Ikasi jolastuz

Aspaldi ez nuela hainbeste disfrutatzen nire lankideekin. Benetan esaten dizuet, gutxitan izaten ditugu gaurkoa bezalako hain bilera emankorrik. Etapa eta profil akademiko ezberdineko bederatzi irakasle aritu gara bi ordu luzez ikasle eta irakasleon konpetentzien inguruan. Ez dakit nire lankideek baina nik burmuina irakiten atera dut bileratik, ideiak eta etorkizunerako lanerako proposamenak borboka etorri zaizkit burura etxerantz bazkaria prestatzera nindoala. Gaiak bere mamia dauka eta oraindik ez da unea heldu txoko honetan horrelakoetaz hitz egiteko. Patxada piska bat behar dugu eta hausnarketa tarte bat ere, baina zer esango dizuet ba…. lagunok, horrelako gehiago behar ditut!!

Gaurko bilerarako bilduta nituen hainbat erreferentziei errepasotxoa egiten ari nintzela, aprendizaia ez-formalaren inguruan nituen apuntetxo batzuk irakurtzerakoan gauza batek deitu dit atentzioa: bertan aipatzen zen gure gazteen prestakuntzan geroz eta garrantzia handiagoa duela ohiko ezagutza nukleo klasikoetatik (eskola eta fakultateak) kanpo geratzen diren informazioa iturriak, alegia, modu informalean jasotzen dutena: aldizkari, telebista, mota guztietako webguneak edota jokuetatik jaso dezaketena. Hemen aipatu dituen beste hainbeste informazio iturri gehiago aipatzen baziren ere, jokuen adibidea da bereziki “moska” utzi nauena. Benetan gure ikasleek lor ditzakete hainbestetan aipatzen ditugun konpetentziak (oinarrizkoak zein espezifikoak) jokuetan arituz? Demontre, zertan ari naiz ba ni, nire semeari Minijuegosetik urruti ibili behar duela esanez? :wink: Tira, txantxak alde batera utziz, burura etorri zaizkit azkenaldian nire del.icio.us-eko kontuan bildu ditudan joku batzuk. Joku hauek guztiek ezaugarri komunak dituzte:

  1. Ordenagailuko jokuak baldin badira ere, hauen erabilera arkatz edota margo “birtualen” erabileran oinarritzen da. Horrela, ikasle batek euskarridigitalaren gainean marraztu edo margotu besterik ez du egin behar.
  2. Jokatzeko prozedura zein den ikusita, primerako jokuak dira arbel digital interaktibo edota Tablet PC batzuekin erabiltzeko.
  3. Guztietan forma eta kolore ezberdineko gorputzen arteko interakzioak ematen dira. Gorputzek higitu, erori, biratu, arrastatu, talka egin eta elkarrekin interakzionatzen dute, prozesu honetan grabitatearen eragina klabea delarik. Hori dela eta, oso joku aproposak iruditzen zaizkit gorputzen arteko elkarrekintzak aztertzeko, talken azterketa eta mugimendu motak orokorrean: fisika arloan txertatzeko modukoak direla iruditzen zait.
  4. Joku hauek erabilgarriak izan daitezke Lehen Hezkuntzatik hasita Batxilergorarte.

Hementxe doa zerrendatxoa:

  • Phun: zuetako askok dagoeneko ezagutuko duzue. Ikasle suediar batek karrera amaierarako garatutako proiektuaren emaitza da. Jokua ordenagailuan instalatuta behar da; Windows, MacOS eta GNU/Linuxperako bertsioak daude. Nik Ubuntun instalatu dut eta arazorik gabe dabil. Duen interfazea (gaztetxoenentzat ez da oso erakargarria) eta eskaintzen dituen aukeren (elementu mordoa) arabera egokia ikasle helduenekin erabiltzeko dela iruditzen zait. Hona hemen bideo bat:

    Hemen bideo gehiago.

  • Crayon Phisics: aurreko batean eman genuen, blog honetan bertan, joku honen berri. Oinarrizko bertsioa da oraindik deskargatu daitekeen bakarra baina laister kaleratuko omen dute Deluxe bertsioa. Egokiago ikasle gaztetxoentzat, Lehen hezkuntzako azken ziklokoentzat, adibidez. Bila aritu banaiz ere, ez dut inon aurkitu zein plataformarako diseinatuta dagoen baina nik esango nuke Windowsen soilik erabil daitekeela. Hona beste bideo bat:

    Hemen bideo gehiago.

