GOOGLE CALENDAR

Egun hauetan hainbat gauza (ordenagailukoak, lanekoak, etxekoak…) txukuntzeko aprobetxatzen ari naiz eta ez dago zalantzarik sareak horretarako baliabide ugari eskaintzen digula. Horien artean azkenaldi honetan jende asko itxaroten ari zen
Google calendar dugu. Nik lehengo astean probatu nuen Genbetako artikulu hau irakurri eta gero eta, egia esan, tresna oso egokia da, Google nonahikoak eskaintzen digun guztia bezala, hainbat zerbitzu bateratu ahal izateko.

Google calendar-era zuzenean nahiz Simply Google-etik (oso-oso interesgarria, Google-en zerbitzu guztiak batera jarriak) sar gaitezke Google kontuko pasahitza erabiliz. Behin sartuta, irudian ikus dezakegunez, ezker goialdean Google-eko zerbitzu guztiak integratuta topatuko ditugu (hasiera orria, Gmail, calendar, beste zerbitzuak…).


Seguruenik batek baino gehiagok dagoeneko probatuta izango duzue. Hala bada, ondo legoke zuen iritzia ematea. Besteentzat hona hemen ezaugarri nagusienak eta hainbat aholku abian jartzeko:

1. Sartu bezain pronto, settings-era jotzea (eskuin goialdean) eta konfiguratzea komeni da. Ondorengoak alda ditzakegu:

– ordu-zona
– ordua eta dataren formatua
– astea zein egunetan hastea nahi dugun
– irekitzen dugunean zer ikusi nahi dugun (eguna, astea, hilabetea, agenda…)
– betebeharrak gogoratzen dizkiguten mezuak nola jaso nahi ditugun ( sms, pop-up, postaz…)
– …

2. Eskaintzen duena:

Egutegi bat baino gehiago kudeatzeko aukera (lanekoa, pertsonala…) eta, gainera, horiek batera edo bereiz ikustekoa.
Gmail-ekin bat egiten du: Gmaileko mezuren batean ekitaldi baterako deia badugu, antzeman egiten du eta, klik pare bat eginez, ekitaldi horiek gure agendara gehitu ditzakegu.
Quick add botoia: Zeregin bat laster batean gehitzeko laguntza botoia.
Partekatzea: gure agenda (baimen batzuen bidez) besteekin parteka dezakegu eta alderantziz. Ez da beharrezkoa besteek Google Calendar izatea; izan ere, feed edo web bidez egin baitaiteke trukatze hau.
Eginkizunak gogorarazteko modu ezberdinak: gure telefono mugikorrean mezu bat jaso dezakegu, besteak beste.
– Agendan sartuta dugun edozein zereginetarako gonbidapenak luza ditzakegu.
Inportatzea: egun gure agenda Yahoo Calendar edo Microsoft Outlook-en badugu, horietatik inportatzeko aukera eskaintzen du (ezaugarri benetan interesgarria honako hau kontuan izanda oso pisutsua gerta dakigukeela agendako datu guztiak banan-banan berriz sartu behar izatea!). Honen inguruko informazio gehiago hementxe .

Ikusten duzuen bezala, alde onak begi bestakoak dira: erosoa, erabilerraza, bateratzailea, partekatzailea… Dena den, oraingoz ingelesezko bertsioak baino ez du onartzen hau gauztia!

NeoBinaries Web 2.0 Direktorioa

Etengabe garatzen ari diren Web 2.0ko aplikazioak antolatzeko asmoz, dator Neobinaries webgune berria. Berrikuntza batzuk ditu ongi diseinaturiko gune honek, baina nik erabiltzaileok bilaketa eta bozketa egiteko aukera dugula azpimarratuko nuke. Beste gauza interesgarri bat ere ikusi diot gune honi; blog bat izateaz gain, eztabaidarako gune bat du. Aurkezten dituzten webguneak nahiko ongi sailkatuta daudela iruditu zait, nahiz eta oraindik gehiago aztertu beharko dudan.Nola ez, RSS jario du eta zerbitzua bere osotasunean erabili ahal izateko, izena ematea ezinbestekoa da. Lehenengo balorazioa nahiko positiboa da, beraz.

Orain arte, Web 2.0ko aplikazioak biltzeko guneak egon bazeuden, baina funtzionalitate gutxiko guneak ziren. Kasu gehienetan, zerrenda amaiezinak aurkezten zizkiguten. Hala ere, zerbitzu berri horretan, “gure” Tagzania eta beste aplikazio batzuk ez direla agertzen ikusita, nik uste dut oraindik zerrenda hauek erabiltzen jarraituko dudala. Zuek ere horren beharra baduzue, hementxe duzue beste gune batzuen zerrenda:

ATnotes edo nola ez galdu zure oharrak gehiago!

