Internet Explorer 8 (Beta) kalean da

Denbora asko igaro da IE martxan jartzen ez nuenetik, baina gaur bertan irakurri dudanean, IE8ren Beta bertsioa jaisteko aukera zegoela, animatu naiz eta jaistea erabaki dut. Acid 2 testa gainditzen zuela adierazten zuen albiste hau irakurri nuenean jakin-mina piztu zitzaidan eta horregatik gaur froga hori egitera ausartu eta animatu naiz.

Programa jaitsi, instalatu eta ordenagailua berrabiarazi ondoren, frogatu nahi izan dut. Egia esan ez diot denbora gehiegirik eskaini. Izan ere, hainbat orriekin arazotxoak ikusten nituen eta ez nenbilen oso gustura. Google Reader ez nuen ongi ikusten, gure blog hau ere ez nuen ongi ikusten eta bertan idazten hasi naizenean, arazo mordo bat izan ditut eta moztea erabaki dut.

Nolanahi ere, gauzak ongi egiten saiatu badira, aukera bat eman beharko diogu eta Beta fase hau igaro ondoren egin beharko diogu benetako balorazioa.

Probatu nahi baduzue, helbide honetan jaisteko dauden aukera ezberdinak ikusiko dituzue. Zuen lehen inpresioaren zain gelditzen gara.

Google Sites, Jotspoten itxura berria

googlesites

Denbora luzez egon gara albiste honen zain. Duela hamasei bat hilabete, Googleek Jotspot zerbitzua erosi zuen. Writelyrekin gertatu zen bezala, Googleek Jotspoti bere “branding”a gehitu, hobekuntza batzuk txertatu eta epe labur baten ondoren, kalean izango genuela espero genuen gutako askok. Hamasei hilabete hauetan gauza asko aipatu dira aplikazio honen inguruan; bere izena Google Sites izango dela ere jakin genuen baina ideiarik ere ez genuen noiz izango genuen aplikazio berria erabilgarri. Tira, bada egun hori heldu da. Dagoeneko abian Google Sites izeneko zerbitzu berria.

Ez dut probatu oraindik, albiste hau bukatu bezain pronto jarriko naiz lanean, baina lehen itxura oso ona da. Techcrunchen irakurri dudan albistearen amaieran zera dio:

In an interview today, Google’s Management Director of Enterprise Matthew Glotzbach called the combined products under Google Apps a “Microsoft Sharepoint killer” because it’s allowing businesses to collaborate without all that expensive Microsoft software

Agian gehiegizkoa da horrelako zerbait adieraztea. Seguru nago enpresa mailan pakete hau baino potente eta sendoagoak diren aplikazioa asko erabiliko direla. Seguruenik Sharepoint asko egongo dira hortikan zehar; baina aplikazio hauen balorea ez dago euren prezioa baizik eta egiten den erabileran. Nire ikastolan duela dezentetik hasiak gara elkarlana bultzatzen, talde bezala funtzionatzen edukien sorreran, komunikazio mailan… Jarrera honi etekin handiagoa ateratzeko tresna garrantzitsua izango da Google Apps berri hau, dudarik gabe. Askotan esan dudan bezala, tresnak baino gehiago zerbitzuak, teknologia baino gehiago giza-harremanak dira eguneroko lanari ateratzen diogun etekina ahalik eta hobena izateko. Ziurrenik aplikazio bezala ez da punta puntakoa izango, baina ikastolan dagoeneko zabaltzen ari den lan filosofiari izugarrizko bultzada emango diola ziur nago.

Aplikazioak merezi duen arreta eta denbora eskaini ondoren, hona ekarriko ditut zeintzuk izan diren nire lehen inpresioak. Laister arte beraz.

