Esan ozenki: erabili Firefox!

Atzo tartetxo bat hartu nuen gure blogeko estatistikei bistazo bat botatzeko. Maiz errepikatzen dudan eginkizuna izaten da hau baina atzo ohikoak ez diren atalei erreperatzea erabaki nuen.

Jasotako informazio guztiaren artean, batez ere, gure bisitariek erabiltzen duten pantailen bereizmenari eta nabigatzaile motari dagozkienak izan ziren interesgarrienak iruditu zitzazkidanak.

Pasa den San Fermin egunean Sustatun azaldutakoaren antzera, gure bisitari gehienek erabiltzen duten pantailaren bereizmena 1024×768-koa da ere, alde handiz gainera.

bereizmena

Gure blogaren diseinua 800x600eko monitoreentzat bereziki egokituta dagoenez, agian garaia heldu da bere diseinuari erretoketxo bat egiteko.

Dena dela, sorpresarik handiena gure bisitariek erabiltzen duten nabigatzaile motarekin jaso nuen. Aspalditik ez niola atal honi begiradarik botatzen eta a ze ezustekoa jaso nuen atzo, IKTeroetara datozen hiru bisitarietatik bik Firefox erabiltzen dutela ikusi nuenean!. Halaxe da, %66ak erabiltzen du Firefox!

firefox

Garbi dago proportzio hau ezin dela internet osora estrapolatu: lan asko egin behar dugu oraindik Internet Explorer-en nagusitasunari buelta emateko. Baina, ezin da ukatu ere, blogosferan murgilduta gabiltzanon artean (blogari izan nahiz irakurle izan) hartz gorriaren nabigatzailea nagusi dela une honetan. Blogosferaren hazkundea nolakoa izaten ari den ikusirik (geroz eta gehiago dira blogen mundura ingurtzen ari direnak), zenbat itxaron beharko dugu balantzari buelta eman arte? Urtebete? Gutxiago?

Zalantzarik gabe, datu interesgarria Firefox erabiltzearen eta zabaltzearen aldeko konpromisua hartu dugun guztiontzat! Zorionak guztioi!

Eta Firefox oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen Sustatun argitaratutako bidalketa batean aspaldi egindako analisia.

getfirefox

FEBE eta CLEO

Komiki bateko pertsonaien izenak diruditen arren, FEBE eta CLEO Firefoxerako bi gehigarri oso interesgarriak dira.

FEBEk (Firefox Extension Backup Extension) Firefoxeko gehigarri, theme, gogoko, cookie… guztien segurtasun kopia egiten du. CLEOk (Compact Library Extension Organizer), berriz, zure ekipoan instalatuta dituzun gehigarri guztiekin .xpi luzapeneko gehigarri berri bat sortzen du.

Bi gehigarri berri hauekin, zure ohiko ekipoan duzun Firefoxaren konfigurazioaren klonak eduki ahal izango dituzu beste edozein ordenagailutan. Nahikoa duzu horretarako FEBEk eta CLEOk sorturiko artxiboak, zurekin eramaten duzun memorystick batean sartzea; edota Gmailera bidaltzea artxibo erantsiak bezala.

Iturria: Lifehacker

Argazkiak gordetzeko gune bitxia

Atzo del.icio.us arakatzen nenbilela, Picture Trail izeneko gunea topatu nuen. Argazkiak gure ikastolako web orrian aurkezteko era berriak bilatzen ari nintzen eta hau ikustean, probatzera animatu nintzen. Egia esan, bi minuturen bueltan kubo hau eginda nuen eta argazki berdinak erabiliz, berehala beste aurkezpen hauek egin nituen. Benetan, oso erraza. Argazkiak igo eta aurkezpen mota hautatu ondoren, kodea ematen dizu zure web orrian jartzeko. Gainera, igo nahi duzun argazki kopurua oso handia bada, aplikazio bat du deskargatzeko eta di-da batean igotzeko. Oraindik ez dut lortu jakitea mugarik ba ote duen edo zenbatekoa den, baina nik igo ditudan argazki guztiak arazorik gabe hartu ditu.

