Eskola hobeak denentzat (2)

Atzo, ikastaroaren lehen saioaren berri eman genizuen eta gaur bigarren saioarekin gatoz. Gaurkoa ere mamitsua suertatu da, nahiz eta atzo aipatutako gauza asko errepikatu diren. Nolanahi ere, F. Javier Murillo Madrilgo UAMeko irakasleak eskainitako bi saioek zapore ezin hobea utzi digute.

Esan dudan moduan, gaurko lehen bi saioak F. Javier Murillorentzat izan dira eta hirugarren saioan mahai-inguru bat izan dugu ondorengo partaideekin: Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aranburu (EHU). Kristau Eskolako ordezkaria den Aitor Bilbaok ez du etortzerik izan.

Murilloren bi saioak oso interesgarriak izan direla garbi gelditu da, baina zerbait zuzentzearren, denboraz eskas ibili da esan behar zuen guztia esateko eta gai batzuk oso azkar eta asko sakondu gabe jorratu behar izan ditu. Asko gustatu zait komunikatzeko duen gaitasuna, transmititzen duen konbentzimendua, gertutasuna eta, aldi berean, apaltasuna.

Tira, hezkuntzaren inguruan egin diren ikerketa historikoen erreferentzia batzuk eman eta gero, adierazpen interesgarri batzuk mahai gainean jarri ditu: “eskolak, eraldaketa sozialerako ahalmen handia izan arren, desberdintasun sozialak errepikatu eta legitimatu egiten ditu”, “eskolaren eragina, %15-%20 ingurukoa baino ez da”, “jarrera eta balore eraldatzaileetan eskolak duen eragina oso murritza da”, “ikasleen errendimenduan, amak duen kultura mailak eragin oso handia du”… Hala ere, arestian esandako guztia esan eta gero, oso garbi utzi du eskolak duen esparru edo eragin mugatu horretan, asko egin dezakeela eta ez dela berdina irakasle edo eskola on batekin topo egitea, ekitatearen bidean gauza asko egin daitezkeela. Hori bai, horretarako, ezinbestekoa da eskola eraginkor bat izatea, zenbat eta testuinguru zailagoa izan orduan eta eraginkortasun handiagoa izan behar du. Eta zer ulertzen du berak “eskola eraginkor” bat izateaz? Bada, balio erantsia ematen duen eskola bat, ekitatea sustatzen duena eta ikasleen garapen integrala (ez kognitiboa soilik) bultzatzen duena (baloreei garrantzia handia ematen diena).

Bestalde, egiten diren analisietan, beste gauza batzuk ere begiratu behar direla aipatu ditu: emaitzak egonkorrak dira? ba al dute iraunkortasunik?, hau da, eskolatik irten eta gero, ikasle horien emaitzak mantentzen al dira? eraginkortasun diferentziala (norbanakoaren eboluzioa) neurtzen al da? irribarre-tasa altua du ikastetxeak? Eskola eraginkorra bada, galdera hauen erantzuna baiezkoa izango da. Baina oreka delikatu baten inguruan mintzatzen ari garenez, oso garbi utzi digu faktore batek huts egiten duenean, eskolak kolapso izan dezakeela.

Ondorengoak dira berak aipatu dituen faktore giltzarri gisa:

1.- Komunitatearen sentimendua

  • Ikastetxeak oso garbi dauka zer nahi duen eta bere Hezkuntza Proiektuan jasota dago.
  • Irakasleak konprometituta daude Proiektuarekin.
  • Irakasleek taldean lan egiten dute (ikasgelak “despribatizatuta” daude).

2.- Eskola giroa

  • Ikasleek ongi baloratuta eta aintzat hartzen dituztela sentitzen dute.
  • Komunitateko kiden arteko harreman onak ematen dira.
  • Irakasleak gustura daude.
  • Familiak ere gustura daude ikastetxearekin eta irakasleekin.
  • Ez dira berdinen arteko erasoak ematen (horrelako eraso bakar bat ematen bada, nahikoa da eskola eraginkorren multzoan ez sartzeko).

3. Eskola zuzendaritza

  • Zuzendaritza kolegiatua, konpromiso handia duena, gaitasun handikoa eta lidergo sendoa erabiltzen duena.
  • Lidergoa arlo pedagogikoan zentratuta eta parte hartzailea.
  • Lan administratiboetatik aldenduta eta aspektu pedagogikoetan aitzindaritzan dagoen taldea.
  • Eskarmentua duten pertsonak eta emakumezkoak hobeak omen dira.

4.- Kalitatezko curriculuma

  • Klaseak ongi prestatuta daude.
  • Lanak oso ongi egituratuta daude eta argiak dira.
  • Jarduerak mota anitzekoak dira, ikasleen parte hartze handia eskatzen dute eta hauek oso aktiboak dira.
  • Aniztasunari erantzuna ematen zaio. IKASLE GUZTIAK aintzat hartzen dira.
  • Baliabide didaktiko anitzak erabiltzen dira eta IKTen erabilera ohikoa eta “naturala” da.
  • Ebaluazioaren komunikazio etengabea. Ikasleen lanak feedback egokia du eta bere hobekuntzan zentratuta dago. Ez da epaitzen.

