Nola igo pdf dokumentuak Google Docsera

Google Docs erabiltzen dugunok faltan botatzen dugun aukeretako bat pdf dokumentuak bertara inportatzeko aukera izatea da. Inportatu daitezkeen dokumentuen formatuak ugariak badira ere (txt, doc, rtf, odt eta sxw), ezinezkoa da oraindik pdf dokumentuak igotzea. Horrelakoak egin behar izaten direnean, imajinazio eta pazientzia piska bat behar izaten da. Alegia, pdf barneko testua hautatu, kopiatu, beste dokumentu formatu batera pasa eta gero igotzea izaten da burutu beharreko prozesua. Testu zati txikiak badira, tira!, lan piska bat egin behar izaten da baina ez da hainbesterako izaten. Kopiatu nahi den dokumentua luzea denean ordea edota kopiak sahiesteko segurtasun klabearekin gordeta badago (pdf hauek testua hautatu ondoren kopiatzeko aukera desgaituta izaten dute), testua jaso eta beste formatuetan gordetzea ezinezkoa izaten da. Horrela, Google Docsera igo eta gure harremanekin konpartitzeko aukera ezinezkoa bihurtzen da.

Hau guztia, oso modu sinplean burutu daiteke PDFTextOnline doahineko web aplikazioa erabiliz. Aplikazio honek testu formatura bihurtzen du edozein pdf fitxategi, kopiaren aurka babestuta baldin badago ere. Aplikazio abiatzeko, lehenik pribatutasunarekin loturiko arauak onartu beharko ditugu. Jarraian, arakatzailera joan eta igo nahi dugun pdf dokumentua hautatu beharko dugu. Laster batean izango dugu testu osoa gure ekipoko pantailan. Testu osoa ekipora jaisteko “Save All Text” botoia sakatu beharko dugu eta segidan zip fitxategi bat jasoko dugun gure ekipoan. Barruan txt fitxategia izango dugu, jatorrizko pdf-ak zuen testu guztiarekin. Dokumentu osoa jaso beharrean, zati batzuk besterik jaso nahi ez baditugu, aplikaziotik bertatik kopiatu ahal izango ditugu.

Une honetan, prest daukagu txt fitxategia Google Docs-era igotzeko. Prozesu hau ohiko bidetik egin dezakegu (”Uploads” izeneko botoia sakatuz) edota Documents List Uploader aplikazio txikia erabiliz. Tresna hau baliagarria da oso, dokumentu bat baino gehiago igo nahi dugunean. Aplikazioa gure ekipora jaitsi beharko dugu (zoritxarrez Windows-erako bertsioa bakarrik dago eskuragarri) eta bertan instalatu ondoren (beharrezkoa da aurretik Microsoft .Net Framework 2.0 instalatuta edukitzea), leihotxo bat irekiko zaigu gure Google Docs-eko erabiltzaile izen eta pasahitza eskatuz. Datu hauek txertatu ondoren, gure kontuan ditugun dokumentu guztiak ikuis ahal izango ditugu. Fitxategiak igotzeko aukera bikoitza izango dugu: dokumentuak aurrean aipatutako leihora arrastatuz eramatea izango da aukeretako bat edota igo nahi dugun dokumentuaren gainean eskuineko botoiarekin klik eginez eginez, “Send to Google Docs” aukera esleitzea.

Bi tresna hauek elkarrekin erabiliz, gaur goizean bost minutu besterik ez ditut behar izan, 50 orritik gora eta kopiarekiko babesa zuen dokumentu bat testu modura pasa, Google Docs-era igo eta nire lankideekin partekatzeko. Bikaina!

DocSyncer: Office eta Google Docsen arteko sinkronizazioa posible da

Duela egun batzuk ooo2gd izeneko OpenOfficerako luzapenaren berri ematen genizuen. Interesgarria izan da iruzkinetan sortu den eztabaida. Gaur bertan aipatzen nuen MOfficek ez zuela sekulan garatuko euren dokumentuak GoogleDocsekin partekatzeko aukerarik eskainiko. Bada oraintxe jakin dut DocSyncer aplikazioak zerbitzu hori eskaintzen duela. Egia esan, nire baieztapena ez da guztiz okerra izan, izan ere, ez da Microsoft izan DocSyncer garatu duen enpresa.

