IKTak hezkuntzan. Zertarako?

Azken urteotan asko entzuten ari gara IKTek ekar ditzaketen onurei buruz. Gehienetan, topikoz beteriko mezuak dira iristen zaizkigunak eta, nire ustez, benetako arazoari ez diogu behar bezala heltzen. Zein da, bada, benetako arazoa?, galdetuko duzue. Ene uste apalean, benetako arazoa irakasleon jarrera da. Arazo latza, gainera.

Azter dezagun azken urteotan irakasleon jarrera gai horrekiko. 80. hamarkadan ezagutu genituen lehenengo ordenagailuak gure ikastetxeetan eta hasierako miresmenak berehala utzi zion bere tartea eszeptizismoari. Irakasle bakar batzuek soilik heldu zioten gogoz gaiari eta Pascal, Cobol, Basic, MS-DOS… bezalako hizkuntza informatikoak eta sistema eragileak ikasteari ekin zioten. Halere, inongo aplikazio praktikorik ikusi ez eta, gainera, eskura ezin zezaketen etengabeko formazioa eskatzen zienez, irakasle horietako askok ikasketa hauek bertan behera utzi zituzten. Hori bai, ikastetxe askotan, mekanografia lantzeko tresna ahaltsua bilakatu zen ordenagailua (zuzentzeko zinta haiek aurrezten ziren). Ez zen ezer aldatu eta berrikuntzen iturriek ohikoak izaten jarraitu zuten.

90. hamarkadan, softwarearen eta Internetaren garapenak “makinekin” burutu beharreko komunikazioa asko errazten du. Honek, administrazioak formazioan nahiz azpiegituratan egiten duen ahaleginarekin batera, irakasle gehiago erakartzen duen bitartean, multzo handi bati derrigortuta sentiarazten dio. Eskaintzen den formazioa programa batzuen erabilerara mugatzen da. Antolatzen diren formazio saio gehienetan Windows eta Testu Prozesadoreak jorratzen direnez, ikasitakoa oso baliagarria bilakatzen da irakasleen (oraindik gutxi dira) apunteak dotore jartzeko. Erabilgarritasuna nabarmena izanik, poliki-poliki irakasle batzuek euren saio lektiboetan erabiliko dituzte. Nolanahi ere, metodologian ez da inongo aldaketarik ematen. Ez, behintzat, IKTen erabilerak bultzatuta.

Hamarkada horren azkeneko urteetan, internet ikastetxe gehienetara iristen da, ordura arte oso ikastetxe gutxi baitziren sare konexioa zutenak. Honekin, beste fase erabakigarri batean sartzen gara. Alde batetik, ikastetxe batzuk euren intraneta garatzen ari diren bitartean, beste batzuek sarerik gabe jarraitzen dute. Bestetik, internet ezartzearekin batera, irakasleak sare horrek edukiak eskuratzeko duen ahalmenaz jabetzen dira. Apunteak osatu, apaindu eta digitalizatu gabe zituztenentzat, prozesua hasteko oso baliagarria da. Baina, horretaz jabetzen direnak ez dira irakasleak bakarrik, ikasleak ere konturatzen dira eta Kopiatu/Itsatsi komandoak inork baino hobeto erabiltzen dituzte. Honek eta internetek hainbaterako duen izen txarrak (bizioa, pornografia, jokoak…) ikastetxe askotan bere erabileraren murrizketara daramatza. Lanerako tresna ahaltsu bat izan zitekeena arrisku bezala ikusten da eta irakasleen artean asko dira interneten aurkako jarrera sutsua azaltzen dutenak. Bien bitartean, ikastetxe “pribilegiatu” batzuetan esperientzia oso interesgarriak burutzen ari dira. Metodologiari dagokionez, egiten diren aldaketak salbuespentzat jo beharko ditugu.

