Ikasteknikak

GAUR EGUNGO IKASLEEK EZ DAKITE IKASTEN!!!

Zenbat aldiz entzun dugu esaldi hori? Ez da gauza berria, baina etengabe entzun behar izatea ez da oso atsegina, egia esan. Idatzi honen bitartez, ez dut argitaratu nahi nik nire ikasleekin zer egiten dudan ezta nik erabiltzen ditudan teknikak ere. Hori, norberak ikusi behar du eta bere errealitatera ondoen egokitzen diren teknikak hartu beharko ditu. Idatzi honekin, baliabide ugari eskura dugula agerian uzteaz gain, norberak duen erantzukizuna azpimarratu nahiko nuke.

Hemen gertatzen dena da, irakasleok pilota gurasoen teilatura botatzen dugula eta hauek gurera. Bien bitartean, eta desadostasun horretaz baliatuz, ikasleek hortxe jarraitzen dute erantzukizun hau euren gain hartu gabe. Baina ez dut uste errudunak bilatzearekin arazoa konponduko denik, ezta gutxiagorik ere. Konbentzituta bainago arazo honetan guztiok dugula zer esana eta zer egina.

Gai honekin, aspalditik kezkatuta, liburuak erosi eta informazioa bilatzeari ekin nion. Euskaraz apenas ezertxo ere aurkitu nuen, baina gazteleraz izugarrizko informazio pila lortu nuen. Orain, Interneten ariketa berbera egin dut eta emaitza antzekoa izan da. Nolanahi ere, aurkitutako helbide interesgarriak zuekin partekatzea interesgarria izan daitekeenez, amaieran esteka sorta jarri dizuet.

Informazio hori arakatzen hasi baino lehen, tarte txiki bat eskatu nahiko nizueke aholku batzuk irakurtzeko. Ez dira errezeta magikoak (horrelakorik ez baitago), baina nahiko adierazgarriak arestian aipatutako guztion erantzukizunarena hobeto ulertzeko.

Irakasleentzat

  • Erronkak planteatzen al dizkiezu zure ikasleei? Erronkek helburua finkatzen laguntzen dute eta ikasleentzat oso motibagarriak izan ohi dira. Beti ere, erronka gauzagarria bada. Izan ezean, frustrazioa nagusitu daiteke.
  • Konstruktibismoa teoriatik praktikara eramaten al duzu? Aurrezagutzetatik abiatuz gero, ezagutza oinarri sendoetan eraikiko da eta esanguratsuagoa izango da.
  • Ahal denean, irakasten duzunaren aplikazio praktikoa erakusten al duzu? Gauzak eginez eta praktikatuz azkarrago eta hobeto barneratzen dira.
  • Aparteko denbora eta ahalegin eskaintzen al diozu berrikuntzari edota hobekuntzari? Hobekuntzak eta berrikuntzak inplementatzeak ahalegin berezi bat eskatzen du. Betiko sistemarekin jarraitzen baduzu, nola nahi duzu ideia eta ohitura berriak dituzten ikasleen arreta zureganatzea?
  • Curriculum ofizialak markatzen duena betetzera bideratzen dituzu zure ekimenak? Horrela eginez gero, zure jardunaren helburua diren ikasleak ahaztuko dituzu, euren interesguneetatik eta konpetentzietatik urrunduko zarelarik. Curriculuma erreferente bat izanik, ez da bakarra eta faktore askoren eraginpean dagoenez, faktore horietan erreparatzea ezinbestekotzat jotzen dut.

