Bertendonako irakasleak berriro. Orain “Tizako martxa” delako ibilbidearen hasiera dela eta, hedabide guztietan protagonismoa berreskuratu dute. Ezin dut ulertu zerbitzu publikoen aldeko jarrera azaltzen duten sindikatu eta alderdi politiko batzuen jarrera. Nola eman diezaiekete euren babesa baliabide publikoak (ez nolanahikoak, gainera) xahutu dituzten irakasle hauei? Baliabide publikoekin dena baliagarria al da? Hiritarrok eta gure ordezkaritza duten agintariek ezikusiarena egin behar al dugu?
Nik uste dut, behingoagatik, administrazioak, azaldutako jarrerarekin, baliabide publikoen erabilera zuzena sustatzeko pausu garrantzitsu bat eman duela. Hala ere, ez dut uste eremu guztietan berdin jokatzen duenik. Izan ere, Teknologia Berrien inguruan administrazio desberdinak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egiten ari diren bitartean, ikastetxe guztien erantzuna ez da behar bezalakoa izaten ari.
Premia bezalako diru laguntzen bitartez, ikastetxe askoren azpiegitura goitik behera berritu eta egungo beharretara egokitu dira. Formazioan (PDF) egiten ari den ahalegina ez da txantxa. Bestalde, 2001ean hainbat konpromiso hartu zituzten ikastetxe batzuk “pilotuak” izendatu zituzten. Hauek, orduz geroztik, IKT dinamizatzaile batentzat lanaldi erdiaren diru laguntza jasotzeaz gain, ikastetxe horren azpiegituraren mantenurako ere laguntza jasotzen dute. Hau da, ikastetxe horietako bakoitzak azken urteotan 100.000 € baino gehiago jaso du.
Nolako jarraipena egiten zaie ikastetxe horiei? Nik oso garbi daukat pilotu horietako batzuek ez dutela ia ezertxo ere bete. Nola liteke orain bost urte eginikoak inongo berrikuspenik ez izatea? Benetan ahalegintzen ari diren beste ikastetxeak eta garai hartan sartu ez zirenak, zergatik ez daude multzo horretan? Edo, zergatik ez dute sartzeko aukerarik? Hau ez al da Bertendonako irakasleek egin dutenaren pareko beste adibide bat?
Nire iritziz, baliabide publikoen erabilera egokia egiten dela bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eta Bertendonako irakasleekin eginikoari bidezkoa deritzodan bezala, IKTen inguruan dauden diru laguntzekin beste horrenbeste egin beharko luketelakoan nago. Horrela, ez litzateke gertatuko Ordiziako Jakintza Ikastola bezalako ikastetxeekin gertatzen ari dena: pilotuak diren askoren aurretik egon arren, inongo aukerarik ez dute diru sarrera horiek jasotzeko eta egiten duten guztia ikastetxearen bizkar edo irakasle “ero” batzuen borondatean gelditzen da.
Honek garrasi ozena izan nahi du behar den tokian eta dagokion arduradunak entzun eta aldatu beharrekoa alda dezan/dezaten. Badakit ez naizela neutrala iritzi hori emateko, baina zer demontre!!! Epelkeriak alde batera utzita, gauzak diren bezala esateko garaia heldu dela uste dut. Guk, kontrol neurriei ez diegu inongo beldurrik eta gustura azalduko genuke gure ikastolak egiten duena, zalantza izpirik ez baitut talde pilotuan sartuko gintuztela.