Umeak: berrikuntzarako iturri

Betidanik, ikerketa eta horren ondorioz ezagutzen ditugun berrikuntzak zientzialari batzuen lanaren ondorioa direla pentsatu ohi dugu. Eta, hein handi batean, halaxe da. Zientzialari hauen lanari esker, era guztietako asmakuntzak eta hobekuntzak ezagutu ditugu. Hala ere, ezezagunagoa da lan horren atzetik dagoen guztia. Ez naiz ni izango prozedura zientifikoaren xehetasunak hemen azalduko dituena, baina bitxikeri batean erreparatu nahiko nuke.

Asmakizun batzuen atzean umeen irudimena ezkutatzen da. Bai, gezurra dirudien arren, halaxe da. Sinesgaitza egiten zaigun arren, gauzak bitan pentsatuz gero, ohartuko gara honek bere logika baduela. Umeek irudimena borborka dute, kutsatu gabeko ikuspegi batez fokatzen dituzte planteatzen zaizkien egoerak edota arazoak, euren pentsaera askoz ere libreagoa da, ez dago aurreiritziz josia, libreagoak dira, “kutxatik” kanpo daude eta bertatik hitz egiten dute… Horregatik, euren erantzunek eta helduon erantzunek ez dute zerikusirik, desberdinak izaten dira, oso. Guretzat garrantzirik ez duenak, beraientzat berebiziko garrantzia izan dezake.

Beraz, aukera paregabea daukagu ideia berriak sortzeko. Eta egia da, umeei erantzukina ematen zaienean, erantzun bikainak eman ohi dituzte. Ikastetxeetan lehengaia daukagu eta ez genuke barkamenik izango etekinik ateratzen asmatuko ez bagenu. Gure ikastolan gisa honetako esperientzia bizikidetzaren inguruan burutu genuen iaz eta eginiko balorazioa ezin da positiboagoa izan. Orain, esperientzia hori beste esparruetara zabaltzea, zergatik ez?

Dagoeneko, herri batzuetan, informazio iturri hau erabiltzen ari dira euren jolasguneak eta parkeak diseinatzeko garaian. Baina udalak ez dira estrategia hau erabiltzen duten bakarrak, oso adierazgarria da ikustea multinazional batzuek ere gauza bera egiten dutela euren erronkeei aurre egiteko, umeak baitira ideia zeharo berritzaileak proposatzeko gaitasunik handiena dutenak. Hauxe da BrainStore bezalako enpresa batzuen kasua.

Ez dugu itxi

Aspaldi honetan, gure aktibitatea sarean moteldu egin da. Ez gara oporretara joan, ez dugu gure lana alde batera utzi, ez gara nekatu, ez. Urtero gertatzen zaigun lez, lana pilatu egiten zaigu eta, halabeharrez, aurre egin behar diogu. Guk ez dugu ahaztu gure lana irakaskuntza dela eta gure ikasleekin burutu beharreko lanari lehentasuna ematen diogu. Hemen eta hemen azaldu genuen bezala, proiektu berritzaile batzuk abian jarri ditugu eta horiek hartzen diguten denborari ikastolako beste jarduerek eskatzen diguten denbora gehitu behar diogu. Horregatik, gure blogaren lana, zenbait egunetan, bigarren plano batean utzi beharko dugu.

Hala ere, indarberrituta itzultzeko asmoa daukagu eta ez da oso berandu izango. Egitasmo berri batzuk patrikan ditugu eta gure ahalmenen araberako ekarpenak egiten jarraitzeko gogoa berretsi nahiko genuke. Horregatik, Batxilergoan, Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan inplementatu ditugun proiektu berritzaile horien lehen balorazioa argitaratuko dugu. Honekin, beste irakasleentzat baliagarriak izan daitezkeen datuak eman nahiko genituzke: aurkitu ditugun zailtasunak, gure ikasleekin funtzionatu duten estrategiak…

Bestalde, gai interesgarri batzuen inguruko podcast-ak jartzeko asmoa daukagu. Une honetan, ezin dizuet zehaztu zein gaiarekin hasiko garen, baina gure ikastolako irakasle baten ingurukoa izango dela ia-ia ziurta dezaket.

