Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(II)


Jakinstein:(jolaus)

Jakintza ikastolako fisikako mintegiaren blogaren jatorria anitza da: horrelako zerbaiten beharra genuela lehenengoz Pasai-Lezo Lizeoan jabetu ginen, Mikel Etxaniz fisikako irakasleak bere ikasleekin ordenadorez lagunduriko esperimentazioan (OLE) oinarritutako lanaren berri eman zigunean. Ikastolatik joan ginen irakasleok berehala ohartu ginen horrelako zerbaitekin hasi behar ginela gure ikasleekin ere. Bestalde, iazko ikasleekin orokorrean izan nuen esperientzia kaskarraren ondorioz, irakasgaiaren metodologian aldaketa sakonak eragin behar nituela garbi ikusi nuen. Azkenik, IKTeroon bileran askotan planteatzen genuen IKTen benetako erabilera ez dela gauzatzen ordenadoreak erosiz bakarrik, beharrezkoak diren teknologia berriak gure ikasleekin eguneko jardunean txertatuz baizik. Honi guztiari mila buelta eman ondoren eta, kontutan izanik Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen laguntzen deialdia maiatzean ixten zela, nire mintegi-kideekin hitz egin ondoren, proiektu berri honi heltzea erabaki genuen eta beharrezkoak ziren baliabideak eskuratu ahal izateko (batez ere, OLE gauzatzeko tresneria guztia) Foru Aldundian aurkeztu genuen g+b proiektu bezala. Proiektua onartuko ote ziguten edo ez jakin aurretik, jada hasi ginen blogaren garapenarekin, azkenik, orain dela aste gutxi batzuk, proiektua bere osotasunean onartu zaigula jakin dugularik.

Helburu nagusienak ondorengoak izango lirateke:

  • Ikasle batek fisikako gaia lantzerakoan behar dituen baliabide guztiak (eduki, simulazio eta esperientziak) webgune konkretu batean edukitzea.
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartzea
  • Ikasle-ikasle eta ikasle-irakasle komunikazioa indartu, elkarlanari bultzada berezia emanez.
  • Ohiko azterketatik at, ebaluazio tresna berrien erabilerarekin probatzea.

Udan domeinua eta hosting-a erosi ondoren, WordPress-en eta Moodle-en instalazioari ekin nion. WordPress-en instalazioarekin eta honen euskaratzearekin amaitu ondoren, themea aukeratu, hainbat plugin instalatu… eta edukien igotzeari ekin nion. Horrela hasi nuen ikasturte berria. Ikasle bakoitzak materiala begi-bistan eduki ahal izateko eta, batez ere, klasean aztertuta simulazioekin norberak bere kasa praktikatu ahal izateko, klaseak infogelan ematea erabaki genuen, ikasle bakoitzak, erosi berri genituen ordenadoreetariko bana eskura zuelarik.

Lehen ondorioak berehala antzeman ditut: ikasleek eskertzen dute web bitartez edukien lanketa, jarraipena eta azterketa egiteko aukera izatea, bai ikastolatik bertatik, baita beraien etxetik ere. Baina, gela barruan ez dira oso eroso sentitzen. Ikasle hauek oraindik “paperaren belaunaldikoak” dira; irakaslearen azalpenak, oharrak… jasotzeko papera behar dute eta nahiago dute klasearen jarraipena egiteko apunteak paperezko euskarrian edukitzea digitalean baino. Batek edo bestek probatu du klaseko notatxoak ordenadorez jaso eta klase amaieran bere helbide elektronikora bidaltzen, baina segituan baztertu du metodo hori. Ez da batere erosoa. Bestalde, komunikazioa hobetzeko erabilitako bide ezberdinek ez dute arrakasta handirik izan: blogaren iruzkinak “apenas” erabili dira eta Skype-n bitartez banakako elkarrizketak ikasle batzuekin garatzea lortu dudan arren, multikonferentziak egin nahi izan ditugunean arazoak izan ditugu: ikasle askorekin elkarrizketa gauzatzea ezinezkoa izan da.

