Matematikako azterketa sortzailea

Erreferentzia bat besterik ez, gaurkoan, matematikako irakasleentzat batik bat. Aulablog 21ean irakurri nuen atzo webgune honi buruz, eta ikusita ia beti euskarazko baliabideen berri ematen dudala, erregistroz pixka bat aldatu eta matematikako irakasleei interesgarria gerta dakiekeen gune baten berri ematera natorkizue.

Lubrin.org gunean azterketak prestatzeko tresna baliagarria topa dezakezue. Nik, egia esan, ez dut gehiegi ezagutzen (hobeto esanda, ez dut ezertxo ere ezagutzen) arlo hau baina badirudi datu-base batean oinarritzen dela azterketak prestatzeko sistema. Zuk zeri buruz galdetu nahi duzun erabaki ondoren (parabolak, triangelu baten angeluen batuketa, funtzioen adierazpen grafikoa…), klikatu eta prestatutako hainbat jarduera topatzeaz gain, beraiekin azterketa bat sortzeko parada izango duzu.

Maila ezberdinetarako pentsatuak izan diren ariketak daude datu-base horretan, DBH 1etik Batxilergoko 1go mailara arte (estadistika, funtzioak, inekuazioak, logaritmoak, probabilitatea, geometria…) eta bilatzaile baten bidez aurki dezakezu landu nahi duzuna. Nik, adibidez, ecuaciones idatzi dut eta zerrenda luze hau atera zait:

Baina, datu-basearena oso interesgarria izanik ere, ezbairik gabe, onena ez da hori; bertan dauden ariketa ezberdinekin azterketak sortzeko aukera da benetan gune honen altxorrik preziatuena. Horretarako, ondorengoak dira jarraitu beharreko urratsak:

1. Datu-basera jo.

2. Checkbox klikatuz, jarduera ezberdinak (maila eta gai berekoak edo ezberdinetakoak) aukeratu.

3. Ir a seleccionados klikatu ondoren, ordura arte aukeratutako jarduera guztiak beste pantaila batean azalduko zaizkigu. Hementxe izango dugu aukera bakarren bat ezabatzeko edo aurrera jarraitzeko.

4. Amaitzeko, azken bi aukera:

    azterketa inprimatu (html bertsioa)
    azterketaren pdf bertsioa gorde eta nahi duzunean inprimatu

Ikusten duzuen bezala, ez da oso zaila eta nik bihar ikastolako matematikako irakasleei komentatuko diet ea animatzen diren proba egitera…Dena den, munduko gauza errazena izanik ere, ulertuko duzuen bezala, gaurkoan, ez dut inongo adibiderik utziko!

IKTen integrazioa batxilergoko curriculumean: ezinezko zeregina?

Artikulu hau irakurtzen duzuenerako jada batxilergoko ebaluazio bilera egina izango dugu. Irakasleontzat hain ezerosoa den unea pasatuta egongo da eta, momentu hau heltzen den guztietan egiten dudan bezala, ikasturte hasieran zehaztutako helburuak bete ote ditudan galdetzen diot, behin eta berriro, nire buruari.

Fisikari dagokionez, aurtengo ikasturterako aldaketa batzuk txertatzeko asmoak nituen: bloga izango litzateke fisikaren lanketa burutzeko ardatz nagusia, honen inguruan bestelako baliabideak erabiltzeko konpromisoa ere hartu nuelarik ikasturte hasieran, tresna berriak erabiliz ohiko metodologiatik irten eta bide berriak urratzeko asmoarekin. Ikasturtea amaitu da eta, orokorrean, nire hasierako nahietatik urruti ibili naizela uste dut.

Urtero, ikasturtea amaitzen denean, ikasleei nire lanaren balorazioa egiteko inkesta bat pasatzen diet. Esan beharra daukat orokorrean ikasleen ekarpenak oso tonu eraikitzailean eginak izaten direla eta beraien arrazonamenduak zentzuzko hausnarketa baten ondorioak direla. Jaso ditudan ekarpen interesgarrien artean batek, batez ere, sortu dizkit kezkarik handienak. Erabili dudan metodologiari buruzko balorazioa egitea eskatzen nien atal batean (saio lektiboa, edukiak, eguneroko lana, ebaluazioa…) eta, hainbat gauzen artean, batek horrela zihoen:

“Ariketei denbora gutxiegi eskaini diegula uste dut, teoria gehiegi matxakatuz. Teknologia berrien apustua gustatu zait. Hori bai, hasieran denbora asko galdu genuen eta ondoren ezin izan genuen errekuperatu. Dudetarako beldur moduko bat sumatzen dut. Ebaluazioari dagokionez, agian exijentzi handiegia dago. Gainera, azterketetan soilik oinarritu da”

Ikasle honi bezala, orokorrean besteei ere gustatuko zaie teknologia berrien erabileraren alde eman dudan urratsa baina, nire ikaslearen hitzen arabera, ohiko irakaskuntza metodo tradizionalari beste behin eutsi diodala garbi dago, azterketetan oinarritutako ebaluazio sistema klasikoarekin jarraituz. Eta hemen dago gakoa. Askotan aipatu dugu baliabide berrien erabilera soilak ez duela zertan metodologia aldaketa sakonik ekarri beharrik. Blogak eta antzekoak, beste hainbat baliabide bezala (testu liburuak, Powerpoint aurkezpenak, bideoak…), bitarteko tresnak besterik ez dira. Ikasturte hasieran nire asmoa, tresna berri hauek dituzten ezaugarri berezietan oinarriturik, elkarlana, denok denongatik ikastea, metodologia konstruktibista, ebaluazio sistema berritzaileak… aplikatzea zen. Kontua da, sekulan baino tresna, bitarteko, ezagutza eta konfiantza gehiagoren jabe naizela, gaur egungo web berri honek ekar ditzakeen onuretaz erabat sinesten dudala, baina ez dut adorerik izan ohiko inertziatik irten eta benetan sinesten dudan bide berri horri heltzeko.

Aste osoa daramat buruari bueltaka, galderak eginez, erantzunen bila, datorren ikasturterako hobetu behar ditudan atalei nola heldu behar diedan pentsatzen. Hausnarketa honen ondorioak zuekin partekatzea erabaki dut. Espero nuena baino luzeagoa atera zait bidalketa; ulertuko duzelakoan…

Trivionomy

TrivionomyTrivionomy denok hain ezaguna dugun Trivial Pursuit galdera-jokoaren web 2.0 bertsioa da. Agian, hori esatea ere gehiegi da; izan ere, galdera sinple batzuk baino ezin baitira sortu eta nahiko modu mugatuan, gainera! Baina, tira…

Dena den, sortzeko era nahiko bitxia da. Etiketa bidez funtzionatzen du eta jokoak etiketa baten azpian sortutako galdera ezberdinek osatzen dute.

All questions are created and edited by users. Games are created by grouping questions with tags

Ez duzu ekoizten galdeketa oso bat, galderaz galdera zoaz. Hau da, galdera bat sortu, baldineko erantzun batzuk eman eta etiketatu egiten duzu. Prozesua amaitu da. Ondoren, hasierako orrira itzuli eta etiketa horren azpian dauden galdera guztiek osatuko dute jokoa.

Trivionomyk aukera bikoitza eskaintzen du: zuk sortu (create) edo sortutakoak erabili (play today’s top trivia questions, most popular games…). Jokoa amaitzen denean, erantzunak banan-banan ikus eta edita ditzakezu. Horretaz gain, estatistikak ikusi (erantzun duten jokalarietatik zeintzuk asmatu duten…) eta, nola ez, bozkatu ere egin daiteke (demokrazia 2.0!! :smile: )

Hezkuntza alorrean tresna interesgarri ugari dago galdeketak sortzeko baina ia gehienak landuagoak eta konplexuagoak izateaz gain, aplikazioak jaitsi eta denboratxo bat eskaintzea eskatzen dute. Honekin, berriz, nahikoak dira klasera joan aurretik 10 minutu aurreko egunean ikusitakoaren errepasotxo bat prestatzeko. Teknologia berriak eguneroko jardunean erabiltzeko errezeloak dituzten irakasleentzat, agian, abiapuntua izan daiteke.

Amaitzeko, esan beharra dago ez dagoela oraindik guztiz garatua. Laster eskainiko dituzten aukeren artean, esaterako, gure webguneetan txertatzekoa egongo da. Interesgarria ezta?

Klikatu hementxe nik sortutako adibidea ikusteko:

Mota honetako artikuluak:

Jatorria:

Wikimapia.org=Wiki+Google Maps

Duela egun batzuk Pedro Arreitunandiak (Tolon) bere blogean, Seik idatzitako post batean irakurritakoaren haritik, ideia interesgarri bat proposatzen zuen gure ikasleekin Geografiaren lanketa egiteko. Tolonek zera proposatzen zuen:

Geografia ikastea aspergarria izan daiteke, baina betiko moduan planteatu beharrean, ikasleak superman/superwoman bihurtzen baditugu eta zerutik mundua zela ikusten den erakusten badiegu seguru emaitza hobeagoak lortu daitezkeela, edo behintzat lana erakarriagoa egin.

Erabat ados nago. Honekin batera, aukera izango bagenu gure ikasleek, kokapen geografiko jakin baten inguruko informazioa gehitzeko, oraindik hobe. Hau da, Tagzania bezalako gune batek eskaintzen duena.

Tagzania lekuekin eta etiketekin dago egina. Erregistratzen bazara, lekuak gehitu ahal izango dituzu, zure gustuko tokiak edo mapak gordetzeko. Puntu bat gehitzen duzunean, etiketak eman diezaizkiozu, gako-hitzak. Horrela, Tagzania ez da bakarrik zure mapen bilgunea: lurralde partekatuak ere sortzen dira etengabe.

Fenomeno. Tagzania erabiliz gure ikasleek jada, kokapen geografiko jakin batzuk etiketatu eta hauen inguruko informazio esanguratsua gehitzeko aukera badute. Baina honekin batera, ikasleek euren artean, elkarlanean arituz (Seik Writely erabiliz bere ikasleekin egin duen lanketaren antzera) kokapen jakin baten inguruan informazio gehitzeko, aldatzeko eta osatzeko aukera edukiko balute, egindako ekarpenen historiala gordeta gelditzen delarik (Writelyrekin gertatzen den bezala), tope tumatxa izango litzateke!. Hauxe da wikimapia.org gunean aurkitu daitekeena

WikiMapia is a project to help describe the whole planet Earth. Just move the map to find interesting places, click on rectangles. To add an interesting place or object use Add New link. Wikimapia was created by Alexandre Koriakine and Evgeniy Saveliev, inspired by Google maps and WikiPedia.

Wikimapia.org oso, oso erabilterraza da. Sarrera orrian mundu osoko mapa aurkituko duzu. Pantailaren azpian eta ezkerrean agertzen den nabigatzailea eta zooma konbinatuz puntu geografikoa erraz bilatzeko aukera izango duzu. Behin lokalizatu ondoren “Add New” aukeratu eta zuzenean kokapen horren inguruko informazioa txertatu ahal izango duzu, testuaz gain, beste webgune batzuetarako linkak ere gehitzeko aukera izanik. Hori besterik ez da egin behar. Ekarpen honen gainean beste edonork informazio gehiagarria erantsi dezake, egindakoari zuzenketak ere egiteko aukera izango duelarik. Aldaketa guztiak historial txiki batean gordetzen dira: atzera eta aurrera egin ahal izango duzu bertsio desberdinak ikusi ahal izateko.

Erabileran duen sinpletasun aldeko puntu garrantzitsua izanik, baditu eragozpen handi bi ere:

  • Alde batetik, wikimapia.org-en ekarpenak hizkuntza desberdinetan egin daitezke. Bat aukeratzerakoan, mapan agertuko diren ekarpenak hizkuntza horretan bakarrik egindakoak izango dira. Horrela, ingelesez egindakoak eta erdaraz egindakoak mapa desberdinetan agertuko dira. Eta hemen dago arazoa. Euskara ez dela agertzen oraindik aukeren artean, beraz, gure aportazioak beste hizkuntzetan daudenekin nahastuta agertuko dira.
  • Zerbitzua erabiltzeko ez da beharrezkoa erregistratuta egotea. Beraz, nahiz eta bertsio desberdinen ikuspegia izan, ez dugu jakingo norena izan den ekarpen bakoitza, beraz, bakoitzak egindako aportazioak ebaluatzeko arazoak izango ditugu.