KLIK eta KLIK

Egun hauetan, sarean lehiaketa moduko jolas bat zabaltzen ari da. Nork egiten duen KLIK gehiago 10 segundotan. Hortxe dabiltza denak nerbioetatik jota saguari eraginez eta nik, nola ez, ez nuen atzean gelditu nahi. Nire Logitech txikia hartuta, probak egiten hasi eta berehala ohartu nintzen oso ongi moldatzen nintzela, oso erraz gainditzen bainuen 90eko muga. Besoa nekatuta, aparkatuta utzi nuen, baina beste blogarien emaitzak ikusita, nire erregistroaren ebidentzia jaso nahi izan dut eta gaur berriro klikatzeari ekin diot . Harrigarria izan da bigarren ahaleginean, lortu dudan erregistroa: 117 klik.

Hori lortzeko, egin dudana izan da klik egiteko teknika aldatu. Ez dakit gogoan izango ote duzuen garai bateko Atletismoari buruzko joko bat (ni Ordiziako taberna bateko makina batean aritzen nintzen eta zin dagizuet nahiko pattal moldatzen nintzela. Jolaus eta besteak askoz hobeak ziren.). 100 metroko froga eta luzera jauzian marka onak lortzeko teknika berezi bat garatu genuen eta horixe izan da erabili dudana, hain zuzen. Hatz potoloa eta erakuslea elkartuta jarri eta bigarrenaren azkazalarekin eragin.

Nik, Ander, Asier, Lander, Gonzalo, Jolaus… eta nahi duen edonori desafioa botatzen diet. Ea Play Station-arekin igarotako denborak zerbaitetarako balio dizuen.

Eguneraketa: saguarekin daukazuen trebetasuna neurtzeko beste joku bat hemen (Flashen egina).

Bertendona digitala

Bertendonako irakasleak berriro. Orain “Tizako martxa” delako ibilbidearen hasiera dela eta, hedabide guztietan protagonismoa berreskuratu dute. Ezin dut ulertu zerbitzu publikoen aldeko jarrera azaltzen duten sindikatu eta alderdi politiko batzuen jarrera. Nola eman diezaiekete euren babesa baliabide publikoak (ez nolanahikoak, gainera) xahutu dituzten irakasle hauei? Baliabide publikoekin dena baliagarria al da? Hiritarrok eta gure ordezkaritza duten agintariek ezikusiarena egin behar al dugu?

Nik uste dut, behingoagatik, administrazioak, azaldutako jarrerarekin, baliabide publikoen erabilera zuzena sustatzeko pausu garrantzitsu bat eman duela. Hala ere, ez dut uste eremu guztietan berdin jokatzen duenik. Izan ere, Teknologia Berrien inguruan administrazio desberdinak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egiten ari diren bitartean, ikastetxe guztien erantzuna ez da behar bezalakoa izaten ari.

Premia bezalako diru laguntzen bitartez, ikastetxe askoren azpiegitura goitik behera berritu eta egungo beharretara egokitu dira. Formazioan (PDF) egiten ari den ahalegina ez da txantxa. Bestalde, 2001ean hainbat konpromiso hartu zituzten ikastetxe batzuk “pilotuak” izendatu zituzten. Hauek, orduz geroztik, IKT dinamizatzaile batentzat lanaldi erdiaren diru laguntza jasotzeaz gain, ikastetxe horren azpiegituraren mantenurako ere laguntza jasotzen dute. Hau da, ikastetxe horietako bakoitzak azken urteotan 100.000 € baino gehiago jaso du.

