ikasle promozio bati. Urtero pentsamendu berdina izaten dut: etorkizunerako ondo prestatuta irtengo ote dira? Lehen ikasleak zakuan gordeta zeramatzan edukiak aurrerantzean behar bezala moldatzeko nahikoak izango ote ziren galdetzen nion nire buruari. Duela urte batzuetatik hona beste gauza batzuk kezkatzen naute gehiago.

Gure Hezkuntza Proiektuaren 1.3 atalean zera esaten dugu:

Ikasle erantzule eta arduratsuak izan daitezen arduratzen da ikastola.

Eta zinez horretan ahalegintzen garela baina bada zerbait erabat ondo egiten ez duguna, edo hala iruditzen zait niri behintzat. Badakit goiko notatxoan agertzen den helburu hori ezin dela utzi bakarrik ikastolaren esku, familak eta gizarteak zer esan handia daukala horretan ere. Baina, gure ikasleek ikastolan 30 ordu baino gehiago egin ondoren, itxuarena egitea izango litzateke gai hortan gure erantzukizuna onartuko ez bagenu.

Arazo global honen atzean badago bereziki puntu bat kezkatuta naukana, izenburuan idatzita datorrena, hain zuzen ere. Uste dut ez diogula gai horri behar bezala heltzen. Ikastolako eremuan ikasleek jasotzen duten informazioa oso bideratuta dator: ikastolako lau pareten barruan ikasleek kontsumituko duten informazioa “latan” sartuta dago eta “jan” ere irakaslearen goilaratik jaten dute. Tira, errealitate hori ez da bakarrik gurea, nik neuk ere horrela “jaten” nuen herriko institutura joan nintzenean eta garbi dago, hezkuntza eredua horrelakoa izan dela aspalditik. Gure ikastolan internetera irtetzea librea da, ez daukagu iragazirik jarrita, ez daukagu debekatutako webgunerik ezarrita. Nohizbehinka, ikasleak kanpora irten nahi izaten dute, ikastolako lau pareten artetik mundu birtual askera eta hortxe ibiltzen gara, irakasle eta zaintzaileak non eta zertan dabiltzan jarraitzen eta, beharrezkoa denean, gure hezitzaile lana aurrera eramaten. Baina, egia esan, orain arte behintzat, nahiko gauza anekdotikoa izaten da.

Baina ikastolako ateetatik ikasleak atera bezain pronto, egoera zeharo aldatzen da. Ez dut denbora gehiegi behar izaten bazkaldu edo etxekolanak egin eta ordenagailua pizteko. Eta hortxe ditugu bederatzi, hamar… urtetik gorako ikasleak interneteko maremagnumean murgilduta, etengabeko informazio uholde baten aurrean, batzuetan bakarrik, gehienetan ondoan eserita dauden beste lagunekin, ia beti pantailaren beste aldean dituzten lagun birtualekin. Gurasook badakigu zer gai diren gure haurrak informaziora heltzeko, harrotu egiten gara askotan aurkitzeko gai ez garen gauza asko gure seme-alabek aurkitzen dutenean. Lagunen arteko informazio fluxua etengabekoa izaten da; honek hari YouTuben aurkitu duen azkeneko bideoa, hark honi ikastolako ikasle bati egindako iseka jasotzen duen argazkia.

  1. Nola interpretatzen du hamar urteko haur batek sarean aurkitutako bideo pornografiko bat? Zer ulertzen du, zer imajinatzen du?
  2. Nola interpretatzen du hamabi urteko ume batek sare-sozial bat? Nola jokatzen du bertan jasotzen dituen informazio eta hauek sortzen dioten estimuluen aurrean? Nola ulertzen du lagun kontzeptua sareetan? Zer imajinatzen du sareko timeline-a etengabe korritzen iksuetn duenean?
  3. Nola interpretatzen dute nire hamazazpi urteko ikasleek Sinde legea eta honek euren bizitza digitalean duen eragina? Zer ulertzen dute pirateriari buruz? Zer imajinatzen dute dela kanona? Inporta al zaie?

