Azterketak eta irteerak (agur)

Lehenengo egunean idatzitako artikulua autokritikarako tarte bat irekitzen bukatu nuen. Gaur, hori da nire asmoa, ahaleginduko naiz azaltzen zein izan den irakasleon jarrera hezkuntzaren bilakaeraren aurrean.

Euskal Herriari dagokionez, ikuspegi orokor batetik enfokatuta, esan dezakegu 60 eta 70eko hamarkadetan Ikastolak aitzindari izan genituela eta, egiturazko aldaketa sakon ugari ezarriz, Hezkuntza Sistemaren berriztapenaren motorra izan zirela. Garai hartako irakasleek eta gurasoek militantzi kutsu nabarmena zuten eta berriztapenen aurrean jarrera ezin hobea erakutsi zuten. Bien bitartean, Sistema Publikoak Frankismoaren sareetan harrapatuta jarraitzen zuen eta sare pribatuko ikastetxeei dagokienez, ez dago horrelako adierazpen egiterik, izan ere, ikastetxe batzuk esperientzi berritzaileak inplementatzen ari ziren bitartean, beste batzuk katakonben iluntasunean jarraitzen zuten.

80ko hamarkadan, Ikastolak, eginiko bidea aprobetxatuz, beste zereginetan aritu ziren eta hasierako urteetan eginiko hanka-sartzeak zuzentzeko aukera izan zuten. Nolanahi ere, Euskal Herriko egoera politikoak asko baldintzatzen zuen ikastolen dinamika. Sistema Publikoak, Frankismoaren aztarnak uxatu nahian, lehenengo pausuak eman zituen galdutako denbora berreskuratzeko eta gizarteak eskatzen zuen eredura hurbiltzeko.

90eko hamarkadan jaiotze tasaren jaitsiera areagotu egiten da eta ikastetxeen iraunkortasuna bermatzeko ahaleginak egiten dira “bezeroak” erakartzeko eta gustura mantentzeko. Ikastetxeak lehia batean murgilduta azaltzen dira. Zerbitzu berriak eskaintzen dira eta hauek ahalik eta ondoen antolatzeko mila ahalegin egiten dira. Ikastetxeen arrakastaren gako nagusienetako bat bilakatzen dira. Guraso eta ikasleen asetzea lehenesten da. Honekin batera, gizartean indarrean zeuden baloreen gainbehera nabarmena bizi dugu. Azken honek ikastetxeetan biziki eragiten du: gurasoek euren seme-alaben morroi bihurtuta, ikastetxeen laguntzaileak izateari utzi eta presionatzeari ekiten diote, irakasleen lana zalantzan jartzen da, ekarpen eraikitzaileak alde batera utzi eta era guztietako eskaera egitea arrunta bihurtzen da…

Panorama horretan kokatu behar dugu gaur egungo Hezkuntza Sistema eta horren aurrean ikastetxeen eta irakasleon jarrera. Nola jokatzen dugu?

Nire iritziz, ikastetxe eta irakasle gehienen jarrera amore ematearena izan da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hau da, ikasle eta gurasoak “lasai” mantentzearren, funtzionarioaren jarrera indartu eta areagotu egin da. Zer nahi duzue? Lasai, guk zilarrezko erretiluan eskainiko dizuegu. Jarrera honekin beste jarrera bat elkarrekin bizi da: era arduratsuan eta erantzukizuna bere gain hartuz jokatzen saiatzen diren irakasleena. Multzo honetan aipagarria da sortu den figura berria: irakasle “errea”rena hain zuzen ere. Baina ez genuke ahaztu behar beste arazo berri bat sortzen ari dela: ikasle “errea”rena, eta horrek bai biziki kezkatzen nauela. Multzo honetan sartzen dira ahaleginak eta esfortzu handiak egiten dituztenak eta ikusten dutenak nola batere saiatu gabe euren ikaskide askok, azkenean, pareko emaitzak “lortzen” dituzten.

Gauzak horrela, zer egin dezakegu? Nola jokatu beharko genuke? Ba al dago irtenbiderik?

Nik uste dut irtenbide egon badagoela eta ahal duguna egin beharko dugula egoerari buelta emateko. Nik proposatzen dudan irtenbideak honako atal hauek jaso eta bermatu beharko lituzke:

