IKTero Saltseroen ekipoan aurpegi berriak

Laster beteko da urtebete proiektu flipante (barkatu atrebentzia!) hau martxan jarri genuenetik. Gertu dugu, beraz, balorazioa egiteko unea. Ez naiz gehiegi enroilatuko honekin orain. IKTeroekin hasi ginenean gure helburu nagusia Jakintza ikastolaren errealitatea plazaratzea izan zen, gure esperientziak, gure informazio iturriak, gure kabala filosofikoak… denekin konpartituz. Herri txiki bateko ikastola bateko irakasleon ilusio eta gogoak transmititu nahi genizkizuen, gure ikasleekin IKTak erabiliz, izandako esperientzien berri zuekin konpartituz. Bide honetan, gauza mordo bat gertatu zaizkigu, inondik inora espero ez genituenak eta, bene-benetan esaten dizuet, erabat asetuta utzi gaituenak.

Nire helburu pertsonalen artean gure taldekide guztien esperientziak bertan azaltzea izanik onartu behar dut kosta egin zaidala nire IKTero talde osoa saltsa honetan sartzea. Halere, zin dagizuet hemen idazten dugunok bezain trebeak eta langileak direla baina beraien esperientzien berri ematea oraindik kosta egin zaie. Ez dira gu bezain lotsagabeak!!! :lol:

Paraleloan, berriz, lortu nahi genuen beste helburuetako bat gurea egin dugu: inguruko ikastoletako dinamizatzaile eta irakasleak horrelako tresna batek eskaintzen dituen abantailetaz ohartaraztea, alegia. Zirikatze lan honen ondorioz, gure irakurleei berri inportante bat eman beharrean aurkitzen naiz: garai bateko futbolisten kromo albumetan gertatzen zen bezala, guk ere “Ultimos Fichajes” delakoentzat lekua ere utzi dugu. Gaurtik aurrera ofizialki gure blogean beste hainbat ikastoletako irakasle eta dinamizatzaileek gurekin batera arituko dira IKTeroetan. Horietako batzuk, jada, ezagunak izango dituzue gure artikuluen iruzkinetan hainbatetan parte hartu dutelako. Beste batzuk saltsa honetan estrainatu gabekoak dira; poliki-poliki ezagutuko dituzue.

Ea gurekin izango duten elkarlanaren ondorioz beraien ikastoletan antzeko ekimenak garatzera animatzen diren. Ziur nago denon onurako izango dela!

Beraz, ongi etorriak denori eta, one, two, three…..let’s blog!!!!

Menu CSS

Berriro hementxe naukazue CSS kontuak azaltzeko asmoz. Oraingo honetan, menu grafiko bat nola egin daitekeen CSS erabiliz. Hau egiteko Stu Nicholls-en ideian oinarritu naiz.

Baina, azalpenetan sartu aurretik, bi aholku eman nahiko nizkizueke:

Bi aholku horiek derrigorrezkotzat jotzen ditut gisa honetako lanak egin ahal izateko. Izan ere, WEb developer izeneko gehigarriarekin orriaren iturburua, CSSa, cookiak, irudiak… eraldatzeko aukera eskaintzen baitu. CSSaren kasuan, editatzeko aukera ematen duenez, CSSan eginiko aldaketa guztiak berehala bistaratzen dira. Adibidez, menu hau egiterakoan, oinarrizko kodea IKTeroak dituen neurri berdineko web orri batean sartu nuen eta tresna barra horrekin, doikuntzak egin nituen “irudi” guztiak bere lekuan jarri arte. Tresna hau ezagutu aurretik, saiakera-errorea metodoa erabiltzen nuen eta oso neketsua eta luzea izateaz gain, nire patzientziarekin bukatzeko zorian egon zen.

Nolanahi ere, lagungarria egingo zaizkizue Lehen Hezkuntzako blogean agertzen diren azalpenak. Gainera, bertan, gisa horretako menu bat funtzionamenduan ikusi ahal izango duzue.

Laburtzeko, esango dizuet menu hau eraikitzeko CSSan eta HTMLan sartutako kodeaz gain, karratu bakoitzeko irudi bat sartu dudala eta jatorrizko ereduari <span> etiketak kendu nizkiola, eredu errazagoa lortzearren. Izan ere, etiketa horiekin, nabigatzaile guztietan era egokian funtzionatzen jartzea ez da gauza erraza. Etiketa horiek kenduta, aldiz, oso erraza da eta edonoren eskura dago horrelako menu bat eraikitzea.

Estiloa zainduz

CSS

Eguberriko oporretan, ikasleekin burutu beharreko web diseinu eta irisgarritasunari buruzko lanketa prestatzen hasi nintzenean, ez nuen uste horrenbesterako emango zuenik. Hasierako asmoa oinarrizko kontzeptu batzuk jasotzea besterik ez zen arren, berehala ohartu nintzen gai oso zabal eta ahalmen handiko baten aurrean nengoela. Nire ezjakintasun ikaragarriaren aurrean, nire jakin-mina gailendu zen eta ikertzeari ekin nion.