Gurasoentzat

  • Zure seme-alaba ezagutzen al duzu? Beharbada, zure seme-alaba inork baino hobeto ezagutzen duzula pentsatuko duzu, baina, askotan, mota ezberdineko arazoak ezkutatzen dira euren motibazio ezaren atzean. Horrelako arazoren bat somatzen baduzu, saiatu arazoaren jatorria identifikatzen.
  • Ikasteko ordutegi finko bat ezarri diozu? Beste jarduerekin (bazkaria, afaria, dutxa…) gertatzen den bezala, oso garrantzitsua da ordutegi finko bat izatea eskolako lanak egiteko. Ordutegi horrek hasiera eta amaiera ordua izan behar du. Eginbeharrekoen zerrenda prestatu eta lehentasunak finkatu, zerrenda amaitzea ,ordutegia errespetatuz, helburua izango da.
  • Partikularrak eskaintzen dizkiozu laguntzeko? Bada, ez ahaztu erantzukizunik handiena gurasoena dela. Ez utzi besteen esku zuk egin dezakezuna. Berezko zailtasunak ez dituen ikasle batentzat ez dira batere gomendagarriak. Gainera, partikular gehienetan eskolako etxerako lanak egitera mugatzen dira. Partikular baten helburua gelan landutakoa finkatu eta zailtasunak argitzea izan behar da, inoiz ez eduki berriak landu edo etxerako lanak egin.
  • Zure seme-alaba motibatzeko zer edo zer egiten al duzu? Egiten dituen ahaleginak baloratu eta aitortu. Ohituraz, ez saritu eta inoiz ez agindu sari bat helburua lortu aurretik. Helburuak lortzen ez direnean, zigorra proportzionala jarri eta bete.

Ikasleentzat

  • Zure erantzukizuna zurea egiten duzu? Zure arazoei eta zailtasunei aurre egiten saiatu eta ez bestei leporatu. Zure arazoak zureak dira, jatorria edozein delarik, eta aurre egin ezean, inoiz ez dira konponduko.
  • Zure buruarekin zorrotz jokatzen duzu? Zure gurasoei, lagunei eta irakaslei eskatzen diezun guztia zeure buruari eskaiozu. Gehienetan, irtenbideak zure esku baitaude.
  • Laguntza behar duzunean, eskatzen al duzu? Ez lotsatu, une batean edo bestean denok behar izaten dugu eta. Ahalegintzen bazara eta helburuak lortzen ez badituzu, laguntza behar duzu. Bestalde, ez ahaztu, laguntzarik hoberena inongo laguntzarik ez jasotzea izaten dela. Batez ere, alferkeriagatik eskatzen denean.
  • Lan egiteko teknika edo sistemaren bat erabiltzen al duzu? Zure ahaleginei etekin handiagoa atera nahi badiezu, zalantzarik ez izan, teknika ezberdinak erabil itzazu eta gai horren inguruan dauden webguneak bisitatu. Ez zara damutuko.

Helbide interesgarriak

Gai honen inguruan informazio oso interesgarria topa dezakezu Raul Martinezek, Villa de Mostoles ikastetxeko irakasleak , flash-en eginiko webgunean. Bertan, aholkuak ez ezik, jarduera praktikoak, ikasi gabe gainditzeko teknika, gure ikastekniken eraginkortasuna neurtzeko testa… ere topatuko ditugu. Oso gomendagarria.

Beste helbide interesgari bat Joe Landsberger-ek hizkuntza askotan garatu duen webgunea. Era guztietako aholku eta teknikak sailkatuta.

PsicoPedagogia.com webgunean, teknika ezberdinen inguruko informazio interesgarria topa dezakegu.

Aholku sorta interesgarri bat edonorentzat.

Beste aholku eta teknika interesgarrien bilduma

Euskaraz idatzita aurkitu ditudan aholku batzuk. M ª Paz Martinez Fdez. De Larrinoa Euskal Herriko CEI/IDC Orientazio Programaren arduradunak idatzita

Ikasteknikak jorratzen dituen gune interesgarria

Profes.net guneak eskaintzen dituen aholku interesgarriak

Oinez izan my friend!

Dakizuen bezala, datorren igandean ospatuko da Vianan aurtengo Nafarroa Oinez. Ospakizun hori dela eta, bertako irakasle (ziur nago Fultxo ere tartean izango dela) eta ikasleen artean, bideo batzuk ekoiztu dituzte, jendea Vianara gerturatu dadin animatuz. Hemen uzten dizuet horietako bat:

Ondo pasa Vianan!!