  • ScribbleWip: harrigarria da joku honekin gertatu zaidana. Pizarra Dixital izeneko blogan bere erreferentzia aurkitu dut baina ez dut inon topatu non demontre dagoen joku honen arduradunen webgunea. Gehienera ere jokua nondik jaitsi daitekeen aurkitzera heldu naiz. YouTubeko lotura honetan adierazten denez, jokua zip formatuan hemendik deskarga daiteke. Nik jaitsi dut eta bertan windowserako exekutagarria aurkitu dut bakarrik. Lehen begirada batean, aurrekoaren antza handia daukala esan daiteke. Agian ScribbleWip egokiagoa izan daiteke arbel digital interaktiboan erabiltzeko; Crayon Phisycs, berriz, Tablet PC batean. Hementxe beste bideo bat:
  • Magic Pen: flashen egindako web joku bat da. Horrek esan nahi edozein ekipotik erabil daitekeela arazorik gabe (interneteko konexio ona behar da). Egokiena arkatz digitalak erabiltzea bada ere, saguarekin ere arazo gehiegirik gabe jokatu daiteke. Erabilitako marrazki eta paisaiek ume txikientzako zuzendutako jokua dela garbia uzten dute. Joku honek, besteek ez bezala, marraztu behar diren irudien ereduak eskaintzen dira, umeari laguntzeko irudia marrazterakoan.
  • EGUNERAKETA (2008-07-24)

  • Fantastic Contraption: Flashen egindako beste joku bat. Itxuraren aldetik umeentzako bereziki diseinaturiko jokua badirudi ere, zailtasun maila handikoa iruditu zait niri. Honen adibide garbia azpiko bideoan ikus dezakezue.
  • EGUNERAKETA (2008-10-20)

  • Numpty Physics: Crayon Physics aplikazioaren klona baina GNU/Linuxerako. Aurrekoak bezala, BOX2DEngine motorea erabiltzen du irudiak renderizatzeko. Jokuak dituen maila guztiekin amaitzea lortzen baduzu, erabiltzaileek proposaturiko pista multzo gehigarriarekin probatu dezakezu.
  • EGUNERAKETA (2009-01-04)

  • Incredibots: Fantastic Contraption-en antzeko jokua. Azken honetan sortutako makina grabitateak kontrolatzen badu, Incredibots-en sortutakoaren gidari bakarra zeu zara. Hona hemen azpian jokua:

    Iturria: Pizarra Dixital

Probatu nahi badituzue aurrera. Eta horrelakorik zuen curriculumean txertatzeko asmoa baldin badaukazue, primeran. Zuen ekarpenen zain geratzen gara.

OHARRA: eskerrik asko Xa2 eta Mikeli zuen ekarpenengatik :wink:

Boolify

boolify

Aurtengorako zehaztu genuen IKT planaren barruan, aurretik definitu genituen ikasleen IKT konpetentzien jarraipena egiteko helburua definituta genuen. Horretan pasa dugu ikasturtea eta orain, bertan zehaztu genituen betetze maila baloratzeko unea heldu.

Oker ez banago Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat Google bilatzailearen oinarrizko erabilera menperatzeko helburua zehaztu genuen. Helburu horretan oso baliagarria serta daiteke Boolify bezalako gune bat. Zer da Boolify?

Librarians, teachers and parents have told us how hard it is for students to understand web searching. Boolify makes it easier to for students to understand their web search by illustrating the logic of their search, and by showing them how each change to their search instantly changes their results.

Interesgarria iruditu zait gure ikasleei bilaketa eraginkorrak egiteko prozedurak azaltzeko oso metodo argia delako. Gainera, aukera desberdinen artean euskaratzearena dago.

