IKTeroak 1.0

Gaur betetzen da urtebete gure blogak bere ibilbidea hasi zuenetik. Aspalditik buruan genuen ideia honek 2005eko apirilaren 11an hartu zuen forma, hilabete luze baten ostean jo ta ke lanean aritu ondoren. Gaur goizean, gure bloga martxan jarri genuenean genituen helburuei begirada bat botatzen aritu naiz. Harrituta geratu naiz konturatzean zeinen baikor (inuxente, agian?) hasi ginen lanean.

  • IKTak eta ikaskuntza-irakaskuntza aprendizaiaren arteko uztarketan erreferentea izatea
  • Teknologia berrien ezagutza ikastolako estamentu guztietara zabaltzea
  • WWWean euskararen erabilerari bultzadatxo bat ematea

Ezjakintasunak horrelakoak ekartzen ditu askotan. Saltsa honetan urtebete egin ondoren ezagutu ditugunak orduan ezaugutuz gero, ziur nago helburu apalagoak ipiniko genizkiola gure ahaleginari. Lotsagabe xamar hasi ginen euskal blogosfera honetan. Lotsagabe bai, baian era berean lanean fin eta, atzera begiratuz, finkatu genituen helburuetatik gertu ibili garela esan go nuke.

Erreferentea izatearena handikeri bat izan daiteke agian, ez dakit. Baina zin dagizuet hasiera hasieratik ahalegindu garela irakaskuntza eta IKTak uztartzen dituzten proiektu berriak gauzatzen, bide berriak urratzen, metodologia eta baliabide berriak probatzen… Hor dituzue bestela seik eta magicek (bat eta bi) gauzatu dituzten proiektuak, jolausek eta bere ikasleek aurrera eraman dituztenak. Hauen guztien inguruko informazio sakona eman genizuen Writelyn hiruok idatzi genuen dokumentu honetan. Baina hauek gure IKT talde osoaren lanaren zati bat besterik ez dute suposatzen, agian deigarriena, kanpotik ikusten den horietakoa delako. Baina nik uste dut gure lorpenik handiena, ikastola barruan dugun antolaketa gauzatzea izan dela. Talde lanaren aldeko apustua egin genuen eta honek bere fruituak eman ditu zalantzarik gabe; zuek, irakurleok, oraindik ez dituzue ezagutzen baina Mertxek, Ainhitzek, Miriamek, Jon Mikelek eta Nereak egiten duten esfortzua egunero IKTen esparruan txalotzekoa da. Ea aurten konbentzitzen ditudan beraien esperientziak gure blogean kontatzeko!

Bigarren helburuari dagokionez, esan beharra dago aurrerapausuak ematen ari garela. Aurtengo ikasturtearen hasieran, irakasleen artean IKTen erabilera bultzatzeko, identifikatuta genituen bost jarrerei buelta ematea jarri genuen helburu bezala. Onartu behar dizuet ez dela erraza izan baina, gure esperientziek izan duten oihartzunari esker, poliki poliki jarrera hauek aldatzen doazela egiaztatu dugu: ikastolako euskara batzordeak interes handia aurkeztu du blogen inguruan, Batxilergoko hainbat irakasleek, datorren urteari begira, beraien unitate didaktikoetan zehaztutako hainbat helburu lortzeko ere, blogak erabiliko dituzte… Zalantzarik gabe bide onetik goazela adierazten du honek.

Eta, azkenik, euskarak sarean duen presentzia indartzearen aldeko konpromisoa ere garbi utzi nahi izan dugu. Euskal blogosferan azkenaldi honetan eman den hedapenaren partaide sentitzen gara, eta, neurri batean, euskal eskola komunitatean tresna hauen bultzatzaile aktiboenetakoak izan garela ere iruditzen zait. Honekin batera, gure maila teknikoa beste mudukoa ez izan arren, hainbat aplikazio euskaratzen ere ahalegindu gara. Aplikazio hauek denak hezkuntzan aplikazio interesgarriak dituztenak dira, hala nola, PHPWebquest, phpMyFAQ, Webquestions 2.0 edota ATnotes

Honetaz ez dut ezer aipatu inoiz blog honetan baina uste dut garaia heldu dela, denon aurrean aitortzeko urte honetan nire kideek lan izugarria egin dutela, ordu mordo bat sartu dituztela lanean, gauza berriak probatzen, aplikazioak instalatzen, HTML, CSS, Ajax… ikasten, klaseak teknikoki prestatzen, etengabeko prestakuntza prozesu batean murgilduta… beti ere, hasieran finkatu genuen filosofiatik baztertu gabe: gure esperientziak partekatzea, gure ekarpenak publikoak eginez, norbaitentzat baliagarriak izango direlakoan. Zoritxarrez gaurko gizartean musu truk lan egitea, bueltan onura ekonomikorik egon gabe, ez da oso zabalduta dagoen jarrera bat. Baina, esan beharra dago gure irakurleen aldetik jasotako feedbacka, errekonozimendua eta errespetoa erabat asetu gaituela eta aurrera jarraitzeko beharrezkoa dugun indarra ematen digula. Beraz, hortxe, blogaren beste aldean, zuen laguntza eskaini diguzuen guztioi mila esker. Adi! IKTero saltserook 2.0ren bila goaz eta!