5.- Denboraren kudeaketa

  • Gelan pasatzen den egun kopurua.
  • Puntualtasuna.
  • Klaseen denbora optimizatuta dago.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza jardueren etenak eskasak dira (absentismoa, grebak…).
  • Denbora malgutasunez antolatzen da.
  • Ikasleak desafiatzaileko jarduerak burutzen pasatzen duen denbora da balio duena.

6.- Eskola-Komunitatearen partaidetza

  • Ikasleek, familiek, irakasleek eta beste eragileek jarduera mota anitzetan elkarrekin parte hartzen dute.
  • Komunitateko kide guztiek antolaketan, funtzionamenduan eta erabakietan parte hartzen dute.
  • Zuzendaritzak partaidetzari garrantzia ematen dio eta hori erraztearren, kanal instituzionalak daude.
  • Ingurune hurbilarekin (auzoa, herria, erakundeak…) harreman estua du.
  • Familia eta ikastetxearen artean batasun sinergiak sortzen dira (gurasoak geletan sartzen dira ikasle txikiak jasotzera, gelak bisitatzen dituzte, irakasleekin hitz egiten dute…).

7.- Irakasleen garapen profesionala

  • Irakasleek hobetzeko eta ikasten jarraitzeko interes handia dute. Gauza bera komunitateari dagokionez.
  • Berrikuntzarekiko jarrera baikorra dago.
  • Ikas Komunitate Profesionala (ikaskuntza, kolaborazioa eta babesa) bihurtzeko aurretiko joera.


8.- Espektatiba handiak

  • Espektatiba handiak daude eta hauek ikasleei eta komunitateko beste kideei komunikatzen zaizkie.
  • Zuzendaritzak irakasleekiko espektatiba handiak ditu.
  • Familiek ere espektatiba handiak dituzte irakasleekiko eta zuzendaritzarekiko.
  • Administrazioak ikastetxearekiko ere espektatiba handiak ditu.

9.- Instalazioak-baliabideak

  • Beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak daude eta hauek egokiak eta kalitatezkoak dira.
  • IKT baliabideak erabiltzen dira.

Horraino lehen saioan azaldutakoa eta atseden labur baten ostean, bigarren saioari ekin dio. Bigarren saio honetan eskolak hobetzeko, iparra markatu, bideak erakutsi eta proposamenak zehaztu ditu.

Hasteko, eskola bat hobetzeak zer esan nahi duen argitu nahi izan du:

  • Aldaketa planifikatuta, sistematikoa, koordinatua eta asumituta da. Hau da, bilatutako aldaketa izan behar du eta eskolaren kulturaren aldatuz lortzen dena.
  • Ikastetxean fokalizatutako aldaketa izan behar du.
  • Planteamendu sistematikoa eta ikastetxearen barne-baldintzetan oinarrituta egon behar du.
  • Pertsonal osoa hartuko du bere baitan.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eta antolaketan zentratuta.
  • Aldaketaren funtsa, eskola, ikasleen eta irakasleen kalitatea hobetzea da.
  • Ikasleek inplikatuta egon behar dute aldaketan.

Laburtuz, ikastetxeak aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsonak aldatzea. Ebaluazioa beharrezkoa bada ere, EFQM bezalako modeloek balio dute, baina ez dute bermatzen hobekuntza hori. Gainera, pertsonak “erreta” bukatzeko arrisku handia dago, batez ere, eginiko lan izugarri horren ondoren, eremu pedagogikoan aldaketa hori ikusten ez dutenean. Hori dela eta, ebaluazio “txiki” eta pertsonalizatu batzuen aldekoa dela adierazi du. Hori bai, ebaluazioak, “per se”, ez du inongo aldaketarik ezta hobekuntzarik ere bermatzen.

Berak dioenez, eskola bat aldatzea gauza samurra da. Zailena, kultura bat sortzea da non ikastetxea bere kasa etengabe aldatzen, egokitzen eta hobetzen segitzen duen.

Une honetan, hiru indar-ideia azpimarratu behar direla esan du: kolaborazioa, babesa eta ikaskuntza. Nola lortu daiteke? Bada, hiru estrategia nagusi hauek jarraituz:

1.- Ikas Komunitate Profesionala

Zer da hori? 3 ardatz dituen aldaketa estrategia bat da: Komunitate osoaren ikaskuntza (guztientzat eta guztien artean), kolaborazioaren bitartez eta elkarri babesa emanez.

Zein dira IKPen ezaugarriak?

  • Balioak konpartituta daude (ikusmira).
  • Ardura kolektiboak.
  • Ikasleen ikaskuntzan eta irakasleen hobekuntzan zentratuta.
  • Elkarlana oinarria da.
  • Profesional guztiek ikasten dute euren lanbidean hobeak izateko.
  • Irekita daude eta sare ezberdinetako kideak dira.
  • Elkarrenganako konfiantza, errespetua eta laguntza.

