Euskalnatura

euskalnatura

Benitoren blogean jakin dut gaur bertan Euskalnatura izeneko webgune berriaz. Jario agregtzailetik zuzenean salto egin dut Euskalnaturara eta egia esan lehen inpresioa oso baikorra izan da. Hala ere, denboraz juxtu nenbilela eta, orain arte ezin izan diot azterketa sakonagorik egin. Tarte bat daramat webgunea arakatzen eta, zalantza izpirik gabe, meritu handiko proiektu baten aurrean gaudela iruditzen zait. Meritu handia duela diot, aspalditik aldarrikatzen nituen hainbat ezaugarri metatzen direlako Euskalnaturan.

  • Nik dakidaneraino, diru laguntza ofizialik jasotzen ez duen zientziaren dibulgaziorako euskarazko lehen gunea da. Hau da, ekimen pribatua, bolondresa, herritik sortua eta herrirako.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearen muinetik sortua; alegia, unibertsitateko ikasgelak betetzen dituzten ikasle talde batek bultzaturiko proiektua da. Jode, sekulako poza eman dit hau irakurtzeak!. Alde batetik, badelako garaia gure unibertsitateak gizartearekin duen konpromisoari erantzuten hasteko; baina, batez ere, ikasle talde baten iniziatiba izan delako. Niretzat garrantzia izugarria du honek; gure ikastolan aspaldi konturatu ginen gure ikasleek euren helburu akademikoak betetzeaz gain kapaz direla euskarari bultzadatxo bat emateko, interneten euskarak duen presentzia indartu eta sendotzeko. Horra hemen esandakoaren adibide garbia.
  • Edukiak Creative Commons lizentziapean argitaratzen dituzte. Tumatxa! Hortxe daukagu Hiru.com, diru publikoarekin sorturiko gunea, eskaparatean “se mira pero no se toca” kartela itsasita duena (copyright-ari buruz ari naiz, noski). Exenplu bikaina eman duzuena gazteok!
  • Interneten euskararen irakaskuntza/ikaskuntzarako gune eta tresna ugari dauden bezala (agian, oraindik gehiago beharko genituzkela pentsatzen dutenak badaude, baina, tira), irakasleok faltan botatzen ditugu beste jakintzagaien inguruko euskarazko eduki eta baliabideak. Zientziak orohar (natur eta gizartekoak), historia filosofia, matematika… jorratzen dituzten euskarazko guneak falta dira; nahiko genuena baino gehiagotan jo behar dugu gaztelerazko edota ingelesezko baliabideetara.. Euskalnaturak urrats garrantzitsu bat ematen du ikuspegi honetatik.

Puntu honetan, zuetako askok galdetuko duzue: “bale, oso ondo dago hori guztia, baina zer moduz dago webgunea?” Niri pertsonalki izugarri gustatu zait.

Joomlarekin eraiki dute webgunea. Azalaren diseinua dotorea da, oso dotorea esango nuke. Kolore politak, argazkiak kalitatekoak, goiko menua argia eta sinplea… Agian elementu gehiegi pilatu dituzte azalean, baina tira, atal desberdinetan zehar nabigatzea nahiko erraza da.

Edukiei buruz esan, ikuspegi sinple eta ulerterrez batetik zientziaren dibulgazioari heltzen dion gunea dela. Egia da Zientzia.net aspalditik diharduela lan horretan baina Euskalnaturak oinarrizko kontzeptuak modu apalagoan azaltzen ditu, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat oso modu egokian. Nahiz eta oraindik hasiera fasean egon eta oraindik hainbat atal osatu gabe egon, jada informazio mordoa zintzilikatua dute; natura izeneko atalean, animalien, landareen, onddoen eta natur guneen inguruko informazioa ipini dute. Zientziari dagokion atalean, berriz, biologia, kimika, geografia, unibertsoa, meteorologia eta ingurugiroari buruzko edukiak sartu dituzte (nire fisikako webgunetik hartutako formulatxo batzuk ere topatu ditut bertan :wink: ). Informazio mordoa eskaintzen dute euskaraz soilik, euskara garbi eta ulerterrazean, gaztetxoek arazorik gabe ulertzeko modukoa. Oraindik osatzeke duten arren, etorkizunerako erreportaiak ipintzeko asmoa dute. Hauetako bi jaitsi daitezke deskargetarako sortu duten atalean. Bukatzeko foroa ere martxan jarri dute (jadanik topic zerrenda polita ikus daiteke) eta argazki galeria bat (oso txukuna).

