BetterGMail2 eta Flip Browser

Nire lanaren zati handi bat interneten burutzen dudanetik nabigatzailea ezinbesteko tresna bilakatu zait. Hainbeste ordu sarean egonda, nire lehentasunetako bat egiten dudan lana ahalik eta emankorrena izatea da. Ikuspegi honetatik, merkatuan dauden nabigatzaileen azterketa egin eta gero Firefoxekin geratzen naiz. Ez dakit kalitate handiena aurkezten duena den baina, nire ustez, bai da norberaren beharretara hobekien egokituko daitekeena. Izan ere, erabiltzen duen gehigarri sistema eta atzean dagoen gehigarrien kopuruarekin, eskura dauzkagun funtzio berriak kontaezinak bihurtzen dira.Gaur gehigarri hauetako biren inguruko informazioa eman nahi dizuet.

BetterGMail2 da lehena. Aspalditik erabiltzen nuen baina Google-ek GMailen atzean dagoen kodea aldatzea erabaki zuenetik, arazoak izan ditut honekin. Bigarren bertsioarekin ere ez naiz batere gustura ibili orain arte. Maiatzaren 22an egin duten eguneraketarekin gauzak berriro doaz niri gustatzen zaidan bezala. Lehenengo bertsioak zituen aukera asko galdu badira ere, orain dituenak primeran funtzionatzen dute. Zer egiten duen jakiteko hobena aurrean utzitako estekari jarraitu eta bertako azalpenak irakurtzea duzue. Dena den, ezin dut aipatu gabe utzi GMaili “soineko” berria ipintzeko aurkezten duen aukera. Ez naiz inoiz izan hondo beltzen zalea baina Redesigned GMail izeneko azala izugarri gustatzen zait. Oso itxura orekatua iruditzen zait, estilo modernokoa eta GMaili etekin oraindik hobea ateratzeko balio duena. Azken hau, adibidez, oso garbi froga dezakezue kontaktuen kudeatzailearekin; askoz ere garbiagoa da orain hauen kudeaketa.

redesigned

Bigarrena Split Browser da. Esan bezala, geroz eta gehiago erabiltzen ditut web aplikazioak ekoizpen lanetarako. Google Apps-ekin datozen aplikazioei geroz eta astindu handiagoa ematen ari naiz; blog eta wikiekin geroz eta lan gehiago egiten dut… Askotan faltan botatzen dut idazmahaiko ofimatikako aplikazioek eskaintzen duten aukera interesgarri bat, pantaila bi zatitan banatu eta scroll-a batera egiteko aukera, hain zuen ere. Bada gehigarri honek horixe egiten du; nabigatzailea bi leihotan zatitzen du; baten informazio iturriak bisualiza daitezke eta bigarrenean Google Docs irekita eduki dezakegu. Horrela informazioaren kontsulta eta ekoizpena fitxetan saltoka ibili gabe burutu daiteke. Oso gehigarri praktikoa iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.