OHARRA: Euskaltubeko kodea enbotatzerakoan gure blogan arazoak ematen ditu. Gure arazoa ote da edota zuei ere antzekorik gertatzen al zaizue?

Eguneraketa (2007-10-18): Haritzek emandako argibideekin Euskaltubeko enbotatua modu egokian ikustea lortu dugu. Mila esker!

Euskaljakintza berria: euskaljakintza.com

Euskaljakintza.blogsome.com zena euskaljakintza.com izango da hemendik aurrera. Bi ikasturte, 454 artikulu, 826 iruzkin eta 265.190 orri kargatu ondoren, Blogsomeri agur esateko garaia heldu da. Iazko ikasturtean, jada, sumatu genuen bloga gure hosting propiora pasatzeko beharra. Alde batetik, sortuak genituen hainbat eduki gure babespean gordetzeko egokitasuna ikusi genuen eta, bestetik, irudiak eta argazkiak igotzeko muga aspaldi gainditua genuen honek zekarren lan bikoizketarekin (artikulua Blogsomen idatzi, irudiak Flickreko kontu batean gorde…). Gauzak honela eta gure proiektuarengatik Foru Aldunditik lortutako diru-laguntzari esker, ikasturte bukaeran migrazioari ekitea erabaki genuen.

Aurretik ere ibiliak gara Elurnetekoekin elkarlanean eta informatika lanetan eskarmentu handia eta eskaintza zabala dituztenez, beraiekin harremanetan jarri eta bertako Gorka Julio “Teketen” apartak ekin zion euskaljakintzaren migrazioari. Ilusio handiz (eta tristura apur batez nire aldetik, egia esateko) ekin genion uztailean lanari. Zenbat buelta tarte honetan! Eskerrak Gorkaren pazientziari! (Zer iruditzen zaizu hau kentzea, beste hori mugitzea, hango hura aldatzea…? Nola egiten da…?). Mila esker, Gorka, izugarri ikasten dut beti zurekin (gustatuko litzaidake informatikaria izatea!) :-)

Bestalde, behin aldaketekin hasita, edukia txukuntzeko garaia ere bazela garbi zegoen. Magicek beti esaten zidan euskaljakintzak “El bazar de la coja” ematen zuela. Informazio guztia -gehiegi- dena begi bistan, kaotikoki antolatuta. Egia esan, ikasleek eta lankide batzuek ere esan izan didate hainbat eduki topatzeko arazoak izan dituztela noiz edo noiz…Beraz, bere iradokizunari jarraiki (beti bezala :wink: ), edukiak atal orokorretan banatu eta azpiatalak orri nagusitik kendu ditut. Atal horiek zabalduz, eduki-zerrendak azaltzen dira. Badirudi, orain erosoago dagoela bilaketak egiteko. Gainera, magici kritika konstruktiboa eskertzeaz gain, txantiloi edo theme berriaren proposamena ere eskertu behar diot; izan ere, Gorkak eta biok bi egun oso sarean zehar dauden wordpress theme guztiak behin eta berriz ikusten pasa ondoren, magicek proposatutako lehenengoarekin gelditu naiz, dezinerfolio delako bat. Orain txukunagoa dagoela iruditzen zaizu, magic? :smile:

Luzamendutan ibili gabe, onena antolaketa berriaren azalpentxo bat ematea izango da:

euskaljakintza berria

Goiko aldean:

      1. EGA: EGAko azterketa prestatzeko gune berria (azalpenak, ariketak, egutegia…).
      2. ARAUAK: Euskaltzaindiaren arauak ikasi edo errepasatzeko ikastaroa (azalpenak eta ariketak online).
      3. HAUTAPROBA: Hautaproba edo selektibitateko euskarako azterketa prestatzeko wikia.
      4. HIZTEGIAK: Hiztegia.net-era lotura
      5. BALIABIDEAK: Euskaljakintza euskara baliabide-bilduma
      6. ENTZUN: Euskaljakintzako entzun-irakurtzeko gunea. Autore ezberdinen ipuin, poesia eta eleberrien grabazioak eta informazioa.

