Ahots mezuak e-postaz

Interneten beste zerbitzu berri bat aurkitu dugu eta interesgarria iruditu zaigunez, hementxe doakizue horren inguruko aipamen laburra.

Zerbitzu honen inguruko aipamena doscero-n aurkitu dugu eta esan beharreko lehenengo gauza alpha fasean dagoela da. Hala eta guztiz ere, funtzionamendua oso ona da. Slawesome izeneko zerbitzu hau Web 2.0 bezala ezagutzen dugunaren ingurumarian kokatu beharko dugu. Aipatzekoa da bere interfazea, oso erraza baita. Flash-en eginiko grabagailua aktibatu beharra dago eta, agian, hori izan daiteke aurkituko dugun zailtasunik handiena. Grabatutako mezuak nahi duzun posta helbidera bidaltzeko aukera esakintzen du eta, horrekin batera, idazteko aukera ere agertzen da. Mezuak, defektuz, pribatu gisa gordetzen ditu, baina, nahi izanez gero, publikoan jar daitezke. Gainera, mezu horiek (publikoak) XML bidez partekatzeko aukera eskaintzen du.

Adibide bat hemen entzun dezakezue (barkatu nire atrebentzia)

Bloglines’ killer???

Ustekabean, inork espero ez zuenean, Google-ek bere azken produktua aurkeztu zuen atzo: Google Reader.

Hasteko, Google Account beharrezkoa da zerbitzuan sartzeko. Hori, besterik ez.

RSS eta ATOM jarioen irakurgailu hau oso bizkor dabil, Ajax-en oinarrituta, bere interfazea oso sinplea, garbia eta erabilerraza da. Etiketak (karpetak) ditu, “gmail this” eta “blog this” aukerak eskaintzen ditu, Gmail-en bezala izartxoen bidez azpimarratzeko sistema, OPML inportazioa, jarioen bilatzaile bat eta podcast-ak entzuteko erreproduktore bat on line ere badu. Ba al dago gehiago eskatzerik?

Nik baietz esango nuke. Izan ere, atzo oso jario gutxi sartu nuen eta gaur gehiago sartu dudanean, ohartu naiz mantsoago dabilela eta Bloglines baino denbora gehiago behar duela eguneratzeko. Nolanahi ere, izugarri ona iruditu zait zerbitzu berri hau eta beta fasean dagoela aintzat hartzen badugu, ez litzateke harritzekoa izango, akats horiek zuzentzerakoan, merkatuaren zati handi batekin gelditzea.

Yahoo-k ere zerbitzu hau eskaintzen du, baina nik izan ditudan arazoengatik asko erabili ez dudan arren, ez dut uste erabiltzaile asko erakarriko duenik. Ni blog honen jarioa sartzen ahalegindu nintzen baina beti arazoak ematen zizkidan eta gaur, post hau idatzi baino lehen, berriro saiatu naiz eta arazoak errepikatu egin dira. Ez dut uste berriro ahaleginduko naizenik. Momentuz, Bloglines eta Google Reader-ekin geldituko naiz.

NumSum, Writely-ren filosofiaren atzetik

Orain dela egun batzuk Writely, online-eko testu prozesadorearen berri ematen bagenizuen, oraingo honetan NumSum kalkulu orriaren berri eman nahi dizuegu. Oraindik beta fasean dagoen web aplikazio honek kalkulu orri sinpleak lortzeko aukera eskaintzen du. Nahi izanez gero beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera ere ematen du. Horrelako aplikazioekin poliki-poliki errealitate bat bihurtzen ari da Web 2.0 proiektua.

Genbetan irakurria.

Eguneraketa: Enrique Dans-en blogean jasotzen dut ZDNet-en blogean argitaratutako artikulu baten berri. Bertan Microsoft Office-en ordezkoak izan daitezkeen web aplikazioen zerrenda bat aurki dezakezue: bertan aipatzen dira Writely, NumSum, FCKEditor (jakinstein-en edizioan erabiltzen dudan pluginaren oinarria), ThinkFree

ThinkFree Office Online aplikazioarekin probaketan

Sarean aurkitutako beste zerbitzu berri bat aurkeztera natorkizue. Atzo Writely-ren txanda bazen gaur ThinkFree Office Online aplikazioaren berri eman nahi dizuet.