Interneten euskal hezkuntza sarea sortzeko aukerarik ba ote?

sarea

Asko dira, azken hilabeteotan, interneten sortu diren hezkuntza munduaren inguruko sareak. Hauetako batzuk, Classroom 2.0 edota Internet en el Aula adibidez, arrakasta handia izan dute, erabiltzaile kopuru izugarria biltzea lortuz oso epe laburrean. Beste maila batean, ingurune lokalago batean, antzeko fenomenoak gertatu dira ere: irakasle katalanen artean sortu dira hainbat sare (Educat eta Catala TIC) eta galegoz mintzatzen direnek ere badute eurena (Agora Rede). Irakaskuntzaren hainbat esparru edo arlo jakinen inguruan ere sortu dira horrelako txokoak, hala nola, ELEko irakasleen artean edota Arbel Digital Interaktiboa erabiltzen duten irakasleen artean. Ikusten denez irakasleen artean sareak sortzea modan dagoen zerbait da. Baina benetan modak dira edota irakasleok ditugun beste behar batzuen ondorioz sortutakoak dira?

Aldaketa garai interesgarria bizitzen ari gara gaur egun irakaskuntzan. Curriculum berriarekin batera, teknologia berriak bete-betean sartu dira irakasleon zereginean. Konpetentziak eta, bereziki, IKT konpetentziak nonahi aipatzen dira; ez da erraza ematen ari den iraultza honetan eroso sentitzea. Horregatik, hainbeste denboran bakarkako lanera hain ohituta egon den hezkuntza profesionala, lan astun honetan lagungarriak izango zaizkion tresnen bila irten da internetera. Irakasleria jabetu da, etorkizun laburrean suertatuko zaizkion erronkei arrakastaz erantzuteko, ezagutza trukatzea, esperientziak partekatzea, beste profesionalekin elkar komunikatzea… behar beharrezkoa dela. Horrela, modu espontaneo batean, egoera profesional, titulazio eta hezkuntza sare desberdinetako irakasleak sare sozial ezberdinetan elkartzen hasi dira. Antza denez gainera, euren beharrak asetzen dituen aplikazio egokia aurkitu dute ere, izan ere, hauetako sare gehienak Ning izeneko plataforman oinarriturik sortu dira. Dirudienez irakasleok eroso sentitzen gara Ningek eskaintzen duen ingurunean.

Eta, bitartean, Euskal-Herrian zer? Bada hemen jarraitzen dugu “euskaldunon modura” lan egiten, alegia, esfortzu, ilusio eta lan askorekin baina bakoitza bere aldetik. Euskaldunak horrelakoak omen gara, oso erreserbatuak omen gara gure gauzetako; norbera, bere etxe barruan, landalan ari den bitartean ezer gutxi daki atari bereko bizilaguna ari denaren inguruan. Tarteka, etxeko eskaileretan topatzen garenean “Iepa, zemuz?” esaten diogu elkarri eta bizilagunari zertan ari den galdetzera ere ausartzen gara batzuetan. Hori bai, espaloi berean bizi diren atari desberdineko bizilagunen inguruan ezer gutxi jakiten dugu eta, are gutxiago, pareko espaloian bizi diren edota auzoko beste edozein kalean bizi direnen inguruan ere. Historikoki gure herria biztanle nukleo oso txikietan banatutakoa egon da, gizartea nahiko fragmentatua egon da duela gutxi arte. Ez dakit zenbaterainoko paralelismorik egongo ote den honen eta interneten euskal hezkuntza komunitatean gertatzen ari denarekin baina bitxia da ikustea, hemen ere, mikrokosmosak, mikroproiektuak, mikrokomunikazioak nagusitzen direla.

Zalantzarik ez daukat euskal irakasle komunitatearen presentzia interneten geroz eta garrantzitsuagoa izaten ari dela; batek esango lukeen bezala, “gehiago ikusten zaigu”. Ilusio eta esfortzu handia ikusten da baina bizi dugun errealitatea erabat barreiatuta dagoen komunitate batena da; bakoitzak bere aldetik gauza interesgarri ugari egiten ditu baina ez da inondik somatzen talde izpiriturik, elkarlanerako, iritzi trukaketarako, esperientzien partekatzerako konpromiso handirik. Adibide sinple bat jarriko dut; geroz eta gehiago gara WordPress MU erabiltzen dugun hezkuntza komunitateak. Aplikazioa euskaratuta badago ere, apenas aurki daitezke euskaratuta dauden azalak. Apustu egingo nuke komunitate hauetan alferrikako lanean ari garela azalen itzulketan. WPMU bezalako tresna bat unibertsitatean, eskoletan zein euskaltegietan erabiltzen den aplikazioa bada, zergatik ez gara gai irakasleok auzolanean horrelako proiektutxo bat aurrera eramateko? Hain zaila al da, denon artean lana banatzea eta lan horren emariaz denok baliatzea?

