Genoom Batxilergoko Giza eta Gizarte arloan

Ordiziako Epaitegian liburuak kontsultatzen
Gure ikastolako Giza arloko Batxilergo 1ean urtero saiatu gara dokumentu historikoak aurrez aurre ikusten. Garai batean laguntza ezin hobea zen bideoa horretarako, baina gaur egun sarera jotzen dugu maiz aspaldiko dokumentu horiek ikus ahal izateko eta argazkia edo transkripzioa ikus dezakegu horrela: Gerra Zibilaren amaieraFelipe II.ak Urdanetari idatzitako gutuna

Historiako asignaturan egin izan dugun ariketa bat genealogia zuhaitza da.

  1. Ikasle bakoitzak bere zuhaitza hasten du etxekoei galdetuz edo familiako datuak kontsultatuz. Ahalik eta datu zaharrenetara iristen gara horrela eta hurrengo helburuak markatzen ditugu: Zein zen aitonaren aita? Noiz ezkondu zen berraitona?
  2. Hori egin ondoren, Ordiziako epaitegian hartzen dugu ordua eta hara joan ohi gara, ikasle bakoitzak bere arbasoaren izena liburu orijinalean inskribaturik ikusteko. Ordiziako arbasoak ez dituzten ikasleak, bere kasa egiten dute inbestigazioa dagokien herrian. Hemen ere topera iristen gara, ezin datu berririk aurkitu… Berriro markatzen ditugu hurrengo helburuak: Zein izan zen nire berraitonaren aita? Eta ama? Nongoak ziren?
  3. Ondoren Eliz Barrutiko datuak behar ditugu. Orain arte, konplikatu samarra zen puntu hau, txanda gutxi lortzen baitira eta nekez. Orain lana asko erraztu da, http://mendezmende.org/eu/partidas helbidean 1901 arterainoko bataio, ezkontza eta heriotzak kontsulta baititzakegu. Garai haietan datu hau fidagarrienetakoa zen, umeak ez baitziren beti-beti inskribatzen zerrenda zibiletan, eta bai, ordea, elizarenetan! Webgune honen laguntzaz, gure helburuak askoz ere errazago lor ditzakegu. Berriro egin dugu tope, berriro galderak. Zorte apur bat izan badugu, miatu beharreko  mikrofilmaren zenbakia eta orrialdea badakizkigu. Aurten lan hau Ordiziako Barrena liburutegian egin dugu, epaitegian izan ondoren denbora sobran genuelako eta bertan geratu ginen. Horrela, esperientziaren berri emateko aukera ere izan genuen.
  4. Irteera egiteko garaia da: Donostiako Elizbarrutian txanda hartu eta Donostiara egun pasa! Goizeko 9:30etatik eguerdiko 13:00ak arte egongo gara lanean, mikrofilmatutako orri zaharrak ixil-ixilik miatuz, markatutako helburuaren atzetik. Zenbaitek zorte izugarria izango du eta pentsatutako guztia aurkituko du, gauza harrigarriak deskubrituko ditu… Beste zenbait triste samar geratuko da, ez baitu ezer aurkituko… (Horregatik joaten gara  norabaitera bazkaltzera, ea jendea animatzen den!). Koldo Mitxelenara joaten gara eta hango ordenagailu batean gure eguneko esperientzia idatzi. Hemen kontsulta ditzakezue iazkoak: Boskote1, Boskote2
  5. Eta horixe izaten zen dena.
Barrenan Liburutegian

Aurten Genoomen erabilera erantsi diogu urteroko ekintza honi. Eraiki berria zenean egin nintzen partaide eta oso lan txukuna burutzen ari dira egileak. Ezinbestekoa da usuario bihurtzea. Norberak egin dezake hori, izena eta pasahitza asmatu ondoren. Ez da atari publikoa, familiakoek bakarrik konpartitzen baitute dena, erret familiakoa edo horrela ez bazara behintzat.

