Aurkezpenak on-line!

Lehengo egunean, Aula 21ean azken berriak irakurtzen ari nintzela, aurkezpenak on-line egiteko balio duen dohaineko baliabide batekin egin nuen topo: Thumbstacks.com

Tresna, berez, oso sinplea da. Laburki komentatuko ditut eskaintzen dituen aukerak eta falta zaizkionak:

Indarguneak:

1. Zuzenean sarean lan egiten duzu (horrek dakarren guztiarekin: edozein lekutatik sartu, editatu, aldatu eta publikatzeko aukera)
2. What-you-see-what-you-get testu editorea (ezinbestekoak diren botoiak ditu soilik)
3. Irudiak eta estekak jar daitezke.

Gabeziak:

1. Transiziorik eta animaziorik ez
2. Audio edo bideoak txertatzeko aukerarik ez

Ikusten duzuenez bere mugak baditu, eta, gainera alpha fasean dago, beraz, badu zer hobetu oraindik. Hala ere, hasteko ondo dago.

Please note! You’ve heard of Beta software – Thumbstacks.com is Alpha software (that’s one before beta). That means we’re still working on it, still making changes, and still testing. Some things may not work as expected, and other things may change suddenly (even while you’re using them).

Baina irudiek hitzek baino balio gehiago omen dute eta, hala bada, onena prestatu dizuedan aurkezpentxoa ikustea izango da. Horretarako, egin klik beheko irudian eta eman click here to start jartzen duen tokian:

PXN8

PXN8 (orijinala webgunearen izena, bai horixe!) Web 2.0-ren barnean koka daitekeen aplikazio interesgarri bat da. PXN8 online dagoen irudi editore bat da, erabiltzaile interfazea HTML, CSS eta Javascript-en oinarritua daukalarik. Photoshop-en mailara heldu gabe, argazkien oinarrizko erretokajea egiteko aplikazio interesgarri bat da.

Aplikazioak bi bertsio aurkezten ditu:

  • Online dagoena, oinarrizko tresnak aurkezten ditu eta erabat dohain da.
  • Nahi izanez gero aplikazioa erosi eta zure zerbitzari propioan instalatu dezakezu; Linux, Windows eta FreeBSD-pean arazorik gabe funtzionatzen omen du. Oinarrizko kodea eradaltzeko nahiko erraza denez (azken finean HTML, CSS eta JS oso lengoaia ezagunak dira) aplikazioaren interfazea erabat pertsonalizatzeko aukera ematen dizu

Nik proba txiki batzuk egin ditut online dagoen bertsioarekin eta esan beharra daukat nahiko harrituta utzi nauela. Behin argazkia “igo” ondoren ezker zutabean dauden aukerekin jatorrizko argazkia handitu, txikitu, moztu, itzulbiratu, kolore filtroak aplikatu, distira eta kontrastea aldatu eta beste hainbat efektu interesgarri aplikatu dizkiot, aldaketa guztiak nahiko arin burutu dituelarik. Behin argazkia eraldatu ondoren aukera daukazu berriro ere zure ordenagailura jaisteko edota, nahi izanez gero, “Upload to Flickr” botoiaren bitartez argazkia zure Flickr-eko album pertsonalera igo dezakezu.

Aipatu beharra daukat informazio hau Bihotz Gaztea ikastolako IKT dinamizatzailea den Javiri zor diogula, bera izan baita honen berri eman diguna. Eskerrik asko Javi!

Web 2.0: zerbitzu gehiago

Etengabe ari dira zerbitzu berriak sortzen Web 2.0 delako horren inguruan. Horiei buruz hemen idatzi eta komentatu egin izan dugu, baina zerbitzu berriak (niretzat, behintzat) aurkitu ditugu eta interesgarrienak zuen esku jarri nahi ditugu.

Hasteko, Flickr-en argazkiak bilatzeko zerbitzu harrigarria bezain orijinala. Retrievr da bere izena eta, honen bitartez, argazkiak koloreen arabera bila daitezke. Flash-en eginiko eremu bat dauka koloreak hautatzeko eta marrak egiteko. Hautatutako koloreen araberako argazkiak azalduko dira “Retrievr search” botoia sakatzerakoan. Hau, oso baliagarria izan daiteke web baterako irudiak bilatu nahi dugunerako. Zerbitzu hau erabiltzeko ez da beharrezkoa inon alta ematea.