CSSa erabiliz, web irisgarriak eraiki

Lehenengo zailtasuna aurkitutako informazio, ia guztia, ingelesez zegoela, baina nire ingeles eskasa eta Babel Fish-en laguntzaz, nola hala moldatu nintzen. Bigarrena eta, zalantzarik gabe, larriena, nire ezagutza maila kaxkarra. Baina, badakizue, ezjakintasuna gaitz ugariren iturburua izan bada ere, ausarta ere bada. Mila proba, mila ahalegin eta orduak, bata bestearen atzetik, behar izan nituen nire lehenengo lantxoa burutzeko.
Honekin, ohartu nintzen Internet Explorer zer den eta web estandarrak nola “betetzen” dituen. Eta horrek Firefox-en defendatzaile sutsuagoa bihurtu ninduen. Nire ikasle batzuek, Firefox-eko akzioak ote ditudan galdetzen didate.
Lan horren atzetik, beste batzuk iritsi ziren eta, guztien eskura jartzearren, Lehen Hezkuntzako blogean dugun Informatika atalean argitaratu nituen.Honatx horietako batzuk:

Orain, “Lightbox” izeneko efektu polita ikusgai jartzen dizuet. Efektu hori ikusteko, argazkien gainean klik egin beharko duzu eta ixteko, berriro klikatu bere gainean. Hau, bereziki, Jolausi eskaini nahi diot. Izan ere, mila ahalegin egin ondoren, amore eman nuenean, Jolausek bidalitako mezu batek zirikatu ninduen eta lanean jarri ninduen berriro. Azkenean, lortu nuen eta Internet Explorer-ekin nituen arazoak gainditzea ere lortu nuen.


Aktualizazioa: Azken efektu hau nola egiten den ikusteko, azalpenak hemen

Olentzero hemen da!!!

Intxurre mendiko gailurretik idazten ari naiz, izan ere, Olentzeroren txondorra zaintzea egokitu zait Euskal Herriko haurrak opariz betetzen dituen bitartean. Duela gutxi abiatu da eta, berak esan didanez, aurten Jakintza Ikastolak niretzat jarritako WiFi-ari esker, eskutitzak ez ezik, e-posta ugari jaso omen ditu. Euskal blogosferatik ere eskakizun ugari jaso dituela adierazi didanean, Jolausek eginikoari buruz galdetu diot eta ez ditut oso albiste onak nire lankidearentzat. Olentzero Jaunak esan dit ez dituela horrenbeste opari merezi eta gutxiagorekin konformatu beharko duela.

Kezkatuta jasotako erantzunarekin, eskaera aldatzeko garaiz ote nenbilen galdetu diot eta berak baietz esan dit; post bat idazteko eta bere PDAn irakurriko duela. Horregatik, berandu baino lehen, eskaera berri hau egitera nator:

Olentzero Jauna:

Aurten IKT taldeko kideok oso langile ibili gara eta gure lagun eta senideekin egoteko denbora gehiago eskatu nahi dizugu. Ikastolan abian jarri ditugu proiektuen helburuak lortzea ere eskatu nahiko genizuke. Gure gurdira igo diren ikasleak eta gainontzeko guztiak pertsona arduratsuagoak, libreagoak eta konprometituagoak izatea nahi dugunez, xede horretan eraginkorrak izatea eskatuko genizuke. Bukatzeko, gure ikastolako hezkuntza komunitateko kide guztiontzat urte oparo eta zoriontsua eskatzen dizugu.

Gauza materialetan oso eskaera xumea egingo dizugu: horrenbeste arazoak ematen dizkigun interneteko konexioa konpontzea eta lanean normaltasunez aritzeko konexio bat jartzea besterik ez dugu eskatzen.

Ikusten duzunez, gauza gutxiago eskatzen dizugu nahiz eta lortzen zailagoak diren. Dena den, ahalegin berezi hau egitea eskatzen dizugu, oso ongi jardun baikara ikasturte osoan zehar.

Ea garaiz iristen den.

Sarean Zehar

Gaurtik aurrera gure blogeko alboko barran atal berri bat izango duzue. Kalitatearen ereduari jarraituz “benchmarking” egitea otu zaigu :lol: eta Sustatun dagoen “Jamaika ikusteko…” antzekoaren zerbait txertatu dugu. Zerrenda horretaan IKTerook del.icio.us bildutako azken horren berri izango duzue. Irakaskuntzarekin zerikusia izango dute hauetako gehienek baina beste gaien ingurukoak (wordpress, diseinua…) ere azalduko direla ziur egon. Gure del.icio.us-eko zerrendara harpidetu naahi izanez gero RSS jarioa ere ipini diogu. Interesgarria izango zaizuelakoan…