Eta, zein dira IKPen indar-ideiak?

  • Ikasgelak “despribatizatuta daude (inork ez du esaten hau nire gela da edo ikasle hori zurea da, denak sentitzen dira erantzule)
  • Ikastetxea norberarena dela sentitzen dute.
  • Laguntza eskatzea/eskaintzea ohiko gauza bat da.
  • Auto-konplazentzia saihesten da.
  • Irakasleak profesional duinak bezala ikusita daude.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ez daude estandarizatuak eta, horren ondorioz, ikasle estandarraren irudia desagertuta dago. Erronka etengabea da.
  • Norbanakoaren ikaskuntza eta ikaskuntza kolektiboa sustatzen dira denbora, espazioak, baliabideak, erraztasunak… emanez.

Ikastetxeen “Kultura” gaitzat hartuta, Louise Stoll eta Dean Fink aipatzen dituzten 10 puntu eskola kulturan txertatzeko ekarri ditu gogora:

  • Helburu komunak
  • Arrakastaren ardura guztiona da
  • Talde lana
  • Etengabeko hobekuntza
  • Ikaskuntza, guztiaren oinarri eta ardatz
  • Arriskuak hartu
  • Elkarren babesa sentitu
  • Elkarren errespetua bultzatu
  • Argitasunez hitz egiten da
  • Ospakizuna eta umore ona

2.- Lidergo banatua

Zer esan nahi da horrekin? Bada, eskola ulertzeko beste era berri bat da. Ez da eginkizunen birmoldaketa hutsa, aitzitik, arestian aipatu dugun kultura horren aldaketa sakon bat da, zeinek komunitateko kide guztien konpromisoa eta inplikazioa eskatzen duen. Konpromisoa eta inplikazioa eskola kudeatzeko, funtzionamendu hobe bat bermatzeko eta kultura on hori sustatzeko. Kide guztien indarguneak erabiltzen ditu helburu komun baten mesedean jartzeko. Konfiantza hori pertsona guztiengana iristen da eta lidergoaren eragina esparru guztietan islatzen da.

Horrek, noski, derrigorrean, inplikazio zuzenak ditu indarrean jartzen den eskoletan eta zuzendariaren irudia birplanteatu egiten du. Azken finean, lidergo banatua indarrean jartzen denean, zuzendaria aldaketaren kudeatzaile bat bihurtzen da. Lidergo anitzari bultzada ematen zaio eta pertsona guztiak, modu batean edo bestean, inplikatuta sentitzen dira. Irakasleak eginkizun profesionalagoa hartzera derrigortuta sentitzen dira eta guztien trebetasunak edo indarguneak aprobetxatuta daudela sentitzen dute. Inor ez da gutxiesten edo baztertzen. Argiñanok esango lukeen bezala: “Hemen ez da ezer botatzen”.

3.- Ikas sareak

Sare hauek konpetibitateari erantzun bat emateko modu bat dira eta irakasleen isolamendu tradizionala haustera datoz. Konpromisoa optimizatzeko aukera bat dira eta elkarlanean oinarritutako berrikuntzarako aukera paregabeak dira. Sare hauek aukera anitz eskaintzen dituzte:

  • Ezagutza sortu eta partekatu
  • Baliabideak optimizatzen dira
  • Ikaskuntza sustatzen dute
  • Praktika onak barreiatzeko aukera paregabea
  • Partaide guztien kapital sozio-intelektuala areagotzeko aukera
  • Berrikuntzak eskaini
  • Espektatibak areagotu

Bukatzeko, ondorengo ideiak luzatu ditu:

  • Gizartea hezkuntzaren bitartez aldatzea posiblea izan ez ezik, BEHARREZKOA DA!
  • Gizarte justu baten alde eskolak kolaboratu behar du. Horretarako, EKITATEA ezinbestekoa da.
  • Berrikuntzak ezartzea urgentzia bat da. Egin ezean, nekez lortuko da ikasten duen komunitate bat, babesa ematen duen komunitatea eta kolaboratzailea den komunitatea.

Bueno, honaino, korrika eta presaka hartu ahal izan ditudan oharrak.

Baina goizak mahi-ingurua burutzeko gordeta zeukan hirugarren saioa. Hala ere, mezuak hartu duen luzera ikusita, beste baterako utziko dut mahai-inguruan jaso ditudan ohar nagusienak eta, horrela, aprobetxatuko dut nire iritzi pertsonala zuekin partekatzeko.

Eskola hobeak denentzat

Goiburu hori duen ikastaro batean izan naiz gaur goizean Donostian. Ikastaroa, EHUko Uda Ikastaroetako bat da eta han jasotako ideia batzuk, komentatu nahiko nituzke.

Ikastaroaren aurkezpen orrian, jarraian doan azalpena agertzen da:

Dagoeneko 40 urte pasa dira Colemanek bere ikerketa argitaratu zuenetik. Bertan, familien maila sozioekonomiko eta kulturalak ikasleen errendimenduan duen eragina frogatu bazuen ere, ondoren egindako ikerketek eskolaren funtzionamenduarekin erlazionatutako eragileek ere duten garrantzia azpimarratu dute. Ikerketa hauen ondotik, eskolaren hobekuntzara bideratutako azterketak ere sortu ziren. Bien uztarketen ondoren ekitatearen arazoari ere erantzun egin nahi izan zaio. Beraz, ikastaro hau honako galdera hauen erantzunak aurkitzen saiatuko da: 1) Nazioartean egindako ikerketetan zeintzuk izan dira eskolen eraginkortasuna azaltzen duten faktoreak. 2) Faktore berberak al dira gure erkidegoan eragiten dutenak? 3) Nola lortu daitezke eskola hobeak denentzat? 4) Gure testuinguruko erakundeek nola ikusten dute euskal curriculuma eta eskolen hobekuntza?.

J.F. Lukas Mujika (EHU) eta Karlos Santiago Etxeberria (EHU) izan dira lehen saioan aritu direnak, bigarrenean, Araceli Angulo (ISEI-IVEI) eta LUIS LIZASOAIN (EHU) eta Jon Lopez Armendariz (Berritzegune Nagusia) hirugarrenean. Hizketan ongi moldatzen diren arren, erakutsi dituzten aurkezpenak negargarriak izan dira. Bitxia egin zait, “hobekuntza”, “berrikuntza”, “eraginkortasuna”… bezalako gaiak mintzagai diren ekitaldi batean, gaur “jasan” behar izan ditugun hiru aurkezpenak ikustea. Ekitaldi horietan, noiz arraio ikusiko ditugu aurkezpen duinak?

Harira. Lehen bi saioetan, egiten ari diren ikerketa batzuen inguruko informazioa eman dute eta, bukaeran, ikerketa baten behin-behineko emaitzak azaldu dizkigute. Eta hauek dira, estatistika datu uholde baten ondoren, nire interesa piztea lortu dutenak.

Lehenik eta behin, ikastetxe baten eraginkortasuna neurtzeko orduan nazioartean aintzat hartzen diren irizpideak interesgarriak iruditu zaizkit. Izan ere, selektibitateko emaitzak edo bestelako emaitza akademikoak ez dira inon agertzen. Horra hor aipatu dituztenak:

  • Komunitate-izaera
  • Hezkuntza-lidergoa
  • Eskola- eta ikasgela-giroa
  • Aurreikuspen altuak
  • Curriculum-kalitatea/irakaskuntza-estrategiak (estrategia didaktikoak, ahaleginak, aniztasunaren trataera eta atzeraelikadura)
  • Ikasgelen antolaketa
  • Ikaslearen jarraipena eta ebaluazioa
  • Irakasleen garapen profesionala
  • Familien esku-hartzea
  • Baliabideak

Ea ikastetxeei, behingoagatik, burutik kentzen zaien emaitza akademikoak propaganda gisa erabiltzearen ohitura zaharkitu hori!

Bada, bigarren saioan eman dituzten ikerketen emaitzak, antzeko irizpideak erabili omen dituzte. Diagnostiko frogen emaitzetan nabarmendu diren ikastetxeetan burutu da ikerketa (lagina egokia omen zen era guztietako eta EAEko hiru lurraldeetako ikastetxeak ordezkatuta baitzeuden).

Kontua da, ikerketa horren arabera, espero zitekeenaren gainetik nabarmen dauden ikastetxeek komunean dutena ondorengoa dela:

  • Ikasleen arreta pertsonalizatua
  • Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
  • Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
  • Denboraren kudeaketa
  • Eskola giroa

Esplikatu dutenez, nabarmendu diren ikastetxe guztietan errepikatzen diren aldagai horiek izan daitezke euren arrakastaren giltza.

Ikasle bakoitzak merezi duen arreta jasotzen du eta, ikastetxe horietan guztietan, helburua ez da aurkezten direnak gainditzea, baizik eta IKASLE GUZTIAK aurrera egitea.

Zuzendaritza taldeei dagokienez, oso garbi gelditu da bere lidergoa ezinbestekoa dela eta emaitza bikainak lortu dituzten ikastetxe guztietan, lidergo sendo bat dutela. Beraiek dira aldaketen sustatzaileak, irakasle guztiak inplikatzen eta animatzen dituztenak, formazioa “kaskadan” abian jartzen dutenak, proiektu berritzaileak ezartzen dituztenei laguntza eta babesa ematen dizkietenak…

Bestalde, irakasle taldeetan gardentasuna eta informazioaren fluxu iraunkorra azpimarratzen dira. Honekin batera, euren arteko koordinazioa egituratuta eta mota guztietako formazioa (euren artekoa ematen dena goraipatu dute) lan ordutan.

Gainera, denboraren kudeaketa ere agertzen da aldagai bezala. Esan dutenez, ikastetxe horietan, denbora ez da alferrik galtzen, bilerak emaitzak lortzeko egiten dira eta “betelanak” desagerrarazi dituzte.