Zalantzarik gabe, ez dut Flickr alde batera utziko, gune honek ez baititu Flickr-ek dituen abantailak: etiketak, partekatzeko eta iruzkinak egiteko aukera, jarioa…, baina zertxobait ezberdina egiteko eta argazkiak beste era batean aurkezteko baliagarria izan daiteke, nahiz eta propaganda txiki bat txertatzen duen.

Proba ezazue eta ikusiko duzue zein erraza den.

Eguneraketa: Itsututa ibiliko nintzen atzo, izan ere, nire kontuaren datuetan sartu eta oso garbi azaltzen da 50 MBeko espazioa dudala.

Pearl Jam eta Creative Commons lizentzia

Gaur jakin dut Pearl Jam talde estatubatuarrak, “Life wasted” bere azken bideoa, Creative Commons (CC) lizentziapean kaleratu duela Google Videoren bitartez. Albistea irakurri dudanean lehen inpresioa oso pozgarria izan da. Sony-BMG bezalako multinazional batekin kontratua duen talde batek bere azken bideoa kopiatu, banatu eta partekatzeko aukera ematen du! Eta segituan pentsatu dut, “tira, ea disketxe erraldoi horiekin diskak argitaratzen dituzten taldeek, hauen adibidea jarraitu eta CC lizentziarekin abesti, bideo edota diska gehiago kaleratzen dituzten”.

Dena dela, albiste honen inguruan dagoen informazioari begirada bat eman ondoren zera irakurri dut: bideo hau CC lizentziapean datorren maiatzaren 24ra arte bakarrik eskainiko da. Data honetatik aurrera bideoa salgai jarriko dute, ohi den bezala. Koño! Bideo bat partekatzeko aukera eskaintzen dute 5 egunetarako bakarrik? ….? Zein da estrategia honen helburua? Zer dago honen atzean? Nire ustez, beste askotan gertatu ohi den bezala, interes komertzialekin zerikusia duen azpijokoren bat dago hemen. Gaur egun sareak artisten lanak promozionatzeko duen indarraz baliatu nahirik edo, negozioa egin nahi duen talde baten aurrean gaudela iruditzen zait. Bere momenturik oparoena 90. hamarkadaren erdialdera bizi izan zuen taldeak, horrelako estrategiekin berriro ere “kandelabroan” edonola kokatzeko asmoa duenaren itxura osoa du honek.

Eta egoera honen aurrean zera datorkit burura: zer gertatuko litzateke bideoa deskargatu eta blog honen bitartez edonorekin partekatuko bagenu? Gure blogak CC lizentzia izanik, edonork edukiko luke bideoa kopiatu eta partekatzeko aukera, nahiz eta maiatzaren 24a pasatuta egon, ala? Zer dio legeak honi buruz? Nahiz eta jakin horrelakoekin taldea promozionatzen laguntzen ari naizela, hemen ipintzen dizuet bideoa. Gustukoa baduzue jaitsi eta partekatu nahi duzuenarekin.

Neil Young-en cover band izan den talde honek, hobe luke bere eredua jarraitzea . Ikus bestela Neil-en bloga eta entzun bere azken diskoa dohain.Hemen abestien itzulpenak erdarara.

Skype dohain EEBB eta Kanadako biztanle guztientzat

Gaurtik aurrera ipar-amerikar guztiek dohain izango dituzte Skype bitarteko telefono dei guztiak, sakeleko telefonor nahiz ohiko telefonora egindako deiak izan. Horrelaxe diote beraien blogean:

Yes. It is really very, very free. There’s no prepayment, no minimum use, no subscription, no monthly fee, no nothing.

Bertan diotenez SkypeOut zerbitzua dohainekoa mantenduko dute gutxienez urte honen amaiera arte. Gero zer gertatuko ote den oraindik ez omen dute erabaki.

Bai, badakit horrelako albisteak guretzat urruti samar geratzen direla baina nik uste dut gaur Skypek hartu duenerabaki honek berebiziko garrantzia duela. Zaila egiten zait imajinatzea ipar-amerikarrek Skype bitartez edozein telefono zenbakira deitu ahal izango dutela xoxik ordaindu gabe. Zer ondorio ekar ditzake erabaki honek telefonia eta, orohar, komunikabideen mundura?. Laster ikusiko dugu