Inkestak egiteko modulu berria Google Spreadsheeten

inkestak

Google Docsen inguruan nire kideekin hitz egiten dudanean ia beti bukatzen dugu berdinean: MOffice edo OpenOffice bezalako aplikazioekin konparatuta, askoz ere aukera gutxiago eskaintzen dituela aipatuz. Egi ukaezina da eta, seguraski, izango da etorkizunean ere. Ziur nago hori ere oso garbi daukatela Googleeko garatzaileek. Merkatuko aplikaziorik potenteena, alegia, tresna eta aukeraz jositako tresna bat garatzea baino konpetentziak eskaintzen ez dituen zerbitzuak abian jartzea dute helburu nagusia. Eta horretan maixuak dira Googleekoak. Bitxia da benetan zerbitzu hauek kaleratu arte jarraitzen duten prozesua, izan ere, kasu gehienetan zerbitzu hauek euren eguneroko lanean erabiltzen dituztenak dira. Euren beharrak aztertu eta asetuko dituzten aplikazioak diseinatu eta garatzen dituzte. Aplikazioa findu dutenean, guztion eskura ipintzen dute euren lantokian denbora luzez erabiltzen eduki duten zerbitzua. Horixe da, adibidez, Google Chartekin gertatutakoa (gertuko adibide bat jartzearren) edota hemen aurkeztu nahi dizuedan zerbitzu berriarekin.

Izan ere, une honetan Google Spreadsheeten bitartez aukera daukagu inkestak sortu, partekatu eta, jasotako erantzunekin, datu taulak eta grafikoak modu automatikoan sortzeko. Formularioa sortzeko prozedura oso sinplea da:

  1. Kalkulu orri berria sortzen dugu lehenik
  2. Jarraian dokumnetua gordeko dugu.

  3. “Share” botoia sakatuko dugu eta irekiko zaigun leiho berrian, “Invite people” atalaren barruan zeuden ohiko bi aukeretaz gain berri bat ikusi ahal izango dugu: “to fill out a form”. Azken hau hautatuko dugu. Azpiko testu kutxa desagertuko zaigu eta formularioa sortzeko botoi bat ikusi ahal izango dugu.
  4. Botoia sakatuko dugu. pop-up bat irekiko zaigu inkesta osatzeko beharko ditugun aukera guztiekin: formularioaren izena, deskribapena eta galdera zerrenda. Galdera bakoitzarentzat hiru kutxa ikusiko ditugu: lehenengoan galdera bera joango da, bigarrenean bere deskribapena eta azpian erantzun mota desberdinak. Bost aukera ezberdin izango ditugu: testu librea (lerro batean edota paragrafo batean), erantzun bakarra edo anitzak hautatzea edota zerrenda batetik erantzun bat esleitzeko aukera. Ez dira aukera gehiegi baina inkesta sinpleak egiteko nahikoak.
  5. Edizioarekin amaitzerakoan, postaz partekatu ahal izango dugu sortutako formularioa ohi bezala.
  6. Jasotako emaitzak sortu dugun kalkulu orrian jasoko ditugu modu automatikoan, inkestak betetzen diren heinean. Jasotako datuekin grafikoak sortu eta hauen analisia egitea gauza sinplea bilakatzen da. Nahi izanez gero ere kalkulu orri hau argitaratu daiteke eta emaitzen lotura edonori bidali ahal izango diogu. Azkenik, eta horrela nahi izanez gero, beste edozein webgunetan enbotatzeko kodea ere erabili ahal izango dugu

Proba modura, hemen uzten dizuet inkestatxo bat nahi duenak betetzeko. Emaitzak azpiko leihoan ikusi ahal izango dituzue denbora errealean.

