Google Maps zure blogean

Iragarrita zegoen eta, azkenean, gurekin dugu Google Maps-eko mapak gure blogean txertatzeko aukera sinple eta erraza.

Orain, Orri honetara etortzeko esteka klikatzerakoan, esteka ez ezik, gure blogean txertatzeko beharrezkoa dugun kodea agertzen zaigu. Beste zerbitzuetan gertatzen den moduan, kode hori kopiatu eta gure blogean itsatsi besterik ez da egin behar. Txertatu nahi dugun mapa pertsonalizatu nahi izanez gero, Txertatutako mapa pertsonalizatu eta aurrikusi sakatuko dugu eta, oraingoz, maparen neurria aldatzen utziko digu, besterik ez. Nik uste dut, denborarekin aukera gehiago erantsiko dituztela, gaur egun Tagzanian daukagun bezala. Portzierto, Google Maps-en garapena dela eta, ez al zaizue iruditzen Tagzaniak eskaintzen zituen aukera guztiak hartu dituela? Codesyntax-eko lagunek zer edo zer erantsiko diote euren aplikazioari? Eta hori eginez gero, Google-ek kopiatuko al die berriro?

Nik, zerbitzu honen adibide pare bat jarriko dizuet. Iazko ikasturtean, 10 urteko ikasleekin ekoiztutako mapak.

Ordiziako Mapa:

Euskal Herriko Ibaiak:

Slideshare: audio sinkronizazioa

Aurkezpenak gordetzeko eta partekatzeko gune ospetsua dugu Slideshare. Baina denok dakigu aurkezpen baten testua eta irudiak ez direla nahikoa esan nahi den guztia adierazteko. Horregatik, orain jarri duten aukera gehigarri horrekin, amaituko dira aurkezpen “mutu” horiek non esaldi labur batzuk besterik erakusten ez dituzten eta irakurleen jakin-mina asetzen ez duten.

Beti esaten da aurkezpenetan azaltzen diren edukiek aurkezleak ahoz esaten duena indartu behar dutela, horregatik, gune honetan aurkitzen ditugun aurkezpen askotan faltan botatzen dugu egilearen azalpen hori.

Hemendik aurrera, egoera horrekin amaitzeko aukera izango dugu. Horretarako, hauek dira jarraitu beharreko pausoak:

  1. Aurkezpena Slideshare-ra igo
  2. Audio fitxategia (mp3) zerbitzari batera igo (nik Odeora igo dut)
  3. Slideshow editatzera joan eta “edit Slidecast” sakatu. Sartu mp3 fitxategiaren URL-a eta gero “Link mp3 to slideshow” botoia sakatu. Minutu bat edo pare bat itxaron beharko duzu sinkronizaziorako prestatzen den bitartean.
  4. Sinkronizatu audioa: hemen hiru aukera izango duzu. Utzi audioa sinkronizatu gabe, edo audioa uniformeki banatu (oso egokia musika duten argazki aurkezpenentzat), edo diapositiba bakoitzarentzat zehaztu zein audio zatia nahi duzun.
  5. Gorde eta argitaratu. Slidecast-a bakarrik agertuko da “Save&Publish” botoia sakatzen baduzu.

Nik, froga egiteko, Euskal Herriko argazki batzuekin eta Mikel Urdangarinen kanta bat erabiliz, aurkezpentxo bat prestatu dut.

Iturria: Denken Über

Loop, sortu pdf fitxategiak Firefox erabiliz

Loop

Onartu beharrean nago Firefoxek erabat txundituta naukala. Aplikazio beraren kalitateaz gain ikaragarria da, gehigarrien bitartez, nabigatzaile honek eskaini ditzakeen zerbitzu extren kopurua. Euskalbar, Del.icio.us Bookmarks edota BetterGMail bezalako gehigarriak, une honetan, kritikoak bilakatu dira niretzat. Honetaz gain Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa nabigatzailean integraturik erabiltzeko aukera izanda, ulertezina egiten zait oraindik internauta askok Internet Explorer erabiltzen dutela ikusteak. Norbaitek imajinatzen ditu horrelako zerbitzuak Microsoften nabigatzailean?

Gaurkoan aurkezten dizuedan gehigarria aurrekoen zerrendan jarriko dudan horietako bat izango dela ziur nago. Bere izena Loop da eta bere eginkizun nagusiena hauxe da: irakurtzen ari garen webgunea pdf formatura bihurtzea.

