Buletinik gabeko ebaluazio bilera

Ikaslea ebaluazio prozesuaren ardatza bihurtzen denean

Egun hauetan, EKI proiektua dela eta, ikastolan gurasoei ematen diegun ebaluazio informe edo buletinari buelta batzuk ematen ari gara. Gaur goizean, goiko bideoa ikusi ondoren, egiten ari garen lanak benetan zentzurik ba ote duen zalantzan ipini dut. Bideoak ebaluazio bilera “autentiko” bat zer izan beharko litzatekeen azaltzen duela uste dut eta gureak hauetatik zein urruti dauden egiaztatzeko balio izan dit. Zer dela eta dago halako aldea egiten duguna eta egin beharko genukenaren artean?

Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren protagonista

EGIN BEHARKO GENUKEENA: Ados bagaude eskolaren helburu nagusia ikasleak bizitzarako prestatzea dela eta eguneroko bizitzan sortzen zaizkigun egoerei aurre egiteko ikasten, egiten eta izaten jakitea oinarrizkoak direla, ados egongo gara orduan norberak bere jokabide eta erantzukizunen inguruan hausnartu eta hobekuntzak zehaztea eta aurrera eramatea ezinbesteko gaitasunak direla. Bizitzarako prestatuta egotea, beraz, ikaslea etengabeko autoregulazio prozesu baten gaineko kontrola izatea suposatuko luke. Eta horrek ikaslea autoebaluaziorako estrategietan trebatzea suposatu beharko luke. Baliteke gurasoekin burutzen ditugun bilerak (ebaluazio amaieran edo bestela ere) izatea estrategia horiek praktikan jartzeko unerik aproposena.

Noski ez dela gauza erraza norberak ikasi eta egin duenaren eta bizi izan dituen emozioen inguruan hausnartzea (helduoi ikaragarri kostatzen zaigun kontu bat da). Bada horretarako dago tutorea, prozesu horretan ikaslearen gidari eta aholkulari izan dadin (bideoan ederki asko ikusten den moduan). Modu honetara, ikasleak, derrigorrezko eskolaldia bukatzen duenerako, autoregulazio estrategiak modu autonomoan garatzea izan beharko litzateke eskolaren helburu nagusienetako bat.

EGITEN DUGUNA: Nik ezagutzen ditudan eskoletan oso urruti gaude oraindik bideoan agertzen den egoera horretatik eta, oro har, ezkerreko paragrafoan aipatutako egoera ideal horretatik. Gure ikastolan, adibidez, ikasleak ebaluazio informeak jasotzeko gurasoekin egiten diren bileretatik kanpo uzten ditugu eta, egia esan, ez dut inoiz ulertu zergatik egiten dugun horrela (nik behin edo behin, nire semea bileran gurekin egotea eskatu izan dut). Horrela, haurrak bere ikaskuntza prozesuaren inguruan hausnartzea eta ondorioak ateratzea bere lana edo ardura ez dela ulertzen du. “Nolakoa naizen”, “zer dakidan eta zer egiten dudan” edo “zer ikasteko edo egiteko gai naizen” baloratzea irakaslearen lana dela ulertzen dute, bai ikasleak baita bere gurasoek ere.

Gero DBHn, bat-batean eta oso ondo jakin gabe zergatik eta zertarako, ikasleak, gurasoekin batera, informea jasotzera “gonbidatzen” ditugu, euren rola bilera hauetan gelako altzariek betetzen dutenaren berdina izanik gehienetan. Garai bateko autoek maleteroaren gainean eramaten zuten txakurrek bezala mugitzen dute burua hauek ere zerbait galdetzen zaienean. Ahoa ireki gabe egoten dira ia bilera osoan. Askotan, badakite “txaparroia” jasotzera datozela eta askok halako “eremu elektromagnetiko iraganezin” batez babestuta etortzen dira bileretara. Zertarako datoz ikasleak ebaluazio bileretara? Sermoia entzutera bakarrik? Benetan hori al da gurasoekin egiten diren ebaluazio bileren helburua? Nola demontre prestatu nahi ditugu bizitzarako, egiten dutenaren inguruan hausnartzeko aukerarik ematen ez badiegu?

Portfolioa ebaluaziorako baliabiderik garrantzitsuenetakoa

EGIN BEHARKO GENUKEENA: Askotan entzun eta irakurri dut portfolioa (digitala edo ez) ebaluaziorako tresna baliagarrienetako bat dela baina, onartu behar dut, orain arte ez dudala oso garbi eduki zein den portfolio batek ebaluazio prozesuan duen benetako funtzioa. Bada goiko bideoa ikusi ondoren berehala desagertu dira nituen zalantza guztiak.

Norberaren ikaskuntza prozesuen inguruko hausnarketa “a pelo” burutzea gauza konplexua da. Horrela, portfolio didaktikoa (ebaluazio matrize edo rubriken antzera) prozesu horretan gida edo euskarri bezala funtzionatuko luke. Eguneroko horren kapitulu edo atal bakoitza hausnarketarako aitzakia bat izan litzateke, horrela autoregulazio prozesua errutina edo eskema mental berdin baten errepikapenaren eskutik ahalbideratzen delarik. Bide batez, portfolio didaktikoak ondo egindako jarduerekin berriro gozatu eta familiaren aurrean harro sentitzeko aukera ematen du (bideoko haur batek lagunengandik jasotako balorazioak amaren aurrean aurkezten duenean bezala) eta, bide batez, komunikatzen ikasteko konpetentzia garatzeko ere balio du.

EGITEN DUGUNA: Baliteke Lehen Hezkuntzan, burutzen diren jardueren aniztasuna dela eta, ikasleek euren portfolioa osatzeko aukera gehiago izatea. Ezagutzen ditut irakasle batzuk euren karpetan gure seme-alabek burutzen dituzten ekintzen ebidentziak jasotzen ahalegintzen direnak. Agian zentzu gehiegirik ez duena da, ebidentzia horiek ikasleak berak burututako lanak izanik, hauek euren portfolio pertsonalean jasota ez egotea. Nire iritziz, irakasleak lan horiek berak jaso baino, ikaslearen metakogniziorako lagungarriak izan daitezkeen ebidentziak identifikatu eta ikasleari bere portfolioan gordetzeko aholkua eman beharko lioke ikasleari. gero honek hauen inguruan hausnartu dezan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, bideoan agertzen den egoeratik oraindik oso urrun gaudela esango nuke nik. Froga, kontrol edo azterketen kalifikazioak, etxerako lanetan egindako “kaleak”, hutsegiteak, diziplina arazoak… jasotzen dituen irakaslearen erregistro edo nota koadernoa izan daiteke portfoliotik gertuen egon daitekeena. Datu asko bai, baina gehienak ezer gutxi adierazten dutenak ikaslearen garapen konpetentzialari buruz. Eta okerrena dena. Ikaslea ebaluazio prozesutik kanpo geratzen den unetik, ikasleak ebidentzia horien inguruan egiten duen interpretazioa eta irakasleak (eta gurasoek) egiten dutenaren inguruan sekulako etena sortzen da. Horrela, ebaluazioaren izaera formatiboa erabat desitxuratuta geratzen da.

Familia inplikatu

EGIN BEHARKO GENUKEENA: Honen inguruan ezer gutxi dago esateko. Uste dut guraso garen guztiok erabat harro irtengo ginela ebaluazio bileratik gure seme-alabak bideoan agertzen diren haurren lekuan ikusiko bagenitu. Gure haurrak egin duten lanen inguruan hasunartu eta dituzten zailtasunen aurrean hobekuntza proposamenak mahai gainean ipintzeko gaitasun hori bereganatzea, uste dut eskolan gure seme-alabak matrikulatu aurretik sinatuko genukeen zerbait litzatekeela esango nuke nik. Nik behintzat oraintxe bertan sinatuko nuke nire semea bideoko haurrek ikasten ikasteko duten gaitasunarekin amaituko balu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Bestalde, deigarria iruditu zait ere, nola inplikatzen den familia osoa (ama, aita, anaiak eta arrebak) haurraren ikaskuntza prozesuan. Uste dut ikaslearentzat oso positiboa dela bere aurkezpena guztion aurrean egitea, familia-giroan. Eta bestalde, gurasoak erabat baldintzatuta irteten dira bileratik, euren seme-alabek zuzenean aurkezten dizkien hobekuntza beharren inguruan askoz ere sentsibilizatuago.

EGITEN DUGUNA: Nik esango nuke gurasoekin egiten ditugun bileretan egoten den giroa oso urrun dagoela egoera idealetik (bideoan ikusten direnak, agian bideoaren presentzia berarengatik baldintzatuta daudela dirudi). Hasiera batean behintzat, ebaluazio bilerak ez dira atseginak: horrela sentitzen dut irakasle paperean nagoenean, baita guraso bezala egotea tokatzen zaidanean ere. Irudipena daukat bilera hauetan irakasleok gehienetan fiskalaren papera hartzen dugula. Beti dago zerbait behar bezala funtzionatzen ez duena eta normalean ezer gutxi ikaslea zoriontzeko. Guraso bezala bilera hauetan ezustekoren batekin sorpresa jasoko dugula pentsatzen dugu. Ikasle helduen kasuan gainera, beti egoten da irakasleak egindako balorazioaren interpretazio pertsonal bat (logikoa den bezala; bileran, normalean, hitz egiteko aukera handirik ez dute izaten) Azkenean nire ustez gurasoak nahiko nahastuta ateratzen dira bileratik. Nire ustez, hori guztia, goitik behera aldatuko litzateke ikaslea bera izango balitz ebaluazio bilera gidatuko lukeena.

Hezkuntzan zentzu gehiegi ez duten lan errutinarioetan murgilduta ibiltzea oso tipikoa izaten da. Oso ondo jakin gabe nola, askotan zentzu gehiegirik ez duten lanak burutzen ditugu. “Beti egin izan da horrela” aitzakipean, ikaragarri kostatzen da inertzia horiekin puskatzea. Nik uste det gurasoekin burutzen ditugun ebaluazio bilerak, adibidez, horren adibide bat dela. Aldaketak proposatzen direnean, askotan aipatzen da “aldaketa horiek denbora behar dute” edo “aldaketa horiek oso konplikatuak dira” bezalako koletillak. Gurasoekin burutzen ditugun bileren kasuan uste dut aldatzea oso sinplea dela, borondate eta koherentzia kontua da bakarrik.

 

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.