Bihotz Gaztea goxo-goxo

Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako kideei gure zorionik beroenak luzatu nahi dizkiegu 20 minutos-en albistea hau irakurri eta gero.

DBH 1A gelako ikasleen bloga da Eusko Jaurlaritzak saritu duen Euskadiko eskola blogarik onena. Blogaren izena BIHOTZ GAZTE GOXO eta bertan horrela aurkezten dute euren burua:

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan DBH 1Ako ikasleek sorturiko bloga duzue hau. Bertan eskolak egunerokoan ematen dituen hainbat berri, laguntza, komentario … eta abar plazaratuz gain, geure interesekoak diren zaletasunek ere izango dute euren lekua. Jakina denez, nahi duen edonori luzatzen diogu parte hartzeko aukera.

Tira, zorionak berriro ikasle eta irakasle guztiei eta eutsi goiari!!!

Mikeli egindako elkarrizketa Euskadi Irratian

Uztaila hasiera gogorra izan dugu aurtengoa Ikterook. Azken urteotan ohikoa bihurtu den HikHasik antolatutako ikastaroez gain, IRALEko irakasle talde birekin ere aritu gara. Ikastaro trinkoak izan dira biak, sei egun jarraian bost ordu egunean eraman dugu interneteko baliabideak irakaskuntzan erabiltzea ekar ditzaketen onurak azaltzen. Ni pertsonalki, nahiko nekatuta bukatu dudan arren, erabat asetuta geratu naiz izan ditugun ikasleengandik jaso dugun harrera, jarrera eta ilusioarekin. Balantzea ezin hobeagoa izan da.

HikHasiko ikastaroen azken egunean, Mikelek Euskadi Irratitik elkarrizketa egiteko gonbidapena jaso zuen. Agian zuetako batzuk Arratsaldekoa saioan Mikelek esandako guztiak zuzenean entzuteko aukera izan zenuten. Nik, ordea, ez nuen aukera hori izan eta berehala ekin nion elkarrizketa euskarri digitalean lortzeari. Atzo bertan eskuratu nuen elkarrizketaren grabazio osoa eta hementxe ipintzea erabaki dut.

Elkarrizketa luzea egin zioten Mikeli (25 minututik gora). Irakaskuntza, teknologia berriak, berrikuntza, jarrerak, elkarlana… izan ziren aipatutako gaiak. Gustura entzun ditut Mikelek esandakoak, ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Eguneraketa (2008-07-21): ez dakit zer gertatu den Evocarekin. Arazorik gabe igo dut audioa eta goizean ederki asko entzuten zen. Orain ez Mikelen elkarrizketa, ezta aurretik igota nituen beste fitxategiak ere ezin ditut entzun. Tira, hemen uzten dizuet beste erreproduzitzaile desberdin bat. Ea oraingoan dena ondo doan.

Eguneraketa 2 (2008-07-21): Antza denez Evocaren arazoa konpondu da.

Flickr-eko argazkiak Google Maps edo Earth-en

Tira, oporretan gaude eta azalpen txiki bat besterik ez dut eman nahi. Ea ulertzen didazuen.

Flickr-eko argazki bilduma bat zure Google Earth edo Google Maps-en kokatu nahi duzu? Bada, jarraitu pausu hauek:

  1. Kokatu nahi duzun albumak, geolokalizatuta egon beharko du
  2. Kopiatu zure argazki bildumaren ID zenbakia
  3. Webgune honetan horretarako duzun eremuan itsatsi
  4. Azpian agertzen diren parametroak zehaztu
  5. “KML file” edo “Open in GoogleMaps” hautatu
  6. KML fitxategia jaisten baduzu, zuzenean, Google Earth-en ikusi ahal izango duzu
  7. Google Maps-en irekitzeko ehautatzen baduzu, zuzenean bertan irekiko zaizu

Gero, zure mapa horiek zure blogean argitaratu nahi badituzu, bi hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

Google Earth

  1. Jaitsi duzun KML fitxategia zure zerbitzarira igo
  2. Fitxategi horren helbidea kopiatu
  3. Web honetan horretarako duen eremuan itsatsi
  4. Fitxategia kargatu
  5. Mapa zentratu eta zoom egin zure gustura utzi arte
  6. “Set center & zoom” botoia sakatu
  7. “Generate embed code” botoia sakatu
  8. Ematen dizun kodea kopiatu eta zure gunean itsatsi
  9. Voila! mapa zure gunean daukazu
  10. Zure irakurleei Google Earth Browser plugina instalatu beharko dutela ikusi ahal izateko gogorarazi

Google maps

KML fitxategiaren helbidea Google Maps-en itsatsi eta mapa irekiko zaizu. Orain, goazen ikustera zer egin beharko dugun gure gunean argitaratzeko mapa hori.

  1. Maparen gainean (eskuinaldean), “Link to this page” irakur daiteke, bada bertan klik egin
  2. Bi aukera agertuko zaizkizu:”Paste link in email or IM” maparen esteka lortzeko eta “Paste HTML to embed in website” zure gunean mapa txertatzeko
  3. Azken kode hori kopiatu eta zure gunean itsatsi
  4. Mapa hori zure gunean kokatuta daukazu

Bai, badakit bestelako bideak erabil daitezkeela mapak erakusteko, baina hau oso erraza eta praktikoa iruditu zaidanez, hementxe zabaltzea otu zait.

Ah, ahaztu zait, urtero bezala, gure ikastola hankaz gora daukagu egiten ari garen obrekin. Jangela eta Areto berriak egiten ari gara. Aretoa lehenago aterpe bat genuen tokian kokatuta egongo da eta horko argazkiak dira mapa hauetan jarri ditudanak.

Bukatzeko, aukera hauei aplikazio didaktiko ezberdinak ikusten dizkiet eta horra hor, bat batean, bururatzen zaizkidanak:

  • Euskal herriko flora edo faunaren (edo beste edozein gauzarena) mapa ekoiztu: irudiak atera eta mapan kokatu, taxonomia landu…
  • Mapa historikoak ekoiztu: gertakari historikoen guneak kokatu, informazio osagarria sartu…
  • Mapa kulturalak ekoiztu: museoak, kontzertuak, eraikin historikoak…
  • Ibilbide ezberdinen mapak ekoiztu: mendiko bideak, antzinako galtzadak, bidegorriak…
  • Geografikoak: ibaien ibilgua, mendiak, lautadak…
  • Gune industrialak: lan sektoreak, produkzioa, populazio banaketa…
  • … eta bururatzen zaizkigun gainontzeko guztiak

Lap Tup-niquim: idazmahai digitala

Sanbaren lurraldetik idazmahai digital honen berri jaso dugu. Orain arte, arbela digital interaktiboa, tablet PC, eramangarri txikiak… genituen, baina proiketu berri honen ideia ez da batere txarra. Zertarako traste gehiago gelan? Ordenagailu bihur ditzagun gure idazmahaiak.

Albistearen inguruko xehetasun gehiago La flecha egunkari digitalean. Jarraian, bideo bat jarri dizuegu zertaz ari garen hobeto ikusteko.