Eta nola interpretatzen dugu irakasleok hori guztia? Zer ulertzen dugu hori ikusten dugunean? Nola jokatzen dugu honen aurrean?

Ikastola ezin da egon ikasleak ikastetxetik kanpo bizi duen errealitate horri bizkarra ematen, hori garbi dago. Baina, tamalez, akziora bakarrik pasatzen gara arautegia aplikatu eta disziplina neurriak hartzeko. Ez gaude prestatuta informazio uholde horren aurrean ikasleek behar duten kritikotasun eta heldutasunarekin hezteko. Kanpotik barrura datozkigu arazoak baina ez gara gai irtenbide hezitzaileak barutik kanpora eskaintzeko, ikastolatik gizarteram gure funtzio sozialak eskatzen duen bezala.

Gure ikasleen pentsamendu krtikoa garatzea gure ardura da. Informazioaren maremagnumean bidea bilatzen erakustea gure ardura da. Eredu zaharrek ez dute balio dagoeneko (oker ez banago, gure ikasleek iruzkin kritikoak batxilergoan egiten dituzte lehenik), modu berriak imajinatu/martxan ipini behar ditugu.

Azpian uzten dizuet pentsamendu kritikoa zer den azaltzen duen bideo bat. Azpitituluak erdaraz ditu. Azpititulurik gabe nahi duenak, hemen dauka bertsio orijinala.

Oinarrizko konpetentziak: lau ideia, lau lamina

Oinarrizko konpetentziaz ari garenean teorizaziora joateko joera handia izaten dugu askotan (“filosofia” gehiegi, “txapa” gehiegi nire ikastolako irakasle askoren iritziz). Niretzat pedagogiaz eta filosofiaz hitz egitea beharrezkoa da; eskola publikoaren sarean murgiltzeari uko egin eta ikastolen bidetik jarraitzea erabaki genuenean, adibidez, arrazoi pedagogiko, filosofiko eta sozialak ipini ziren mahai gainean. Baina egia da ere, irakasle askok egunerokotasunean erabilgarriak diren planteamendu praktikoak eskatzen dituztela.

Hezkuntza ereduaren aldaketa sakon baten aurrean geundela jakin genuenetik asko dira teorizatzen pasa ditugun orduak, kontzeptu eta definizioen inguruan bueltaka egin dugun denbora. Aurrekoan esaten nuen bezala, irakasleok akziora pasa nahi dugu baina bidea egiten lagunduko diguten bitarteko sinple eta praktikoak behar ditugu. Gaurkoan horrelako zerbaitekin nator.

Konpetentzien kontzeptualizazio operatiboa

Konpetentzia bakoitzarentzat, atazaren deskribapenetik amaierako soluziorarte jarraitu behar dugun prozesuaren fluxua adierazten da lamina honetan, ataza, baliabide eta prozesuen definizio sinple baten laguntzarekin. Prozesu honen diseinua, hasiera batean behintzat, ez zait iruditzen oso arrotza egiten zaigunik irakasleoi. Dena den, egia da, baita ere, definitu beharko genituzkeen atazen konplexutasuna areagotzen doala ikasketa mailetan aurrerantz egiten dugun heinean. Kontzeptu eta prozedura xumeagoak jokoan ipini behar diren arazo-egoeretan, atazak zehaztea errazagoa izaten da. Gainera, eta nire iritzi pertsonala da hau, bigarren hezkuntzako irakasleok ohitura gutxiago daukagula horrelako planteamenduei heltzerakoan. Beraz, burua astintzea tokatuko zaigu gehienetan eta kasu askotan, hainbat eduki alde batera uztea ere tokatuko zaigu.

