50 Euroko eramangarria?

Aurreko egunean, Indiako egitasmoaren berri eman genizuen, bada gaur Portugalera goaz beste eramangarri baten berri emateko: Magallanes izenekoa.

Diotenez, produktuaren kostua 180 €koa izango da, baina Portugaleko ikasleen artean dohain edo, gehienez ere, 50 €ko prezioan banatuko ditu bertako Gobernuak. Horrekin, ikasle guztiek Teknologia Berrietara iristeko duten eskumena bermatu nahi dute, nahiz eta zalantza handiak dituzten irakasleen gaitasunen inguruan.

Kolpe eta zipriztinak jasateko egin nahi den eramangarri sendo honek 7 hazbeteko pantaila izango du, 256 MBeko RAM memoria eta 1 edo 2 GBeko memoria disko gogorraren ordez. Dirudienez, Windows XPrekin joango da, kamera digitala eta banda zabaleko Interneterako sarbidea izango du. Prozesadorea Intel etxekoa izango da, izan ere, eramangarri hau Portugaleko Gobernuak eta Intel etxeak sinatutako akordio baten emaitza baita.

Ikusten dugunez, 2007an Intelek “Classmate PC” izeneko proiektuaren berri eman zuenetik Libia, Argentina, Indonesia, India, Vietnam eta Portugalekin akordioak sinatu ditu eta Brasil, Txile, Txina, India, Nigeria, Filipinak eta Turkia bezalako lurraldeekin, besteak beste, sinatzekotan da, baina Europako beste lurraldeekin ere akordioetara iristeko asmoa azaldu omen dute. AMDk bultzaturiko Negroponteren One Laptop Per Child proiektuarentzat beste oztopo bat.

Iturria: Finanzas.com

Nire PLE

Azken urteotan bezalaxe, besteak oporretara doazen bitartean, niri lanean gelditzea egokitu zait. Aurtengoa ez da nire ikastolarentzat egin beharreko lana, ikastolen elkartearentzat baizik. Izan ere, eurentzat egindako lan baten zati handia (hiru hilabeteko lana, gutxi gorabehera) galdu egin nuen eta berriro egiten ari naiz.

Ordu asko ematen ditut aste egunetan lan horretan, horregatik, asteburuetan bestelako gauzekin “dibertitzen” naiz. Gaur, nire PLE (Personal Learning Environment) zabaltzeko ideia bururatu zait. Horretarako, bi formatu ezberdinak erabili ditut: Flowgram eta Cmap. Lehenegoa ikusi nahi baduzue, gainean klikatu eta pantaila osoan ikusi eta entzun ahal izango duzue. Grabazioa “boteprontoan” egin dudanez, askotan trabatuta entzungo didazue, akatsak egongo dira… beraz, aldez aurretik barkamena eskatzen dizuet. Cmap amaitu gabe daukat, baina irudia jarriko dizuet zertaz doan jakin dezazuen. Irudian klikatuz gero, jatorrizko neurrian ikusteko aukera izango duzue.

Gai honen inguruan mezu bat idazteko asmoa daukat, baina oporren ondoren izango da. Ea ordurako cmap hori bukatuta daukadan.

PLE

Marrazki bizidunak

Ikasleen sormena landu nahi duzue? Bada, hona hemen aukera oso interesgarria gauzak ekoizten hasteko. GoAnimate izeneko aplikazioarekin oso gauza erakargarri eta praktikoak egin daitezke. Muga bakarra, gure irudimena izango da.

Aplikazioak eskaintzen dituen irudi, audio eta animazioei, norberak ekoiztutakoak gehitzeko aukera ematen du. Horrekin, gure marrazki bizidunak pertsonalizatzeko izugarrizko ahalmena izango dugu.Flickr eta Facebook-ekin integrazioa eskaintzen du.

Hoberena, zuek probatzen hastea litzateke. Nik froga txiki bat egin dut eta bost minututan azpikoa egin dut. Nolanahi ere, eta aplikazio honekin egin daitezkeen animazioak ikus ditzazuen, beste pare bat jartzea erabaki dut.



Maitek Getxo Linguae jardunaldietan emandako hitzaldia

Aurrekoan Mikelek Euskadi Irratian izandako elkarrizketa baten berri eman nizuen. Gaur bertan gogoratu dut Maitek, duela bi hilabete eskas, Getxoko berritzeguneak antzolatzen dituen Getxo Linguae jardunaldietan eman zuen hitzaldiaren bideoa ere sarean dagoela. Hitzaldi osoa bideoan jasota ez badago ere, (nahi izanez gero, bere aurkezpenaren laburpena ere irakur dezakezue) Maitek egindako lanaren inguruan ideia bat egiteko interesgarria dela pentsatu dut, batez ere, hizkuntzako irakasleentzat.

Dena den, ez da lehenego urtea Maite jardunaldi hauetan parte hartzen duena. Iaz ere Euskaljakintzaren inguruko datu interesgarri ugari eman zituen Getxoko jardunaldi hauetan. Hementxe uzten dizuet iazko bideorako lotura zuzena.