Bideo hau oso deigarria iruditu zait eta ez dut uste iragarpena oso oker dagoenik. Zuei berdin iruditzen al zaizue?
Kategoria: Denetarik
euskaljakintza: diariovasco.com sariketako finalista!
Zorioneko gaude berriz ere! Duela gutxi lortutako Espiral sariaren oihartzuna itzali gabe dagoenean, beste berri on batekin natorkizue: Diariovasco.com sariketan finalistak gara! Diariovasco.com Sariak DIGITAL VASCA S.L.ren lehiaketa bat da (ikus oinarriak). Bere helburua Internet sustatzea eta baliabide honen bidez jarduerak garatzen dituztenen lanaren kalitatea eta esfortzua aitortzea da. Antolatzaileek bost kategoria ezberdinetan egingo dute errekonozimendua eta kategoria bakoitzerako sari bakarra emango dute epaimahaikideek. Hauxek dira/gara finalistak kategoria ezberdinetan:
• Enpresa web orri onena: AFM, Gurutzeta sagardotegia eta Inasmet.
• Instituzio web onena: Ataungo Udala, Donostiako Udala eta Irungo Udala.
• 2.0 web orri onena: Astindu, Euskaltube eta Nireblog.
• Pertsona/Elkarte web orri onena: Broute Mag, Vasco de Camping elkartea eta euskaljakintza.
• Web publizitate kanpaina onena: Ikea, Renault eta Toyota.
Publikoaren Sarian parte hartzen dutenen artean Punta Canara bidaia bat zozketatuko da
Diariovasco.com-ek, era berean, web onenarentzat ‘Publikoaren saria’ izeneko saria ezarri du. Sari honen irabazlea zein den erabakitzeko erabiltzaile bakoitzak bere botoa eman ahal izango dio 12 web orri finalistetako bati. Erabiltzaile bakoitzak behin bakarrik parte hartu ahal izango du bozketa-prozesu honetan eta ezinbesteko baldintza izango da Diariovasco.com-en izen emanda egotea. ‘Publikoaren sari’ berezi hau erabiltzaileen boto kopuru gehien jaso dituen webak jasoko du, berdin delarik zein kategorietakoa den. Erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko, Publikoaren sarian parte hartzen duten erabiltzaileen artean bi lagunentzako Punta Canara bidaia bat zozketatuko da.
Amaitzeko, aitortu beharrean nago, irabazi edo ez irabazi, guretzat ohore handia izan dela finalera iristea eta hainbat orri bikainen artean gurea ipintzea. Mila esker hori ahalbidetu duzuen guztioi eta zorte on gu guztiontzat!
Argazkiak online: geroz eta aukera gehiago
Egungo sarean, argazkien inguruan, era guztietako zerbitzuak topa ditzakegu. Argazkiak gordetzeko eta partekatzeko zerbitzuak, zure blogean argazkiak argitaratzeko era guztietako aplikazioak, editatzeko guneak… etengabe ugaritzen ari dira. Horregatik, gaurko honetan, online topa ditzakegun editoreak aipatuko ditugu.
Seguru asko, behin baino gehiagotan, ni orain nagoen egoeran topatuko zineten, hots, inongo argazki editorerik ez duen ordenagailu batean. Egia esan, nire pendriven hiru daramazkit, baina arazoak ematen dizkidatenez, sarera jotzen dut eta bertan dauden editoreak erabiltzen ditut. Ez dira Gimp edo Photoshop bezain osoak, baina oinarrizko edizioak burutzeko geroz eta gomendagarriagoak iruditzen zaizkit.
Hasteko, irudian ikusten dena aipatuko dut: Splashup. Fauxto izena zuenean ezagutu nuen eta orain hobekuntza dezenteekin datorkigu. Photoshop-en klona deituko nioke nik. Zerbitzuan alta eman eta gero, editorean sartu eta klona deitzearen arrazoia erraz ulertuko duzue. Photoshop-ekin ohituta dagoenarentzat, oso erabilerraza iruditzen zait eta ondorengo zerbitzuekin integrazioa eskaintzen du: Flickr, Picassa eta Facebook. Nahi izanez gero, zerbitzuan bertan edo zure ordenagailuan gordetzeko aukera ematen du. Tira, ez naiz gehiegi luzatuko, froga ezazu eta zure iritzia hemen utzi.
Jarraian, beste zerbitzu batzuen aurkezpen laburra egingo dizuet:
- Snipshot (lehenago, Pixoh): alta eman beharrik ez dago. Zure ordenagailutik edo URL emanez, argazkia ireki eta oinarrizko edizioa burutzeko aukera izango duzue. Sinple eta erraza.
- Pixer.us: hemen ere ez da beharrezkoa erregistroa burutzea. Oinarrizko edizioari, efektu interesgarri batzuk ere gehitzeko aukera eskaintzen du.
- Phixr: erregistratu gabe, bi orduko baimena ematen du edizioa burutzeko. Oinarrizko edizioaz gain, efektuak, ertzak, testua… gehitzeko aukera ematen du. Eta honek ere argazki zerbitzu ugarirekin integrazioa eskaintzen digu.
- xmgimage: erregistratu beharra dago. Zerbitzu borobila, dudarik gabe. Argazkiak gorde, antolatu, partekatu eta editatzeko aukera gune berean.
- Picnik: erregistratu beharrik ez dago. Honek ere aukera interesgarriak eskaintzen ditu.
- Pikipimp: zerbitzu honekin jolastu eta ongi pasatzeko aukera izango dugu. Zure nagusiaren argazkia igo eta mendekua hartu
- Graphita: hemen ere erregistratu gabe zure argazkiekin jolasteko aukera izango dugu, baina eginiko aldaketak gordetzeko garaian, erregistroa eskatzen du.
- Improveyourimages: erregistratu beharrik ez duen gune honek argazkien kalitatea hobetzen du. Kontraste, distira eta beste parametroak egokitu eta optimizatzen ditu, emaitza bikainak eskaintzen dituelarik.
- Fanstudio: beste editore interesgarri bat. Hala ere, bere .ru domeinuak atzera botatzen du bat baino gehiago.
- pikifx: oso interesgarria hau ere. Ez da beharrezkoa erregistratzea eta aukera mordo bat eskaintzen du. Oso erabilerraza eta gordetzeko formatu ezberdinak eskaintzen ditu.
- Pixenate (lehenago PXN8): hemen ere ez da beharrezkoa erregistroa burutzea eta aukera anitz jartzen du gure aurrean.
Beno, zubia izateko nahikoa dela uste dut, baina ez dizuet agur esan nahi aurreko astean ezagutu eta txundituta utzi ninduen zerbitzua aipatu gabe; Vector Magic.
Hauxe bai zerbitzu bikaina irudi bektorialak sortzeko. Bitmap formatu batean dagoen irudia igo eta formatu bektorialera di-da batean pasatuko dizu. Kalitatea alderatuta, ez dago zalantzarik. Benetan, leku oso gomendagarria Stanford Unibersitatekoek gure esku jarri dutena.
Argazkiak erakusteko aukera erraza
Denok dakigu Flickr argazkiak gordetzeko eta partekatzeko zerbitzu bikaina dela eta bere APIa erabiliz, bere inguruan sortu diren era guztietako aplikazioen erabilgarritasuna ez dut uste zalantzan jarriko dugunik.
Gaur, horietako bat aurkeztera natorkizue, izan ere, gure blogetan argazkiak argitara emateko erraztasun ikaragarriak ematen baitizkigu. Zerbitzuaren izena Slideoo da eta jarraian azalduko ditudan urrats sinple batzuk ematea besterik ez dugu egin beharko gure blogean “slide” dotore bat jartzeko.
Hasteko, zure erabiltzaile izena sartu eta “Use your sets” (nahi duzun argazki albuma hautatzeko) edo “Your photostream” (zure argazki guztietatik hartzeko) hautatu beharko duzu. Behin hori egin eta gero, kargatzen hasiko da (nahiko azkar egiten du hau). Jarraian, slide horri eman nahi diozun zabalera zehaztu beharko duzu, portzentajea edo pixelak erabiliz. Bukatzeko, argazkiak zein neurrian erakutsi nahi ditugu hautatu eta “Create your Slideoo” sakatu. Berehala izango duzu slide hori zure aurrean eta berau blogean sartzeko behar duzun kodea. Minutu batean zure argazkiak ikusgai dituzu aurkezpen dotore batez zure blogean.
Wikipedia Euskaraz Blai: euskarazko wikipedian zientzia-edukiak sortzeko lehiaketa
Berandu bada ere, ez dut hain interesgarria iruditzen zaidan lehiaketa honen berri emateko aukera galdu nahi. Interesgarria diot, euskal wikipedia zabaltzen laguntzeaz gain, sarean hain urriak diren euskarazko zientzia edukiak loditzen ere mesedea egingo duelako. Sariketa hau 2007ko Zientzia Astearen edizioaren barruan antolatu da (ikus arauak) eta, aipatu dugun bezala, helburu nagusia Wikipedia euskaldunentzat zientzia-edukiak sortzea da. Deialdia DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle zein Unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari zuzendua dago. Izena emateko epea urriaren 15ean zabaldu zen eta dagoeneko parte-hartzaile ugarik dihardu lanean (ikus zerrenda osoa).
Ekarpenak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 4an, 24:00etan, amaituko da. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, Wikipediaren barneko funtzionamendua kontuan harturik eta azken orduko arazoak saihesteko asmoz, ekarpenak hilabetean zehar egitea gomendatzen da.
Sari banaketa 2007ko azaroaren 7an egingo da, Wikipediaren sortzailea den Jimmy Wales ekitaldiaren buru izango dela. Dena den, azken berriak jakiteko, onena Zientzia Astea 2007 bloga bisitatzea duzue. Amaitzeko, parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, animatze aldera, sarien zerrenda uzten dizuet:
10 ordenagailu eramangarri
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
- 1 unibertsitateko ikasleentzat
- 1 publiko orokorrentzat
8 kanoi digital ikastetxeetarako (lehenengo 4 kategorietan bakarrik)
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketako ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat