Blackboard ez!

Balckboard ez

IKTerook software librearen aldeko apustua egiten dugula behin baino gehiagotan aipatu dugu artikulu ezberdinetan. Badirudi, gainera, mugimendu eta aldarrikapen hori geldiezina dela. Halere, noizbehinka, honelako berri txarrak jasotzen ditugu: online ikasketarako Blackboard plataformak LMSaren (Learning Management System) patentea eskuratu du. Honek kalte handia egin diezaioke, batez ere, hezkuntza alorrari; izan ere, e-learning plataforma ugari aipatutako sisteman oinarritzen baitira. Hori gutxi balitz, Blackboard-ekoak patente hori eskatzen lehenengoak izan badira ere, historiak garbi uzten du ez direla irakaskuntzarako horrelako plataformak erabiltzen lehenengoak izan ( Calcampus.com, Nicenet, Mallard, Manhattan…)

Online learning provider Blackboard, Inc. announced that it has patented the Learning Management System (LMS). Prior art exists in many forms. Please join us in signing the petition below to boycott Blackboard, Inc. for fabricating this ill-conceived and illegitimate patent against the education industry. We fully support those companies that are rightfully fighting this attack on the education industry.

Asko idatzi da gai honi buruz blogosferan azkenaldi honetan eta aurrekoan Digizen-etik jaso nuen patente honen aurkako kanpainaren berri. Gaur, zabaltzea bururatu zait. Beraz, zuek ere behar ez bezalako eskuratze honen aurka bazaudete, klikatu goiko irudiaren gainean eta batu aldarrikapenera.

Cmap (II)

Cmap bat irudi gisa gordetaCmap edo mapa kontzeptualen inguruan Xarneguk duela hilabete batzuk idatzitakoa irakurri nuenetik, aplikazioa probatzeko irrikitan nengoen. Han eta hemen artikulu interesgarriak irakurriak nituen gaiaren inguruan baina hartu gabe neukan tartetxo bat honetan sakontzeko. Azkenean, egitekoen zerrenda luze horretan iritsi zitzaion txanda atzo eta saltseatzen pasa nuen eguna. Hori da ezustekoa! Nik uste baino askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu:

  • Kontzeptuei audioak, bideoak, estekak, informazioa (sagua gainetik pasatzean irakur dezakezuna), oharrak eta abar erants dakizkieke.
  • Oso modu errazean pertsonaliza daitezke kontzeptu-mapak (mapa osoaren atzealdea, geziak, hizkia, neurriak, kontzeptuen laukitxoen atzealdeak…)
  • Esportatzeko aukera ugari eskaintzen ditu: irudi, pdf, html, postscript, SVG, XML eta livemap gisa.
  • Mapa bat beste batekin edo batzuekin lot daiteke sare oso bat osatuz. Sare hori zuk zeuk edo beste erabiltzaile batzuekin elkarlanean arituz osa dezakezu. Horretarako, zure kontzeptu-mapa programak eskaintzen duen zerbitzari orokor batean kokatzea besterik ez duzu.

The CmapTools program empowers users to construct, navigate, share and criticize knowledge models represented as concept maps. It allows users to, among many other features, construct their Cmaps in their personal computer, share them on servers (CmapServers) anywhere on the Internet, link their Cmaps to other Cmaps on servers, automatically create web pages of their concept maps on servers, edit their maps synchronously (at the same time) with other users on the Internet, and search the web for information relevant to a concept map.

Aitziberrek eta euskaratutako bertsioa, IHMCko informazio guneak dioenez, jada, erabilgarri dago (aurrekoan airean gelditutako galderari erantzunez). Nik gaztelaniakoa erabili dut, ordea, aldez aurretik jaitsita neukalako baina edozein ohar gehitzerakoan, hizkuntza eskatzean, “vascuence” aukera ere azaltzen da eta gaur bertan jaitsiko dut bertsio berriena.

Bestalde, erabilera pedagogikoei erreparatzen badiegu, hauek anitzak izan daitezkeela garbi dago. Mapak hain bisualak izatean, gaitasun hori beste batzuk baino garatuxeago dugunontzat (ikasle mordo bat dago nire antzera) askoz ere errazagoa egiten zaigu kontzeptuen barneratzea edota gai orokor baten barnean kokatzea. Ekonomiako klaseetarako, besteak beste, primeran etorriko zait baliabide hau. Izan ere, gaiak eta kontzeptu berriak pilatzen diren irakasgai hauetan guztiz aproposa gerta baitaiteke unitatean zehar, haria ez galtzeko, une oro honelako mapa bat aurrean izatea. Zer esanik ez, adibidez, irakasleak maparen hezurdura emanda, ikasleak elkarlanean edukiak osatzen badoaz…

Hau guztia praktikara eramateko xedez, proba gisa, EGAko azterketaren inguruko kontzeptu mapa bat osatu eta Cmap tools-eko zerbitzari orokorrean ipini dut Xargenuren proposamenari jarraituz. Euskararen Gaitasun Agiria izena eman diot eta hementxe dago eskuragarri (DBHO 1eko ikasleei EGAko azterketa zer den azaltzeko baliagarria gerta daiteke, adibidez). Kokagunearekin zalantzak izan ditut. Ba al dago euskarazko ekoizpenak gordetzeko gune berezirik?

Helbide interesgarriak:

euskaljakintzak urtebete!

Urte bat pasa da gure lehengo artikulua idatzi genuenetik; beraz, ofizialki gaur gure urtebetetzea da. Benetan zaila egiten zait idazten hastea, hainbeste proiektu, jarduera, ariketa, itzulpen, aurkezpen…ez da erraza blogak eman duena esaldi gutxi batzuetan laburtzea, ez. Baina nonbaitetik hasi behar eta hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta (gehiengo batek), eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen (literatura…), izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolak” aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen.

Jarraitu irakurtzen: 1, 2, 3, 4.

HikHasiko ikastaroa: balorazioa

Gaur egin du astebete, Magic eta biok HIKHASIk antolatutako topaketen inguruko ikastaroari hasiera eman genionetik. Tartean izan ditugun eginkizunak izan direla eta, balorazioa egiteko astirik ez dugu izan. Beraz, hona hemen hiru egunetan bizitakoaren inguruko hausnarketa.

Lehenik eta behin esan biontzat esperientzia berria izan dela. Sekulan horrelakoetan aritu gabe, eta lehen ahaleginean Web 2.0 eta blogen inguruko ikastaroa eskaini behar hamabost ordutan! Nola laburbildu gai honen inguruan azken urte luze honetan jaso dugun guztia?. Eta zailagoa dena oraindik, nola demontre antolatu bost orduko hiru saio horiek, argitu beharreko kontzeptu guztiak zabaltzerakoan, ikasleen “espantada” gerta ez dadin? Ez da batere erraza izan gu bezalako hasiberri batzuentzat Hemen duzue, hiru egunetan bizitakoaren kronika laburra.

IKTeroak irakasle!

 VII: Hik Hasi Udako Topaketa PedagogikoakBai, eta zer? Badakigu IKTroak irakasleak direla pentsatuko du batek baino gehiagok. Bai, baina oraingo honetan betiko ikasleak oporretan lasai utzi eta irakasleen irakasle bihurtuko gara. Hobeto esanda, bihurtuko dira magic eta jolaus. Gure bi IKTero saltseroek Hik Hasik antolatutako uda ikastaroetako baten ardura eramango dute, Blogak irakaskuntzan deiturikoarena hain zuzen ere.

Donostiako informatika fakultatean burutuko den irakastaldia 15 ordukoa izango da (gaur hasita ostegunera arte) eta ondorengoak izango dira helburu nagusiak:

Aspaldi honetan web 2.0 izenpean interneten gertatzen ari diren aldaketen berri jasotzen ari gara hedabideetan. Kontzeptu honen definizioa ikuspegi askotatik enfoka daitekeen arren, ikastaro honetan irakaskuntzari begira web 2.0 delakoak lekarkeenaren inguruko azterketa egingo dugu, mugimendu berri honen buruan blogak kokatuko genituzkeelarik.

Blogak sortu, erabili, kudeatu eta edukiaz hornitzen ikastea litzateke ikastaro honen helburuetako bat; bestea, eta agian garrantzitsuena, gure eguneroko jardunean tresna horien aplikazio desberdinak aztertu eta gogoeta egitea.

Ez dira txantxetakoak, egia esan, ordu batzuetan lortu nahi dituztenak baina kutsatzen duten gogoa eta duten prestakuntza aintzat harturik, ziur nago ez direla helburu horietatik oso urrun ibiliko.

Baina gatozen harira. Zer da ikasleek gaur ikasiko dutena?

  • Zer da web 2.0. Zer eragin du mugimendu berri honek irakaskuntzan?
  • Edukien sindikazioa. RSS jarioak eta Bloglines
  • Blog bilatzaileak. Technorati.
  • Folksonomiak. Del.icio.us
  • Blogak. Zer dira.
  • Blogak sortzeko aplikazio desberdinak azaldu.
  • Blog bat sortu eta kudeatu.
  • Artikuluak argitaratu.

Egitarau osoa ikusteko, klikatu hemen.

Amaitzeko, zorterik onena opatu nahi diet nire lankide eta lagunei; ikastolan, ikasturte amaieran izan ohi den moduan, galtzak bete lan ibili ondoren, gogor eta gogoz eutsi baitiote ikastaroaren prestaketari!