Erraz-erraza da gure arbola egitea, Googleren mapan kokatzea, argazki karpetak konpartitzea, familiakoen artean mezuak bidali eta jasotzea, urtemugak jakitea eta notifikazioak jasotzea… Gainera, ez dira derrigorrezkoak bikote “formalak” eta onartzen ditu sexu berekoak, ezkongabeak eta abar. Partaide bakoitzak bere fitxa propioa du eta bilaketa errazak egin daitezke: Klara izena dutenak, Mujika abizenekoak, Zaldibitarrak…

Genoom

2008. urtea ondo hasi dute katalan hauek, bigarren postuan geratu baitira Web Revelación 2007, Yahook antolatutako lehiaketan. Gainera, orain arte bezala jarraitzen badute, geratu gabe ari dira webgunea hobetzeko ahaleginetan. Nire zuhaitza egiten hasi naizenetik hainbat iradokizun egin dizkiet eta berehala erantzuten dute bere iritzia emanez edo zuzenean aldaketa burutuz. Irakasle bezala, ikasleen lana ikusteko aukera eskatu nien eta, handik gutxira, behaketa hori egiteko era erakutsi zidaten. Batxilergoko Giza taldean egin beharreko lanketarako tresna oso aproposa delakoan nago!

Genoom

Koordenatu geografiko sistemaren mapa interaktiboa

Mezu honetan, Euskal Herriko Mapa Interaktiboa nola egin genuen azaldu genizuen. Gaur, teknika berbera erabiliz, Koordenatu geografiko sistema izeneko mapa eraiki dugu.

Mapa hau, latitudea, longitudea, paraleloak, meridianoak… ikasleekin jorratzeko eraiki dugu. Bertan agertzen den informazio guztia Euskal Wikipediatik hartuta dago eta sagua puntuen gainean jartzerakoan zabaltzen den leihatilan klikatuz gero, informazio hori Euskal wikipedian dagoen orrira eramango gaitu.

Egia esan, sistema sinple hau erabiliz, beste gauza asko egin daitezke eta, orain arte bi mapa bakarrik eraiki baditugu ere, hemendik aurrera gehiago argitaratzeko asmoa daukagu. Giza gorputza, landareak, erliebea, astronomia… zain ditugu eta epe motzean osatzen joango gara. Gure asmoa bilduma bat osatzen joatea da.

Mapa hauek eraikitzeko erabiltzen dugun teknika arestian aipatutako mezuan azaldu genizuen eta erabilitako irudia eta gaiaren araberako doikuntzak burutzea besterik ez dago mapa berri bat sortzeko. Doikuntza horiek egiteko Firefoxerako Web Developer izeneko gehigarria erabiltzea aholkatzen dizuegu. Ea beste norbait animatzen den eta denon artean bilduma txukun bat osatzea lortzen dugun.

Ikas Komunitateak Kongresuan izan gara

Albiste pare bat ditut kontatzeko, bat ona bestea, ordea, txarra. Zeinekin hasiko naiz? Bada, azken honekin hasiko naiz, txarrarekin alegia.

Euskalduna Jauregian Euskal Herriko, Estatuko eta beste lurraldeetako mila berrehun irakasle eta adituak, gutxi gorabehera, bildu dituen kongresu honekOfline” bakarrik funtzionatu du. WiFi konexioa bazegoen ere, itxita eta erabili ahal izateko Euskalteli ordaintzeaz gain, prozedura nahiko korapilatsua. Hori lehenengo ustekabea. Bigarrenarekin txundituta gelditu naiz: IKTak Ikas Komunitateetan izeneko hitzaldian, hizlariek erakutsi nahi zituzten interneteko helbideak erakusteko ez zuten konexiorik. IE6 penagarria hortxe ibili da bere mezu triste hori behin eta berriro azalduz. Ez naiz gehiegi sartuko administrazioak horrelako jardunaldietarako hizlarien esku jartzen dituen ordenagailuak eta hauen Sistema Eragileak eta Softwarearekin, baina sare konexioa ez jartzearena oso larria iruditzen zait.

Zein motako ikas komunitateak eraikitzen ari gara? Gure ikastetxeetako hormetara mugatzen diren horietakoak? Akaso Internetek eskaintzen dituen aukerak Ikas Komunitateak sortzeko eta gizartean eragiteko ez dira hemen sartzen? Nik uste dut antolatzaileek aspektu hauek gehiago zaindu beharko lituzketela.