Eskuineko aldean (aldatzen joango da):

euskaljakintza berria 2

      1. BILATU: euskaljakintza barneko bilatzailea.
      2. ARIKETAK: euskararen hainbat arlo lantzeko euskaljakintzakook sortutako ariketak (ortografia eta arauak, esaldiak berridatzi, sinonimoak, esamoldeak, atsotitzak, lokailuak)
      3. KONTSULTATEGIA: bat-bateko kontsultak (aditzak, ahozko erdarakadak, “a” itsatsia, antolatzaileak, deklinabidea, , interjekzioak, konparazioak, lokuzioak, perpaus motak…)
      4. 2.0 BALIABIDEAK: Zer da web 2.0?, baliabide-bildumak, blogak, galde-sortak, Moodle, Podcasting, webquestak, wikiak… Horiei guztiei buruzko informazioa eta esteka interesgarriak.
      5. GURE TXOKOA: euskaljakintzakook gure lanerako beharko dugun informazio eta material guztia (programazioa, egutegia, dokumentazioa, gure lan-koadernoak, irratia, irakurlearen txokoa…)
      6. TXAT
      7. AZKEN MEZUAK
      8. ATALAK
      9. ARTXIBOAK
      10. JAKINTZA IKASTOLA: Jakintza Ikastolako gune ezberdinetara loturak.

Artikulu guztien ondoren, zabilduko ikurra topatuko duzue. Zabildu Alex Kingen Share This WordPress gehigarriaren euskal lokalizazioa da. Ikur bakar bat gehitzen du zure blogeko sarrera guztietan, edukiak zenbait markadore sozialetara bidaltzeko (bildu, zabaldu, delicious, google bookmarks, digg, technorati…).

Amaitzeko, hementxe dituzue euskaljakintzako helbide berriak. Ea gustuko duzuen!

Ordenagailuak, seme-alabak eta internet: bizirauteko gida

Atzo, nire jarioak irakurtzen ari nintzenean, Alzado.org-eko artikulu honetara iritsi nintzen. Artikulua Josep Casanovasek (blogaren laguntzailea) eta bere emazteak sinatzen dute.

Guk, iazko Guraso Eskolan, gurasoek eskatuta, gai hori jorratu nahi izan genuen, baina, azkenean, ez genuen lortu gaia ikuspegi errealista batetik azalduko zuen inor. Arantza hori gelditu zitzaigun, baita aurtengo ikasturtean konpontzeko asmoa ere. Nolanahi ere, hori guztia zehazten eta lotzen dugun bitartean, irakurritako artikulua euskaratzea erabaki dut. Bertan, guraso horiek euren seme-alabekin bizi izan dutena guztiokin partekatzen dute. Aldi berean, hainbat jarraibide proposatzen digute. Ea zuentzat baliagarria den.

Behatu eta ikasi

Gure seme-alaben garapen pertsonala nola gauzatzen den behatzea gauza zoragarria da eta, ordenagailuen alorrean, beraiengandik ikasteko aukera paregabea ematen digu. Zalantzarik gabe, guk erakutsi diezaiekeguna baino gehiago ikasiko dugu.

Baina, seme-alabengandik ikasteak joko eta ordenagailuen inguruan dugun hainbat aurreiritzi atzean uztea eskatzen du; umeen benetako lana jokatzea eta esperimentatzea baita, eta hori helduon edozein jardun bezain errespetagarria da.

Umeek ordenagailuaz ezer gutxi dakite

Nahiz eta ordenagailua gure seme-alaben eguneroko bizitzan ohiko tresna bilakatu den, erabiltzaile hutsak besterik ez dira. Hori dela eta, gure etxean sartzen diren aparatu guztien konfigurazioa, konponketa, zabalkuntza, babesa, kudeaketa… gure ardura da.