Antton, Urtzi, Asier, Ibon eta Eneko, eguna alaitu didazue gaur, benetan. Euskal Herriko irakasle eta ikasleok zuek aurrera atera duzuen ekimen gehiagoren beharrean gaude; irakasleok IKTak eta internet erabili nahi dugu gure ikasleekin baina, era berean, gure eguneroko lana euskaraz gauzatu nahi dugu, euskarazko eduki eta baliabideekin. Zoritxarrez ez dira asko oraindik euskarazko eduki, tresna eta baliabide libreen ekoizpen lan horretan ari direnak. Horregatik meritu izugarria dauka zuen lanak! Jaso nire partetik animo eta zorionik beroenak. Eta laguntzarik behar baduzue hortxe izango nauzue prest. Mila esker zuen lana beste guztion mesedean eskaintzeagatik.

Wikillerato eta Curriki: irakaskuntzarako baliabideak wiki bietan

Duela dezente ezagutu nuen Wikillerato izeneko proiektua. Proiektu honen helburua batxilergoko curriculuma osatzeko baliabide biltegi bat sortzea da. Webgunearen oinarria wiki bat da (MediaWiki softwarea dago guztiaren azpian); curriculuma gaika banatuta dago, horrela edonork proposatu ditzake jarduera edo eduki desberdinak edozein arlorako. Hori bai, baliabide hauen egokitasuna bermatzearren, une honetan moderatzaileak daude Fisika, Matematika, Filosofia eta Gaztelania eta Literatura arloetan. Atari nagusian topa dezakezuen bideoan adierazten dute garbi zein den webgune honen helburua eta funtzionatzeko bidea

Ildo honetatik, atzo ezagutu nuen Curriki, Wikilleratoren ezaugarri bereko beste webgune interesgarri bat. Hemen ere, curriculuma eta wikiaren (XWiki erabiltzen dute kasu honetan) arteko uztarketaren bitartez, irakaskuntzarako baliagarriak izan daitezkeen kalitatezko edukien biltegi bat sortu nahi da. Ez dut denbora gehiegi pasa oraindik saltseatzen baina aurkitu dudana oso interesgarria iruditu zait. Hona hemen, adibide gisa, batxilergoko fisikarako flash-en egindako unitate lektibo sorta zabala: oso modu sinple eta grafikoan azaltzen dira oinarrizko kontzeptuak animazio hauetan. Ea zuen interesekoak diren.

Amaitu aurretik, eta wikien eredutik at, hemen ipintzen dizuet baliabide ugari eskaintzen dituen beste orri bat. “Massive Resource List for All Autodidacts” izenarekin, gai edo arlo desberdinen inguruko material ugari aurki ditzakezue bertan, testu, podcast zein bideo formatuetan.

Ortografia lantzeko ariketa-sorta, Hot Potatoes eta Moodle.

ortografiaOpor aurretik ortografia errepasatu, ikasi eta ikasteari eman genion hainbat egun. Beste batzuetan azaldu izan dudan bezala, horrelakoak lantzeko modu “aktiboen” bila ibili ohi naiz. Ez dut esan nahi, noski, ohiko ortografia ariketak eginez ikasten ez denik; ezta gutxiago ere. Baina niri, ahal den neurrian, egin beharko dituzten jarduera horiek beraiek sortzea gustatzen zait. Gauza batek ez du bestea kentzen. Lehenik, eurak sortzen dituzte ariketak (buruari eragin, asmatu, hiztegian begiratu, egiaztatu…) eta, ondoren, sortutakoak egiten dituzte. Ez bakarrik bikote bakoitzak sortutakoak, baita besteenak ere. Ez da gauza bera, nire ustez, liburu bateko ariketak egitea (jarrera “jasotzailea”) edo zuk zeuk lantzea eta lanketa horren emaitza besteei eskaintzea (jarrera eraikitzaile-aktibo-autonomo-partekatzailea).