  • Ikastetxe guztiek euren kode etikoa adostu eta garatu beharko lukete.
  • Hezkuntza komunitatea osatzen duten partaide guztiek ezagutu beharko lukete eta jakin beharko lukete errespetatu eta errespetarazi beharko luketela.
  • Hezkuntza Sistemak profesionalen lanari garrantzia emateko eta errekonozitzeko, antzinatasuna ez ezik, berriztapen proiektuetan duten partaidetza, ezartzen dituzten berrikuntzak, etengabeko formazioan eginikoa… saritu beharko lituzke.
  • Hezkuntza komunitateko partaide guztien elkarkidetza sustatzeko foro eraginkorrak eta eragingarriak eraiki beharko lirateke.
  • Etorkizunean sartzeko, hezkuntza sistemak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritu beharko luke, eta, horrez gain, eskariaren etengabeko dibertsifikazioari erantzuteko gai izan beharko luke.
  • Ikasle eta irakaslearen rol tradizionalak aldatuz joan beharko luke. Irakaslea ikasketa prozesuaren bideratzailea, hau da, transmisore hutsa baino gehiago aholkulari-tutore bihurtuko litzateke, eta ikaslea bere ikasketa prozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izatera iritsiko litzateke. Horretarako, era guztietako ikas sare eraginkorrak antolatu beharko genituzke.
  • Bezeroen epe motzeko asetzea bilatu ordez, asetze integrala bilatu beharko luke, hau da, epe ertainean nahiz luzean komunitatearen asetzea lortzen duena.

Bukatzeko, Prospektiban, aurkitu dudan dokumentu hau aholkatzen dizuet.

Gai honen inguruko eztabaida zabalik dago eta zuen ekarpenak estimatuak dira.

Azterketak eta irteerak

Ekainaren hasiera heldu da. Gurekin ditugu ikastetxeetako urteroko kontuak eta urteroko miseriak: azterketak, irteerak, errekuperazioak, datorren ikasturtea antolatzeko lehen urratsak…

Ikasle gehienen pozak irakasle eta gurasoen urduritasunarekin nahasketa bitxia eta aldi berean, kasu gehienetan, estresagarria sortzen du. Batzuek, ikasturtearen amaiera ikusten duten bitartean, besteak emaitza akademikoen kalitateari so daude. Batzuk euren liburuak San Juan sura botatzeko unea noiz iritsiko zain dauden bitartean, besteak betiko kezkekin agertzen dira: bukatu ez dudan gaia hautaproban jarriko al dute? Nire seme-alabak gaindituko al ditu gai guztiak? Errepikatu beharko ote du?…

Ikusten duzuenez, gure gizartean gauza asko aldatzen ari diren bitartean, hezkuntzaren mundu honetan gauza askok betikoan dirau. Aditu bati entzun nion XV. mendeko pertsona bat gure gizarte honetara itzuliko balitz, bi lekutan eroso sentituko litzatekeela, aldaketa ez lukeela nabarituko, alegia: eliza batean eta ikasgela batean. Eta ez dut uste oso oker dabilenik hori adierazten duena, izan ere, bi eremu horiek nahiko jarrera ezkorra azaltzen dute berriztapenaren aurrean.

Nolanahi ere, ene iritziz, baieztapen hori egiaren zati bat besterik ez da, hobeto legoke gisa honetako adierazpena: hezkuntzaren munduan aldatu beharrekoa apenas mugitu ez den bitartean, mantendu beharrekoa pikutara joan zaigu. Metodologiari dagokionez, egungo baliabide eta ezagutzekin gauza asko berritu dezakegun arren, aitortu beharko genuke oso gutxi ari garela aldatzen, ahal duguna baino askoz ere gutxiago, behintzat. Bestalde, ikasle-guraso-irakasle trinomioaren errealitatea erabat aldatu da. Ikasleek estatu kolpea eman zuten eta, gurasoen oniritziaz, irakasleen estatusa aldarazi egin zuten. Hortxe bai ezagutu dugula aldaketa sakon eta erradikala. Irakasleen lana gutxiesten da, ikasleen hitzak urrearen balioa du, seme-alaba nerabeekiko gurasoen makurkeriak ez du mugarik, gurasoek duten ahalmena ikastetxeetan ekarpenak egiteko erabili ordez, presionatzeko erabiltzen dute…. Horrela bihar arte jarrai nezake baina ez nuke azaldu nahiko besteen akatsen salatari gisa eta isildu egingo naiz.

Autokritikarako txanda ere zabaldu nahiko nuke. Izan ere, zer egin dugu irakasleok errespetatuak izateko? Zer egin dugu gure lanaren baliagarritasunaz gizartea ohartarazteko? Zer egin dugu gure duintasuna bermatzeko?… Erantzuna: ezer gutxi. (Jarraituko du)

Argazki kamera berria oporretako

Oporrak gertu izanik ikastolako guraso, irakasle eta ikasle askok oporretako argazkiak ateratzeko argazki kamera digital berri baten bila arituko zarete ziurrenik. Gaur irakurri dut Xatakan Sony-k bere argazki kamera konpaktu beria aurkezten duela ofizialki. Harrituta nago gertakari honekin, aspalditik bainuen nik kamera honen berri eta uste dut aspalditik dagoela salgai interneteko online denda gehienetan. Badirudi, kamera honek berrikuntza ugari dakartzala; Carl Zeiss lente sistema berria, iraupen handiko bateria txikia, 2,5 hatzetako pantaila… Eta hori guztia apenas zentimetro bateko lodieran. Hemen ikus ditzakezue bere ezaugarri guztiak eta salmenta prezioen alderaketa bat.