XXI. mende honen hasierarekin batera, administrazioak, Europarekiko sortzen ari den eten digitalaz jabetuta, bultzada berri bat ematen dio gai honi eta ekimen berriak abian jartzen ditu azpiegiturak osatzeko eta formazioa sakontzeko. Mahai gainean jartzen diren baliabideak, beharbada, ez dira nahikoak izango baina ezta nolanahikoak ere. Eta orain zer? Zertarako baliabide horiek guztiak? Zergatik? Aurrekariak ikusita, merezi al du? Asmatuko al dugu ahalegin horri etekina ateratzen?…

Galdera asko bururatzen zaidan arren, erantzunak beti zerikusia dauka irakasleriaren jarrerarekin. Hau da, irakasleon baitan dago eskura ditugun baliabide hauei behar bezalako etekina ateratzea edo ez. Nik uste dut ez diegula etekin nahikorik ateratzen eta baliabide ugari alperrik galtzen direla. Baina zer da etekina ateratzea? Hortxe dago eztabaida gaur egun.

Batzuek produkzio parametroetara mugatzen dute; beste batzuek, ordea, zertxobait gehiago eskatzen dute:eskola porrota murrizten laguntzea, behar bereziak dituztenentzat tresna garrantzitsua izatea, irakurketa-idazketa prozesua bultzatzea…
Aulablog-en idatzitakoak gehiago argitzen du hori. Ni, halere, gehiago eskatu beharko dugulakoan nago. Ene iritziz, arestian aipatutakoaz gain, ikasleen sormena bultzatzeko, iritzi kritikoa garatzeko, jakin-mina pizteko, elkartasuna sustatzeko, autonomia nahiz elkarlana indartzeko… balio beharko luke. Baina, horrek guztiak, irakasleon aldetik, aldaketa sakon bat eskatzen du eta hortxe ikusten dut nik arazoaren muina. Irakasleok prest geundeke horretarako?

Bilakaera historikoari buruzko laburpenean aipatu dut Internet arrisku bezala ikusten zela, bada, gaur egun horrela jarraitzen du ikastetxe askotan. Aurten, gure inguruko institutu bateko ikasle batek esan zidan irakasleek ez zietela uzten Interneten sartzen. Eta ikastaroetan entzuten dudanagatik, ez dut uste egoera hori horren arraroa denik. Imajinatzen al duzue zer gertatuko litzatekeen arriskutsuak izan daitezkeen gauza guztiak debekatuz gero? Arkatzak debekatu beharko genituzke (ikasle batzuek arma bezala erabili izan dituzte “aberia” bat baino gehiago eraginez), liburu asko debekatu beharko genituzke (zenbait liburuk indarkeria, sexismoa, homofobia, arrazakeria, etab. bultzatzen dute)… Zentzugabea, ezta? Bada, irakasle askoren jarrera horrelakoa izatearen arrazoia zein da? Zer ezkutatzen da jarrera ezkor horren atzetik? Nik uste dut, oker egoteko arriskuaz, jarrera horren atzetik beldurra ezkutatzen dela. Beldurra ezjakintasunari, beldurra aldaketari, beldurra IKTetan ikasleekiko dugun posizioari (ia beti, ikasleek baino gutxiago dakigu horretaz)… Baina, funtsean, benetako beldurra beste gauza bati diogu: irakasle-ikasle ohiko rolen aldaketari. Eta hauxe da gakoa, horretan eragin beharko lukete IKTek eta, aldi berean, rol aldaketa prozesuan lagundu beharko lukete. Hau da, IKTak rol aldaketaren eragile bezala erabili beharko genituzke eta bide horretan baliabide gisa.

Ikasle-irakasle rol berri eta etorkizuneko joerei buruz UEUk eginiko oso lan interesgarria
Prospektiba-n aurki dezakezue (PDF formatuan dago). Nik zatitxo bat atera dut bertatik.