Azkenik, ikastetxearen giroa aipatu da. Giro on hori ikastetxearen aspektu guztietan arnasten omen da: geletan, bulegoetan, instalazio guztietan, gurasoekin dituzten harremanetan…

Ikusten duzuen bezala, aldagai horietan guztietan emaitzen inguruko inongo aipamenik egin ez dugun arren, aspektu horiek sustatuz eta zainduz, lortzen diren emaitzak bikainak dira.

Goiza amaitzeko, administrazioaren aurpegiaren txanda Berritzegune Nagusiko Zuzendariaren eskutik heldu zaigu.

Honen esanetan, ikastetxe hobeak lortzeko, eduki curricularrak, metodologia tradizionalak eta ikastetxeen antolaketa zurruna goitik-behera aldatu beharko genituzke.

“Hitz magikoak” (berrikuntza, inklusiboa, kalitatea, partekatuta, dialogikoa, kooperatiboa…) askoren ahotan dauden arren, oztopo ugari daude horiek guztiak aldatzeko edo ezartzeko:

  • Sistema zurruna (ordutegiak, adinaren araberako taldekatze uniformea, irakasle/gela/ikasgaia tridentean oinarritutako eskemak…)
  • Eskola antolaketa (zuzendaritza talde probisionalak, hauen formazio eskasa, talde horien motibazio eza eta ezjakintasuna, irizpide politikoen arabera osatutako taldeak, egitura bertikalak, ikasleen eta gurasoen parte hartze sinbolikoa…)
  • Metodologia zaharkituta (testu-liburuen nagusitasuna, irakasleek jarraitzen dute lanketaren ardatz izaten, edukien errepikapena nagusitzen da oraindik, sormena edo iritzi kritikoa bezalako kontzeptuek baztertuta segitzen dute…)
  • “Berrikuntza” hitza propagandarako erabiltzen da. Foiletoak berriztapen proiektuz beteta agertzen badira ere, horretan gelditzen dira kasu gehienetan.
  • Praktika onak orokortzeko zailtasunak. Egokitzapen bat behar dute praktika guztiek eta ezin dira bere horretan inportatu eta ezarri.
  • Berrikuntza guztiek irakasleen errutinaren haustura suposatzen dutenez, hauek izaten dira etsairik nagusienak.
  • Berriztapen proiektu asko ezarri eta kentzen dira “modak” aginduta eta inongo ebaluaziorik ez da egiten.

Zailtasun horien aurrean, administrazioak zer egin dezake?

  • Zurruntasuna leundu (aurrerapausoak ematen dituzten ikastetxeei erraztasunak eman).
  • Irakasle berritzaileak lehenetsi eta saritu (beste sektoreetan ohikoa dena, irakaskuntzan ezinezkoa dirudi. Norbaitek ulertuko luke Pediatra batek Geriatra batek baino gutxiago kobratzea? Bada irakaskuntzan zenbat eta ume txikiagoekin lan egin, orduan eta gutxiago kobratzen dute. Errekonozimendu ekonomikoa giltzarri ez bada ere, promozionatzeko beste neurriekin batera, lagunduko luke eta irakasleen konpromisoa areagotuko litzateke).
  • Abian jartzen diren proiektuak, programak… ebaluatu lortu nahi den helburuaren arabera.

Bukatzeko, berrikuntzak arrakasta izateko baldintzak aipatu ditu:

  • Berrikuntzak ikastetxeak dituen egitura guztietara iritsi behar dira. Ezin da utzi irakasle berritzaile gutxi batzuen esku. Horiek erre egiten baitira eta uzten dutenean, berrikuntza ezer ezean gelditzen da.
  • Administrazioak bultzatutako Berrikuntza Proiektuen burokraziarekin amaitu.
  • Berrikuntza formazioarekin lotu. Horretarako, arestian aipatutako berdinen arteko formazioa (kaskadan burututakoa hobesten da) da ondoen egokitzen dena eta arrakastarik handiena lortzen duena.
  • Zuzendaritza talde sendoaren garrantzia. Iraunkortasun handiko taldeak behar dira, ongi formatutako jendeaz osatutakoak, konpromiso handiko irakasleak bilduko dituena eta ikuspegi irekia izango dutenak.

Honaino gaur goizean jasotakoa. Hamaika aldiz, hamaika tokitan, hamaika gaiak jorratuz… eta mezu berdintsuak etengabe errepikatzen diren arren, nekez ikus daitezke berrikuntza horren printzak.

Sor innovación

Montserrat del Pozo, Bartzelonako Montserrat Ikastetxeko irakasle berezi horietako bat da. Horregatik, batzuk “Sor innovación” batailatu dute eta nik izenburu hori jartzea erabaki dut.

Ay ene, erakunde batzuk oso aurrerakoitzat jotzen dute euren burua, baina moja honengandik gauza asko ikasi beharko lukete. Izan ere, honen ondoan, agerian gelditzen da eskola eredu zaharkituta eta usain kerratua dariona praktikatzen dutela, nahiz eta gero apaindu eta kolorez jantzi.

