WP 2.0 instalatzeko flash tutoriala

Oraintxe bertan, bloglinesen nire iturrietan begia satzen ari nintzela, digizenen interesgarria oso iruditu zaidan tutorial bat topatu dut. Rachel Cunlikkek garatutakoa da eta, bertan, WP 2.0 instalatzeko eman beharreko urrats guztiak azaltzen dira flash aurkezpen batean. Ingelesez egonagatik, hain grafikoa, ulerterraza eta erabilgarria iruditu zait non ez baitut hona ekartzeko aukera pasatzen utzi! Beraz, wordpress 2.0 instalatzen bazabiltza, baina ez badakizu oso garbi nola, klikatu ondorengo irudian egin beharrekoa xehetasun osoz ikusteko (itxaron une batez beheko barra mugitzen hasten den bitartean).

Tutoriala ikusteko klikatu irudi honetan

Screamer irratia

Screamer irratia Gaur egun osoa irratia jarrita pasa dut. Egia esan, ez dut ohitura handirik, eta inoiz ez ditut erabili internetek ematen dituen aukerak irratia entzuteko. Baina, goizean goiz, nire gustuko blogen artean errepasotxoa ematen ari nintzela, Digizen-en aurkitutako artikulu honekin egin dut topo. Bertan, Screamer irratiari buruz hitz egiten zen eta hainbat ezaugarri ikusita instalatzea erabaki dut.

Ezaugarriak

Ezaugarri nagusienak

  • Dohainekoa
  • Erabilerraza
  • Entzuten duzuna graba dezakezu (kalitate onean)
  • Irrati mordo bat dituzu aukeran (generoz, kokapenaz…sailkatuak)

Beste hainbat ezaugarri

  • Pantailan ez du toki gehiegirik behar eta, gainera, ezkuta daiteke
  • Hizkuntza ezberdinen artean aukera dezakezu (euskara oraingoz ez)
  • Emisora bakoitzeko karpeta bat sortzen dizu programak bertatik grabatutakoa gordetzeko
  • Gustukoen dituzun emisoren zerrenda osa dezakezu, hurrengoan erabiltzen duzunean eskura izateko

Soinuaren ezaugarriak

Grabazio ezaugarriak

  • Abesti erdian has zaitezke grabatzen eta, halere, abesti osoa graba dezakezu!
  • Zuzenean MP3ean gordetzen duenez, ez dago kalitate galerarik!
  • Zuzenean OGG Vorbis-ean gordetzen duenez, ez dago kalitate galerarik!
  • OGG Vorbis-etik MP3era pasa dezakezu Lame erabiliz
  • WMA ere MP3 bihur dezakezu Lame erabiliz

Zehaztasun teknikoak

Artxiboa deskargatu gabe ere on-line entzun dezakezu, baina deserosoa izateaz gain (banan-banan zoaz emisora bakoitzera), ez dizu zuzenean grabatzeko aukerarik ematen.

Gaur, nostalgiko samar nenbilela eta Beatles Radio deituriko emisora bat entzuten denbora dezente egon naiz. Imajina dezakezue, Beatlesen betiko abestiak, beste abeslari batzuek bertsionatutakoak, denetarik!! Gero, beste lauzpabost ere gehitu ditut nire zerrendan…Gustura egon naiz.

Ikonoak zure webgunerako

Webgune bat kudeatzen dugunok ederki asko ezagutzen dugu itxurak duen garrantzia eta diseinu egoki batek nola laguntzen duen hartzailearengana iristen. Beraz, atal hau zaindu behar dugunez, atal txiki batean erreparatu dut gaurkoan: ikonoak. Era askotakoak aurki daitezke, baina gaur aurkeztuko dizkizuedan hauek bi estilo ezberdinekoak dira.

Hasteko, esango dizuet ikono hauek guztiak dohain eskura ditzakezuela. Hasteko ez da albiste txarra, ezta? Lehenego multzoan ikono xelebre hauek daude eta Pixelgirl izeneko webgunean aurkituko dituzue. Plataforma ezberdinen araberako sailkapena eginda dago eta bilduma kopuru handia dago. Hona hemen adibide batzuk:


Bigarren ikono multzoa oso ezberdina da eta CSS erabiliz, bere kolorea eta forma alda dezakegu. Pertsonalki, asko gustatu zaizkit eta txertatzeko jarraitu beharreko pausoak ez dira oso zailak:

  • Ikonoa sartu nahi dugun gunean honako kodea sartu beharko genuke:

<img class="icon" src="/i/icon.gif" alt=”” />

  • Eta CSSan honako kode hau ikono laranjak eta ertza borobilduekin lortzeko:

.icon {
background-color:#f58220;
background-image: url(/i/rounded_bg.gif);
background-repeat: no-repeat;
}

Emaitza hauxe da:


Ikono hauen inguruko informazio guztia eta deskargatzeko aukera hemen aurki dezakezue. Beste ikono interesgarriak ezagutzen badituzue, gustura jasoko genuke zuen ekarpena.

Baliabide digitalak denon eskura

Azken urte hauetan mugimenduren bat nabarmendu bada sarean hori informazioaren demokratizazioarena izan dela iruditzen zait, izan ere sarean sortu diren aplikazio berrien ondorioz, edonork publikatu dezake edozein gaiaren inguruko informazioa edozein formatuan (testu, argazki, bideo….), edonork eman dezake bere iritzia edozein gaiaren inguruan (foro, wiki, blog…. edo antzekoetan parte hartuz) edota edonor jar daiteke kazetariaren paperean gertuko giro sozialaren berri emanez.

Interneten sortu eta aurki ditzakegun aplikazio sozial berri hauen bitartez informazioaren gizartean norberak bere ekarpenak egiteko aukerak asko ugaritu dira azkenaldi honetan. Hauen guztien inguruko laburpen interesgarri bat aurki daiteke Cymfony etxeak kaleratu berri duen Knowledge Center delakoan. Bertan aurki ditzakezue Blog, Consumer Generated Media (CGM), Public Relations (PR) eta Web 2.0-ren inguruan dauden aplikazioen informazio zabala. Lau arlo hauen inguruan datu estatistikoak eskaintzen dira, artikulu interesgarrien bilduma bat ere irakur daiteke edota enpresa mailan baliabide hauen aplikazioaren hainbat adibide topa ditzakezue.

Iturria: Tiscar.com

Gai honekin jarraituz, Aulablog-etik gomendatzen diren hainbat artikulu interesgarrien aipamena egiten dizuet. Gure lanbidearekin zerikusi zuzena duten hainbat artikuluen berri ematen da bertan:

beste askoren artean.

Iturria: Aulablog

Hobekuntzak Writelyn

Nahiz eta oraindik beta bertsioan jarraitu, pasa den ostegunean aditzera eman dutenez, Writelyri hobekuntza dezente txertatu dizkiote. Hauen artean:

  • Dokumentu aktiboak kudeatzeko fitxa berria
  • Zakarrontzia hustutzeko aukera
  • Numerazio eta buleta estilo berriak
  • Dokumentu bat blog batean argitaratzerakoan atal desberdinak aukeratzeko bidea
  • Argitaratutako artikuluak hautatutako irakurleei epostaz abisua bidaltzeko aukera
  • Azkenik, hainbat akats zuzendu dira ere

Ez da lehenengo aldia aplikazio honen aipamena egiten dugula IKTeroetan; halere zuetako askok, agian oraingoan entzun duzue lehenengoz Writelytaz. Irakaslea bazara proba ezazu!. Aukera interesgarriak eskaintzen ditu zure ikasleekin erabiltzeko. Seik aspalditik erabiltzen du bere batxilergoko ikasleekin arrakasta itzelarekin.