Tresna honek izugarrizko balioa izan dezake irakasleontzat. Izan ere, Google Apps erabiltzen dugunok, gure ikasleen kontaktuen zerrenda eskura izanik, oso modu sinplean prestatu ditzakegu galdetegiak edo inkestak, ikasleek euren posta elektronikotik zuzenean bete eta jarraian emaitzak bidaltzeko. Nire kasuan adibidez, ikasturte amaieran gaiarekiko izan duten asebetetze maila neurtzeko inkestatxo bat pasatzen diet. Mila buruhauste izaten ditut inkesta pretatzeko zein tresna erabili behar dudan erabakitzerakoan: erraza izatea, emaitzak modu anonimoan jasotzeko aukera ematea, etxetik betetzeko modukoa izatea… Oso garbi daukat zein den erabiliko dudan tresna aurten

Google Docs ez da munduko ofimatika aplikaziorik potenteena; baina ez dago munduan ofimatika aplikaziorik, Google Docsen antzera, gure eguneroko lana hainbeste errazten duenik. Horretaz ez daukat inongo dudarik.

IKASYS: Norberaren trebakuntza sistematikoa

Ikasys logoa

Gaur, Ikastolen Elkarteak Ikasys izeneko egitasmoaren aurkezpen ofiziala egin badu ere, gure ikastolan aski ezaguna da izen hori. Izan ere, gure ikastolak parte hartze zuzena izan du egitasmo horren prestakuntzan eta garapenean. Lau irakasle buru-belarri eta ordu kopuru ikaragarria eskainita, gidatu dute proiektua gure ikastolan, hori bai, gainontzeko irakasleen laguntza eta bultzada jasoz.

Egitasmoaren berri eman zitzaigun unetik, oso garbi izan genuen elkarlanean oinarritutako lana izan behar zuela, nahiz eta ardura nagusia talde baten esku gelditu. Eta horrela egin zen. Konpromisoa hartu eta milaka jarduera prestatze eta mailakatzeari ekin genion irakasle guztion artean. Giro bikaina bizi izan dugu lan hori burutzean, baina normala den bezala, une gogorrak ere izan dira, batez ere, egindako lana atzera bota eta beste era batean prestatu behar izan dugun bakoitzean.

Ikastolen Elkartea logoa

Nolanahi ere, elkarlanean oinarrituta gauza asko egiteko gauza garela frogatu dugu. Horregatik, nik uste dut gure Idoia, Ainhitze, Mertxe eta Marian gaur jaso behar dutela ikastolako lankide guztion aitortza eta zorion publikoa egindako lan bikain horrengatik. Zorionak guztion partetik eta mila esker emandako eredu bikainarengatik.

Bestalde, proiektuaren xehetasunak hobeto ikusiko dituzue proiektuaren blogean. Blog horretan argitaratzen joango baitira sistema berri honen inguruko albiste guztiak. Baina ikusten ari naizenez, albistea zabaltzen hasita dago: EITB24, Sugandilaren isatsa, Zabaldu

ZirIKTeroak ekimen berria martxan da

Ez da erraza IKT dinamizatzaileon lana. Gure ikastoletako IKTen inplementazioak suposatzen digun lanari ekin behar diogu, gure ohiko irakasle lanaz gain (hori gutxi balitz, tutorea izatea ere “tokatu” zaienak ezagutzen ditut). Eginkizun berri honetan, asko dira menperatu behar izaten ditugun arloak. Nagusiena, zalantzarik gabe, teknologia berrien inguruko ezagutza da. Nahiz eta arlo teknikoa ez izan gure ardura nagusiena, izugarrizko garrantzia dauka teknologia berrien identifikazio eta ezagutzari eskaintzen diogun denbora. Mota guztietako tramankuluak eta aplikazioak erabiltzera derrigortuta gaude eta honek, esparru honetan esperientzia gehiegi ez duen irakasle batentzat (hori baita gutako gehienon kasua), beti suposatzen du lan karga inportante bat.

Baina ez du soilik informatika kontuetan trebatu behar dinamizatzaile batek. Teknologia berrien presentzia gure curriculumetan errealitate bat izatea nahi badugu, gure burua busti beharreko beste hainbat arlo ere badira:

  • Ezinbestekoa dugu zuzendaritza taldearekin harreman estua izatea, gure ikastolan hartzen diren erabaki estrategikoetan IKTek ekar ditzaketen abantailak baloratu eta hauek aurrera eramateko planifikazioa gure ardura da.
  • Derrigorrezkoa dugu administrazioarekin komunikazio kanalak izatea. Ikastolako egoera ekonomikoaren inguruko datu orokorrak ezagutu eta, hauen arabera, inbertsio plan errealistak diseinatu eta adostea gure lana da ere. Zoritxarrez, IKT baliabideak ez dira merkeak; horregatik, proiektuetan oinarritutako diru iturri alternatiboak (hala diru-laguntza ofizialak nola beste hainbat esparruetakoak) lortzeko beharrezkoa den informazioa izateak ere badu bere garrantzia.
  • Irakaskuntza-aprendizaia prozesuen ildo nagusiak ulertu eta menperatu behar ditugu, izan ere, IKTak curriculumean arrakastaz txertatzeko lehenik eta behin prozesu hauek sakon ezagutu behar ditugu. Horrela, Unitate Didaktikoak sortu eta egokitze prozesuak, saio lektiboa eta ebaluazio prozesuen antolaketa eta garapena gure ikastolan nola gauzatzen den garbi izan behar dugu.
  • Aurreko guztia gure lankideekin elkarlanean burutu beharreko zerbait da. Harreman pertsonalak, sentsibilitate desberdinen aurrean dugun jarrera, komunikaziorako gaitasuna… ondo zaindu beharreko atalak dira. Nahiz eta kasu gehienetan atal honi behar duen garrantzia ez eman (agian konplikatuena delako ere), giza-baliabideen kudeaketa eta pertsonalaren asebetetzearen inguruan behar bezala jokatzen ikasi behar dugu.

Ikasketak amaitu eta irakasle lanari ekiten diogunean, aurrekoak bezalako eginkizunak noizbait gure ardura izango direla ez zaigu burutik ere pasatzen. Bizitzan zehar jaso dugun formazioa, irakasle lana arrakastaz burutzeko nahikoa izaten dela pentsatzen dugu maiz. Baina gutxien espero dugunean, horrelako ardura bati heltzeko proposamena heltzen zaigu. Eta honen aurrean, hauxe izaten da gure lehenengo kezka; nola demontre egiten diot nik aurre gainera datorkidan guztiari? Modu batera edo bestera gure gain hartzen dugun lehenengo erabakia hauxe izaten da: nire eginkizunak aurrera ateratzeko ondo prestatuta egotea derrigorrezkoa da. Prestaketa hau kanpotik etorri daitekeen arren, denborarekin segituan konturatzen gara etengabeko autoformazioa dela guztiaren muina. Eta horrelaxe, prestakuntza ikastaroetara joanez, tailerretan parte hartuz, web 2.0 tresna berriak erabiliz, ondokoarengana laguntza eske joanez… eguneroko lanari modu apal eta eraginkorrenean erantzuten ahalegintzen gara.

Urte batzuk pasa dira eginkizun honetan hasi nintzenetik. Bitarte honetan ikastola ezberdinetako IKT dinamizatzaile asko ezagutu ditut. Batzuk lan honetan urte mordoxka egindakoak ziren ni hasi nintzenerako; beste taldetxo bat elkarrekin hasi ginen 2001. urte inguruan; beste batzuk, azken urte honetan hasi dira dinamizatzaile lanetan. Denok hartu dugu gure gain aurrean aipatutakoak eta denok dakigu zenbat estimatzen den, arazoen aurrean topatzen garenean, ondokoaren laguntza izatea. Elkarlana gure lanbidean dagoen balore garrantzitsuenetako bat dela oso garbi daukagu guztiok.