Ez naiz aurreko puntuan gehiegi luzatuko; izan ere, askotan aipatu baititugu gure helburuak zeintzuk diren mota hauetako lanketak aurrera eramatean, baina bai esango dizuet ikusgarria dela benetan ikasleen jarrera ariketak sortzerakoan eta, batez ere, batzuek besteenak egiterakoan. Gozatu egiten dut benetan beraien interesa erabat piztuta ikustearekin (are gehiago gure aurtengo DBHO 2ko ikasleen profila ikusita) eta emaitzaren %100a lortu nahi izate horrekin. Horren haritik, beraiek egindako lana beste batzuentzat baliagarri izan daitekeelako ustea barneratzen ari direla esango nuke. DBHO 1ekoen EGArako prestaketa bidean, esaterako, guztiz baliotsuak gertatzen dira ikasle zaharragoen lanak eta horrek ere motibatzen ditu nolabait. Baina gatozen harira. Zertan datza euskaljakintzakook egindako azken lana?

Arestian aipatu bezala, ortografia lantzeko ariketa-sorta bat prestatu dugu (hatxe, ixa, tz eta horrelakoen erabilera, hainbat herriren euskal era arautua, -a itsatsia…). Orotarik pixka bat. Dena den, berrikuntza batzuk sartu ditugu. Hauexek dira nabarmenenak:

Hot Potatoes aplikazioa erabili dugu:

Duela urtebete pasatxo ezagutu nuen programa hau Muñoz de la Peñaren ikastaro batean. Ordundik noizbehinka erabiltzen hasita banengoen ere, inoiz ez merezi duen arretaz. Euskaljakintzako ariketa-sortzaile ibilbide labur honetan, programa ugari probatuta nengoen, hala nola Ardora, Webquestions eta Content Generator. (Informazio gehiago mota hauetako aplikazioei buruz hemen). Dena den, Moodle-ekin hasi naizenetik, garbi daukat une honetan hauxe dela erabiltzea gehien komeni zaigun tresna. Alde batetik, sortutako ariketa horien emaitzak (ikasleek zein ehuneko lortu duten) Moodle bidez kudea ditzakedalako esfortzu handirik gabe eta, bestetik, aukera mordo bat eskaintzen dizkigulako:

  • Ariketa ezberdin ugari sortu: JCloze, hutsuneak bete; JCross, gurutzegramak; JMatch, bikoteak batu; JMIX, esaldiak ordenan jarri; JQuiz, erantzun anitzeko galderak, galdera motzak…; eta The Masher, aurreko jarduera ezberdinekin unitate didaktiko bat sortu.
  • Azalpenak eman: erantzun okerren zergatia, asmatutakoeen gorabeherak…
  • Euskaraz: konfigurazio atalean sartuta, ikusten den guztia euskara dezakegu.
  • Ariketak elkarrekin lotu: ariketa bat aurrekoarekin nahiz hurrengoarekin lot daiteke galdeketa-sorta bat sortuz. Horixe da guk egin duguna, hemendik abiatuta, “hurrengo” adierazten duen gezian klik eginez, bigarren jarduerara pasatuko zarete eta horrela hogeigarrenera arte.
  • Itxura aldatu: koloreak eta hizkia alda daitezke. Horretaz gain, ia nonahi irudiak, estekak, testuak…sar daitezke. Ikusiko duzuen bezala, guk ez diogu garrantzi gehiegi eman alderdi honi; dena den, hurrengo ariketetan saituko gara arlo hau gehixeago lantzen.
  • Hasiberrientzat aplikazio errazagoak badauden arren, oinarrizko erabilera lortzea ez da batere zaila. Nik ikasleei programa nola jaitsi, instalatu eta erabili azaldu nien eta batzuk, nire pozerako, etxean instalatu eta jada ariketak sortzen hasiak dira (nota igotzeko eskaintzen diedan aukeretako bat da hau).

Erantzun okerretan azalpen labur bat ematen saiatu gara:

Askotan gertatu ohi da mota hauetako ariketetan erantzun botoiari eman eta zuzen ala oker erantzun dugun jakitera iristen garela, baina ez gehiago. Maiz akatsa non dagoen jakin gabe gelditzen gara. Gorago esan dugun legez, Hot Potatoes-ek eskaintzen du azalpenak emateko aukera eta, oraingo honetan, horixe izan da ikasleei jarri diedan baldintzetako bat, azalpen labur bat ematea. Beraiek ikasten dute, denok ikasten dugu.

Amaitzeko, lan hauen zuzenketa oporretan bukatu dudanez, ez dugu astirik izan gelan azken emaitza ikusi, baloratu eta ariketak egiteko (aste honetan zehar egingo dugu). Halere, nire asmoa denek ariketa sorta osoa egitea da eta, egiten ari diren bitartean, bakoitzak bere akatsen zerrenda osatzea. Zerrenda hori Moodle bitartez bidaliko didate (zeregin motako jarduera) eta ohikoenak diren akatsekin (usu akats berdinak errepikatzen dira behin eta berriz) ariketa pare bat edo sortuko ditut. Ariketa horiek Moodlen sartu eta kontrol jarduera moduan egingo dituzte ikasleek. Emaitza guztiak erregistratuta geldituko zaizkit, nire lehen urratsa izanik norabide horretan. Amai dezadan esanez, badudala buruan beste zerbait: ikasle bakoitzari galdeketa pertsonalizatua prestatu bere akatsekin. Egia esan, oso ondo legoke. Ez dakit, ordea, horraino iritsiko naizen…

  • Ariketa sorta Moodle-en egiten baduzue eta ikastaroan izena emanda baduzue (bisitari gisa sartuta, ez), niri iritsiko zaizkit zuen emaitzak eta gordeta geldituko dira.
  • Ariketak euskaljakintzan egiten badituzue, berriz, zuentzat geldituko da lortutako emaitza.

Irakasleen irakasle; hirugarrena, oraingoz

Hirugarrena, oraingoz, diot ez baitut uste, irakasleek azaldutako jarrera eta jakin-mina ikusita, azkena izango denik. Aurten, Jolausek azaldu zuen bezala eta Seik idatzi zigun lez, hiru ikastaro antolatu genituen gure lankideen eskaerari erantzun nahian. Niri hirugarrena, Web 2.0 eta Blogak izeneko ikastaroa, gidatzea egokitu zitzaidan eta bost saio burutu ondoren, bihar amaituko dugu.

Ikastaro honen hasieran, Web 2.0ari buruzko sarreratxo bat egin ondoren, RSS jarioa eta Jario-irakurleak edo agregatzaileak jorratu genituen, Bloglines izan zen sakontasunez azaldu genuena. Batzuentzat gai hau arrotza bazen ere, orain pozgarria egiten zait hauetako batuk euren jarioak irakurtzen ikustea. Jarraian, Social Bookmarking eta Folksonomiak landu genituen eta del.icio.us-i egundoko “errepasoa” eman genion. Jarraian, Digg, Technorati, Zabaldu… bezalako guneak ezagutu eta erabili genituen. Azkenik, blogen lanketa hasi genuen eta blogen ezaugarriak aztertu ondoren, sortzeari ekin genion. WordPress-en oinarritutako blogak sortu dituzte eta praktika ugari egiten ari dira. Bihar, azken lanketa horri amaiera emango diogu eta, ondoren, baliabide hauek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari nola eragiten dioten edo nola eragin diezaioketen aztertuko dugu.

