Meebo: AJAXen oinarritutako IM bezero berria

Pasa den irailaren 14tik erabilgarri dago Meebo izeneko aplikazioa. AJAXean sortutako aplikazio berri honekin aukera duzu internet bitarteko mezuen transferentzia gauzatzea zure nabigatzailea bakarrik erabiliz. Izan ere, Meebok interneten gehien erabiltzen diren IM bezeroekin bateragarria da, hala nola, AIM, ICQ, Yahoo Messenger, MSN Messenger eta, atzotik bertatik, Jabber eta Gtalk bezeroei ere sostengua eskaintzen die. Sistema honek onura garbiak ditu: Meeborekin aukera duzu, zure mezularitza bezeroa ekipoan instalatua eduki gabe zure kontaktuekin harremanetan jartzeko, nonnahi eta noiznahi, Ajax onartzen duen nabigatzaile bat erabiliz bakarrik(ez banago oker IE 5.5etik eta Netscape 6.7tik aurrera izan behar du). Oraindik alpha fasean dago eta bertako bloga irakurri ondoren ez zait oso garbi geratu segurtasuna erabat bermatuta dagoen. Beraz, agian pixka bat itxaron beharko da oraindik.

Nik, halere, gaur arratsaldean egin ditut nire aprobak eta, egia esan gustatu zait. Itxura sinplea du, erabiltzen erraz ikasten den horietakoa eta benetan oso ondo betetzen du bere eginkizuna, mezuak bidaltzea, alegia. Interesgarria izan daiteke infogelaren barruan taldeko lanak gauzatzerakoan ikasleen arteko laguntza sustatzeko Messenger bezalako aplikazio “arriskutsuak” erabili ordez. Hauetako egun batean probatzeko konpromisua hartzen dut. Kontatuko dizuet.

Chenpress 3.0 plugina Worpresserako

Chenpress WordPress-eko oinarrizko testu editorea hobetzen duen WYSIWYG plugin interesgarri bat da. Plugina FCKeditor 2.0 HTML testu editorean oinarrituta dago eta Chen Wei-k WordPress-en integratzeko egokitzapenak egin dizkio. Azkenaldi honetan probatu ditudan WYSIWYG (”What You See Is What You Get”) testu editoreen artean azken honek aurkezten ditu abantailik handienak. Oraindik ez dut gehiegi erabili baina “boteprontoan” aipagarriak diren hainbat berezitasun aurkitu dizkiot:

  • Beste plugin batzuekin alderatuz instalazio prozesua oso sinplea da: zip-a jaitsi, deskonprimatu eta “wp-content/plugins” karpetara igo
  • Editorearen interfazea EUSKARAZ konfigura daiteke: sisteman lehenetsita dugun hizkuntza detektatzen du eta automatikoki aplikatzen du.
  • Mota guztietako fitxategiak igo eta bidalketetara gehitzeko aukera: halanola, irudiak, flash-ak, audio eta bideoak, pdf, doc, ppt…
  • Fitxategien kudeaketarako sistema aurreratua: zerbitzariko karpetetan nabigatu, karpetak sortu, mugitu… ahal izateko aukera eskaintzen du.
  • Nabigatzaile gehienekin bateragarria: IE 5.5+, Firefox 1.0+, Mozilla 1.3+, Netscape 7.0+…
  • WordPress-ek lehenetsita dituen “quicktags” direlakoekin erabili ahal daiteke: ezagutzen ditudan WordPresseko WYSIWYG editore gehienek tag horiek edizio eremutik ezabatzen dituzte (hauen artean beste plugin batzuenak agertzen dira, halanola, IImage Browser, Filepress…). Chenpress-ek editorearen botoiekin batera tag horiek mantentzen ditu aukera guztiak bere horretan mantentzen direlarik.
  • Erraz pertsonaliza daiteke: hainbat dokumentuetan ukitu txikiak eginez aukera dago edizio eremua handitzeko (nik 400px-etik 700 px-etara handitu dut), tresna-barrak aldatu, skin desberdinak ipini…


Wordpress erabiltzen duzuen euskal blogarietako norbaitek horrelako tresna baten bila bazabiltzate proba ezazue plugin hau; benetan merezi du. Plugina jaisteko egizu klik hemen. Pluginaren sortzaileak ondorengo flash tutoriala prestatu du Chenpress 3.0-ren instalazioa nola egin behar den ikasteko. Informazio gehiago nahi izanez gero Chenpress-en foro ofizialera jo dezakezue.