Halere, elkarlan hori gauzatzerakoan zerbaitetan ez dugu asmatu: gogo falta, bitartekoen falta, antolatzeko zailtasunak… ez dakit zer izan den baina kontua da, bitarte honetan, denon artean bildu dugun jakituria hori guztiengana zabaltzeko orduan kale egin dugula. Honen inguruan, duela aste batzuk, dinamizatzaile talde bat elkartu ginen eta gauzak beste modu batera egin zitezkeela pentsatu genuen. Auzolanean aritu garen egun hauetako esperientzia oso emankorra izan da, oso esperientzia polita bizi izan dugu. Denok denongandik ikastea errealitate bat izan daitekeela egiaztatu dugu: denok dugu zerbait besteoi eskaintzeko modukoa eta, bide batez, denok daukagu zerbait besteengandik ikasteko. Eta hori guztia, baliabide sinpleak erabiliz bermatu daitekeela ikusi dugu.

Esperientzia honen ondoren, gure esperientzia beste kide guztiei zabaltzea erabaki genuen. Horixe da pasa den asteazkenean egin genuena. Gure proposamenean hiru elkarlanerako foro ezberdin proposatzen genituen:

  • Foro presentzialak, alegia, gertutik bizi ditugun arazoen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko bilerak izango lirateke.
  • Foro praktikoak, ikastola ezberdinen arteko praktika honen trukaketa modura. Jarduera hauek tailer modura aurkeztuko dira, alegia, irakasleok bertan aurkeztutakoa praktikatzeko aukera izango dugu
  • Foro birtualak. Gure arteko komunikazioa eta informazio trukaketa modu sinple eta eraginkorrean izatea ahalbidetuko duten aplikazioak erabiltzeko proposamena luzatu genien taldekideei.

Azken atalari dagokionez web aplikazio sinple eta erabilerrazak erabiltzea pentsatu dugu. Komunikazio tresna nagusi gisa Google Groups-en posta zerrenda bat sortu dugu. Eduki biltegi bezala wiki bat sortu dugu eta ezagutza partekatzeko tresna bezala ZirIKTeroak izeneko ataria jarri dugu abian. Azken hau Ning plataforman oinarrituta dago eta, Facebook-en antzera, bere oinarria sare sozialen filosofian datza. Une honetan, antzeko aplikazio ugari daude sarean; hauetako batzuekin frogak egin ondoren, Ning izan da gehien gustatu zaiguna. bere ezaugarri nagusienak hauek dira:

  • Tresna sinplea eta erabilterraza da
  • Partaide bakoitzeko orri pertsonal bat eskaintzen du (bloga izanik orri honen muina)
  • Atari nagusia blog pertsonal guztien agregatzaile modura funtzionatzen du
  • Galdera-erantzunetarako foroa du
  • Lan-taldeak definitzeko aukera sinplea ematen du
  • Mota guztietako fitxategiak igotzeko eta partekatzeko aukera ematen du.
  • Modu errazean euskaratu daiteke. Oraindik atari osoa euskaraz egotea lortu ez badugu ere, euskaratze prozesua bide onetik doa.

Ataria publikoa izan behar duela pentsatu dugu. Arrazoia bikotza da: alde batetik, gure ekarpenak besteentzat baliagarriak izan daitezkeela pentsatzen dugu, gu bezala euren eskoletan IKTekin lan egiten duten askorentzat. Eurentzat ere baliagarria bada, askoz hobe. Bestetik, dagoeneko garai badelako gurearen berri interneten ere zabaltzeko. Iritzi asko irakurri ditut sarean zehar ikastolok software librearekiko aurkezten dugun jarrerarekiko, adibidez. Hauetako askok ez dute benetan islatzen ikastoletan bizi duguna. Horrelako atari batek zertan ari garen, zeintzuk diren gure lehentasunak, gure kezkak, gure baloreak… azaltzeko balioko du, benetan ikastolon errealitatea islatzeko tresna garrantzitsua izango dela zalantzarik ez daukagu.

Ea honen bitartez ingurukoak zirikatzea lortzen dugun. Hori bakarrik lortzen badugu, ekimen honek merezi izango du.