Arazoak Blogsomekin

Gaur goizean sorpresa handia jaso dut ikastolara heldu eta IKTeroetan argitaratutako artikulu guztiak desagertu direla ikusterakoan. Blogaren goikaldean agertzen zen mezuak aditzera ematen zuenez ("Wordpress database error") arazoaren jatorria Blogsomek Irlandan dituen zerbitzarietan zegoen. Halere, zorte txar pittin bat ere izan dugu emoticon, arazo hau ez baita Blogsomeko blog guztietan gertatu: ikastolan ditugun blog guztien artean IKTeroak da bakarra bertan behera geratu dena.

Goiz osoa zain egon eta gero, eguerdi aldera konpondu dute arazoa. Blogsomekin hasi ginenetik laster egingo du urtebete eta hau izan da bigarren aldia bazterrean uzten gaituela eta nire iritziz bietan arin ibili dira arazoa konpontzerakoan. Blogsomekin urte honetan zehar izandako esperientziarekin oso gustura gaudela aitortu beharrean nago baina, zoritxarrez, batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Datozen egunetan dohaineko blog zerbitzu honekin izandako esperientziaren berri emango dizuegu artikulu batean.

Bukatzeko, goizean zehar bloga bisitatzera etorri zaretenoi barkamenak eskatzen dizkizuegu izan dugun eragozpen honengatik.

XHTMLa baliozkotua

Nire lankideek askotan egotzi didate perfekzionistegia naizela; denbora asko pasatzen dudala xehetasunekin. Nire ohiturari jarraituzemoticon, gaur arratsaldean tarte bat hartu dut blog honen XHTML, CSS eta RSS feeda txukuntzeko. Kodeen baliozkotzeak dituen onuren inguruan zerbait irakurri dudan arren (I eta II), oraindik ez daukat oso garbi benetan zertarako balio duen; azken finean, txukuntze honen aurretik ere, gure bloga arazorik gabe ikusten zen. Zalantzatxo horrekin geratu naiz eta eskertuko nizueke zuetako norbaitek XHTMLa baliozkotzeak zertarako balio duen esplikatuko balit, modu sinple eta ulerterrazean.

Garbi dagoena zera da: gure blogaren oinean hiru pegatina berri erakusteko behintzat balio duela. emoticon 

JPEG Resizer

Oso tresna apala aurkeztu nahi dizuet, baina xumea izanda ere denbora pilo bat aurreztu didana.
Noizean behin argazki-albumak sortu behar badituzue, edo irudi asko prozesatu guztiei tamaina bera emateko, zer lan nekagarri bezain aspergarri den jakinko duzue, ezta Magic?
JPEG Resizer izeneko doako aplikazio honek lana guregatik egiten du.
Oso erraza da:

  1. Argazkiak dauzkaguneko karpeta zein den zehaztu.
  2. Zer tamaina eta konpresio-ratio nahi ditugun aukeratu.
  3. Irudi konprimatuak zer karpetan gorde behar diren adierazi.
  4. Oinak mahai gainean jarri programatxoa lanean ari den bitartean.

JPEG Resizer

JPEG Resizer-en webgune berean fitxategi askoren izenak aldatzeko balio duen beste aplikazio bat badago, MultiFile Renamer, alegia. Ez dut probatu, baina eginbehar mekaniko hori erraztu eta azkartzeko norbaiti ongi etorriko zaiolakoan nago. Hala bada, kontaiguzue mesedez.

Leiho ez-intrusiboak

Gure ezjakintasuna gainditu nahian, hortxe gabiltza era guztietako frogak egiten eta, oraingoan, hementxe gaude gure saiakera horien fruitu berri bat aurkezteko asmoz.
Ohiko pop-up leihatila intrusiboak saihesteko neurriak ugaritu dira eta, zorionez, interneten nabigatzen ari garenean, ez da gertatzen garai batean horrenbeste haserretzen gintuena. Nolanahi ere, lasai egon, gure ariketa honetan ikusiko dituzuen leihoak Greybox izeneko proiektuan ikusitakoan oinarritzen dira eta atseginak direlakoan gaude. Innerdiv izeneko leihoen antza handia dute.
Ondorengo esteketan klik egiten baduzue, leihatilatxo bat irekiko zaizue eta pantailaren gainontzeko eremua ilunduko da, lightbox izeneko efektu bitxiarekin gertatzen den bezala. Baina gure lantxo honetan, argazkiak ez ezik, beste edukiak ere jartzeko aukera izango dugu, hala nola: flash pelikulak, estekak, formularioak… Muga bakarra norberaren irudimena litzateke.

Ea atsegin zaizuen.

Del.icio.us

Flash bat

Beste Flash bat

Aurki

Sustatu

Beharrezkoa den guztia zip formatuan deskargatzeko egin klik hemen