Beharbada, berrikuntza hitza eta moja baten abituak ikusteak kontraesan baten aurrean egon gaitezkeela pentsa arazi diezaguke, baina kasu honetan errealitatea oso bestelakoa da. Bere ideia erlijiosoak alde batera utzita (norberaren esparruan utzi behar baititugu), oso interesgarriak dira hezkuntzan eman beharreko aldaketari buruz egiten dituen ekarpenak.

Bere kemena eta lanari esker, ikur bat bilakatu da hezkuntzaren aldaketa aldarrikatzen dugunontzat. Baina aldarrikatzen den aldaketa ez da gelako lau hormetan gelditzen den horietako bat, ez da irakasle baten edo talde baten ekimenetara mugatzen dena, komunitate osoaren aldaketa bilatzen duen aldaketa eta antolakuntza berri bat eskatzen duen aldaketa bat baizik.

Montserrat, zorionez, ez da aldarrikapen hutsean gelditu eta bere ikastetxea hezkuntza komunitate osoarentzat erreferente garbi bat bihurtzera iritsi da.

Jarraian doazen bideoek, Ikastetxe Kristauen Kongresuan, 2011ko azaroan, eman zuen hitzaldi bat jasotzen dute eta euren interesa dela eta, hemen jartzea otu zait. Ea zer iruditzen zaizkizuen.

Bideo guztiak Think1.tv gunetik hartu ditugu.

Irakasleak irakasten saiatzen dira

Lagun baten semea Fisikako ikasketak egiten ari da. Oso emaitza onak lortu ditu orain arteko ikasturteetan eta, azkenekoa burutzeko, Finlandiara joan zen. Hango hezkuntza sistemak duen ospea zela eta, interes berezia nuen berarekin hitz egiteko eta zuzeneko inpresioak jasotzeko.

Ez naiz hasiko Finlandiako arrakastaren giltza zein den aztertzen. Horretarako, sarean arakatuz gero, milaka artikulu topatuko dituzue hango sistemaren bertuteak goraipatzen. Nire asmoa askoz ere xumeagoa da. Bertan dagoen ikasle baten bizipenen inguruko gogoeta txiki bat, besterik ez.

Berarekin hitz egiten eta hango bizipenen inguruko galderak egiten hasi bezain pronto, irakaskuntzan gabiltzanok eta perspektiba teknikoa ez dutenen arteko ikuspegi ezberdintasunaz ohartu nintzen. Ni metodologiaz, baliabidez, antolaketaz… mintzatzen nintzaion eta berak harriduraz begiratzen ninduen. Berak esaten zidan horrelakoetan ez zegoela alde handiegirik (nik pentsatzen dut aldea egonda ere, berak ez zuela horrelakoetan erreparatu bere interesetatik urrun gelditzen baitira gai horiek).

Bere aurpegia ikusita eta esaten zizkidan gauzak entzunda, ondorengo galdera egin nion:

– Zer izan da, bada, hango esperientziaz azpimarratuko zenukeena?

Bere erantzuna lakonikoa bezain biribila izan zen:

– Irakasleak!

Pentsa dezakezuenez, erantzun hori entzunda, nire jakin-mina piztu eta galdera gehiago egiteari ekin nion. Ez dut elkarrizketa osoa hemen aireratuko, baina transmititu zizkidan ideia garrantzitsuenak bai. Horra hor esan zizkidan gauza deigarrienak:

  • Finlandiara joan arte, Institutuan eta EHUn egokitu zitzaizkidan irakasleekin nahiko gustura nengoen, baina Finlandiakoak ezagututa, kolorerik ez dago.
  • Hango irakasleak irakasten saiatzen dira eta hori lortzearren, era guztietako ahaleginak egiten dituzte. Hemen, dakitena erakusten saiatzen dira, baina zuk ikasten duzuna bigarren planoan gelditzen da.
  • Hemengo irakasleek, baita jatorrenak ere, beti zure gainean daudela sentiarazten dizute, hangoek ez. Hangoak zure parean jartzen dira eta eguneroko jokabidean hori transmititzen dizute.
  • Hemengo irakasleek, autonomia sustatzeko, “búscate la vida” da gehien erabiltzen dutena. Hangoek, bidea egiten uzten dizute, baina beti aldamenean dituzula sentiarazten dizute. Bide horretan eginiko akatsak normaltasunez hartzen dituzte eta aurrera egiteko aitzakiatzat erabiltzen dituzte.
  • Askotan, zurekin batera ikasten ari direla demostratzen dute eta errealitate hori poztasunez komentatzen dute. Hemengoak, berriz, orojakileak direla demostratzen eta euren mugak ezkutatzen saiatzen dira.
  • Ikasleren bat, une batean, zailtasunak dituela ikusiz gero, duten guztia jartzen dute arazo horri buelta emateko. Askotan, irakasle ezberdinak elkartzen dira ikasleari behar duen laguntza eskaintzeko. Irakasleen jarrera hori ikusita, ikasleen erreakzioa ia beti oso ona izaten da. Hemengo institutu eta fakultateetan hori pentsaezina da.
  • Hemengo irakasleek bezala, hango irakasleek ordutegi bat dute, baina han hori ez da oztopo izaten beraiengana iristeko. Ohikoa da ordu horietatik at ikasleekin lanean aritzea, elkarrizketak burutzea…