net

Euskal irakaskuntza munduan fragmentazio handia ikusten dut, gaizki ulertutako konpetentzia sumatzen da maila guztietan, unibertsitatean zein derrigorrezko hezkuntzan. Batzuek pentsa dezakete hori positiboa dela, eskaintza zabala eta anitza dagoela, horrek lehiakortasuna eta etengabe hobetzeko konpromisoa ekartzen duela. Egia izan daiteke baina hezkuntza erakundeek, bakoitzak bere aldetik aurrera egi nahi dutenean, norberaren ekarpenak erakundeko lau pareten artean gordeta geratzen direnean, helburua besteen gainetik halako lasterketa zoro batean irabaztea denean, hezkuntza mundua inongo harremanik gabeko ezagutza bilguneetan zatikatuta geratzen da. Erakunde bakoitza, ezagutza nodo isolatu batean bilakatzen da eta horrek, azken finean, sistema osoaren bilakaera egokiari eta hobetzeko kapazitateari zuzenean eragiten dio. Nodo hauen artean komunikatzeko, interakzionatzeko eta elkarren berri izateko zubiak eraikitzen direnean, lortzen dira etekinik hobenak, orduan jasotzen ditu gizarteak gure lanaren etekinik handiena. Sareak eraikitzen direnean, ezagutza fluxuak ahalbidetzen direnean orduan da inoiz baino egingarriagoa berrikuntza eta kalitatea, orduan da inoiz baino errazagoa elkarrekin aurrera egitea.

I. ZirIKTxotxa ospatu genuen pasa den larunbatean

zirikteroakGure bloga jarraitzen duzuenok dagoeneko ezagutuko duzue pasa den urtarrilaren amaieran ikastoletako IKT dinamizatzaile batzuk abian jarri genuen ZirIKTeroak izeneko proiektu berria. Ordutik hona asko izan dira taldean izena eman duten eskola sare eta erakunde desberdinetako irakasle eta arduradunak. Poliki-poliki taldetxoa handitzen doa eta, nahiz eta bertako kideok, birtualki elkar ezagutu, beharrezkoa ikusten genuen fisikoki ere elkartzea; sareko irudiei ahotsa eta gorputza ipini, bakoitzak dituen lehentasunak zeintzuk diren ezagutu, une honetako bakoitzaren lehentasunak zeintzuk diren ezagutu… Elkar ezagutu eta, bide batez, aitzakia bilatu eguna elkarrekin disfrutatzeko.

Helburu honekin Axular ikastolako Larrek I. ZirIKTxotx topaketa aurrera eramateko proposamena luzatu zigun sareko kide guztioi. Lehen deialdi honetarako hamaika kidek eman genuen izena. Donostian elkartuko ginenok zertaz jardungo ginen proposatu ondoren, Juanek eguneko gai zerrenda lotuta utzi zuen pasa den ostiralean.

Larunbatean, goizeko hamarretarako bidean ginen Goierrialdetik Donostiarantz Aitor eta biok. Bidean Mikel eta Joxerramon jaso ondoren, puntual heldu ginen Axular ikastolara. Hantxe genituen zain Juan, Larre eta Xabier. Donostian zehar makina bat buelta eman eta gero Antza denez Google Maps-ek ez omen zituen gauzak oso garbi azaltzen :wink: ), beranduxeago agertu ziren Abel eta Pedro (hauek Santurtzitik zetozen) eta Javi eta Ibon (Galdakaotik hauek).

Agindutako kafetxo eta pastei errepasotxo eman ondoren, bakoitzak bere aurkezpentxoa egin zuen. Egia esan aurkezpen laburren bitartez goiza di-da batean pasa zitzaigun.