Tendentzia indartsutzat hartu behar dugu, zalantzarik gabe, jakintzaren gizarterantz joatearena. Alain Michelek dioen bezala28, eskolaren rola eta prestigioa birbalioesteko, hezkuntza-sistema eta bereziki unibertsitateak etengabeko ikas-prozesua bideratzen duen erakunde modura definitu beharrean gaude. Unibertsitateak erantzukizuna hartu behar du zeregin horretan eta konpetentzien garapenean.
Beharbada, nola irakatsi zer irakatsi baino garrantzitsuago izango da jakintzaren gizartean. Informazioz beteriko gizarte batean, zail egingo da ikaslearen arreta mantentzea. Informazioa kanal askotatik iritsiko zaigu, eta etengabeko estimulu eta arreta izateko, irakaskuntza-metodo berriak asmatu beharko dira.
Seguruenik, ikas-prozesua inplikazio- eta aurkikuntza-prozesu bihurtu beharko dugu. Eta bestalde, bere bizitzaren edozein momentuan dauden pertsonen ikas-eskakizunak asebetetzeko, erantzun pertsonalizatuak eman beharko zaizkie, ikasten egiten dituzten ahaleginak betetzeko.
Beraz, nahitaez harreman berriak sortuko dira ikasleen eta irakasleen artean. Ikasketa-prozesua gehiago izango da ezagutzen elkartruke bat, orain arteko ezagutzen transferentzia baino. Era berean, ikas eta irakasteko moduen aldaketek eskolaren eta unibertsitatearen aldaketa ekarri beharko dute. Betidanik horrela ulertu badira ere, Unibertsitateak elkarguneak izan beharko dute geroago eta gehiago —nahiz elkargune fisikoak, nahiz birtualak—, aktore ezberdinak (enpresak, ikasleak, irakasleak, erakundeak…) ikas-prozesuan elkartzeko guneak,
alegia.
Azkenik, askok ahaztu arren, Alfons Cornella-k dioen bezala, bizi garen gizarte kontsumitzaile, konpetitibo eta indibidualista honetan, etorkizunerako erronka garrantzitsuena irakasleen eta ikasleen arteko balioen transmisioan edo, hobeto esanda, trukaketan datza. Aurrerago aipatu dugu hezkuntza demokratikoa eta norberaren berezitasunei egokitua izan beharra. Gurea bezalako herri txiki batean, erronka horrek zentzu guztia du: betebehar etikoa da, bai, baina, era berean, betebehar ekonomikoa.

– Jakintzak agudo zaharkituak geratzen direnez, ia etengabeko heziketa jarraitzera behartuta gaude. Horrela, bizitza osoan zeharreko ikasketen beharra izango dugu, guztiontzat.
– Etorkizunean sartzeko, hezkuntza-sistemak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritu beharko du, eta, horrez gain, eskariaren etengabeko dibertsifikazioari erantzuteko gai izan beharko du.
– Hezkuntza-egitura zurrunak beren edukiak gizaki edo talde eskatzailearen premietara egokituko dituzten
modalitate malguagoetara aldatu beharko dira.
Ikasle eta irakaslearen rol tradizionalak aldatuz joango dira. Irakaslea ikasketa-prozesuaren bideratzailea, hau da, trasmisore hutsa baino gehiago aholkulari-tutore bihurtuko da, eta ikaslea bere ikasketaprozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izatera iritsiko da. Horretarako, era guztietako ikas-sare efikazak antolatu beharko dira.

Nik oso garbi daukat urratsak emanez bidea egiten dela eta artikulu honetan aipatzen nuen bezala, jarduerak burutuz, adibidea emanez eta jarrera baikorra eta irekia erakutsiz eman beharreko aldaketa horren eragile nagusiak bilakatzen garela. Eragin diezaiogun gure buruari eta, nagiak kenduz, har diezaiogun aurre etorkizunari!!!

IKTeroak Diario de Noticias-en

UEUk Iruñean antolaturiko Euskal Blogosferari buruzko ikastaroa dela eta, artikulu bat atera dute Diario de Noticias-en Euskal Blogosfera eraikitzen. Bertan IKTeroak protagonista gara, izan ere, gure kide batek (neronek) partu hartu baitzuen han eta gure esperientzia partekatzeko parada ere izan baikenuen (honi buruz luzexeago idatziko dut hauetako egunen batean!).

Ikasleen artean hainbat esperientzia trukatzeko aukera ere eskaintzen du ikastaroak eta horietako bat IKTeroak izenekoa da. Nortzuk diren IKTeroak? Euren blogean diotenez, IKTeroak taldea Ordiziako Jakintza ikastolako irakasle talde batek osatzen dute”. “Gure lankideek, serio nahiz broman, ezizen honekin deitzen gaituzte laguntza behar dutenean eta izenak dioen bezala askotan ibiltzen gara ero IKTen mundu ziraragarri honetan”. Beraien helburuak hiru dira: “IKTak eta ikaskuntza-irakaskuntza aprendizaiaren arteko uztarketan erreferentea izatea, teknologia berrien ezagutza ikastolako estamentu guztietara zabaltzea eta www ean euskararen erabilerari bultzadatxo bat ematea”.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Diario de Noticias-ekoei euskal blogosferari buruz idazteagatik, euskararen presentzia sarean aipatzeagatik eta, batez ere, horrelako ikastaro interesgarri baten berri emateagatik.

Weblogak irakaskuntzan: Muñoz de la Peñaren ikastaroa

Denbora bat daramat (azken hilabeteak gutxi gorabehera) weblogen mundua ezagutu eta honen mendean erorita, zorionez edo zoritxarrez (oraindik ez dut oso garbi!). Ikaskuntza-irakaskuntzaren ikuskera konstruktibista duen IKTero horietako bat naizen neurrian, hurrengo urtean nire gaietako bat jorratzeko webloga tresna erabiltzeko asmoa dudala behin baino gehiagotan azaldu dizuet nire postetan.
Denbora honetan, aipatutako alorrean lan interesgarria egiten ari direnen izenak eta weblogak ezagutzeko aukera ere izan dut: Carlos Tirado, José Luis Orihuela … Baina, gaur, bereziki Francisco Muñoz de la Peña irakasleari buruz hitz egin nahi dizuet. Izan ere, ostiralean irakurri nuen Bilbora ikastaro bat ematera zetorrela eta, ausardiaren ausardiaz, izena emateko deitu (epea, noski, aspaldi bukatuta zegoen) eta baiezkoa eman zidaten. Horrelaxe, bada, bertan izan naiz eta benetan interesgarriak iruditu zaizkit han ikusi eta ikasitakoak.

Muñoz de la Peña irakaslea

Muñoz de la Peña, Aula Tecnológica Siglo XXI Hezkuntza Atariaren sortzailea, gizon ireki eta ideiez betea da; Extremadurako azentu eta doinu bereziaz hitz egiten duena. Goiz osoa pasa zenezake berari entzuten, bere hitzek askatzen duten musikaltasunari adi…Baina gatozen harira!
Gaurkoan, hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, irakurketa-idazketaren didaktikarako tresna oparotzat aurkeztu eta weblogen abantailez hitz egiteaz gain, tresna hauek sortzeko sistema batzuk erakutsi dizkigu: Acelblog, Blogalia , Blogia, WordPress-ek kudeatutako Berriemaile eta beste asko. Halere, bereziki emozionatuta ikusi dugu azken egun hauetan ezagutu duen Zoomblog-arekin eta sakontasunean aztertzeari ekin diogu. Erabiltzeko oso erraza izateaz gain, baditu aukera batzuk nik beste batzuetan aurkitu ez ditudanak:

    zoomblog

    1. Testu editoreak “what you see is what you get” sistema erabiltzen du (word-en idazten arituko bazina bezala): ez du HTML hizkuntza erabiltzen.
    2. Artikulu bat idazteko ez dago administrazioan sartu beharrik, posta elektronikoaz bidal daiteke (ikasleentzat oso erosoa).
    3. Trackback automatikoa du (ez daukazu idatzi beharrik).
    4. Argazkiak eta irudiak txertatzea oso erraza izateaz gain, Flickr erabiliz, zure albumak osatu eta zuzenean argazkiak txertatzeko aukera ere ematen du.

Hitz batez, aukera mordo bat eskaintzen ditu!! Gainera, berak osatutako material interesgarri bat banatu digu patxadan azter dezagun (eta horixe da nik egin behar dudana artikulu hau publikatu ostean).
Amaitzeko esango dizuet asteazken, ostegun eta ostiralean irakaslea Donostian izango dela Hot Potatoes-en inguruan ikastaro bat ematen. Ezetz asmatu nork eman duen izena hara joateko? Nik, noski!

Hitzetatik ekintzetara

Teoria eta praxia
Teorietatik praxira.

Pedagogiaren munduan murgilduta ibili garenok, behin baino gehiagotan, argudiatu egin behar izan ditugu eginiko proposamenak, aurkeztutako proiektuak, emandako urratsak… Beti ere, maila teorikoan eta, askotan, proiektuak gauzatu baino lehen. Horrekin, pertzepzio ezkor bat zabaldu da hezitzaile askoren artean: nola justifikatu egin nahi dudan hori? Nik baino gehiago dakiten horiek zer esango ote dute? Egin nahi dudan hori aurrerakoia izango al da?… Bestalde, hainbat ikastetxek duten egitura bertikalak ere ez du gehiegi lagundu ekimen berritzaileen inplementazioan.

Balazta hauek oztopatu egin dute, ene uste apalean, irakaskuntzan diharduten irakasle askoren iniziatiba eta sormena, baita gurea ere. Askotan gertatzen zaigu oso garbi dugula zer egin eta nola nahi dugun baina, zergatia azaltzeko nahiko gaitasunik ez eta, gisa horretako “putzuetan” ez sartzeagatik, egin gabe edo proposatu gabe uztea. Bestetan berriz, eztabaida luze eta astunetan (antzuak esatera ez naiz ausartzen ) murgiltzera garamatzate.

IKTerook abantaila bikoitza dugu: alde batetik, gure ikastolako egiturak eta antolakuntzak erraztasunak ematen dizkigula gure ekimenak aurrera eramateko eta, bestetik, gure artean izaten ditugun eztabaidek oinarri teoriko sendo bat ematen digula gure proposamenak aurrera eramateko. Honi guztiari eransten badiogu gure taldearen lanerako filosofia logikoa da pentsatzea gure taldean teorizatzaileak baino gehiago ekintzaileak garela. Gure teoriarik hoberena gure lana izan da.

Horregatik guztiagatik, pentsatzen dut une honetan prestatzen ari garen proiektuak, gure artean nahiko justifikatuta daudela eta horiek ahalik eta ondoen prestatu eta aurrera eramatea izan behar dela gure eginkizuna.

Datorren ikasturtean, proiektu horiek gauzatzen ditugunean ikusiko dugu, orain arte gure proiektu gehienekin gertatu den bezala, tekno-eszeptikoak nola gerturatzen zaizkigun. Teoria hutsarekin nekez gureganatuko genukeen jendea, gure adibidea ikusita IKTen gurdira igo dira eta hortxe ari dira ikasleekin oso gauza interesgarriak egiten: DVD-ak, CD-ak, entziklopedia multimedia, aldizkari digitalak, bideogintza digitala… Une honetan batzuk webquestak prestatzen ari dira, beste batzuk blogak… baina hori ez da garrantzitsuena, batzuk aurreko urteetako jarduera eta proiektuekin ohartu dira metodologian aldaketa sakon bat egin behar dutela eta euren rola aldatu edo egokitu beharko dutela. Polita da, benetan, ikustea Lehen Hezkuntzako irakasleak nahiz Batxilergokoak kezka berdintsua dutela eta hori ekinaren ekinez lortu da, ez hitzaldi teorikoak ematen eta lana euren esku utziz.

Jolausengandik gauza asko ikasi dut, baita bere “maisua” izan nintzenean ere baina, guztietatik gehien eragin didana, zalantzarik gabe, lankideak erakartzeko eta motibatzeko erabiltzen duen metodologia eta hori aurrera eramateko hartzen duen lana eta patzientzia. Horregatik, ahaleginak egiten ari naiz bide hori urratzen eta, askotan lortzen ez dudan arren, burua gehiegi berotzen zaidalako eta pazientzia falta zaidalako, konpromiso serio bat hartu nahi dut nire buruarekin:

  • Opor hauetan proiektuak garatzen jarraitu
  • Denbora gutxiago eskaini teoriari eta gehiago praxiari
  • Azken hilabeteotan nire “kaskoa” berotu duten testuak aparkaturik utzi errealitatera itzuliz
  • Blog honetan posteatzen jarraitu
  • Nire burua justifikatzeko inongo aitzakiarik ez bilatu

    Abuztuaren amaieran ikusiko dugu hori guztia bete dudan ala ez.

DBHO 1eko ikasleek egindako lanen bideoa

Orain dela egun batzuk Jakintza ikastolako ikasleek fisikako mintegian garatutako hainbat proiektuen berri ematen nizuen.

Irudian ikusten duzuen ikasleetako bakoitzak bi proiektu aurkeztu behar zituen, bata sinpleagoa bestea zerbait elaboratuxeagoa. Pentsa dezakezuen bezala aurkeztutako lan guztien azalpenak lerro hauetan ematea ezinezkoa denez Xabier Araña ikasleak (eserita lehenengoa ezkerritik hasita) proiektu guztiak bideoan grabatu eta azpian ikus dezakezuen muntaia prestatu du. Lan bikaina benetan!!!