Gehigarria ohiko moduan instalatu ondoren, Firefoxen nabigazio tresna barran botoi berri bat ikusi ahal izango duzue. Bere gainean klik eginez, nabigatzailearen ezkerraldean, alboko leiho bat irekiko da. Bertan, bisitatzen ari zaren webgunea pdf-ra bihurtzeko nahikoa izango duzu “Add Url” botoia sakatzea. Unetxo baten ondoren, pdf fitxategia zure ekipora jaisteko prest izango duzu. Horrela nahi izanez gero, URL desberdinak edota aurretik gordeta dituzun bestelako pdf fitxategiak, pdf berri batean konbinatu ditzakezu ere. Benetan txundituta utzi nau gehigarri honen sinpletasunak eta, bide batez, bere eraginkortasunak.

Aspalditik nenbilen nire fisikako webgunean jasota daukadan materiala pdf modura nola pasa aztertzen. Egia da WordPressek dituen pluginen artean badirela batzuk eginkizun honetarako bereziki garatu direnak baina, hauetako gehienak probatu ondoren, ez naiz gustura geratu hauek ematen duten emaitzekin. Loop-ekin nire arazo guztiak amaitu dira. Adibide gisa esan, nahikoa dela Wodpresseko atal baten URLa Loop-en txertatzea, honek atal horren barruan dauden artikulu guztiak pdf-ra bihurtzeko. Primerakoa!

Iturria: Digizen

Gehigarria jaisteko: Loop

OHARRA: gehigarria erabiltzen hasteko lehenik eta behin zerbitzuan alta ematea derrigorrezkoa duzu.

TV online

Aspalditik nenbilen mezu hau argitaratzeko asmoz, baina arrazoi ezberdinak direla medio, atzeratzen joan da eta, urtero legez, telebista kate gehienek udako programazio nazkagarri batekin zigortzen gaituztenez, hau idazteko garaia heldu dela pentsatzen dut. Nik uste dut telebista kate guztiek udako programazioarena propio egiten dutela urte osoan zehar eskaintzen digutena horren txarra ez dela pentsarazteko.

Bada, zuek ere horrekin nazkatuta bazaudete, jarraian aipatuko ditugun baliabideak erabiliz, gutxienez, aukera zabalagoa izango duzue telebista ikusteko. Baina ezin dizuet ziurtatu bilatzen duzuen telebista mota topatuko duzuenik. tristura

Hasi baino lehen, bideoak edo pelikulak eskaintzen dituzten zerbitzuak aipatu gabe utziko ditut. Beraz, telebista kate arruntak ikusteko aukera eskaintzen duten doako zerbitzuak eta aplikazioak azalduko ditut, soilik.

Telebista online, aplikaziorik gabe

Jarraian, aipatuko ditugun guneetan, zuzen-zuzenean telebista kate ezberdinak ikusi ahal izango ditugu inongo aplikaziorik instalatu gabe. Ohiko pluginak instalatuta izanez gero, nahikoa litzateke.