DocSyncer probatzeko irrikaz nengoen eta, egia esaten badizuet, azkenean ez naiz probatzera ausartu. Ez zait gehiegi gustatu sinkronizazio burutzeko aplikazio honek jarraitzen duen bidea. Izan ere, erregistroa burutu ondoren nire Google Docseko dokumentuekin konexioa bermatzeko eskatzen du. Letra txikia irakurri ondoren eta Google-ek ematen dituen gomendioak arretaz irakurri ondoren, atzera egin dut badaezpada. Egia esan, nahiago dut ooo2gd luzapenak erabiltzen duen metodoa. zuetako norbaitek DocSyncer probatuko balu eskertuko nioke hementxe iruzkintxo bat uztea zer moduz funtzionatzen duen azalduz.

iDesktop.tv eta Pviewr: bideo eta argazki kudeatzaile interesgarriak

Duela egun batzuk sarean gordeta ditugun argazki eta bideoak online editatzeko dauden tresna batzuen berri eman genizuen. Gaurkoan, hauen osagarriak izan daitezkeen bi aplikazio berri aurkeztu nahi dizkizuet.

iDesktop.tv aplikazioak YouTubeko bideoak kudeatzeko tresna interesgarria da. Erabilera oso intuitiboa du beraz hobena zuek probatzea da. Eskaintzen dituen aukeren artean bideoak YouTubetik zuzenean deskargatzeko (formatu ezberdin askoren artean aukeratu ahal izango dugu gainera), posta elektronikoaren bitartez partekatzeko eta gogokoen zerrendak osatzeko izan daitezke aipagarrienak.

Pviewr aurrekoaren antzera funtzionatzen du baina Flickr edo Picasako argazkiekin. Hau ere oso tresna praktikoa da sarean topa ditzakegun argazkiak ikusi, hautatu eta deskargatu ahal izateko. Botaizue bistazo bat, merezi du eta. Nik dagoeneko gehitu ditut bi webgune hauen helbideak lastermarken barrara. Seguru nago behin baino gehieagotan erabiliko ditudala biak.

Estatistikak Flickr-en

Berriki, jakinarazi genizuen Flickr-ek argazkiak editatzeko iragarrita zegoen Picknik zerbitzuarekin uztarketa martxan jarri zutela eta, gaur bertan, jakin izan dut Flickr-en Pro kontua dugunontzat estatistiken zerbitzua martxan jarri dutela.

Kontua da, Bitelian esaten zuten egun bateko epea beharko nuela zerbitzu horren datuak jasotzen hasteko, baina aktibatu eta berehala ikusi ahal izan ditut.

Beraz, badakizue, Pro kontua baldin baduzue, joan zaitezte estatistikak aktibatzeko helbide honetara eta zuen argazkien estatistikak ikusi ahal izango dituzue.

Jarraian, estatistika hauen itxura ikusteko, irudi batzuk jarri dizkizuegu. Klikatu handitzeko.

Firefox 3 Beta 1 dagoeneko deskargatu daiteke

Firefox 3

Oraintxe jakin dut Firefoxeko garatzaileek Firefox 3ren lehenengo beta publikoa denon eskura ipini dutela. Horrelakoetan gertatzen den bezala bertsio hau oraindik ofiziala ez dela gogoratzen digute, alegia, akatsak topa daitezkeela abisatzen digute. Aurreko beta bertsio ugari probatu izan ditut (alfaren bat edo beste ere) eta, egia esan, oraindik ez didate arazo berezirik eman. Beraz, une honetan martxan dagoen deskarga amaitu bezain pronto instalatzeko asmoa dut. Irrikitan nago bertsio honetarako aurreikusi diren hobekuntza horiek probatzeko. Kontatuko dizuet :wink: