Azken egunotan era guztietako probak egiten aritu naiz datorren ikasturtean nire ikasleekin osatu behar ditugun blogak ahalik eta ondoen hornitzeko.
Eginiko proba horien artean azpimarratu nahiko nuke bideoak txertatzeko erabil genezakeen zerbitzuari buruz. Izan ere, urtean zehar ugari dira ekoizten ditugun bideoak eta blog horretan eskegi nahiko nituzke.
Orain arte dohain erabil daitezkeen beste zerbitzuak probatu ditut eta aste honetan YouTube izeneko zerbitzuarekin topatu naiz. Dohaineko zerbitzua eskaintzen du eta 100 MBeko bideoak utz daitezke. Zerbitzu horrek bideoak Flash-era pasatzen ditu eta hiru aukera ematen ditu: bideoaren URLa ematen du, post batean bideoa txertatzeko kodea ematen du eta, nahi izanez gero, bideoaren thumbnail-a sartzeko kodea ere ematen du. Hori bai, guztietan logoa sartzen dute propaganda gisa.
Etiketak (tag), RSSa, publiko edo pribatu moduan gordetzeko aukera, lagunak izendatzeko aukera, bilaketa, iruzkinak egiteko aukera… Ez al dizue Flickr gogorarazten? Batzuek, dagoeneko, bideoen Flickr-a deitzen diote zerbitzu honi.
Emaitza ikusi nahi baduzue, probatzen ari garen blog honetan ikus ditzakezue emaitzak. Ikusgai dauden bideoak Jakintza Ikastolako 10-11 urteko ikasleek Multimedia Tailerran egindakoak dira. Bideoak streaming bidez deskargatzen dira eta oso handiak direnean patzientzia edo konexio oso ona eduki behar da. Nire 8 kilometroko Wi-Fi-arekin ez ditut oso abiadura azkarrak lortzen eta play-ri eman ondoren, pause-ri ematen diot deskargatzen uzteko. Honela, beste gauza batzuk egiten ditudan bitartean, bideoa deskargatzen du.
Nire lagunen aholkua jarraituz, hemen ere adibide bat txertatuko dizuet. Ken Zazpi taldearen abesti batekin 5. eta 6. mailako ikasleek eginiko bideoklipa da. Goza dezazuela!!!