Oraindik ez dut ulertzen, gisa honetako ekintzetan, nola xahutzen den dirua horren erraz gauza anekdotikoetan: karpetak, axotak, koadernoak… denak logoa grabatuta, panelak logoarekin, catering kafea hartzeko… Hori bai, Internet bezalako “asiar luxua” nahi duenak ordaindu dezala eta kitto. Beharbada, jendea ez despistatzeko egingo dute.

Alderdi ezkorrarekin jarraituz, penagarria izan da Aragoiko Ariño-Alloza ikastetxeko irakasleen hutsegitea. Azken unean adierazi omen dute ezin zutela etorri. Izugarrizko ilusioak egin zidan beraiek zetozela jakiteak, aspalditik jarraitzen baitugu euren lan bikaina, batez ere Tablet PC eta Arbela Digital Interaktiboak erabiliz egiten dutena, baina horren ordez, hortzak zorrozteko moduko informazioa jaso dugu Lekeitioko Eskola Publikoaren eskutik. Sekulako baliabide pila (beste gauzen artean, 21 arbel digital 15 gela dituen LHko ikastetxe batean), hori bai, aitortu dutenez, egiten dutena gordeta dute :-( Hori ez dut uste Ikas Komunitatearen kontzeptua eta ideiarekin bat datorrenik, baina tira, horixe izan da IKTen inguruan kongresu honetan egin den aipamen bakarra. Etorkizuneko hezkuntza (eta ez naiz epe luzeaz hitz egiten ari) oinarri hauekin eraiki nahi badugu, berriro hankamotz geldituko garelakoan nago.

Beno, dena ez da txarra izan kongresu honetan eta, horregatik, bukaerarako alderdi positiboa utzi nahi izan dut.

Oso gauza interesgarriak entzuteko eta ikusteko aukera izan dugu. Esperientzia zoragarriak aurkeztu dira, oinarri teoriko sendoak azaldu zaizkigu. Baina zerbait goraipatu behar badut, nik azpimarratuko nuke Euskal Hezkuntza Sisteman lankide asko dagoela bere lanbidea maite duena, gauzak hobeto egiteko asmoa duena, zailtasunen aurrean etsipenean erori gabe irtenbideak bilatzen dituena… Hau da, askotan kritikatzen den irakasleon profesionaltasuna oso maila altuan uzten dutenak.

Izugarriak dira ikastetxe batzuetan egiten ari diren saiakerak eta horiek aurrera ateratzeko irakasleek erakusten duten grina eta kemena. Eskola demokratikoak, zentzu zabalenean, eraikitzeko xedez, eskolen funtzionamendua irauli nahi duten irakasleekin topatu gara eta aldaketa hori aurrera eramateko guztion konpromisoa bilatzen dutenak, baina euren burua aurretik jarriz eta adibidea emanez.

Giza baliabide hauekin, itxaropentsu egoteko arrazoi asko dago. Arantza bakarra, gisa honetako ekimenetan, oso gutxi dira lizentziatuen eremutik konprometitzen diren irakasleak. Akaso hauek ez al dute ikusten aldaketa horren beharra? Nik uste dut irakasleen eremu horretan gogoeta sakon baten beharra dagoela eta kalitatezko hezkuntza guztiontzat bermatzeko beste bide batzuk egon, badaudela, ikusi eta ezagutu beharko lituzketela. Eta horretarako, beste gauzen artean, honelako jardunaldietara joatea beharrezkotzat jotzen dut.

Asus eeePc: zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Asus eeePC

Duela egun batzuk komunikabideen bitartez jakin genuen IKASYS proiketutaz, Ikastolen Elkarteak laister martxan jarriko duen proiektua. Sarean zehar topatu ditudan iruzkinetan irakurri dudanagatik, promozio argazkietan azaltzen den ekipoaren inguruko jakinmina sortu da. Promoziorako erabili dituzten argazkietan ageri diren ekipoak Asus eeePC izenez ezagutzen diren ordenagailuak dira. Honen inguruan, nire zirikterokide batek bidalketa interesgarri bat idatzi du bere blog pertsonalean, esteka interesgarri mordo batekin gainera. Kuriositatea duzuenontzat, merezi du bistazo bat botatzea.