Horiek guztiak eta beste batzuk entzun ondoren, burura etorri zitzaidan lehen ideia izan zen ikasle horrek kontatutakoa “Ikaslea hezkuntza prozesuen ardatz” kontzeptua irudikatu besterik ez zuela egin. Ikasle horrek hori bizi egin duela eta sentiarazi diotela. Horregatik, gainontzekoa (metodologia, baliabideak…) akzesorioa egin zaio. Berarentzat nahikoa izan da bere ikas prozesuaren jabea dela eta prozesu horretan “lagun” batzuk aldamenean izango dituela sentitzea. Eta horixe da hemen, gure hezkuntza sisteman, inoiz sentitu ez duena.

Horregatik, kezka bat datorkit burura; gure artean, bukaezinak diren gogoeta “sasipedagogikoetan” sartuta gabiltzan bitartean, gure ikasleek eskatzen digutena beste zerbait da. Sinpleagoa eta egingarriagoa.

Zertarako konplikatu horrenbeste? Zergatik horrenbeste eztabaida gure artean? Zergatik ez dugu entzuten ikasleen ahotsa?… Nik pentsatzen dut hori gertatzen dela irakasleok hezkuntzaren gunea garela sentitzen dugulako. Guk dakigu ikasleek zer behar duten, guk finkatzen ditugu euren helburuak, guk erabakitzen dugu zein metodologia erabiliko dugun… guk, guk, eta guk. Beti guk. Baina hori ez da okerrena, ez horixe. Askotan, hori ere ez dugu egiten eta besteen esku uzten dugu. Argitaletxe eta administrazioek finkaturikoak gureak egiten ditugu eta lasai asko gelditzen gara.

Horregatik, ikasle horrekin izan nuen elkarrizketak garbi utzi dit, sarritan eta modu erretorikoan, aipatzen dugun “ikaslea gure jardunaren ardatz” esaldiak izugarrizko garrantzia duela eta gure eguneroko lanera ondorio handiak dakartzala. Baina ez dakit denok jabetzen ote garen.

Ierarkizatutako erakundeak dira gure ikastetxeak non ikasleek eta irakasleok, oraindik orain, turuta baten agindupean hasten eta amaitzen ditugun gure saioak, non ikasle eta irakasleon jokabidea eta jarduna goitik behera araututa eta baldintzatuta dauden, non ikastaldeak osatzeko erabiltzen den irizpide bakarra adina den, non testuliburuek guztion jardunaren gidariak izaten jarraitzen duten, non partaidetza eta erabaki organoetan ikasleen rol dekoratiboa aldatzeko ezer gutxi egiten den… Benetan pentsa dezakegu gure ikastetxeetan ikasleak direla gure jardunaren ardatz?

Hori egia bihurtu nahi badugu, egiturazko aldaketak derrigorrezkoak ditugu, baina hori iragarri nuen mezurako utziko dugu.

Ilaratik irteteko garaia

Ken Robinsonek “Eskolak sormenarekin amaitzen duela” dioenean, irakaskuntzako sektore batzuk haserretu edo errudunak bilatzen hasten dira. Ni, sistema horren pieza bat naizen heinean, errudun sentitzen naiz eta haserretu egiten naiz, baina nire buruarekin.

Ezin dut ezer egin horrekin amaitzeko? Zer egiten dut nire ikasleen heziketa integrala izan dadin?

Blog honekin hasi ginen garaian, IKT baliabideetan irtenbide bat ikusten genuen gure hezkuntza sisteman detektatzen genituen hutsune eta gabeziak konpontzeko. Jakin bagenekien soluzio magikorik ez zegoela eta IKTen inplementazioak ez zuela, berez, dena konponduko, baina itxaropen handia genuen – handiegia, beharbada – iragartzen zen iraultza 2.0 hartan. Jada, sei urte igaro dira ibilbide hura hasi ginenetik eta 2.0 espiritua instituzionalizatu egin da, hau da, deskafeinatu egin da eta ezer gutxi eskaintzen digu hutsune edo gabeziak gainditzeko. Hori dela eta, badira urte batzuk, nire kezka arazoaren muinarekin lotu dudala eta konponbiderako egiten diren aldaketa estetikoengandik aldentzen ahalegindu naiz.

