Bakoitzari berea

Gaur, nire lankidea eta, batez ere, lagun mina den magic-ekin haserretu egin naiz. Bart gauen nire posta elektronikoa irakurtzen ari nintzela bere mezu bat jaso nuen. Bertan, Sustatun Joxe Aranzabalek, 30 blogarien izenean, idatzitako mezu bati emandako erantzun baten berri ematen zidan. Eta bere erantzuna irakurri ondoren ez naiz gustura geratu.

Gure ikastolako blog honek apenas bete ditu 50 egun. Gure artean hitz egiten dugunean, askotan aipatzen dugu kasualitatearen ondorioz jarri zela martxan proiektu hau; baina, barne barnean, nik badakit ez dela horrela. Aspalditik jasotzen nituen Sustatuko feed-ak nire korreoan. Zenbat gauza ikasi ditut Sustaturi esker! Halako batean, Joxe Aranzabalen berri izan nuen. Onartu behar dut behin eta berriro jotzen nuela Sustatura Joxeren mezuen bila. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka ezagutu nituen Goiena.net eta Eibar.org bezalako komunitateak. Ez da makala izan blogari hauek egindako lana! Zuek, denok, izan zarete IKTeroak sortzearen “errudun”.

Euskal blogosferaren partaide garenok garbi dugu zein izan den gure orainaldiaren jatorria eta bere bilakaera. Horregatik horrelako adierazpenek:

Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs

merezi dute Joxek egindako gaitzespenak. Erabat gaude ados zure baieztapenekin.

Halere, ukaezina da horrelako proiektuak aurrera atera ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa izan dela. 2001. urtea geroztik gure ikastolak izan duen bilakaera IKTen esparruan ez da txantxetakoa izan, eta bilakaera hau, batez ere, Foru Aldundiaren konpromisuari esker izan da. Beste hark esango lukeen bezala, non ginen eta non gaude!!! Azken urteotan gure Foru Aldundiak (gurea diot, gurea izan delako bakarra IKTen garapenaren aldeko apostua egin duena EAEko hiru herrialdeetan) egin duen ahaleginaren ondorioz ditugu gure ikastolan sarea, eGela eta IKTeroak bezalako proiektuak aurera eramateko baliabideak.

Kanpotik datozen laguntzak oso garrantzitsuak izan arren, ezerezean geldituko lirateke erakunde bakoitzak ez balitu izango atzean pertsona konprometituak. Horrelako eginkizunek (eta beste askok) gizakion konpromisoaren beharra dute… eta hor egon da beti magic. Nire ondoan, nire zalantzei erantzuna emanez, askotan nire eginkizunak bere gain hartuz, nire erabaki askoren erantzule izanik… IKTeroak ez litzateke gaur egun dena izango magic-en laguntzarik gabe. Eskerrik asko magic!!

Gaur magic-ekin haserre nago, baita Foru Aldundiarekin ere. Baina bihartik aurrera, eta aspaldi honetan gertatu ohi den bezala, elkarlana izango da nagusi. Beraz, honen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuet denoi. Zuen konplizitateari esker IKTeroak bezalako proiektuak aurrera darrai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.