Ikus dezakezuenez, ikastaro honen lehen zatian, berebiziko garrantzia eman nahi izan diogu informazioaren kudeaketari, hots, informazioa lortzeko, gordetzeko eta partekatzeko bide berri horiei. Hori ez da kasualitatearen ondorioz gertatutakoa, baizik eta nahita planifikatutako zerbait. Izan ere, gure iritziz, funtsezkoa da edozein irakaslearentzat baliabide eraginkorrak ezagutu eta erabiltzea bere eguneroko jardunean. Guretzat, irakasle guztion kezka izan beharko litzateke informazio iturri egokiak eskuratzeko eta kudeatzeko tresna eraginkorrak menperatzea eta, hori dela eta, atal horri berebiziko garrantzia eman nahi izan diogu. Zenbat aldiz entzun ditugu irakasleen kexak bilaketak egiten orduak igaro eta gauza interesgarriak lortu gabe amaitu ondoren?

Bestalde, blogen lanketari dagokionez, arlo mekanikoari baino, garrantzia beste atal bati eman diogu: edukiak sortzeari eta partekatzeari, hain zuzen ere. Gure iritziz, ez dugu ezer egiten gure ikastolako irakasleak tresna hauen erabiltze hutsarekin gelditzen badira, erabilera horri balio erantsi bat eman nahi diogu irakasleen jarrera aktiboa indartuz eta sustatuz. Blogosferan arnasten den partekatze kultura helarazi nahi izan diegu, etorkizunean, eduki sortzaileak bihur daitezen. Konbentzituta nago, hein handi batean, lortzen ari garela eta berandu baino lehen, gure taldera ale berriak gehitzen joango direla.

Denbora izango dugu, dena amaitutakoan eta perspektiba daukagunean, balorazioa egiteko eta, gauzak espero bezala ateraz gero, fruituak biltzen hasteko.

Ikastaroan erabilitako aurkezpen bat azpian ikus dezakezue

TiddlyWikirekin praktika onenaren saria Jolaus eta Jakintzarentzat

Hitzaldia ematen

IKTeroak bloga sortu genuenean, askok eta askok erotuta geundela esaten ziguten, eta ez zitzaien arrazoi falta. Makina bat ordu sartu eta makina bat izerdi bota ondoren, hortxe gabiltza gure erokeria plazaratzen, askotan, bat ere lotsarik gabe eta, gehienetan, ausardi punttu batekin.

Horiek guztiak beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina, era berean, esfortzu edo erokeri horren atzetik beste zertxobait ere beharrezkoa da. Boluntarismoa ongi dago, baina ez da nahikoa.

Gure kasuan, bi motore izan ditugu hau guztia aurrera ateratzeko:

  • “Ero” bat proiektua lideratzeko. Hori, zalantzarik gabe, Jolaus izan da.
  • Jakintza Ikastolako zuzendaritza taldea, hasieratik gure proiektua babestu eta indartu duena, erabateko konfiantza eskaini digularik.

Hala ere, ez dira izan gure lanaren akuilu bakarrak. Ikastolako irakasleria, ikasleak, gurasoak…, hots, Jakintza Ikastolako Komunitateak eskaintzen digun harrerarekin indarra ateratzen dugu honekin jarraitu eta bizipen berrietan murgiltzen hasteko.

Baten batek esango du seko erotuta nagoela edota aurreko asteazkeneko ajea ez zaidala oraindik pasatu, baina ez. Gaur oso pozik nago (ez da Baldorba ardoa edan dudalako), ezta bizirik gelditzen zitzaidan azken neurona bereak egin duelako ere.

Gaur, IKTero batek, Euskalitek antolaturiko Praktika Onen 3. Elkartrukea saioan, Praktika Onenaren Saria irabazi baitu. Gainera, irabazlea gure “guru” izan da: Jolaus. Eta aurkeztu duen praktika, nola ez, blog honetan azaldu zuen artikulu hauetan: bat eta bi. Ez, Jolaus ez da bere ezagutza ezkutatzen eta bere apalean gordetzen duen horietako bat, hori ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik. Guztiokin partekatzen du eta, hori gutxi balitz, besteok zirikatzen gaitu gauza bera egin dezagun. Bere ondoan gabiltzanok ederki asko dakigu zenbat ordu eskaini behar izan dio proiektu “txiki” horri eta zenbat buruhauste ekarri dizkio. Hala ere, berehala ekin zion idazteari eta bere lan guztia gure eskura jarri zigun. Bai adibide zintzoa ematen diguzuna!!!