Web bitartez kudeatu daitekeen aplikazio honek Word, Powerpoint eta Excel dokumentuak sortzeko aukera eskaintzen du edozein dela zure sistema eragilea eta nabigatzailea. Beraz, erabilitako plataformarekiko independentea da erabat (halere, Internet Explorer-ekin afinitate gehiago duela ematen du). Dokumentuak online jaso ditzakezu edota behera jaitsi ditzakezu .doc, .ppt eta .xls luzapenekin. Aplikazioa ikusi eta erabil ahal izateko JAVA plugina beharrezkoa da eta internetera banda zabaleko konexioa, aplikazioa kargatzen denbora tartetxo bat baitu.

Aukera guztien artean gehien gustatu zaidana zera da: weblog batean tresna bera erabiltzeko aukera eskaintzen duela, alegia, bidalketa baten barnean txerta dezakegu aplikazio bera. Egia esan ez daukat oso garbi zeintzuk izan daitezkeen aukera honen aplikazioa baina bada ezpada bertan ipintzen dizuet leihotxo bat aplikazioa proba dezazuen. Zuen iradokizunen zain geratzen naiz.

I can not see the above document.
Powered by ThinkFree Office Online

Writely, elkarlanaren filosofiaren eredu garbia

Azken egun hauetan irakurri ditudan albisteen artean aipatuenetakoa Writely testu prozesadorearen kaleratzearena izango litzateke zalantzarik gabe. Astebete luze pasa da aplikazio hau liberatu zenetik (hasieran gonbidapena beharrezkoa zen aplikazioa probatzeko) eta ordutik hona asko izan dira honi buruz idatzitako artikuluak. Euskal blogosferan ez dakit honen berri nonbait jaso ote den, beraz, gaur aplikazioa probatzea ausartu naiz eta nire iritzia ematera natorkizue. Bat nator erabat orain arte irakurritako artikuluetan adierazten denarekin; aplikazio bikaina da benetan.

Writely, funtsean, oinarrizko funtzioak dituen testu prozesadore sinple bat da, edozein ikasle/irakaslek erraz menperatzen dituen tresnak dituena. Testu prozesadorea erabiltzen hasteko nahikoa da helbide elektroniko bat eta pasahitza idaztea eta, denbora epe labur baten ondoren, zure postontzian konfirmazio mezu bat jasoko duzu. Onartu bezain pronto lanean hasteko moduan zaude.

Dokumentu bat zerotik sortu dezakezu edota nahi izanez gero html, doc edota txt bezalako dokumentu batekin has zaitezke (azken kasu honetan dokumentua lehenik igo egin beharko duzu). Dokumentua sortu duen erabiltzaileak aukera du dokumentuaren ekoizpena edonorrekin partekatzeko: horretarako nahikoa da leihotxo batean hautatu nahi dituen taldekideen helbide elektronikoak idaztea. Hemendik aurrera taldekide bakoitzak egindako ekarpenak bat-batean gehituko zaizkio dokumentuari, egindako ekarpen guztien erregistroa gordeta geratuko delarik. Behin dokumentua bukatua dagoenean publikoa egin daiteke, posta elektronikoz edonori bidali daiteke edota norberak bere kopia pertsonala gorde dezake, eta guzti hau ikastolatik bertatik edota bakoitzak bere etxetik. Badu ere beste aukera interesgarri bat: ekoiztutako artikuluak blog batean zuzenean publika daitezke, oso interesgarria nire DBHO 1eko ikasleek sortu berriak dituzten blogetan, taldean egindako bidalketak argitaratzeko. Zerbitzu hau oraindik Blogger-en bakarrik erabil daiteke: ea laster zabaltzen duten aukera hau WordPress-en egindako blogetara.

Taldeko lanak bultzatzeko tresna interesgarria izan daiteke (Wikien antzera, lan kolaboratiboa sustatzen duena). Boteprontoan aukera desberdinak bururatzen zaizikit: taldean egindako idazlanak, txostenak, bertso eta olerkiak… Euskaljakintzakoek kontutan hartzeko zerbait izan daiteke.

Informazio gehiago: Cuaderno del Profesor