Jendeak kontrakoa pentsatzen duen arren, gaur egungo umeak ez dira informatikari adituak, erabiltzaileak besterik ez dira, onak edo txarrak, baina erabiltzaileak besterik ez. Etxean ordenagailua duten umeek ordenagailuaz dakitena guk, gure haurtzaroan, telebistaz edo estereoaz genekienarekin pareka daiteke, hau da, ezertxo ere ez; erabiltzen dakite eta kitto.

Umeek beti OK klikatzen dute

Umeek ez dute pazientziarik. Zerbait nahi dutenean, berehala nahi dute. Ez da harritzekoa, beraz, umeek beti OK botoia sakatzea aurrera jarraitu ahal izateko. Gainera, pantailan azaltzen diren mezu horiek ulertezinak egiten zaizkie eta, kasu gehienetan, OK botoia zuzena dela barneratu dute.

Jokabide horrekin, desegokiak diren edukietara iristeko arriskuan jartzen dira eta gure etxeko sistema informatikoaren segurtasuna arriskuan jartzen dute. Hori saihesteko, gure etxean, gisa horretako mezu bat azaltzen zaien bakoitzean guri abisatzeko eskatuko diegu.

Umeek dena instalatzen dute

Oso ohikoa da umeak edozein programa edo joko instalatzen saiatzea, batez ere, beste lagunek baldin badute. “Besteek badute, nik zergatik ez?” euren betiko leloa bilakatzen da. Gehienetan, lagun batek uzten die eta eskolatik itzultzean, instalatzen saiatzen dira.

Arriskuak, arestian aipatutakoen antzekoak dira; horregatik, komenigarria da ezer instalatu aurretik gurekin kontsultatzea.

Umeek espazio guztia jaten dute

Duela urte pare bat 150 Gb-eko disko gogorra erosi nuen. Bi urterako izango nuela pentsatu nuen. Oker nengoen: lau hilabete baino ez zuen iraun. Erruduna, ahal izango balu, Internet osoa disko gogorrean izango lukeen nire seme bat izan zen. Egia esan, bera da etxean daukagun sistema informatikoari etekin gehien ateratzen diona eta ez genion inongo zigorrik ezarri.

Gauza guztiak gordetzeko ohitura horrek familiako gainontzeko kideentzat zuen eragina azaldu genion eta guztion artean adostutako irtenbide bat onartu genuen: 50Gb eskaini genizkion partizio batean eta gainontzeko 100 Gb gainontzekoentzat gelditu ziren, ez baikenuen gehiago behar.

Sistema honek oso ongi funtzionatu du eta oso baliagarria gertatu zaio bere espazioa kudeatzen ikasteko.

Messenger-en agurtzea amaiezina den “minutu bat” bihurtzen da

Nerabezarora iristen direnean, seme-alabei une oro lagunekin harremanetan egoteko beharra iristen zaie. Talde bateko partaide direla sentitzen dute eta adin horretako aldaketak ongi eramaten laguntzen die.

Afaria guztiok partekatzeko une bat bezala izendatuta daukagu gure etxean. Denok lagundu behar dugu mahaia prestatzen eta guztiok batera afaltzen dugu. Ordua iristean, modu argi eta ozen batez “mahaia prestatzera” esaten diegu. Messenger-en konektatuta daudenak gorrak bihurtzen dira eta katalepsian daudela dirudi. Ez dugu amore ematen eta “mahaia prestatzera” errepikatzen dugu. Une horretan, euren lozorrotik esnatu eta “agurtzen ari naiz, minutu bat” esaten dute. Minutu hori amaiezina egiten da.

Gisa honetako egoerek seme-alabekin familiako beste kideekiko errespetuaz, ardurak hartzeaz, norberaren denbora antolatzeaz… hitz egiteko aukera ematen digute.