Lehen ebaluazioa bukatu berri dugu eta esango nuke hasieran ipinitako helburuak nahiko urruti geratu direla. Blogari itxura eman (ebaluazio erdian theme berria instalatzea erabaki nuen) eta edukiak igotzen bakarrik nahiko lan izan dut eta ez dut aukera gehiegirik izan bestelako tresnekin probatzeko. Datorren ebaluaziorako aldaketak egiteko asmoa daukat:

  • Lehenik eta behin, ikasleak gonbidatu nahi ditut blogean fisikarekin lotutako artikuluak idaztera. Beraien partaidetza bultzatu nahi dut artikuluak idazterakoan eta ea, bide batez, iruzkinen bitarteko komunikazioari bultzada bat ematen diogun.
  • Blogean idazteaz gain, euskal Wikipedia ri bultzadatxo bat ematea ere pentsatu dut eta nire ikasleei zera eskatu nahi diet: fisikako ikasgaian ikasitako fenomenoetan oinarritutako hainbat aurrerapen teknologikoen inguruko lanak prestatzea. Zuzendu ondoren Wikipedian argitaratzeko aurkeztuko ditugu.
  • Gorka Palaziok euskaratu berri duen Tiddly Wiki aplikazioa ikasleekin erabiltzeko asmoa dut. Ez daukat oraindik oso garbi zer eta nola baina tresna interesgarria dela iruditzen zait ikasleekin erabiltzeko.
  • Foru Aldundiaren onarpena jaso ondoren, urtea amaitu aurretik, OLE-ko esperimentaziorako beharrezkoa dugun materiala erosiko dugu eta bigarren ebaluaziotik aurrera ikasleek egingo dituzten esperientzien txostenak, taulak, emaitzak eta ondorioak blogean bilduko ditugu.
  • Azkenik, instalatuta daukan Moodle aplikazioarekin probak egiten hasi nahi dut eta ahal izanez gero ebaluazio tresna bezala erabili nahi dut.

Lan asko dago oraindik egiteko (gehiegi, agian,  ikasturte batean burutzeko). Kontua da urratsak ematen hastea eta, poliki-poliki, hasieran aurreikusitako proiektu horri forma ematen joatea. Bigarren ebaluazioaren amaieran hemen izango gaituzue, berriro ere, egindakoaren berri emateko.

IKET, ikastolen blog berria martxan da

Data polita aukeratu du nire lankidea eta laguna den Xa2 Diaz busturiarrak (busturiarra jaiotzez, txantxikua lanbidez eta kosmopolita filosofiaz) bere blogari hasiera ofiziala emateko. Oñatiko ikastolan lan egin arren ordiziako “ohorezko IKTeroa” dela esan dezaket munduko harrotasun handienarekin: jasotzearen zain egotea baino ematea nahiago duen horietakoa da Xa2.

Bera eta Xabier Maiza (beste fenomeno bat) ikastolen federazioko IKASDAT eta IKASWEB aplikazioen garapen teknikoaren arduradun nagusiak dira. Aplikazio hauen garapenean ikastolako kide guztien partaidetza bultzatu nahiean sortu du Xa2k IKET bloga. Blogari.net plataforma gainean eraikia, lehen inpresioa benetan atsegina izan da. Blog honen atzean dagoen filosofia ulertzeko hona hemen bertan irakurri dudanaren zati bat:

nere asmoa blog honetan Informazio eta Komunikazio Teknologien bloga egitea da. Baina, euskaldunok zertarako erabiltzen ditugu komunikazio tresna denak (txikiteotik hasita IP bidezko telefonoetara…)? Eztabaidarako noski, eta horretarako ere izango da blog hau. Asmoa hori da behintzat baina hauek ere, usteak bezala, erdia ustel?

Hire ekarpenen zain egongo gaituk eta, ahal dugun guztietan, gure laguntza eskaintzako prest egongo gaitukela jakinarazi nahi diat.

Bukatzeko galdera bat: abisatu al duk etxean zelako “enbolatuan” sartu haizen? :lol:

Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(I)

Ikasturte honetako lehenengo hiruhilabetekoa amaitu da eta IKTerook, jadanik, gure ikasleekin garatzen ari garen proiektuen inguruko balantzea egiteko ordua heldu dela pentsatu dugu. Analisia egiterakoan bi irizpide nagusi jarraitu ditugu:

Alde batetik, gure esperientziaren balantze publikoa egitea, izan ere, ondorio hauek horrelako proiektuetan hasi nahi duten irakasleentzat baliagarriak direlakoan gaude. Bestetik, norberak bere aldetik hausnarketa indibiduala egin ordez, pentsatu dugu egokia izango litzatekeela, elkarlanean oinarrituz, dokumentu partekatu bat sortzea, gure ikastolako adin desberdineko ikasleekin egindako lanaren jarraipen globala izan dezagun/dezazuen.

