Urteak daramatzagu gure ikastolan konpetentzietan oinarrituako hezkuntza eredu berriari bueltak ematen, definizioak aztertzen, zer den eta zer ez den eztabaidatzen, irakasleon rol eta zeregin berrien inguruan hausnartzen, egoeretan oinarritutako metodologiak eta ebaluazioa formatzaileari bueltak ematen… Denbora dezente pasa da eta oraindik hortxe gabiltza bidea nola egin, ataritik nola irten oso ondo jakin gabe.
Bigarren hezkuntzako irakasleok, batez ere, ez gaude eroso, aurrera egin nahi dugu, egungo egoera aldatu nahi dugu, garai berrietara egokitu nahi dugu gure lana, lanarekiko egun daukagun asebetetze maila igo nahi dugu, ikasleekin dugun harremana aldatu nahi dugu… Erakundeetan aldakuntza disruptiboak aurrera eraman nahi izaten direnean, erakundea osatzen duten kideen aurkako jarrerak izaten dira aurrera egiteko oztopo nagusienetako bat. Baina gure ikastolan, behintzat, ez da horrela gertatzen; irakasleak euren konfort egoeratik irten eta aurrera egiteko gogoarekin ikusten ditut, aldaketaren beharra somatzen dute eta aurrera egin nahi dute. Zer dela eta kostatzen ari zaigu hainbeste, orduan, aurrera egitea? Zer falta zaigu bideari hasiera emateko?
Horrelako egoerak ikuspegi pertsonal batetik analizatzea errealitatearen alderdi bakar baten ikuspegia aztertzeko arriskua izaten duela badakit eta horrek gauzak gehiegi sinplifikatzera eraman dezakeela kontutan izanik, nik ondorengo arrazoiak aipatuko nituzke egungo “ataskoaren” gakoa non egon daitekeen esplikatzeko:
- Ziurgabetasunarekin harremana gordetzen dutenak: etorkizun ezezagunak zer ekarriko duen ez jakitea, aldaketak eskatzen duen esfortzuak mereziko ote duen zalantzan jartzea, behin bidea egiten hasita sortuko diren “koxkak” gainditzeko gai izango ote garen garbi ez ikustea… Jarrera horiek orokorrak ez badira ere, agerian geratzen dira batzuetan eta gainera normala iruditzen zait horrela izatea.
- Formazio beharrekin eta bere kudeaketarekin lotutakoak: erronkari arrakastaz heltzeko benetan prest ikusten dugu gure burua? Gai izango ote gara arlo desberdinetatik garatutako sekuentzia didaktiko ezberdinak modu egituratu eta arrazional batean diseinatu eta mailakatzeko? Bidean sortuko diren ikaskuntza beharrak asetzeko ipiniko diren bitartekoak malguak eta eraginkorrak izateko berme nahikorik ba ote dugu?
- Lidergoa eta iniziatibarekin lotutakoak: Nork/Nortzuk marraztuko du/dute bidea? Nork/Norktzuk zehaztuko ditu/dituzte bide horretako etapak? Nork/Norktzuk gidatuko du/dute abiatzear dagoen berrrikuntzaren autobusa? Guk hartuko dugu aldaketaren gidaritza ala kanpo eragileen iniziatibaren zain geratuko gara?
- Barne antolaketarekin lotutakoak: egia esan, ez gara asko atal honetan aurrera ez egiteko arrazoiak ikusten dugunok. Egungo kudeaketa organoak, prozesuak, espazio eta denboren antolaketak… berrikusketa bat behar dutela, garai berrietara eta behar berrietara egokituta egon behar dutela planteatzen duen horietakoa naiz. Eta horrekin nabil bueltaka duela hilabete batzuetatik hona. Tarte honetan, garbi ikusi dut gehiengo batek ez duela nire ikuspegi hori partekatzen. Eskola antolaketaren berrikuntzaren kontuak errespetu handia ematen du eta, nahiz eta neurri batean ulergarria izan, konbentzituta nago aldaketa etorri, etorriko dela, gaur ez bada, bihar izango da. Kontu honen inguruan azkenaldian jasotzen ari naizen pertzepzio eta kanpo erreferentziek geroz eta ageriagoan uzten dute aldakuntzaren beharra.
