Grabatu zure CDa SGAEri ordaindu gabe

Anari

Idatzi labur honen bitartez, abeslari bikaina eta gure ikastolako irakaslea den Anariri, aukera bat erakutsi nahi diot bere diskoak beste modu batez argitaratzeko. Gauza bera musikaren mundu horretan lehen urratsak eman nahi dituzten gazte eta ikastolako ikasleei.
Dagoeneko, asko dira Musika Askea argitaratzen hasita daudenak eta beste batzuek SGAEren jardun mafiosoa nola saihestu asmatu dutenak.
Bitxia da oso editorea eta egilea pertsona bera denean sortzen den egoera; Escolar.net-en oso ongi adierazita dago Gomaespumakoei gertatutakoa.
Horrelako egoerak ez errepikatzeko, batzuek asmatu dute , SGAEri sosik ordaindu gabe, disko bat argitaratzeko egin daitekeena.

Nola txertatu bideoa mezu batean

Agindu bezala hemen natorkizue gaur atzoko mezuan txertatutako bideoaren “making of”-a azaltzea :wink: . Aldez aurretik esan beharra dago zuen weblog-a hosting propio batean baldin baduzue ez dela beharrezkoa jarraian adierazitako pausu guztiak ematea. Gure kasuan, Blogsome-k ez du aukerarik ematen bideoak igotzeko, beraz, beste bitarteko batzuk erabili behar izan ditugu. Pentsatzen dut zuetako askok egongo zaretela gure kasu berdinean, beraz, hementxe azalduko dizuet zeintzuk izan diren emandako pausuak:

  1. Bideoa prestatzea da lehen urratsa. Adibidean ikusten dena nire argazki kamerarekin aterata dago. Bideoa zintzilikatzerakoan jaistea ahalik eta azkarren suerta dadin bideoaren bereizmena, bitrate-a, fps-ak… aldatzea komeni da. Formatua eta kalitatea aldatzeko aplikazio ugari daude sarean. Nik Windows Media Maker erabili dut (WXp-rekin datorrena) erabilterraza delako batez ere, halere, badira hau baino hobeagoak diren tresnak dohain (Virtual Dub ospetsua, adibidez). Adibide gisa erabilitako bideoaren ezaugarriak ondokoak dira:

      Formatua: windows media video (wmv)
      Bitrate: 340 kbps
      Bereizmena: 320×240
      fps: 25

    Ezaugarri horiekin 29 segunduko bideo zati honek 1,15 Mb-eko lekua hartzen du. Nik uste dut nahiko kalitate onean ikusten dela. Probatu dut ere fps-ak 15era jaistea, baina horrela artxiboak 500 kb bakarrik pisatu arren bere kalitatea nahiko kaxkarra da. Hori, jada, zuen erabakia da.

  2. Ondoren bideoa zerbitzari batera igo behar da. Aurrean aipatu bezala Blogsome-k ez ditu bideoak igotzeko aukera ematen (dohaineko beste hainbat weblog-en kasuan gertatzen den bezala). Nik Vimeo erabili dut. Web honetan zuen bideoak ipini ditzakezue dohain. Hori bai, aste bakoitzeko 8 Mb-eko lekua duzue bakarrik baina igandero 8 Mb gehiago eskaintzen dituzte. Astea amaitu aurretik leku gehiago behar izanez gero aurreko bideoren bat ezabatu beharko duzue. Vimeo bisitatzen baduzue konturatuko zarete bere interfazea Flickr-enaren oso antzekoa dela. Beraz, azken honekin aritu bazarete ez duzue arazo berezirik izango Vimeorekin
  3. Behin bideoa igo duzuenean kode zati bat kopiatu behar duzue zuen blog-ean sartzeko. Aldez aurretik aipatu nahiko nuke HTML hizkuntza oraindik nahiko arrotza egiten zaidala beraz ez dakit orain azalduko dizuedana oso egokia den programazioaren ikuspegitik baina niri behintzat funtzionatu dit. Kopiatu behar duzuen kodeak horrelako itxura izango luke:


    BIDEOAREN HELBIDEA ipintzen duen lekuan nire kasuan adibidez http://www.vimeo.com/video_files/2005/06/19/vimeo.1303.wmv idatzi behar izan dut. Badago beste aukera bat, errazagoa oraindik, kodea eskuratzeko: Vimeon bideoa ikusten ari zaretela saguaren eskuineko botoiarekin klik egin web orrian eta hautatu ezazue “Ikusi orri-iturburua” (erdaraz “ver codigo fuente”). Agertzen den leihoan hautatu behar duzuen kode zatia ITEM deitutakoa da. Ondoren itsatsi kode zati hau zuen mezuan eta voila! hor duzue bideoa.
  4. Zuen bideoa RSS feed-ekin deskargatu nahi baduzue nahikoa da feed-ean “enclosure” delako atalean bideoaren helbidea idaztea. Feed-ak deskargatzerakoan bideoa ere deskargatu ahal izango da. Horrelakorik nahi ez baduzue hutsik utzi atal hau.

Lagungarri izango zaizuelakoan…

Jakintzako IKTerook lanpeturik

Ikasturte amaiera gogorra, ia beti bezala, izaten ari da IKTeroak egiten dugunontzat. Saltsero izateari ezin utzi eta ikastolako lan askotan parte hartzen dugunez, azken egunotan buru-belarri gabiltza lan horiek amaitu nahian, hori dela eta, gure mezuen erritmoa moteldu egin da.

Nolanahi ere, ez dakit “engantxatu” ez ote naizen. Gaur, egun osoa ikastolako ordenagailu baten aurrean lanean igaro ondoren, etxera iritsi orduko ohartu naiz bi egun idatzi gabe egon naizela eta post hau idazteari ekin diot (zalantzarik gabe, EFQM memoria idaztea baino errazagoa da) nire burua lasaitu nahirik edo.

Datorren astean, lan horiek amaitu eta berehala, hurrengo ikasturteko proiektuak prestatzen hasiko gara. Horrekin ere nahikoa lan izango dugu eta ahaleginduko gara proiektu horien inguruko informazioa hemen argitaratzen zuekin konpartitzeko.

Ordizia: Harley Festa guztiontzat

Guretzat, Ordizian gertatzen diren albisteen berri ematea oso ohikoa ez bada ere, honen berri ematea erabaki dugu bitxia eta deigarria iruditu zaigulako.

Larunbat honetan, hilaren 11n, arratsaldeko 3:00etatik gaueko 3:00etara, “The Cherris” moto-klubak antolatuta, Harley Davidson moto mitikoaren zaleentzat kontzentrazioa ospatuko da Ordizian.

Kontzentrazio hauen ohiko iraupena asteburu osokoa bada ere, ordiziar hauek aitortzen duten eskarmentu falta dela eta, 12 ordu horietara mugatzea erabaki dute. Honela, aurten gauzak nola antolatu ikasi eta hurrengo edizioetan asteburuko festa prestatu nahi dute.

Nolanahi ere, laburra izan arren, ekintzaz beterik datorkigu jai hau eta zerbait aipatzeagatik honako hauek azpimarratuko genituzke:

* Goierriko txokoak ezagutzeko moto ibilaldia
* Paella jana Beti-Alai Pilotalekuan
* Los Faraones eta Holt-en kontzertua
* Ikuskizun erotikoa
* Salvatore Showmana
* Jokoak, erakustaldiak, salmentakā€¦

Beraz, badakizue, astebururako planik ez baduzue, Ordiziara hurbildu eta giro desberdinaz gozatzeko parada izango duzue.

Aplikazio Libreak enpresentzat

Urtetan, era guztietako erakundeak Softwarearen Patenteen gatibu bizi izan dira. Zorionez, mendekotasun horrekin hausteko zabaltzen zaizkigun aukerak geroz eta anitzagoak eta fidagarriagoak dira.

Software librea inplementatuz gero, lizentzietan diru dezente aurreztu daiteke eta beste zereginetan inbertitu. Horixe izan zen lau gazte espainiarrek pentsatu zutena Aplicaciones Empresariales izeneko web bat zabaltzea pentsatu zutenean. Proiektu berri horretan enpresentzat baliagarriak izan daitezkeen era guztietako aplikazio informatikoen berri ematen dute. Gainera, adierazten dutenez, euren helburu nagusia erabiltzaileen ekarpen eta iradokizunaz informazioa osatzea litzateke.
Albiste hau La Pastilla Rojan irakurri dut.