Ez dakit zuek baina ni desastre hutsa naiz! Azkenaldi honetan, askotan gertatzen ari zait lan bat egiten hasi, beste zerbait interesgarria ikusi, eta horrekin ere hasi; edo, hasi ordez, harrapatzen dudan lehenengo paperean idatzi beranduago egin behar dudan hori. Handik pixka batera: Zer egin behar nuen? Non idatzi dut hori? Non utzi dut papera? Etxeko zein ikastolako mahaiak, liburuak, karpetak…post-itez josi-josiak ditut. Eta ez da izango ez dudalako agendarik (betiko formatoan, ordenagailuan, mahai pareko panelean!!!)… Dena den, beti sortzen dira azken orduko eginbeharrak, begi bistan izatea komeni diren horietakoak…

Atzo, Digizen-en arakatzen ari nintzela, arazo horri aurre egiteko baliagarri suerta dakidan baliabide batekin egin nuen topo: ATnotes. Dohaineko aplikazio honek zure ordenagailuko mahaigainean post-it antzekoak jartzeko balio du, besteak beste. Berehala instalatu eta erabiltzen hasi nintzen. Arratsaldean egin beharreko lanak post-it moduan ordenagailuko mahaigainean ipini nituen. Ikusten duzuen bezala, oharrak kolore eta neurri ezberdinetan jar daitezke, alarma edo alarmarik gabe. Posible da, gainera, oharrak lagunei bidaltzea eta hauegandik jasotzea ere.

Hemen klikatuz instala dezakezu aplikazioa. Ondoren, hurrengo urratsak jarraitu:

1. Joan zaitez hona eta aukeran dauden hizkuntzetatik bat hautatu.
2.Hizkuntzaren artxiboa zip bat denez, deskonprimatu ATnotes karpetan (c:\Archivos de programa\ATnotes).
3. ATnotes abiarazi eta zuk hautatutako hizkuntzan egongo da!

45 hizkuntzatara itzulia zegoela ikusirik, euskarara ere itzultzea ondo legokeela pentsatu nuen. Pentsatu eta egin! Beraz, bukatu nuenean, programaren arduradunari bidali nion euskarazko itzulpena. Dirudienez, ez du oraindik jaso. Ea lehenbailehen denon eskura jartzen duen eta euskarazko bertsioaz lan egiteko aukera dugun!

Laburtuz, beti post-it bat edo bi gertu-gertu behar duzun horietakoa bazara, ni bezala, aplikazioa nahiko praktikoa gertatuko zaizu. Egongo dira ziur aski mota honetako aplikazio sofistikatuagoak, baina askotan less is more , osteguneko jardunaldian esan zuten bezala! :wink:

Flickr-eko argazkiak aurkezpen gisa

Flickr, argazkiak kudeatzeko tresna bikaina dela ez du inork zalantzan jarriko, gainera bere API publikoa erabiliz, sortu diren tresnek are erakargarriagoa bihurtzen dute. Izan ere, bertan gordetako argazkiekin eta sortutako aplikazio ezberdin horien bitartez, mila gauza ezberdin egin baitaitezke.

Oraingo honetan, Slideroll izeneko tresna aurkeztu nahi dizuegu. Slideshow edo aurkezpenak online sortzeko eta gordetzeko tresna bat da. Flash-en egina eta eskaintzen dituen aukeren artean, Flickr-ena ez da bakarra, argazkiak bertan gorde daitezke, aurkezpenak musikaz “jantzi daitezke”, partekatu eta etiketatu daitezke, zure webgunean txertatzeko kodea ematen dizu… Hori guztia, produktuaren propaganda barne, dohain!!! Baina, gehiago nahi duenarentzat “Pro” aukera ere badu, hori bai, 2,95$ hilero ordainduta.

Nik zerbitzua probatu dut eta itxura onekoa iruditu zaidanez, gure ikastolan ospatzen ari garen Kultur Asteko ekintza batzuekin aurkezpen bat egitea erabaki dut hemen jartzeko. Ea zer iruditzen zaizuen.

Timeline Creator

Timeline Creator Software irakasleentzako aplikazio xumea eta doakoa da denbora-lerroak sortzeko. Javan garatutako artxibo batek gertaerak sartu eta testuak eta argazkiak erantsea ahalbidetzen du. Agindu guztiak XML fitxategi batean gordetzen dira eta flash batean islatzen dira. Javaren 1.4.2 bertsioa edo ondorengoa beharko duzu (freeware da).
Emaitza erakargarria da. Aukeratu ditugun bi daten artean karratutxoa arrastaka eramanda, beheko lerroko ikonoak gertaera historikoak edo pertsonaien bizitza eta obren kokapena azaltzen dituzte. Horien gainean klikatuz gero, leiho bat irekiko da. Bertan informazio gehigarria eta argazkiak txerta daitezke.
Koloreak konfiguragarriak dira. Beheko aldean ere lerro teilakatuak sor daitezke gai ezberdinetako gertaerak ordenatzeko (politika, ekonomia, literatura, artea…).
Emaitza ondo ikusteko Flash pluginaren gutxienez 7. bertsioa beharko dugu, seigarrenarekin irudiak ikusten ez direlako.
Aplikazioa hemen eta manuala ingelesez esteka honetan aurkituko dituzue.
Prestatu dudan Nietzscheren garaiko denbora-lerroaren pantailakada eransten dizuet.

timeline

Timeline Creator programa txukuna da eta gainera oso gauza interesgarria erakusten digu, hots, mundu honetan hezkuntza-softwarea ez dagokiela fisika, kimika, biologia edo hizkuntzei soilik. Bazen garaia!