P2P-ren iraultzak Omemo izena du

Gaur goizean, albiste hau irakurri dudanean berehala sartu naiz Omemo-ren webgunean eta alta eman dut.

Ingelesez dagoen mezu bat jaso dut eta dagoeneko zerbitzua martxan noiz jarriko den zain nago.

Funtsean, MP2P izeneko enpresak sortu duena mundu mailako disko gogor birtual bat besterik ez da, baina egungo P2P aplikazioekiko aldentzen dituen ezaugarri oso interesgarri batzuk ditu.

Omemon, erabiltzaileek egiten dutena da euren disko gogorraren zati bat partekatu, hau da, sareari eskaini. Beraz, aldaketa handia suposatzen du honek, izan ere, erabiltzaileek ez dituzte fitxategiak partekatzen, espazioa baizik. Gainera, beste P2P aplikazioetan erabiltzaile bat deskonektatzen den unean, bere fitxategi bat jaisten ari den beste erabiltzaileak iturri hori galtzen du eta itxarotea besterik ez zaio gelditzen, hemen berriz, fitxategia iraunkorra da eta ez dago konektatutako erabiltzaileen baitan.

Horren truke, erabiltzaileak edozein motako fitxategia jar dezake bere disko birtualean, berarekin lan egin disko fisiko bat bailitzan eta sarean dauden gainontzeko fitxategietara iristeko aukera. Behin fitxategi bat diskora igo, inork ezingo du ezabatu, ezta igo duenak ere. Fitxategia 64 KBeko paketetan zatitzen da eta bakoitzari arrasto digital bakana esleituko zaio. Jarraian, zati guztiak enkriptatu egiten dira eta identifikatzaile bana ematen zaie gero bilatu eta berreratzeko.

Segurtasun neurri hauek partekatzeko programarik anonimoena bihurtzen dute. Egileek diotenez, ezinezkoa omen da jakitea nork igo duen eta nork jaitsi duen fitxategi bat. Zentsuraren aurkako puntazo bat dela esango nuke nik.

Erabiltzaileak, azken finean, inoiz ez du fitxategia bere ordenagailuan. Are gehiago, ezin da jakin zer dagoen norberaren disko birtual horretan. Bakarrik, fitxategiaren izenean klikatu eta erreproduzituko da. Honek ere zaildu egiten ditu administrazio batzuek edukiak blokeatzeko egiten dituen ahaleginak.

Fitxategi desegokiak egonez gero, aukera egongo da erabiltzaileek baloratzeko. Etiketatzeaz gain, erabiltzaile batek, nahi badu, bere zerrendatik ezaba dezake, baina saretik ez da desagertuko. Ezabaketa honek, boto negatibo bat bezala funtzionatzen du. Botoen arabera fitxategi batzuke gora egingo dute eta besteak zokoratuta geldituko dira.

Edukiak lortzeko, Omemok bilatzaile bat izango du. Gainera, karpeten egiturak lana erraztu egingo digu. Dena bilatu daiteke, pribatuan jartzen dena izan ezik. Erabiltzaile bakoitzak mugatu dezake bere karpetaren izaera publikoa edo pribatua (erabiltzaile jakin batzuekin soilik partekatu daiteke, horrela nahi badugu).

Une honetan, Omemo frogen fasean dago, baina kode librea izanik, hobekuntzak espero dira eta, era berean, Mac eta Linuxerako bertsioak.

Ikusten duzuen bezala, itxura oso ona du honek, hala ere, itxaron egin beharko dugu orain agintzen diguten hori guztia egia izango ote den ikusteko.

Albiste hau David Bravoren blogean ere komentatzen dute.

LenMus: musikako irakasleentzat

Gaur, beste aplikazio berri batekin gatozkizue. Bitelian LenMus programaren deskarga proposatzen zigutela ikusita, bertara joan eta programa honen ezaugarriak aztertzen aritu naiz.

Egia esateko, ni ez naiz aditu bat musikaren irakaskuntzan, baina eskaintzen dituen ezaugarriak ikusita, musikako irakasleentzat oso interesgarria izan daitekeelakoan nago.

Hasteko, software libre, doako ikaskuntza eta ezagutzaren zabalkundearekin konpromisoa azaltzen du. Horretarako, programa hau GNU lizentziapean banatzen da. Programa honek plataforma ezberdinetan funtzionatzen du eta, dagoeneko, prest ditugu Windows eta Linuxerako bertsioak. Mac OS X-erako ere prestatuta omen dago, baina distribuzioa konpilatu eta banatzeko beharrezkoa diren baliabideak ez dituzte eta laguntza eskatzen dute lan horrekin amaitzeko.

Hizkuntza ezberdinetara itzulita dago. Une honetan hauek dira eskura jarrita dauden hizkuntzak: Ingelesa, Gaztelania eta Nederlandera. Baten bat euskaratzeko asmoa badu, hemen jar daiteke harremanetan eta gabezi txiki hori zuzentzeko aukera izango du.

Arlo pedagogikoari dagokionez, honako hauek lirateke bere ezaugarri nagusiak:

LenMus oso erabilgarria da entzumenaren lanketarako

Intonazioa eta musika diktaketen lanketa oso zaila egiten da pianoa jotzen irakasle bat ez badugu. Programa honekin arazo hori konpon daiteke, horretarako proposatzen dituen jarduera hauekin:

  • Denbora-tarteak alderatzeko jarduerak
  • Denbora-tarteak identifikatzeko jarduerak
  • Akordeak identifikatzeko jarduerak
  • Eskalak identifikatzeko jarduerak

Teoriako kontzeptu batzuen lanketarako balio du

Zure beharren eta erritmoaren arabera lantzeko aukera eskaintzen digu, tarteka ebaluazio jarduerak eskaintzen dituelarik lortu nahi duzun mailara iritsi bitartean. Honako aukerak topatuko ditugu:

  • Denbora-tarteak sortu eta identifikatzeko jarduerak
  • Elementu erritmikoak barneratzeko eta praktikatzeko jarduerak
  • Solfeo praktikak: programak ekoiztutako partiturak (inoiz ez dira errepikatzen)
  • Klabeak ikasteko jarduerak

Bukatzeko, programa jaitsi nahi izanez gero, hemendik lor dezakezu.

Xtimeline

Egungo web berri honetan, etengabe zerbitzu berriak ateratzen ari dira era guztietako zerbitzuak eskaintzeko. Guri, bereziki, irakaskuntzarako baliagarritasuna izan dezaketenak interesatzen zaizkigu. Horregatik, gaur horietako bat aurkeztu nahi dizuegu: Xtimeline

Zerbitzuaren izenak garbi adierazten duen moduan, denbora-lerroak sortzeko eta partekatzeko gune oso interesgarria dugu hau. Slideshare-n aurkezpenak edo Scribd-en dokumentuak gorde eta partekatzen diren moduan, hemen gauza bera egin dezakegu denbora-lerroekin.

Duela urtebete baino gehiago hemen bertan denbora-lerroak sortzeko aplikazio baten berri eman genizuen. Oraingo honetan, aurkezten dizuegun aplikazioaren erabilera antzekoa izan arren, eskaintzen dituen aukera gehigarriek oso erakargarria bihurtzen dute:

  • Denbora-lerroak etiketatu daitezke eta, horren ondorioz, bilaketa eraginkorrak egin daitezke
  • Besteek eginiko denbora-lerroak eskura daitezke
  • Zure gunean sar daitezke horretarako ematen duten kodea erabiliz
  • Era guztietako baliabide multimedia sar daitezke: bideoak, argazkiak, audioak..
  • Beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera eskaintzen du
  • Iruzkinak egin daitezke

Horren adibide bat hemen jartzeko, nire denbora-lerro bat sortu dut, baina oraindik ulertzen ez dudan arrazoi batengatik script arazoa ematen dit eta ezin da bistaratu. Jolausi komentatu eta berari gauza bera gertatzen zitzaiola egiaztatu zidan. Zuei gauza bera gertatzen ote zaizuen jakin nahiko genuke. Agian guk zer edo zer gaizki egiten dugu eta horregatik ematen digu akats hori.

Azkenean, nirea erakusteko aukera ez dudanez, azpiko hori sartzea erabaki dut. Denbora-lerro horretan bideo-jokoen historia ikus dezakegu.

Stage 6en itzalpean

Aurreko batean, pelikulak online ikusteko zerbitzu baten berri eman genizuen eta iruzkinetan zerbitzu gehiagoren berri jaso genuen. Bada, hori ikusita, gaurkoan saiatuko naiz zerbitzu horien nondik-norakoa azaltzen.

Divx Web Player-en sorrerarekin, kalitatezko bideo zerbitzu bat eskaintzeko aukera zabaldu zen. Hobeto ulertzeko, Youtube bezalako zerbitzu bat, baina kalitate handia eskainiz. Horrela sortu zen Stage 6. Beste zerbitzuetan gertatzen den bezala, hemen ere norberak bere bideoak igo eta partekatzeko aukera eskaintzen digute. Berehala, pelikulak, serieak, dokumentalak… igotzen hasi zirenez, zerbitzu honen arduradunak, Copyright-ekin arazoak ez izateko, izena aldatzen eta helbide oso bereziak ematen hasi ziren.

Aldaketa horiekin ezinezkoa egiten zen pelikula bat bilatzea eta hortxe kokatu behar ditugu ondoren sortu diren zerbitzuak. Izan ere, zerbitzu horiek egiten dutena da Stage 6 zerbitzua arakatu eta eskaini nahi diren pelikulak, seriak… lokalizatu eta euren guneetan eskaini. Beraz, edukiak Stage 6 zerbitzuan kokatuta daude, baina eskura ahal izateko beste zerbitzu horiek erabili behar ditugu.

Salaketak eta itxierak iritsi bitartean aprobetxatu beharko dugu. Beraz, hortxe doakizue Stage 6en itzalpean sorturiko zerbitzu eta blog batzuen zerrenda:

Informazio gehiago: Genbeta, Blogoff eta del.icio.us.