Eta harro nago, bai. Harro nire ondoan jolaus bezalako lankideak izateaz gain, Sei dudalako. Iaz, bere proiektuarekin bigarren praktika onenaren saria jaso zuen eta zer esango dizuet bere lanari buruz zuek ez dakizuena. Honek ere hamaika bider azaldu digu zenbaterainoko kemena eta adorea duen edozein lanari aurre egiteko eta guztiokin partekatzeko. Adibiderik garbiena Moodle plataforma erabiliz, sorturiko EGA ikastaroa

Baina harro eta pozik sentitzeko arrazoi bakarra ez da nire lankide fin hauen jarrera edota lana, badaukat beste arrazoi sakonxeago bat; guk aldarrikatzen dugun partekatzearen kulturak, berriro ere, bere fruituak eman dituelako. Honek, lehendik konbentzituta banengoen, beste urrats bat eramatera narama konbentzimendu horren haritik: konpromiso irmo bat hartzen dut Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren “mitxelinak” eta “armiarma sareak” kentzen saiatzeko. Ez nago prest beti kexu azaltzeko, akziora pasako naiz. Euskal Hezkuntza Sistemako eragile guztiek, hala sare publikakoek nola ikastolakoek nahiz gainontzeko kontzertatuek pauso sendoak eman beharko dituzte, behingoagatik, EUSKAL HEZKUNTZAREN SAREA osatzeko. Hori egin ezean, ez dut atsedenik hartuko hori salatzeko eta dagozkion foro eta esparruetan agerian uzteko.

Bada garaia Euskal Herrian gauzak eraikitzen hasteko eta ez errezeloz begiratzen jarraitzeko. Jendea oraindik ez al da jabetzen partekatzearen abantailaz?, ez da ohartzen beste biderik ez dagoela?, ez al daki horrek guztiok aberasten gaituela?, irakasleek ez al dakite euren “apunte” dotore horiek beste batzuentzat ere baliagarriak izan daitezkeela?, edo ez al dakite “apunte” horiek osatzeko besteek eginiko lanetan oinarritu zirela?… Eta horrela jarrai nezakeen arren, ez dizuet, gaurkoz, honekin nekatu nahi. Baina, lasai, konpromiso publikoa hartu dut eta zin dagizuet antzemango duzuela.

Bukatzeko, mezu pozgarri batekin amaitu nahiko nuke: Jolausek lortutako errekonozimenduarengatik sekulako poza hartu dut, bai, eta are handiagoa ikusi dudanean egokitu zaion saria: Asteburu bat bi pertsonentzat Ziekoko (Eltziegoko) hotel batean. Eta ez da nolanahiko hotela, ez, Frank Gehry-k diseinatutako hotelean: Marques de Riscal ardogileek eraikitako Ardoaren Hiria, hain zuzen ere.

Ez naiz gaiztoa izango eta ez diot eskatuko sari hau ere nirekin partekatzea, nik uste dut Loik eta Enekok hori eta gehiago irabazita dutela, bikotea eta aita ikusteko ia txanda eskatu behar izaten baitute. ZORIONAK GUZTIOI eta ongi pasatu bertan, merezita daukazue eta. Hori bai, handik etorritakoan, hango esperientzia, horrelako hotel bat sekula zapalduko ez dugunoi kontatu. Ados?

Gaurko ekitaldiaren bideo txiki-txiki bat Youtubera igo dugu eta ikusgai hortxe daukazue. Denbora hartzen dudanean, emanaldiaren bideoa jartzen ahaleginduko naiz (baina hau ezin dizuet ziurtatu).