Zalantzarik gabe, horrelako dokumentu bat sortzeko tresnarik egokiena Writely dela iruditu zaigu, eta horrelaxe egin dugu. Magic-ek, Sei-k eta nik gure burutazioak dokumentu honetan ipini ditugu. Dokumentu osoa post batean argitaratzeko luzeegia iruditu zaigu, beraz, datozen egunetan atal guztiak argitaratzen joango gara. Era berean, hurrengo artikulu batean, sei-k bere ikasleekin Writely-ren inguruan izandako esperientziaren berri ere emango dizue.

Interesgarria izango zaizuelakoan….

Jakinmin eta Ordizia:(magic)


Nire abiapuntua gure IKT taldean iazko ikasturtean izandako gogoetan kokatu beharko nuke. Izan ere, oso garbi ikusi genuen IKTen erabilerak gure eguneroko lanean eragin behar zuela eta metodologia berri bat sustatzen ahalegindu behar genuela. Gauzak horrela, eta prestatu genuen IKTen curriculumaren zirriborroa oinarritzat hartuta, informazioa biltzen hasi nintzen. Informatika eta Multimedia Tailerra ziren nik landu behar nituen ikasgaiak eta gai horietan eskarmentua nuen arren, aurrerapauso garrantzitsu batzuk eman nahi nituen. Planteatutako helburuen artean, ondorengoak azpimarratuko nituzke:

  • Internet eta bertan aurki daitezkeen baliabideak lan-tresna bezala identifikatzea.
  • Internetaren abantailak eta arriskuak identifikatzea eta ezagutzea.
  • Jakin-mina sustatuz, ikasleen autonomia eta ardura indartzea.
  • Lan kooperatiboa sustatzea eta honen garrantziaz jabetzea.
  • Jasotzen dugun informazioaren aurrean iritzi kritikoa garatzea.

Uda osoa eman nuen gaiari buruzko materialak irakurtzen, biltzen, probatzen… Niretzat oso aberasgarria izan zen lanketa hori eta, azkenean, Bloga proiektuen ardatza hartzea erabaki nuen. Hasiera batean, blog bakar bat sortu nuen DBHko eta LHko proiektuak aurrera eramateko. Baina proiektuak gorpuzten ziren heinean, geroz eta garbiagoa zegoen bereiztu beharra zegoela. Egin beharreko lanketaren izaera ezberdinak bi blog sortzera eraman ninduen: Jakinmin izenekoa DBHko ikasleentzat eta Ordizia izenekoa LHko 3. zikloko ikasleentzat. Hauekin batera, Webquest-ak eta Altxoraren bila prestatu nituen.

Zalantzarik gabe, hartutako lanak eta jarritako ilusioak ikasturtea hasteko irrikan jarri ninduten eta, konturatzerako, hasiera gainean nuen. Lehenengo saioak proiektuen ezaugarriak azaltzeari eskaini nizkion. Ikasleen erreakzioa espero zitekeena izan zen: ilusioa, gauzak egiten hasteko gogoa,… Hala ere, nik errezeloz hartu nuen hasierako erreakzio hura, izan ere, eginiko galdeketan, Messenger, Minijuegos eta gutxi gehiago erabiltzen zutela ohartu nintzen. Errezelo horien arrazoia berehala egiaztatu nuen; DBHko ikasleek ez baitzuten asmatzen, kopiatu eta itsatsi besterik ez zuten egiten, zailtasun baten aurrean amore ematen zuten… Ene iritziz, ikasle hauek nahiko “biziatuta” zeuden eta lan egiteko sistema berri honetara egokitzeko zailtasun handiak izan dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasleekin, berriz, bizi izan dudana oso bestelakoa izan da: hasieratik egokitu dira eta era naturalean ari dira lanean. Hemen ere, internet (Messenger, batik bat) gehien ezagutzen zutenak izan dira zailtasunik handienak izan dituztenak. Hala ere, niretzat, benetan zaila egin zaidana izan da ikasleen “txip-a” aldatzea. Zailtasun hau aurreikusita banuen ere, oso frustrantea da saio guztietan “borrokan” ibili behar izatea.