Nolako jarraipena egiten zaie ikastetxe horiei? Nik oso garbi daukat pilotu horietako batzuek ez dutela ia ezertxo ere bete. Nola liteke orain bost urte eginikoak inongo berrikuspenik ez izatea? Benetan ahalegintzen ari diren beste ikastetxeak eta garai hartan sartu ez zirenak, zergatik ez daude multzo horretan? Edo, zergatik ez dute sartzeko aukerarik? Hau ez al da Bertendonako irakasleek egin dutenaren pareko beste adibide bat?

Nire iritziz, baliabide publikoen erabilera egokia egiten dela bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eta Bertendonako irakasleekin eginikoari bidezkoa deritzodan bezala, IKTen inguruan dauden diru laguntzekin beste horrenbeste egin beharko luketelakoan nago. Horrela, ez litzateke gertatuko Ordiziako Jakintza Ikastola bezalako ikastetxeekin gertatzen ari dena: pilotuak diren askoren aurretik egon arren, inongo aukerarik ez dute diru sarrera horiek jasotzeko eta egiten duten guztia ikastetxearen bizkar edo irakasle “ero” batzuen borondatean gelditzen da.

Honek garrasi ozena izan nahi du behar den tokian eta dagokion arduradunak entzun eta aldatu beharrekoa alda dezan/dezaten. Badakit ez naizela neutrala iritzi hori emateko, baina zer demontre!!! Epelkeriak alde batera utzita, gauzak diren bezala esateko garaia heldu dela uste dut. Guk, kontrol neurriei ez diegu inongo beldurrik eta gustura azalduko genuke gure ikastolak egiten duena, zalantza izpirik ez baitut talde pilotuan sartuko gintuztela.

Ba al dadago etorkizunik?


“La juventud actual ama el lujo, es maliciosa, es malcriada, se burla de la autoridad y no tiene ningún respeto por los mayores. Nuestros muchachos de hoy son unos tiranos, que no se levantan cuando un anciano entra a alguna parte, que responden con altanería a sus padres y se complacen en ser gentes de mala fe…” Sócrates, Siglo cuarto antes de Cristo

“Ya no me queda ninguna esperanza respecto al futuro de mi patria si la juventud de hoy toma el poder mañana mismo. Porque esa juventud es terrible, insoportable y sin principios…” Exodo, Ocho siglos antes de Cristo

”Esta juventud actual está podrida hasta el fondo de su corazón. Los jóvenes de hoy son unos perezosos, unos malhechores que jamás serán como la juventud en otros tiempos. La juventud actual no será capaz de asegurar el mantenimiento de nuestra cultura…” Inscripción de una tabla de arcilla, de hace más de 3000 años, encontrada en Babilonia

“Vivimos en una época de decadencia. Los jóvenes ya no respetan a sus padres. Son groseros e impacientes. Frecuentan las tabernas y no saben dominarse” Encontrado en una tumba egipcia, 40 siglos antes de Cristo

Lasai, ez naiz hemen antzinako historia lantzen hasiko. 10blogs-en sartu eta idatzi hau irakurri dudanean, burua eragiteari ekin diot eta mila ideia pasa zaizkit burutik. Hala ere, nire burutazioek ez dut uste interes berezirik dutenik eta, zuena interesgarriagoa delakoan, honako galdera hauek luzatzea otu zait:

  • Horrenbeste denbora igaro arren, berdintsu jarraitzen dugu. Zer da gazteei buruz esaten dena?
  • Zenbat urte beharko du gizakiak hori ikasteko?
  • Helduen gaixotasuna izan al daiteke?
  • Galdutako gaztetasunak eragindako amorrazioaren ondorioz esaten al dira?
  • Nola ikusten dituzue egungo gazteak?

Zuen iritzia interesatzen zaigu, bidali zuen iruzkinak.
Eztabaida hasteko, pittin bat bustiko naiz. Honelako gaietan orokortzeak arrisku handia badu ere, gazteengan erabateko konfiantza dudala aitortu behar dut. Nire iritziz, egungo gazteek ohitura desegoki batzuk dituzten arren (helduek beste batzuek dituzte/ditugu), oro har, oso balore positiboak dituzte eta geroa itxaropenaz begiratu beharko genuke.