Bideoak sartzeko beste zerbitzu bat

Azken egunotan era guztietako probak egiten aritu naiz datorren ikasturtean nire ikasleekin osatu behar ditugun blogak ahalik eta ondoen hornitzeko.

Eginiko proba horien artean azpimarratu nahiko nuke bideoak txertatzeko erabil genezakeen zerbitzuari buruz. Izan ere, urtean zehar ugari dira ekoizten ditugun bideoak eta blog horretan eskegi nahiko nituzke.

Orain arte dohain erabil daitezkeen beste zerbitzuak probatu ditut eta aste honetan YouTube izeneko zerbitzuarekin topatu naiz. Dohaineko zerbitzua eskaintzen du eta 100 MBeko bideoak utz daitezke. Zerbitzu horrek bideoak Flash-era pasatzen ditu eta hiru aukera ematen ditu: bideoaren URLa ematen du, post batean bideoa txertatzeko kodea ematen du eta, nahi izanez gero, bideoaren thumbnail-a sartzeko kodea ere ematen du. Hori bai, guztietan logoa sartzen dute propaganda gisa.

Etiketak (tag), RSSa, publiko edo pribatu moduan gordetzeko aukera, lagunak izendatzeko aukera, bilaketa, iruzkinak egiteko aukera… Ez al dizue Flickr gogorarazten? Batzuek, dagoeneko, bideoen Flickr-a deitzen diote zerbitzu honi.

Emaitza ikusi nahi baduzue, probatzen ari garen blog honetan ikus ditzakezue emaitzak. Ikusgai dauden bideoak Jakintza Ikastolako 10-11 urteko ikasleek Multimedia Tailerran egindakoak dira. Bideoak streaming bidez deskargatzen dira eta oso handiak direnean patzientzia edo konexio oso ona eduki behar da. Nire 8 kilometroko Wi-Fi-arekin ez ditut oso abiadura azkarrak lortzen eta play-ri eman ondoren, pause-ri ematen diot deskargatzen uzteko. Honela, beste gauza batzuk egiten ditudan bitartean, bideoa deskargatzen du.
Nire lagunen aholkua jarraituz, hemen ere adibide bat txertatuko dizuet. Ken Zazpi taldearen abesti batekin 5. eta 6. mailako ikasleek eginiko bideoklipa da. Goza dezazuela!!!

Yahoo RSS bilatzailea prestatzen

yahoo blog bilatzailea

Yahoo Creative Commons lehen bilatzailea eskaintzen ari da eta une honetan, Fayer Wayer-en irakurri dudanez, RSS bilatzaile bat prestatzen ari da.

Dirudienez, bilatuko dituen RSS kanal guztiak indexatuko ditu eta barneko edukiak bilatzeko aukera emango du. Ikusteke dagoena da indexazioa nola burutuko duen; Technorati eran edo Feed-en kanalek egiten duten eran.

Informazio gehiago: Micro Persuasion

Knowledge Tree: CMS bat gure ikastolarako?

Egunak daramatzat datorren ikasturterako garatu nahi dudan proiektuarekin erabiliko dudan aplikazioaren bila. Blog honekin hasi ginenean aplikazio gutxi ezagutzen nituen edukiak nik nahi nuen eran publikatu ahal izateko. Hauen artean Blogger, Movable Type eta WordPress nituen ezagunenak. Poliki-poliki ohartu nintzen aplikazio guzti hauek CMS izen generikoarekin ezagutzen direla eta merkatuan uste nuen baino aplikazio gehiago zeudela aukeragai. Hauen artean, nire “IKTero-kide” den Txantxiku ikastolako Xa2-k egun batean federazioan ezagutzera eman zigun Moodle aplikazioa. Plataforma horietako askoren kasuan lizentzia ordaintzea (eta ondo ordaindu gainera!) beharrezkoa izan arren, beste asko eta asko, open source izanik dohain eskura ahal daitezke, hala nola, atariak garatzeko tresnak (Drupal, Mambo, PHP-Nuke, Xoops), blogak sortzeko (b2evolution, WordPress, Nucleus), foroak publikatzeko (phpBB), e-Learning aplikazioak (ATutor, Moodle, Site&School), Wiki-ak (MediaWiki)… Aurrean aipatutako guzti horiek PHP eta MySQL-en gainean funtzionatzen dute baina horietaz aparte ere badaude bestelako programazio hizkuntzetan garatutakoak: Movable Type (Perl hizkuntzan egina), Coreblog (Zope-n oinarritua)… Benetan zerrenda luzea!.

Aipatutako aplikazio hauen eta gehiagoren berri izan nahi baduzue eta erabiltzaileen iritziak ezagutu, beheko helbideak bisita ditzakezue:

  • opensourceCMS: CMS pilo baten inguruko informazioa jasotzeaz gain guztiekin praktikatzeko aukera ematen du. Aukeratu ezazu CMS bat eta webgunean emandako erabiltzaile izen eta pasahitzekin ordubetez “saltseatu” dezakezu CMS-aren barruan. Ordua amaitzerakoan egindako aldaketa guztiak ezabatu egingo dira.
  • OngETC:aurreko webgunearen administradore batek sortutako webgunea da hau. CMS desberdinen inguruan egon daitezkeen kezkeei erantzuten ahalegintzen da.
  • Oscom.org: Open Source Content Management. Webgune honetako orri honetan ere informazio ugari aurki dezakezue

Kontua da, bueltaka nenbilela aplikazio guzti hauen inguruko informazioa kontsultatzen eta bat-batean bonbilla piztu zait: gure ikastolak badu aspalditik behar handi bat edukien kudeaketari dagokionez. Esplikatuko naiz.

Gure ikastola 1997tik hona EFQM edo kalitatearen ereduan murgildurik dabil. Eredu honek zehazten duen metodologiari jarraituz aspaldi honetan sortu dugun dokumentazio bolumena izugarria bilakatu da. Hasi ginenean informazio guzti hau Windows-eko “Explorador de archivos” delakoarekin kudeatzen genuen. Baina ez zen denbora gehiegi pasatu konturatu ginenerako tresna horrek ez zituela asetzen gure beharrak. Hasiera batean gure EFQM aholkulariekin komentatu genuen egoera hau baina beraiek ere ez zuten oso garbi zein tresna izan zitekeen egokiena gure informazio bolumena baldintza egokietan kudeatu ahal izateko. Handik gutxira Ikastolen Federaziotik gure intraneta garatzeko proiektua bultzatu zen. Aurreikusita zeuden intranetaren moduluetako bat, hain zuzen ere, dokumentazioaren kudeatzaile bat izango zen. Gure artean ilusio izpi bat sortu zen; intranetaren demoetan ikusitakoaren arabera gure beharrak asetuko zituen tresna jaso ahal izango genuen ikasturte honen lehen hiruhilabetean. Baina kukuak oker jotzen die askori eta gure intraneta esku artean izan genuenean konturatu ginen ez zela batere erabilgarria. Zortzi urte hauetako ibilbidean 2995 KARPETA ETA 7982 DOKUMENTU SORTU DITUGU!!!! eta, jakina, gure dokumentazio kudeatzailea ez zegoen era egokian diseinatuta informazio guzti hori aise maneiatzeko.

Beraz, pentsatu nuen agian posiblea zitekeela CMSen munduan gure beharreei egokitzen zitzaion aplikazio bat aurkitzea eta dohain izanez gero hobe, noski. Horrela Mario Lopez de Avila-ren bloga topa nuen. Bertan, Knowledge Tree CMSaren inguruko artikulu interesgarri bat aurkitu nuen. Marioren hitzetan:

La aplicación proporciona un ‘almacén’ o repositorio de documentos, soporta el desarrollo de flujo de trabajo, circulación de documentos, publicación de contenidos e, incluso, definición de métricas relativas a la gestión de contenidos. Todo ello por 0 euros.

Aplikazio honek aurkezten dituen ezaugarrien artean ondorengoak aipa daitezke:

  1. Dokumentuen bertsio desberdinen kontrola
  2. Bilaketa mota anitzak
  3. Dokumentu arruntenen kudeaketarako euskarria: MS Word, MS Excel, PDF, TXT, HTML…
  4. Dokumentuetarako lotura sistema eraginkorra

Kontutan izanik gure intranetak PHP eta MySQLpean lan egiten duela, posiblea izango litzateke horrelako aplikazio bat gure intranetean erbili ahal izatea datorren hilabeteetan?. Jakinen gainean edukiko zaituztegu.

Bitartean aplikazio interesgarri honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero hona edo hona jo dezakezue