Beste bat youSENDit zerbitzua da. Zerbitzu honetan ere, ez da beharrezkoa alta ematea eta guztiz dohain erabil dezakegu. Honekin, e-postaz bidali nahi ditugun artxibo handiak bidal ditzakegu, beti ere 1Gb baino txikiagoak badira. Normala denez, artxiboaren “upload” egiteko patzientzia beharrezkoa da eta hori bidaltzeko agindua ematen zaionean egiten du. Beraz, badakizue, bidali eta “upload” egiten ari den bitartean, beste zereginetan aritu.

Hurrengoa oso baliagarria da agiri ofizialak bidaltzeko eta sinadura digitala eskatzeko. Urteetan, hori egiteko fax-a erabili izan da, bada EchoSign aplikazioak horixe egiten du. Sinadura behar duen agiri bat bidaltzerakoan, orri bat sortzen du hartzaileak osa dezan. Ondoren, beharrezkoak diren sinadurak bildu dituenean, PDF artxiboa sortzen du agiri orijinala eta sinadurak bat eginda. Hemen egon daitekeen arazo bakarra fitxategien bertsioan egon daiteke. Izan ere, sinatu ondoren, oso zaila baita bermatzea agiriaren bertsioa. Agian, horretarako, ongi legoke Writely bezalako sistema ezartzea zerbitzuan bertan.

Hurrengoa, AjaxTrans itzultzailea da. Honek beste aplikazioa bat gogorarazi dit: Babel Fish. Hauek berehalako itzulpena eskaintzen dute eta hizkuntza ezberdinen arteko itzulpenak eskaintzen dute. Itzulpenaren kalitatea oso handia ez bada ere, nahikoa izaten da ideia bat egiteko. Nik Babel Fish Firefox gehigarria erabiltzen dut, baina hemendik aurrera, ez badit gehiegi argitzen bere itzulpenarekin, badakit nora jo beste itzulpena lortzeko.

Azkena, e-komertzioarekin lotuta dago. Clipfire-n erabiltzaileek aurkitutako salmenta interesgarriak proposatzen dituzte eta besteek botoa eman dezakete. Honela, “ranking” moduko zerbait osatzen da. Zerbitzua oso berria denez, oraindik ez dago oso beteta, baina ideia interesgarria izan daiteke “txoiloak” aurkitzeko. Bilaketak egin daitezke, RSS jarioa dauka atal guztietan, “popular deals” izeneko atala arrakasta handiena duten eskaintzekin… Nik Seirentzat telebista hau, bere etxeko telebista zaharra kentzeko, aurkitu dut, merke-merke gainera! Sei: zure etxeko telebista zaharra kentzen baduzu, gogoratu nirekin. Nire bordan txoko bat egingo nioke eta.

Xinha, Here!, plugin interesgarria Firefox-erako

Jadanik zuetako askok konturatu zineten gure ikastolan erabiltzen ditugun blog guztiak WordPressean oinarrituta daudela. Gehienak Blogsomek eskaintzen dituen dohaineko blogak dira, hauek WordPress-MU aplikazioan sortuak eta garatuak direlarik; honen bitartez erabiltzaile anitzei blogak sortzeko plataforma amankomun bat eskaintzen zaie. "Multiuser" izateak baditu eragozpen garrantzitsu batzuk: administrazio eremua ingeleraz konfiguratuta dago bakarrik, plugin kopurua mugatua da eta ezin dira eskaintzen direnak baino gehiago erabili, argazkien tamaina eta formatoa mugatua dago… eta bidalketen edizio eremua "quicktag"-etan oinarritzen da, hau da, testuari formatoa eman ondoren blogean benetan nola geratuko den ezin da ikusi (WYSIWYG deitzen dena).