  • Joxerramonek bere ikastolan garatzen ari diren aldizkari digitalaren aurkezpena egin zigun. Usurbilgo Udarregi ikastolan ikasleak dagoeneko kazetaritzaren oinarriak nola ezagutu eta erabiltzen dituzten ezagutzea interesgarria iruditu zitzaidan..
  • Larrek fisika, kimika eta geologiako flash fitxategien itzulpenarekin izandako esperientzia aurkeztu zigun. Azken hauetan egindako lana benetan kalitate handikoa dela iruditu zitzaidan.
  • Juan Moodleeko galdetegi eta glosategietan bildutako edukiekin, Game izeneko modulu bat erabiliz, sor daitezkeen jokuen inguruan aritu zen. Flipantea 50×15 telebistako programaren klona!
  • Ibonek Lyxen azalpena egin zigun. Estilo txukunak erabiliz, dokumentu luzeak (tesiak eta antzekoa) prestatzeko tresna paregabea dela behin eta berriro adierazi zigun. Arazo teknikoak zirela medio, ezin izan genuen bere potenzialidade osoa behar bezala ezagutu. Hori dela eta, hurrengorako 500 orrialdeko tutoriala prestatzeko konpromisoa hartu zuen Ibonek. :lol:
  • Abelen aurkezpena oso interesgarria izan zen. Moodleen esperientzia handiko gizona da eta hori garbi uzten du hitz egiten duenean. 1.7 bertsioaren ondoren, Moodleek izan dituen hobekuntza nagusienetako bat Rolak definitzeko aukera izatearena da. Horrela, Moodle ikastaroak soilik eman/jasotzeko plataforma bat izatetik eskola komunitate osoaren gune birtuala izateko aukerak eskaintzen dituela esplikatu zigun. Horrela, Moodle erabiliz aukera daukagu Ikuskatzailearen erabiltzailea definitzea, blogari-rola, liburuzaina edota, zergatik ez, gurasoa ere. Azken aukera hau oso interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, beti hartu dut Moodle ikasle eta irakasleentzako tresna bezala; sekula ez zait burutik pasa gurasoak ere izan daitezkeela Moodleeko erabiltzaileak eta, rol egokiak definituz, aukera izan dezakete oso modu sinplean , euren seme-alaben inguruko kalifikazio, txosten eta bestelako informazio kontsultatu ahal izateko. Ulertzea hain gauza sinplea den honek gure ikastolan eragin handia izan dezakeela garbi daukat, izan ere, hortxe gabiltza gure intranetarekin antzeko gauzak nola burutu daitezkeen asmatu nahian eta ez gara konturatu dagoeneko erabat garatuta izan dezakegula horrelako aukera bat Moodle erabiliz. Ibonek dioen bezala, hortxe gabiltza, beti gurpila berasmatzeko asmoz, Michelinek 1889. urtean dagoeneko asmatu zuela jabetu gabe.

Ordu biak aldera bukatu genuen goizeko saioa. Jarraian Hernanira abiatu ginen. Hantxe pote bat hartu eta zuzenean Iparragirre sagardotegirantz abiatu ginen. Hantxe ibili ginen munduko arazo guztiak nola konpondu aztertzen. IKTak gora IKTak behera, hezkuntza handik eta hezkuntza hemendik…. Jesuuussss!! Ez ginen ixilik egon ezta txotxa egitea tokatzen zenean ere! Bazkalostean, Hernanitik tragotxo bat hartu ondoren, etxaldera bueltatu ginen txintxo txintxo arratsaldeko zortziretarako, gai-zerrendan zehaztuta zetorren modura. Hementxe uzten dizkizuet egunean zehar aterako argazki guztiekin sortutako bilduma:


Honen antzeko argazki gehiago bilatu ZirIKTeroak(e)n

Oso esperientzia polita izan zen eta ni behintzat gauza berri ugari ezagutzeaz gain, ederki pasa nuen taldean. Esperientzia berriro errepikatu beharrean gaudela denok aho-betez onartu genuen. Ea hurrengorako ZirIKTeroak taldeko kide gehiago animatzen diren. Egia esan lehenik eta behin taldekide askori antzematen zaien lotsa edo beldurra gainditu beharko litzateke Ibonek gaur bertan bidalketa batean azaltzen zuen moduan. Tira, piskanaka piskanaka urratsak ematen joango garela ziur nago; ea datorren ikasturtearen hasieran izango dugun II. topaketan aurpegi berriak ikusten ditugun. Eta bide batez, idatzi hau aporbetxatu nahi dut, IKTak, irakaskuntza eta euskararen inguruan zer ikasi eta zer esana duen edonori taldeko kide bihurtzeko gonbitea luzatzeko.