Nahi izanez gero, kontsulta dezakezue ere orain dela egun batzuk IKTeroak blog honetan zintzilikatu genuen beste albiste hau.

Sonyk eginiko mahai gaineko PCa

Egun hauetan ikastolako ordenagailuak berritzeko prozesua abian jarri da eta erosi beharreko ordenagailuen ezaugarriak aztertzen ari direnentzat, Xatakan aurkitu dudan informazioa baliagarria izan daitekelakoan nago. Zoritxarrez, ordenagailu dotore hauek Japonian bakarrik eros daitezke baina datozen ordenagailuen ezaugarrien nondik norakoa ezagutzeko balio dezake.

Sony etxeak Japonian aurkeztu du bere mahai gaineko ordenagailua:SONY Pentium D “VAIO type R”.

Sony Vaio

Itxura dotore duen ordenagailu honek 3 GHz-ko Pentium D 830 prozesadorea du eta 500 Gb-eko (250 Gb-eko 2 unitate) diska gogorra. 19 hatzeko monitoreak 1280X1024 bereizmena du eta ordenagailuak GeForce 6600 txartel garafikoa dakar. Txartel honek NVIDIAk garatutako UltraShadow II teknika berritzailea eskaintzen digu. Ideia bat egiteko, zinean arruntak diren 24-25 fotograma/segunduko erraz gainditzen ditu bere 42 fotograma/segunduko abiadurarekin. Honek, bereziki jokuetan aritzeko, egundoko hobekuntza dakargu.
Hori guztia gutxi balitz, Gigabit sare txartelarekin dator, USB 2.0 zazpi gune, txartel irakurgailua, telebista hartzeko konexioa, urrutiko agintea…

Jakin badakit, gisa honetako ordenagailuak ikastolako gela guztietara iristerako urte batzuk igaro beharko dutela baina, ikastolako bideoak, CDa, aldizkariak… ekoizteko, IKTeroen bulegoan ez legoke gaizki.

Bakoitzari berea

Gaur, nire lankidea eta, batez ere, lagun mina den magic-ekin haserretu egin naiz. Bart gauen nire posta elektronikoa irakurtzen ari nintzela bere mezu bat jaso nuen. Bertan, Sustatun Joxe Aranzabalek, 30 blogarien izenean, idatzitako mezu bati emandako erantzun baten berri ematen zidan. Eta bere erantzuna irakurri ondoren ez naiz gustura geratu.

Gure ikastolako blog honek apenas bete ditu 50 egun. Gure artean hitz egiten dugunean, askotan aipatzen dugu kasualitatearen ondorioz jarri zela martxan proiektu hau; baina, barne barnean, nik badakit ez dela horrela. Aspalditik jasotzen nituen Sustatuko feed-ak nire korreoan. Zenbat gauza ikasi ditut Sustaturi esker! Halako batean, Joxe Aranzabalen berri izan nuen. Onartu behar dut behin eta berriro jotzen nuela Sustatura Joxeren mezuen bila. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka ezagutu nituen Goiena.net eta Eibar.org bezalako komunitateak. Ez da makala izan blogari hauek egindako lana! Zuek, denok, izan zarete IKTeroak sortzearen “errudun”.

Euskal blogosferaren partaide garenok garbi dugu zein izan den gure orainaldiaren jatorria eta bere bilakaera. Horregatik horrelako adierazpenek:

Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs

merezi dute Joxek egindako gaitzespenak. Erabat gaude ados zure baieztapenekin.

Halere, ukaezina da horrelako proiektuak aurrera atera ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa izan dela. 2001. urtea geroztik gure ikastolak izan duen bilakaera IKTen esparruan ez da txantxetakoa izan, eta bilakaera hau, batez ere, Foru Aldundiaren konpromisuari esker izan da. Beste hark esango lukeen bezala, non ginen eta non gaude!!! Azken urteotan gure Foru Aldundiak (gurea diot, gurea izan delako bakarra IKTen garapenaren aldeko apostua egin duena EAEko hiru herrialdeetan) egin duen ahaleginaren ondorioz ditugu gure ikastolan sarea, eGela eta IKTeroak bezalako proiektuak aurera eramateko baliabideak.

Kanpotik datozen laguntzak oso garrantzitsuak izan arren, ezerezean geldituko lirateke erakunde bakoitzak ez balitu izango atzean pertsona konprometituak. Horrelako eginkizunek (eta beste askok) gizakion konpromisoaren beharra dute… eta hor egon da beti magic. Nire ondoan, nire zalantzei erantzuna emanez, askotan nire eginkizunak bere gain hartuz, nire erabaki askoren erantzule izanik… IKTeroak ez litzateke gaur egun dena izango magic-en laguntzarik gabe. Eskerrik asko magic!!

Gaur magic-ekin haserre nago, baita Foru Aldundiarekin ere. Baina bihartik aurrera, eta aspaldi honetan gertatu ohi den bezala, elkarlana izango da nagusi. Beraz, honen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuet denoi. Zuen konplizitateari esker IKTeroak bezalako proiektuak aurrera darrai.