Inprimatzea dohain da

Nerabeak eta gazteak lehenak dira ingurunearekiko errespetua aldarrikatzen eta, askotan, jarrera ekologista erradikalena azaltzen dute. Horregatik, harrigarria da ikustea nola agortzen dituzten folioak eta dagokien tinta kopurua eskolako ez dakit zer motako lanerako frogak egiten.

Umeak eta nerabeak ez dira jabetzen euren ekintzek ingurugiroan eta ekonomian duten eraginaz. Eurentzat, tinta, papera, CDak, bateriak eta, oro har, suntsikor guztiak etxean dauden objektuak besterik ez dira.

Gurasoon esku dago, adibidea emanez, euren erabakien ondorioaz oharraraztea eta, aldi berean, euren kontsumoa murriztuz, etxeko ekonomia eta gure planetaren osasuna zaintzen lagundu dezaketela ikusaraztea.

Interneten, errealitatea eta fikzioa bereiztea ez da erraza izaten

Arratsalde batean, etxeko egongelan irakurtzen ari nintzela, nire alaba gazteena barrez lehertzen ari zen Youtubeko bideo bat zela eta. Barre pixka egiteko asmotan hurbildu nintzenean, ohartu nintzen bideoan benetako istripuak azaltzen zirela. Istripu horietan jendeak benetako mina hartu zuela ba ote zekien galdetu nionean, oso garbi ez zeukala konturatu nintzen.

Telebistan programazio bat dago eta gurasook zer ikusi eta zer ez erabakitzeko ahalmena daukagu. Interneten horrek ez du funtzionatzen: Youtuben, adibide bat jartzearren, denetik aurki dezakegu. Fikzioa eta errealitatea kanal batean nahasten dira eta adin batzuetan hori bereiztea ez da gauza xamurra.

Horregatik, oso garrantzitsua da topa ditzaketen edukiaz eta hauek bultzatzen dituzten baloreaz gure seme-alabekin hitz egitea.

Babestu edo gehiegi babestu?

Internet eta seme-alabaz hitz egitean, saihestezina da guraso guztioi kezkatzen gaituen gai batez ez hitz egitea. Nola babestu gure seme-alabak desegokiak diren edukiengandik eta indarkeria, pornografia eta pedofiliarekin loturiko kanpoko erasoengandik? Guk baino askoz ere gehiago dakitenak badaude eta honako gune hauek bisitatzea aholkatzen dizuegu:www.protegeles.com, chaval.red.es eta www.asociacion-acpi.org.

Gurasook tresnak eskaini behar dizkiegu gure seme-alabei euren gaitasunak gara ditzaten eta hauek estimulatu. Ordenagailua horietako bat da. Euren jakin-minak jolasaren bidez esperimentatzera daramatza eta hori kalte larriengandik babestuko dituen testuinguru seguru batean egin behar dute.

Gure seme-alabei mugitzeko askatasuna ematen badiegu ere parke publiko batean jolasten ari direnean, jarraibide batzuk ere eman ohi dizkiegu, mugak jartzen dizkiegu, adi egoten gara eta sartu egiten gara arrisku baten aurrean daudela sumatzen dugunean. Berdin-berdin jokatu beharko dugu gure seme-alabak Internetera konektatzen direnean: zer eta norekin egoten diren jakin behar dugu, beraz, hainbat muga eta arau jarri beharko ditugu muturreko jokabideak saihestuz; alde batetik, izutu gabe eta, bestetik, gehiegizko babesa eman gabe.

Arauak eta mugak Interneten

Hauek dira guretzat baliagarriak izan diren arauak:

  • Inork ez du ordenagailurik izango bere logelan. Ordenagailuak beti partekatutako eremuetan jarriko ditugu, hala nola, egongelan.
  • Seme-alaba bakoitzaren adinaren arabera, konexio ordutegi bat bete beharko da.
  • Etxerako lanek eta beste eginbeharrek lehentasuna izango dute txata eta horrelakoen aurrean.
  • Afaria deskonektatzeko eta biltzeko une bat da.
  • Interneten, sekula ez dute datu pertsonalik emango.
  • Inoiz ez dute ezezagun batekin hitzordu bat adostuko.
  • Susmagarria egiten zaien edozein proposamenaren berri eman beharko digute.