  • wwiTV: zerbitzu honetan, telebista online eta grabatutako bideo kate mordoa topatuko dugu. 2500 baino gehiago omen dira. Zerbitzu hau erabili ahal izateko ezinbestekoak dira Real Player eta Windows Media Player pluginak instalatuta izatea. Kateak irizpide ezberdinen arabera (lurraldeka, gaika, Tv streaming, bideoak eta pelikulak…) antolatuta daudenez, oso erraz irits gaitezke nahi dugun katea ikustera. Interfazea bost hizkuntzatan dago, horietako bat gaztelania. Hauxe da niri gehien gustatzen zaidana, nahiz eta diseinuan lan handia egin beharko luketen.
  • Freetube: hemen, kateak gaika antolatuta daude eta ez du aukerarik ematen pantaila osoan ikusteko. Bi neurri eskaintzen ditu eta handiena jartzerakoan, irudiak deformatu egiten ditu. Zerbitzu honek ez du ematen oso egonkorra denik eta irudia sarritan galdu egiten da. Interfaze guztia ingelesez dago. Arestian aipatutako pluginaz gain, hemen ere komeni da Quicktime eta Flash instalatuta izatea.
  • Channelchooser: nahiz eta pantaila osoan ikusteko botoia duen, ez du uzten edo ez du ongi funtzionatzen. Kate guztiak gaika antolatuta daude eta Windows Media Player beharrezkoa da. Hainbat kate ikusi ahal izateko Quicktime ere beharrezkoa da.
  • StreamTivi: hemen, zailena orientatzea izan daiteke. Izan ere, bilaketak egiteko eta finkatu beharreko irizpideak zehazteko, esteka txiki bat besterik ez dago eta gune honek duen interfazearekin zaila egiten da aurkitzen. Defektuz agertzen den kate zerrendaren gainean “Show/hide more settings” jartzen du eta bertan klikatuz, aukera izango dugu irizpideak finkatzeko. Aipagarriena, beharbada, telebista kateak ez ezik, irratiak ere entzun daitezkeela, nahiz eta nik sekula lortu ez dudan.
  • TVgratis: Espainiako gune honek lurraldeka antolatzen ditu kate guztiak. Kalitateari dagokionez, ez zait iruditzen hoberena denik. Kate bat hautatzerakoan, leiho pop-up batean azaltzen da ikusi nahi den katea. Arazoak pantaila osoan ikusteko.
  • Live Online TV: beste gune bat lurraldeka nahiz gaika antolatuta.
  • JumpTV: leku nahiko ona, baina eskaintzen dituen kate guztiak ez dira doakoak.
  • Streamick: kate gutxi eskaintzen ditu, baina ikusten direnak nahiko ongi ikusten dira.
  • TVBistro: eskaintzen dituen kateak hizkuntzen arabera sailkatuta daude.
  • ChannelKing: 230 kate baino gehiago. Hala ere, ez zait iruditzen oso ongi funtzionatzen duenik. Frogatzen dudan bakoitzean arazoak ematen dizki eta.
  • Choose and Watch: 300 kate baino gehiago. Ikusi ditudan guztiak oso kalitate handian ikusi ahal izan ditut. Hori bai, Windows Media Player ezinbestekoa da.
  • SeeTV: ia 1300 kate kalitate nahiko onarekin, baina antolakuntza lurraldeka bakarrik eginda. Honek, ikusi nahi dugun katera iristea zaildu egiten du.
  • TViki: honek ere kate ugari eskaintzen du lurraldeka eta gaika antolatuta. Nolanahi ere, hainbat kate ikusteko garaian, arazoak besterik ez ditu ematen.
  • TVTuga: Portugaleko gune honetan ikusten dudan arazorik handiena da ez duela aukerarik ematen pantaila osoan ikusteko. Horretarako, botoi bat duen arren, niri ez dit funtzionatzen. Bestela, kalitate nahiko ona eskaintzen du.

Aplikazioa behar dutenak

Jarraian aipatuko ditudan zerbitzuek zuzeneko emisioak eskaintzen dituztenetatik aterata daude. Izenburuak dioen bezala, zerbitzu horiek erabili ahal izateko, aplikazio bat jaitsi beharko duzu.

  • JLC’s Internet TV: windowserako balio duen aplikazio hau jaitsiz gero, 1400 kate baino gehiago izango dituzu zure esku. Kateak baloratzeko, berriak proposatzeko, gogokoen zerrenda osatzeko… aukera ematen digu. Kalitateari dagokionez, nahiko kaskarra iruditzen zait niri. Baina Popular TV noizbehinka ikusteak ez du preziorik. keinu
  • Zattoo: plataforma ezberdinetarako sorturiko aplikazio honek zure lurraldea detektatu eta automatikoki lurralde horretako kateak eta beste gutxi batzuk instalatzen dizkizu. Nobedaderik handiena, zalantzarik gabe, beste inon topa ezin diren “La Sexta” edo “Teledeporte” bezalako kateak ikusgai jartzen dituela. Lastima beste lurraldeetako kateak gehitzeko aukera ematen ez duenik.
  • TVUnetworks: honek nahiko kalitate ona eskaintzen du, baina bertan ikus daitezkeen kate gehienak Txinatarrak dira. Orain, Ingelesez dauden kate gehiago sartu dituzte. P2PTV aplikazio bat da.
  • SopCast: aplikazio hau ere P2PTV aplikazioen multzoan sartuta dago eta, beharbada, hedatuena da. Batez ere, asko erabiltzen da Futboleko partiduak zuzenean ikusteko. Hau ere, plataforma anitzekoa da. Beste ezaugarri interesgarri bat da zure gunean sartzeko kodea ematen duela.
  • PPLive: beste P2PTV aplikazio txinatar bat. Aurten, Errealako partidu bat ikusteko jaitsi behar izan nuen eta nahiko ongi ikusi nuen. Zoritxarrez, ikusi beharrekoa ez zen oso erakargarria.
  • TVAnts: beste P2pTV aplikazio txinatar bat gehiago. Kate mordoa ikusgai eta nahiko erabilia kirol ezberdinetako partiduak ikusteko. Bere gunean dena txineraz idatzita dagoenez, jaisteko esteka jarriko dizuet webgune horretan ez galtzeko: jaitsi
  • PPStream: azkeneko aplikazioen antzekoa.
  • PeerCast: beste guztien antzekoa, baina honek plataforma guztietan funtzionatzen du.