Egin klik irudian handiagoa ikusteko

Curriculumeko elementuen arteko erlazioa

Fluxu diagrama honetan modu sinplean laburbiltzen da sekuentzi didaktikoaren oinarrizko diseinua. Helburuak, edukiak, oinarri metodologikoak eta ebaluazioa. Dagoeneko ohituta gaude hauetara, bai. Lan astuna izaten da, pisutxua, burokrazia kontuekin nahasten duguna askotan eta oso gustukoa izaten ez duguna askotan, baina ezinbestekoa dena. Niretzat atal garrantzitsuegia da argitaletxeen esku uzteko. Hemen ere, uste dut bigarren hezkuntzako irakasleok “mea culpa” txiki bat egin beharrean gaudela. Garaia da DBHn erabiltzen ditugun testu liburuak (edo bestelako edukiontzi prefabrikatuak, digitalak barne) benetan direna bezala kontsideratzeko (ezin dira izan gure curriculumaren ardatz nagusia, bitartekoak besterik ez dira) eta abian ipintzea sekuentzia didaktiko praktiko eta erakargarri berriak. Hori ere gure lana da eta.

Egizu klik irudiaren gainean handiagoa ikusteko

Ariketa, Jarduera eta Atazaren arteko harremana

Lamina honetan oso garbi azaltzen da hiruen arteko harremana, adibide konkretu baten laguntzaz. Arazo-egoerei soluzioa emateko prozesuak, normalean, ez ditu saio lektibo gehiegi eskatzen. Normalean, atazak aurrera eramaten dira unitatearen amaieran diseinatzen den proiektu nagusi baten mesedean. Alegia, ikasleak burutuko duen azken proiektuan aurretik jaso dituen konpetentziak transferitzeko gai ote den egiaztatzen da (oker banabil, mesedez, zuzendu). Goi Mailako ikasketetan asko erabiltzen da Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL ingelesez) eredua. Eredu honetan, atazak bitarteko “hitoak” edo etapak izaten dira.

Egizu klik argazkian handiagoa ikusteko

Adimenari lotutako prozesu kognitiboak

Helburuen lorpenean ikasleek jokoan jarri behar dituzten prozesu kognitiboak zeintzuk izango diren zehaztea ere gure lana da. Ikasleek garatuko dituzten prozesu kognitiboak geroz eta maila altuagokoak izan (azpiko grafikoan, goitik behera), are eta esanguratsuagoa izango da ikaskuntza. Prozesu hauek Bloom-en Taxonomiaren arabera sailkatzen dira. Sailkapen honen jatorria 50. hamarkadan kokatzen da eta ia 50 urte beranduago, 2000. urtean hain zuzen ere, berriz aztertua izan zen eta aldaketa batzuk egin zitzaizkion. Denboran gertuago, IKTek suposatu duten iraultzaren ondorioz, taxonomia honek bigarren egokitzapen bat ere izan du. Azpiko laminan adimenari lotutako gaitasun desberdinen zerrenda ikusiko duzue; ezker zutabean ohiko taxonomian agertzen diren akzioen adibide batzuk eskaintzen dira. Eskuinekoan aro digitalerako definitu diren akzio berrien adibideak ipini ditut. Helburuak definitzerakoan garrantzitsua izango da azken hauek ere kontutan izatea, batez ere, konpetentzia digitalaren garapena bilatu nahi badugu sekuentziak diseinatzerakoan.

Egizu klik argazkian handiagoa ikusi nahi baduzu

Nire ustez, irakasleok sekuentzien diseinuan bete-betean sartzeko bakarrik faltako litzateke helburuak zehazteko jarraibide batzuk eta ebaluazioaren inguruko ideia pare bat garatzea. Hori agian aurrerago etorriko da, ikusiko dugu.

Lamina guztiak pdf batean ipini ditut eta Slideshare-ra igo ditut. Azpian daukazue aurkezpena eta bertara joanda, handik jaitsi ahal izango dituzue lau fitxak:

Iturria: Cuatro diapositivas clave de las CCBB