Nola jakin zer egiten duten eta norekin

Ordenagailua etxeko eremu partekatu batean kokatzen badugu, nahiko erraza da.

Aholku batzuk:

  • Mesenger-eko kontaktuen irudiak aitzakia polita izan daitezke elkarrizketa bati hasiera emateko. Gisa honetako galderak egin daitezke: Norena da irudi barregarri hori?, Ez dut ezagutzen, eskolakoa da?
  • Euren emozioak irribarrez, ozenki hitz eginez edo tekleo frenetiko batez adierazten dituztenean, une egokia da eurengana hurbiltzeko eta galderak egiteko.
  • Messenger, Myspace edo Youtube bezalako aplikazio eta zerbitzuen funtzionamendua ezagutzen ez baduzu, ikasi. Jakin-mina azaldu, seme-alabei erakusteko eskatu, alta eman probak egitearren besterik ez bada ere. Errazagoa egingo zaizu zure seme-alabekin horretaz hitz egitea eta kontaktatzea.
  • Kuriositatea azaldu, saiatu euren mundu soziala eta komunikatiboa ulertzen. Bloga, fotologa edo antzekorik badu, sar zaitez, baina ez espioiarena egiteko, partekatzeko baizik. Zure jakin-mina azaldu eta beraiengandik ikasi.

Gure ordenagailuak nola babestu gure seme-alaben ekintzengandik

Nire alaba zaharrenak hiru urte zituela nire Apple Macintosh SEaren aurrean utzi nuen. Marrazkiak egiteko KidPix izeneko programa bat instalatuta nuen eta horrekin izugarri ondo pasatzen zuen. Normalean baino lasaiago zegoen, isilik. Bere marrazkietan murgilduta zegoelakoan, lasai utzi nuen. Baina isiltasun hura ez zen normala eta bere marrazkiak ikusteko asmoz hurbildu nintzaion.

Mac-en pantaila begiratu eta, hura ezustekoa hartu nuena! Nire Mac harren pantailan ez zegoen ezertxo ere. Ia karpeta guztiak desagertuta zeuden. Bera konturatu zen objektuak desagertzen zirela karpeta batera eramaterakoan eta marrazkiak egitea baino atseginagoa egin zitzaion.

Zorionez, susto bat besterik ez zen izan, karpeta guztiak beste batean sartuta baitzeuden. Hortxe ohartu nintzen umeek, inozentziaz beteriko izaki zoragarri horiek, buruhauste bat baino gehiago eman dezaketela ordenagailua erabiltzean. Guk prebentzio neurriren bat hartzea aholkatzen dizuegu, adibidez, guk etxean hartu ditugunak:

Erabiltzaile bat sortu bakoitzarentzat

  • Norberak bere mahaigaina pertsonala izango du, bere konfigurazioa, bere karpetak eta fitxategiak…
  • Nabegatzailearen historiala erabiltzaile bakoitzarentzat ezberdina izango da, berrikusteko aukera emango dizu behar izanez gero.
  • Norberak “Nire dokumentuak” izeneko karpeta izango du eta erabiltzaileen fitxategiak ez dira nahastuko.

Erabiltzaileen baimenak

  • Erabiltzaileek ez dute pasahitzik izango edo, izanez gero, gurasook ezagutu beharko dugu; bestela, ezinezkoa izango da ordenagailuaren kontrola izatea beharrezkoa denean.
  • Administratzailearen profila eman edo ez erabaki beharko duzu. Administratzailearen profila izan ezean, ezin izango dute programarik instalatu; dena den, horrekin euren autonomia ordenagailuaren erabilerara mugatuko duzu
  • Ordenagailu bat baino gehiago baldin baduzu, gorde bat non gurasoek bakarrik izango duten administratzaileen profila. Honek ordenagailu bat beti kontrolpean izango dugula ziurtatuko digu.