Kontutan izanik Tagzaniak atal hauek ondo lotuta dituela, nahiz eta oraindik maiatzan egon, hona hemen aurtengorako Olentzerori (Luistxori, alegia :lol: ) egin nahi diodan eskaera: aukerarik egongo al litzateke, epe labur-ertainera, Tagzaniako lekuak taldeko kide desberdinen artean, era partekatuan, gehitzeko aukera izatea eta, bide batez, gehiegi eskatzea ez bada, taldekideen ekarpenen historial txiki bat eskaintzea? :wink:

Iturria: ñblog

Sinonimoak lantzeko ariketak sarean (II)

Ez zaizue benetan zaila egiten ohiko hitz eta esamoldeetatik atera eta zuen idatziak hitz berriez apaintzea? Nire ikasleei, behintzat, bai! Idazketan trebatzea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, ez da formula matematiko bat aplikatuz ondo ateratzen den ariketa eta, nire uste apalean, horrexegatik ikasleen lehentasunen artean kokatzea kosta egiten da. Orokorrean denok, eta nire ikasleak ez dira salbuespena, nahiago izaten ditugu gure indarra berehalako emaitza positiboak lor ditzakegun ekintzetan fokatzea eta ez ditugu horrenbeste lantzen epe luzera onurak ekar dakizkiguketen jarduerak!

Aspaldi honetan konturatuta nago ikasle askoren funtzionatzeko eraz eta oso zaila egiten zait jokabide horretan eragitea. Demagun esamoldeak lantzen ari garela eta gustura aritu direla lanketa horrekin eta, hori gutxi balitz, esamolde batzuk ere barneratu dituztela. Hurrengo egunean, testu bat idazteko eskatu eta ehuneko handi batean horietako bakarren bat sartuko du bere ekoizpenean zalantzarik gabe. Primeran! Baina ez da hor amaitzen kontua. Handik denbora batera, beste zerbaitekin ari zarela, beste idazlan bat izkiriatzeko eskatu eta zer faltako da? Esamoldeak, ziur!

Gauza bera gertatu zitzaidan lehengo egunean. Hautaprobetarako jarduera bat prestatzen ari ginela (bi esaldi lokailuen bidez uztartu), puntuazioarekin gora eta behera ibili ginen denek ondo ulertu arte dena den, hala ere eta mota honetako lokailuak nola idazten diren puntuazio aldetik. Ondoren, iazko azterketa bat egiteko eskatu nien. Bada, guztiz kuriosoa izan zen gertatutakoa! Aipatutako jardueran, lokailuak idazterakoan, ederki asko idatzi zituzten (puntu eta koma aurretik, koma ondoren…) baina ondorengo idazlanean lokailuak berriz ere gaizki! Zer egin daiteke horren aurrean? Pixka bat haserretu bai, baina gero? Nola lortzen da, esaterako, sinonimo zerrenda luze batetik ikasitako bakar batzuk euren idatzietan sarraraztea? Azken galdera honentzako erantzunik ez badut ere, lehenengoa (sinonimoak ikastearena) atseginago bihurtzeko ideiak ez zaizkit falta eta, horregatik, aurretik egindako ariketa sortari beste bat erantsi diot: EGAko azterketetan ateratako sinonimoak lantzeko GURUTZEGRAMAK.

Gauzak horrela, euskaljakintzako atal hau honela gelditzen da (oraingoz):

  • 1-8: Testuinguruaren laguntzaz sinonimoa eman (flash). Adibide bat ikusi.
  • 9-18: Ezkerreko zutabeko sinonimoak eskuinekoekin lotu (flash). Adibide bat ikusi.
  • 19-23: Sinonimo-gurutzegramak (berria): 1, 2, 3, 4 eta 5.

    – Gurutzegramak elkarri lotuta daude; beraz, nahi izanez gero, denak jarraian egin daitezke.

    Honekin nahikoa ez dela argi dago, baina sinonimoen zerrenda barneratzen saiatzeko modu erakargarria izan daiteke (betiko zerrenda amaigabea buruz ikastea baino atseginagoa, behinik behin). Zin dagizuet ariketa hauekin zerbait ikas daitekeela; nik, behintzat, horietako batzuk barruratu, nireganatu eta barrendu ditut! :smile: Orain, eguneroko jardunean, praktikara eramatea baino ez zait falta.