Eskola antolaketa curriculumaren diseinu berriaren zerbitzura
Asteartean bertan elkartu ginen irakasle talde bat bidea nondik egiten has gintezkeen aztertzeko. Lankide batek bere arloan garatu zitekeen proiektu/egoera baten diseinua aurkeztu zigun, helburu eta metodologia desberdinen inguruko xehetasunak esplikatu zizkigularik. Asko gustatu zitzaidan nola planteatu zuen hasierako egoera, nola lotu zuen beste arlo desberdinetako helburu eta edukiekin. Aurkeztu zuen moduan han geundenoi gogoa eman zigun lanean di-da batean hasteko, azaldutako adibidea gorpuzten eta sakontzen joateko. Baina, hortxe, sortu ziren lehenengo zalantzak. Hori al da jarraitu behar dugun bidea? Alegia, irakasle bakoitzak bere arloan ikasturtean zehar garatuko dituen sekuentzien diseinuari helduz hasi behar al dugu lanean? Hori dagoeneko aurrerapauso garrantzitsu bat dela ukatu gabe, ez al da beharrezkoa halako koherentzia bat, jarraipen bat, definituko ditugun helburuetan, garatuko ditugun konpetentzietan, erabiliko ditugun metodologietan eta martxan ipiniko ditugun ebaluazio prozesuetan?
Hortxe aritu ginen kontu horien inguruan eztabaidatzen. Eta, horren haritik, une batean kezka sortu zen taldean: irakasleon lana ote da hori? Gehiago oraindik: prestatuta al gaude irakasleok horrelako lan bati behar-bezala heltzeko?
Nik oso garbi daukat. Ez da bakarrik nola prestatuko ditudan nik nire sekuentzia didaktikoak, nola prestatu eta emango ditudan nik nire klaseak, nola izango da nire jarduna gelan eta zeintzu estrategia metodologiko erabiliko ditudan nik nire ikasleekin. Hori baino gehiago da. Nola uztartuko ditugu guk banaka sortutako sekuentzia horiek, helburu espezifiko horiek, ikuspegi orokorrago batean mesedean; nola kudeatuko ditugu guk, adibidez, denbora eta espazioaren erabilerarekin lotutako erabakiak beste proiektuen garapenean oztopo bilakatu ez daitezen; eta beste mila kontu. Beste hitzetan, konpetentzietan oinarritutako kurrikulum berri baten diseinua aurrera ateratzea denon zeregina da, ikastolako komunikate osoarena. Nik ulertzen dudan moduan, eskola bakoitzak ikuspegi curricular propio eta independente bat izan behar du, ikastetxearen misio, bisio eta baloreekin uztartuta egon behar duena eta bere bezeroek eta inguru sozialak dituzten ezaugarri eta beharretara egokituta. Zehaztapen curricularra ezin da utzi argitaletxeen eskuetan ezta ikastola bakoitzaren errealitate zehatza ezagutzen ez duten erakundeen eskuetan ere. Bakoitzaren ekarpenen ekoizpena abiapuntu itzela den bezala, berrikuntza kurrikularra ikastolaren ardura da. Bide hori egiteko beharrezkoa da legearen oinarrien ezagutza minimo bat, egungo egoerara heldu aurretik izan diren aurrekariak ezagutzea eta egun agertzen diren aldagai berritzaileen inguruan ere bustita egotea. Zeregin horretan irakslearia osoa inplikatzea gauza konplikatua izan daiteke, ados. Baina antolaketa berri batek hori guztia ahalbideratu dezakeela garbi daukat.