Segurtasun kopiak egin

  • Datuen segurtasun kopiak egin. Nire etxean denek dakite “Nire dokumentuak” karpeten segurtasun kopia egiten dugula, ez besteena.
  • Kopia inkrementalak egiten uzten duen programa bat erabil ezazu. Guk kopia integrala urtean behin egiten dugu, gainontzeko guztiak inkrementalak.
  • Segurtasun kopiak gordetzeko, praktikoena kanpoko disko bat erabiltzea da. Honela, edozein fitxategi edozein ordenagailuan berreskuratu ahal izango dugu.

Antibirusa, firewall eta antiespioiak

Zure antibirusa beti eguneratuta mantendu, sistema eragilearen FireWall-a aktibatu edo beste bat instalatu eta, tarteka, programa antiespioia pasatu

Gure sistema errebisatzeko modu sinpleak

Instalatutako azken programak errebisatu

Ezagutzen ez duzun programaren bat instalatuta ikusten baduzu, Google-en sartu eta egiaztatu zertarako den.

Errebisio mota hori eginez, euren interesak ezagutzeaz gain, kaltegarriak izan daitezkeen programak desinstalatu ahal izango ditugu, beraiekin hitz egin eta gero eta arrazoiak eman ondoren.

Diskoaren espazio librea berrikusi

Ariketa sinple honekin, operazioen hazkuntza normala duen edo ez jakingo dugu. Hazkunde handiegia bada, baten bat gauzak jaisten ari dela adieraziko digu.

Jaisten ari denaren berri izan

Errebisio hau beharrezkoa da gure ordenagailuan zein motako edukiak egongo diren jakiteko, konexioaren zabalera bermatzeko eta diskoaren espazioa kontrolatzeko.

Konklusioak

Ordenagailua gure seme-alaben garapen intelektuala eta euren gaitasunerako baliabide ezin hobea izateaz gain, aprendizaia kolaboratiboa jorratzeko aukera pilo bat ematen digu. Aholku hauen bitartez, gure seme-alabek jolasteko eta esperimentatzeko testuinguru seguru bat lor dezakegu

uǝzʇɐʇsǝɹd oʞɐɹɐɹɐpn ɐƃolq ǝɹnƃ

¡¡¡ʞɐɹɹodo ɐsɐd opuo ˙uǝʇɐzǝp ɹnʞɐɹı uɐʇǝıʞoƃǝ ɐzʇuıplɐq ʞɐʇǝʞlɐpıq ǝɹnƃ ǝɹǝ ʞǝɹnǝ ‘uɐƃolq ǝɹnƃ nƃnʇıp uıƃǝ ʞnzʇɐq ɐʇǝʞɐplɐ ‘ɐʇǝ ɐlǝp ɐǝunɹıƃǝq unƃǝıp ɹoz ıǝıɹoɥ ǝlıɐzʇıɐɹɹɐɾ ǝɹnƃ ˙ɐɹɐƃ nʇɐɹnʇuoʞ ɐlǝʇnp uǝzʇɹnʞɐɹı ʞıʇɐʇǝpodıʇuɐ ɐƃolq ǝɹnƃ ɐʇǝ nʇɐʞɹɐɥǝz ɐǝɹoʇɐnʞǝ ʞǝʇuǝzǝp oʞɐʇǝnɐɥ ˙ɐlǝɹıp uɐoɾ ɐɹɐʇǝɹɹodo ʞoʞsɐ oʞɐʇǝǝlɹnʞɐɹı ǝɹnƃ oʞǝuǝoƃɐp ɐɹɐƃ nʇɹɐɥo ‘uǝɹopuo uɐɯǝ ʇɐq ɐpɐɹıƃǝq ıǝʞıʇsıʇɐʇsǝ ǝɹnƃ

ɐɔǝʇoılqıq ɐsou ɐ :ɐıɹɹnʇı

dılɟ :ɐǝunƃqǝʍ

oporrak