Hori dela eta askotan galdetu didate ez ote dagoen Blogsomen aukerarik Chenpress bezalako plugin bat erabiltzeko. Gaurtik aurrera esan dezaket erantzuna baiezkoa dela. Beraz adi!!.

Xinha, Here! Firefox-erako gehigarri bat da. Honen bitartez edozein webgune batean testua sar dezakezue WYSIWYG editore bat erabiliz, horretarako nahikoa da (behin plugina instalatu eta nabigatzailea berrabiarazi ondoren) eskuin botoiarekin klik egitea testu koadroaren gainean eta "Xinga, Here!" hautatzea. Berehala irekiko zaizue edizio leiho berri bat mota guztietako botoiak izango dituena eta, bide batez, testu editatua nola geratuko den ikusteko aukera ere emango dizue.

Xinha, Here! erabiliz idatzi dut artikulu hau eta, egia esan, oso interesgarria iruditu zait. Beraz, WordPress zale guztioi Firefox instalatzeaz gain, plugin hau erabiltzera gonbidatzen zaituztet. Kontatuko dizkidazue zuen inpresioak. 

Informazio iturria |  Comunidad WordPress en EspaƱol

Google Analytics

Berriro dugu Google hizpide bezala, gaur kaleratu baitu beste aplikazio berri bat. Ez badira gutxi orain arte Googlek erabiltzaileon esku ipini dituen dohaineko zerbitzuak , gaurtik aurrera kalean da Google Analytics aplikazio berria. Honen bitartez zure webgunearen bisita kopuruaren jarraipena egiteko aukera izango duzu. Horretarako nahikoa da zure Google-eko kontuan logina egitea eta, ondoren, webgunearen helbidea idatzi eta unetxo batean duzu zure webean kokatu beharreko javascript-a. Nik, jadanik martxan daukat zerbitzua IKTeroetan. Emaitzak jasotzen hasteko 12 ordu pasa behar dira, beraz, bihar komentatuko dizkizuet aplikazioaren gorabehera guztiak.

Informazio iturria | Vida Digital

Albistea hau argitaratu baino minutu pare bat lehenago beste albiste interesgarri bat irakurri dut Google-en zerbitzu berri honekin lotura duena. Jada kalean da Google Analytics zerbitzua WordPress-en egindako blogetan inplementatzeko plugina. Azken plugin hau nire beste blogean probatuko dut eta honen berri ere emango dizuet.

Informazio iturria | Mangas Verdes

Eguneraketa 2005-11-14, 20:10: WordPress-eko pluginarekin kontu pixka bat izan behar duzue: bere webgunean .phps luzapena duen artxiboa jaitsi ondoren, luzapena .php-ra aldatzea gomendatzen da. Baina bide honetatik arazoak izango dituzue plugina aktibatzerakoan. Badirudi, sisteman honekin Apachek kodea HTML bezala markatzen duela eta arazoak ematen ditu gero. Nik zuzenean artxiboa ireki, kodea kopiatu eta ohar-blokan txertatu dut. Ondoren, googleanalizer.php izena eman eta wordpressera igo dut. Ez dut arazorik eduki aktibatzerakoan. Pluginak Aukera ataleko menuan ataltxo berri bat sortzen du Google Analytics izenekoa. Sortzen den koadroan Google-ek ematen duen kodea itsatsi eta listo. Sistema berezia benetan, ez baita artxiboen kodearen barnean eskua sartu beharrik.

Bestalde, aplikazioa probatu nahi duzuenontzat ohartxo bat; Google Reader-ekin gertatzen den bezala, zerbitzaria oso oso mantso doa. Pazientzia, beraz.

Eguneraketa 2005-11-16, 11:41:Zerbitzuan alta eman eta ia bi egun pasa direnean oraindik ez daukagu inongo emaitzik. Badirudi Google-ek arazoak izan dituela Urchin-eko erabiltzaileekin. Nolatan ez ditu Google-ek horrelakoak aurretik konpondu?. Zergatik horrelako presa zerbitzu hauek kaleratzerakoan? (Gogoan ditut oraindik Google Reader-ekin gertatutakoak lehen egunetan). Txapuza!