Hala ere, zehaztapen curricularra gauza garrantzitsua bada ere, ez da enfoke berritzailea eskatzen duen kontu bakarra. Nola bideratuko ditugu banakako esfortzu guzti horiek, ildo konkretu batetik, irakasleon lana alferrikakoa izan ez dadin? Nola ahalbidetuko dugu irakasleen arteko elkarlana eta nola egingo dugu guztion artean ekoiztutako lanaren ebaluazio kolektibo eta eraikitzailea aurrera eramateko? Nola ipiniko ditugu helburu komun baten mesedean erakundeko kide guztion ezagutzak, gaitasunak eta esfortzuak? Non eta nork hartuko ditu erabaki horiek?
Ildo beretik doa, egun hauetan irakurtzen ari naizen liburuan, Guida Al-Lés-ek egiten duen hausnarketa. Berak dioenez (65. orr), eskola antolaketa curriculumaren diseinuaren zerbitzura egon behar du eta ez alderantziz. Eta bere iritziz hau bakarrik da posible erabaki kurrikularrak (sekuentzia didaktikoa, metodologiak, ebaluazioa) eskolako hezkuntz proiektuan adostu eta jasotzen direnean. Kontua ez da bakarrik proiektuak funtzionatzea, sekuentziak diseinatzea, nahiz eta garbi egon hori bakarrik gertatuta ere, emandako aurrerapausua garrantzitsua dela. Guidaren iritziz, eskola erakunde batek hartu beharko lituzkeen erabakiek ondorengo galderen erantzunen haritik joan beharko lirateke:
- Nola hartzen dira erabakiak zentroan? Zein da zuzendaritza taldearen papera: egunerokotasunaren jarraipen burokratikoa ala irakasle taldeak berrikuntza didaktikoaren bidetik gidatuko duen lider pedagogikoena?
- Nola kudeatzen da zentroan irakasleek euren lanari buruz dakitena? Nola antolatu irakasle taldeak, normalean agerian egoten ez diren, irakasleen ezagutza eta esperientziak aprobetxatzeko? Nola aritu talde-lanean? Nola lortu irakasleok betetzen dugun lanaren ordaina izango den eta, hain beharrezkoa dugun, energia jaso, lanarekiko izango dugun asetze maia altua izan dadin? Nola eta noiz ebaluatu bata besteari?.
- Nola antolatu ikasgela ikaslearen ezagutza kudeatzeko? Nola antzeman gure ikasleen gaitasun eta motibazioak energia iturri eta bizitza osoan ikasten jarraitzeko behar duten motorra izan daitezen? Nolakoak izan behar dira klaseak ikasleek euren ilusioak bete ditzaten?
- Nola antolatu gelako denbora konpetentziak mobilizatzeko? Zenbat denbora eskainiko diogu lan kooperatiboari, banakako lanari eta azalpen magistralari? Nola hobetu lan kooperatiboa?
Zer aldatu beharko litzateke espazio eta taldeen banaketan? Nola antolatu espazioa aniztasunari erantzuteko ikasleak mailaren arabera taldekatu gabe?
Teknologiaren eragin eraldatzailea
Dagoeneko irakasleok badakigu informazioaren trataera eta konpetentzia digitala gure curriculumean txertatu beharko dugun alderdi berri bat dela. Teknologia berrien integrazioa curriculumean nekez etorriko da irakasleen konpetentzia digitalaren garapena ematen ez en bitartean. Eta badirudi oraindik oso urruti gaudela errealitatea optimo horretatik.
Duela gutxi Joan Padrós-en hitzaldi baten berri izan dut (hauxe da hitzaldiaren audioa). Bertan planteatzen du teknologia berrien presentzia ikastolan hiru esparrutan bana daitekeela; administrazioa, komunikazioa eta jardun pedagogikoan. Lehenengoan, gaur egun, teknologiaren asimilazioa modu naturalean gertatzen den bezala, pedagogia arloan oraindik egoera ideal horretatik oso urruti gaudela planteatzen du. Horrela, jardun pedagogikoan teknologia digitalaren presentzia bermatzeko, IKTen erabileran aitzindariak diren irakasleen eskarmentuaz baliatzea proposatzen du. Bere iritziz eskoletan teknopedagogo baten presentzia beharrezkoa da.
Ni ez nago ados planteamendu horrekin. Uste dut XXI. mendeko ikastola batek balio anitzeko profesionalak behar dituela. Uste dut espezialistak (batez ere, alderdi teknikoetan) ez direla mesedegarriak ikastolentzat. Alde batetik, figura horietan konzentratzen delako erakunde osoan zehar barreituta egon beharko liratekeen hainbat ardura eta zeregin, horrela, denborarekin erakundearentzat kaltegariak diren menepekotasunak sortzen direlarik. Bestetik, hain azkar aldatzen ari den gizarte batean, espezialista horiei zehaztutako zeregin eta helburuak laister geratzen dira zaharkituta eta askotan erakundeek malgutasun falta handia azaltzen dute zeregin edo zerbitzu horiek garai berrietara berregokitzerakoan (“gauzak beti egin izan ditugu horrela” eta antzekoak askotan entzuten dira).
Nik uste dut askoz ere aberasgarriagoa dela proiektu edo helburu zehatz batzuk definitzea eta horien lorpenean talde heterogeneoak, multidisplinarrak, elkarlanean ipintzea. Pertsona jakin baten gainean arlo jakin baten gaineko ardura guztiak ipini beharrean, ardura horiek taldekide guztien artean banatzea egokiagoa ikusten dut. Talde horietako kideak irekiak egon behar dira mota guztietako jakintzagaietan busti eta ikasten joateko eta mota guztietako bitartekoak erabiltzeko, teknologikoak barne. Informazioa trukatzeko bide eraginkorrak zehazten badira eta komunikazio kanal zuzenak zehazten badira, helburuen lorpenari etekin bikoitza aterako zaio; zehaztutako helburuen lorpenaz gain hartu-eman horretan irakasleon konpetentziak garatzea lortuko dugu, digitala barne.
Hamar urteko ibilbide honetan jarraitu diren metodologiak irakasleen konpetenztia digitala garatzeko ez badira eraginkorrak izan, uste dut gakoa lan egiteko moduan eta jarraitutako formazio prozesu zaharkituen balio eskasean egon daitekeela. Lan egiteko modu berri honek irakasleen konpetentzien garapenerako egokiagoa dela uste dut eta curriculumean definitu beharko ditugun sekuentzietan ikasleen konpetentzia digitala (baita beste guztiak ere) behar bezala garatzeko baliagarria izango dela iruditzen zait.
Baina lan egiteko estilo berri hori bateraezina da ikastoletan egun daukagun antolaketa eta egitura tradizional eta zurrunarekin. Erakundean zehar komunikazio kanal berriak diseinatu behar dira, barrura nahiz kanpora begira; formazio eredu klasikoarekin apurtu eta ikaskuntza bide berriekin probatzea eskatzen du; profil profesionaletan oinarritutako hierarkia zurrunak (zuzuendari, administratzaile, ikasketa buru, mintegi, mintegi-buru, etapa, koordinatzaile, maila, tutore…) alde batera uztea suposatzen du. Kudeaketa malgua, informala askotan, kaotikoa ere batzuetan, beharezkoak direla iruditzen zait. Antzeko argudioak ematen ditu Joaquín Gairín-ek, eskola antolaketan aditua den UABeko irakaslea, azpiko bideoan:
Konpetentzien (ikasle nahiz irakasleena) enfoke berri honek, hobekuntza prozesu berri baten abiapuntua izan beharko litzateke, ez bakarrik curriculumaren diseinuari dagokionez baita eskola antolaketaren ereduari dagokionez ere. Nola ekin aldaketari iparra galdu gabe eta fronte desberdin gehiegi aldi berean sortu gabe? Nondik hasi aldakuntza traumatikoa izan ez dadin? Zer da funtsezkoena, lehentasuna, ezinbestekoa eta zer ez?