Azken aplikazio hauen arrakastarik handiena futbolarekin etorri da. Izan ere, Asiako telebista kateek eskaintzen dituzten partiduak (Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Italia, Alemania, Argentinako… txapelketak gehi selekzioetako partiduak), aplikazio hauen bitartez, gure ordenagailuetan ikus ditzakegu. Iazko ligan, Errealaren posizioa zela medio oso gutxitan ematen zuten ( Barça edo Madrilen aurka denean, ziurtatuta dago). Horregatik, aukeran, nahiago nuen Xabi Alonso eta gure bizilaguna den Pako Aiestaranen Liverpooleko partiduak ikustea.

Partiduen ordutegiak eta beharrezko aplikazioa zein zen jakiteko gehien erabiltzen nuen gunea Rojadirecta izan zen, baina hauek ere erabil daitezke: TVFutbol eta TVMix.

Baina ezazue pentsa bakarrik futbola ikusteko balio duenik, beste kirol mordoa ere ikus daiteke eta pelikulak, serieak, marrazki bizidunak…

Beno, uda honetan aspertuta bazaudete, ez didazue ukatuko denbora pasatzeko aukera zabala eskaini es dizuedanik.

Google Maps Mapplets

Beste enpresek dena itxita eta ongi itxita uzten duten bitartean, Google-ek bere API-en bitartez, euren aplikazioen garapena erabiltzaileen esku uzten du. Horren adibide garbia da Google Maps-erako sortu dituen Mapplet-ak.

Zer dira Mapplet-ak? Bada, norberaren Google Maps eremuan gehituko diren widget-ak. Dagoeneko, zerrenda luze bat dago, hauetako batzuk Google-ek egindakoak, baina arestian esan dugun bezala, API bat dago Mapplet hauetako bat sortu nahi duen edonorentzat.

Ni, Mapplet dirktoriora joan naiz eta hauetako batzuk jarri ditut frogak egiteko. Era guztietako mapplet-ak topatuko dituzue, baina niri asko gustatu zaizkit distantziak neurtzeko balio duena (Distance Measurement Tool) eta koordenatuak ikusteko balio duena (Position Finder). Bi irudi horietan mapplet hauek funtzionamenduan ikus ditzakezue, irudi handian distantziak neurtzekoa (kasu horretan gure ikastolako bi eraikinen arteko distantzia) eta irudi txikian gure ikastolako koordenatuak.

Nire hamar urteko ikasleek, Google Maps erabiliz, lan batzuk burutu zituzten eta tresna honek izan dezakeen erabilera didaktikoaz hobeto jabetzeko hemen jarriko dizkizuet:

Eta Google Earth-en ikusi nahi badituzue, hona hemen KML fitxategiak:

Adibide hauekin ikus daiteke ohiko mapak erabiltzeaz gain, tresna hauek erabiliz, gauza oso erakargarriak ere egin daitezkeela. Gainera, iazko ikasle horiek eginiko lana hortxe gelditzen da datorren ikasturtean osatzen jarraitzeko. Nik, datorren ikasturterako 8 urteko ikasleekin Ordiziako Mapa osatzeko helburua jarrita daukat: lan sektoreak, pertsonaiak, ohiturak… jarriko ditugu eta, dagoeneko jarrita dauden puntuetan, argazkiaz eta bestelako baliabideaz osatuko ditugu.

Orain Mapplet hauekin zer egin dezakegun pentsatzen hasita nago. Gehiago arakatuko ditut ea zerbait interesgarria bururatzen zaidan.