Esaten dudanaren adibide mila jar ditzaket, baina pare bat azaltzearekin ulertuko didazue.

  • Ikasle askok ikastolako sarean sartzeko pasahitza eta ireki nien Gmail korreoarena ez zuten ikasten eta beti nire laguntza eske aritu dira (honek, sutan jartzen ninduen).
  • “Zer egin behar da?” galdera izan da berotu nauen beste kuestioa.

Zalantzarik gabe, jarrera hauek agerian uzten dute ikasleen abiapuntua zein den: ahalik eta gutxiena egiten saiatu eta zailtasunen aurrean irtenbide bilatzeko gaitasun falta. Nik, jakin badakit hori irakasleon eguneroko borroka dela, baina bide hau hartu nuenean, oso garbi neukan ez nuela amorerik emango eta, berehalako laguntza eskaini ordez, irtenbide ezberdinak iradoki besterik ez diet egiten. Aitortu beharra daukat, behin baino gehiagotan, oso gogorra egiten dela eta erritmoa asko moteltzen dela, baina hori egin ezean, nekez lortuko genituzke jakin-minaz bultzatuta irtenbideak bilatzen dituzten ikasle autonomoak.

Zailtasunak zailtasun, proiektuekin aurrera segitzen dugu eta, aspaldi honetan, ohartzen ari naiz ikasleen jarrera aldatzen ari dela. Proiektu komun baten partaide sentitzen dira eta elkarren arteko harremanak indartzen ari dira. Elkarlanean gustura ikusten ditut eta, jada, ez daude etengabe laguntza eskatzen. Irtenbideak bilatzen ahalegintzen dira eta, nik ezer esan gabe, del.icio.us bezalako tresnak erabiltzen hasita daude. Gure arteko harremana asko hobetu da eta konplizitatea sumatzen da. Laburtzeko, esan dezaket orain arte eginiko ibilbidearen balorazioa oso positiboa izan dela, nahiz hasierako espektatibak bere osotasunean ez bete. Hau aitortzeko, zertan hobetu da gure jarduera galdetuko du batek baino gehiagok, eta nik honako gauza hauek esango nituzke:

  • Ikasleek, jada, ez dute Internet “jostailu” bezala ikusten.
  • Baliabide ezberdinak erabiliz, irtenbide ezberdinak bilatzen ahalegintzen dira.
  • Euren interesen araberako informazioa aurkitzen, sailkatzen eta iragazten trebatzen ari dira.
  • “Konpromiso” hitzaren esanahiaz jabetzen ari dira eta praktikara eramateak dakartzan zailtasunak ezagutzen ari dira.

Gerora begira, bide berdinetik jarraitzeko asmoa dut. Hori bai, orain arte ez naiz gehiegi sartu ikasleen lanen sakontasunean eta kalitatean, beste lehentasunak bainituen, baina jarrerarik egokiena azaldu dutenekin hasita nago hori jorratzen. Beraiek ere prest azaldu dira hori hobetzen ahalegintzeko. Bestalde, Euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu eta idazlanak ez ezik, ahozkotasuna ere sakontzen jarraituko dugu (podcast-ak grabatzeko asmoa daukagu). Hauekin guztiekin batera, interneten aurki daitezkeen baliabide ezberdinen ezagutzan sakontzen jarraituko dugu eta, nola ez, internetek eskaintzen duen informazio ikaragarriaren aurrean jokabide eta estrategia egokiak landuko ditugu.

Iberiar penintsulako klimaren mapa digitala

Bartzelonako Unibertsitate Autonomo-ko (UAB) ikertzaile talde batek iberiar penintsulako klima azaltzen duen mapa digitala garatu du. Atlas interesgarri honek datuen kontsulta soilaz gain, mapak inprimatzeko eta aztertutako aldagaien bilakaera filma moduan ikusteko aukera ere eskaintzen du.

Ikertzaileen iritziz:

“Es el mejor conjunto de mapas digitales de temperatura del aire, precipitación y radiación solar de toda la Península”

Oso interesgarria gure ikasleekin erabiltzeko geografiaren lanketan.(Internet Explorer-en aztertzea gomendatzen da).

Informazio iturria | Ciberpais

Ikastola: IKT plana

Larunbata goizean, Zamudioko Teknologi Elkartegian, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatuta, ikastoletan IKTen inguruan emandako urratsak eta etorkizunerako erronkak zeintzuk diren adierazteko ekitaldi publikoa ospatu zen. Bertan, IKTerook izan ginen eta esan beharra daukagu ekitaldi oso polita iruditu zitzaigula. Baliabide ezberdinak ongi konbinatuz, aurkezpen dinamikoa eta entretenigarria suertatu zitzaigun. Estetikoki ere ongi zaindutako aurkezpena izan zen eta ordubeteko aurkezpena ez dut uste inori luze egin zitzaionik.

Edukiei dagokienez, nire sentsazioa ondoen laburtzen duen hitza dezepzioa da. Izan ere, ordubeteko ekitaldian softwareaz eta hardwareaz asko hitz egin zen bitartean, heziketaz oso gutxi eta hitz egindako apur hori Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren ahotik entzun genuen. Ikastolen Elkarteko kideek IKTen inguruan eginiko ibilbidea oso ongi laburtu zuten eta, segidan, ikastolok garatzen ari garen bi aplikazioen (Ikasweb eta Ikasdat) inguruko informazioa eskaini zen. Hauekin batera, materialgintzan eginiko lan emankorra eta zabala azaldu zitzaigun eta, azkenik, ikastoletan inplementatu nahi den sistema berri baten inguruko informazioa eskaini zen. Egia esan behar badut, emandako informazioarekin ezin izango dut gauza gehiegi aurreratu, bakarrik, SEMA izeneko proiektuan oinarritzen dela.

Aurkezpen horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko arduradun den Konrado Mugerzaren txanda iritsi zen. Honek, gutxi hitz egin bazuen ere, gauzak oso garbi adierazi zituen. Bere hitzalditxoaren laburpena honako hau litzateke:

  • Ikastolak berritzaileak izan dira gauza askotan ( Metodologia berritzaileetan, Hizkuntzen irakaskuntzan, IKTetan…)
  • Gaur egun, azpiegitura egokiak izatea ongi dago, baina honek ez du esan nahi berritzen ari garenik.
  • Tramankulu informatiko asko izan arren, zaharkitutako metodologiekin jarraitzen dugu. Eta hortxe eragin behar dute IKTek.
  • Teknologia berriek ondorengoak egin beharko lituzkete:
  • Teknologia berriek ikasle-irakasle rol aldaketa sustatu
  • Aniztasunaren trataeran lagundu
  • Garapen iraunkorraren alde jokatu
  • Denon Eskola irizpideen mesedean jarri

Deigarria, beraz, hainbatetan aitzindari izan garen ikastolak, gai honetan benetako berrikuntza izango denaren inguruko inongo aipamenik ez entzutea. Nik, egia esan, gauza askoren hutsunea sumatu nuen aurkezpen horretan, hala nola: ikasle eta irakasleok informazioa eskuratzeko eta partekatzeko guneak, material didaktikoak ekoizteko tresnak, etengabeko formazioa sustatzeko baliabideak eta guneak, kalitatearen kudeaketarako tresnak, ikasleen autonomia sustatzeko tresnak eta estrategiak…

Ene ustez, ikastolok aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu eta, gerora begira, baldintza egokietan gaude, baina IKT planak dituen bost ardatzetatik baliabideei horrenbeste garrantzia ematen jarraitzen badugu, nekez egingo dugu aurrera. Une honetan, aurrera egin nahi badugu, dinamizazioa eta formazioa dira indartu beharko genituzkeen atalak. IKTerook ikastolen partaide garen neurrian, gure ekarpenak egiten jarraitzeko konpromisoa dugu, baina ez edozein preziotan. Hau da, gure indarrak batzeko aurrerapauso sendo eta nabarmenak eman beharko genituzke beste norabide horretan. Esaten ari naizen guztiaren adibiderik adierazgarriena del.icio.us -en ikusten da: ikastola bilatuz gero, agertzen diren helbide guztiak, bi izan ezik, IKTerook ekoiztutako orriak dira.

Informazio eta ezagutza partekatzeko gune garrantzitsu horretatik ikastolok kanpo bagaude, kezkatzeko arrazoiak daudela ezin ukatu, baina, askotan, basamortuan garrasika gabiltzala dirudi.

Argazkia eta bideoa mugikorrraz eginak.