Aspalditik, izan dudan kezketako bat oso lotuta joan da nire jardun profesionalarekin eta zin dagizuet buruko min handiak ematen dizkidala. Izan ere, nire ikasleen aurpegi eta iruzkinak ikusita, ikasle nintzeneko oroitzapen txarrak datozkit burura eta nik bizi izan nuena errepikatzen ari ote naizen zalantza pizten zait. Ongi ari naiz? Eta ongi diodanean, nire ikasleen hazkuntzaz (pertsonalaz nahiz kognitiboaz) ari naiz eta ez sistemak nahi dituen helburuez. Alegia, nire ikasleak ogibidea eskuratzeko edo bizitzen jakiteko prestatzen ari naiz? Nik, bietarako nahi nituzke prestatu.

Beharbada, batek baino gehiago esango du curriculumak horrelako helburuak ere eskatzen dituela, baina denok dakigu helburu horiek bigarren edo hirugarren mailakoak bihurtzen direla, batez ere, ebaluazioa eta promozioa iristen direnean. Eta ikasleek “ezkutuko curriculum” hori txiki-txikitatik barneratzen dutenez, oso erraz erortzen gara betiko eskemetan. Erreforma bakoitzarekin, izen ezberdinez makilatzen ditugu betiko topikoak eta kito. Bada, azken urteotan konpetentzietan oinarritutako curriculuma ezarri denetik, antzeko pertzepzioa daukat eta beldur naiz ezer ez aldatzeko aldaketa berri baten aurrean gaudela.

Ni, konbentzituta nago benetako aldaketaren adierazleak ez direla PISA edo Ebaluazio Diagnostikoan sekula neurtuko. Horregatik, niretzat ez da esanguratsua nire ikasleek froga horietan lortzen dituzten emaitzak. Nik nahiago dut ikasleek arazoen aurrean erakusten duten jokabidean, irtenbide originalak eskaintzeko duten ahalmenean, akatsen aurrean erakusten duten jokabidean, ekarpenak egiteko eta horiek partekatzeko duten jarreran, besteen tokian jartzeko duten erraztasunean, errealitatea interpretatzean iritzi propioa adierazteko duten askatasunean… erreparatzea eta horren arabera nire jarduna egokitzen joatea. Oscar Wildek zioen benetan ezagutzea merezi duen guztia ezin dela irakatsi, bada, nik diot benetan ebaluatzea merezi duen guztia ezin dela azterketa batekin edo froga batekin neurtu.

Bada, eskolan ongi ari ote garen jakiteko, Jerry Mintzek ondorengo 10 adierazle aipatzen ditu (barkatu nire itzulpen kaskarra) eta gurasoentzat pentsatuta badaude ere, irakasleok aintzat hartu beharko genituzkeen adierazleak iruditzen zaizkit niri.


Irudia Flickr-etik hartuta, woodleywonderworks erabiltzaileak eginda.

1. Zure seme-alabak eskola gorrotatzen du?

Horrela bada, zerbait gaizki doa, umeak “ikasle naturalak” baitira. Txikiak direnean, ezin da ezer egin ikas ez dezaten. Zure seme-alabak eskola gorrotatzen badu, entzun iezaiozu.

2. Zure seme-alabari heldu baten begietara begiratzea edo adin ezberdinetako beste umeekin elkarreragitea asko kostatzen zaio?

Horrela bada, ziur, eskoletan ematen den sozializazio estuan ohitzen ari dela eta beste adinetako pertsonekin komunikatzeko gaitasuna galtzen ari dela.

3. Zure seme-alaba marka eta modako jantzietan erreparatzen hasita dago?

Eskola tradizionalen ikuspegiaren murriztasunaren adierazle bat da hori, zeinek kanpoko eraginen mendekotasuna sustatzen duen eta sakonagoak diren baloreak aintzat hartzen ez dituen.

4. Zure seme-alaba nekatuta eta suminduta itzultzen da eskolatik?

Bere hezkuntza esperientziak, bere burua indartu ordez, bere pertsonalitatea ahultzen ari dela adierazten du hori.

5. Zure seme-alaba eskolan izandako gatazkaz edo bidegabekeriaz kexu itzultzen da eskolatik?

Garbi dago, eskola horrek ez duela gatazkak bideratzeko eta komunikatzeko sistema on bat.

6. Zure seme-alabak adierazmen sortzaile mota ezberdinekiko (musika, dantza, marrazketa…) interesa galdu du?

Eskola tradizionalak ez ditu horiek sustatzen eta balio eskasa dute bertan. Bigarren mailakoak dira eremu akademikoan. Horrek, umeen talentu eta gaitasun naturalak suntsitzera garamatza.

7. Zure seme-alabak plazerez irakurtzeari edo gozamenerako idazteari utzi dio? Ahalik eta etxerako lan gutxien egiten saiatzen dira eta beste edozein gauzarengatik uzten dute?

Horrek garbi adierazten du berezko zaletasunak ez direla eskolan baloratzen eta sormena galtzen ari dela agerian uzten du.

8. Zure seme-alabak etxerako lanak azken unerako uzten ditu?

Etxerako lan horiek oso interesgarriak ez direla, bere beharrak ez dituztela asetzen eta berezko jakin-mina galtzearen seinale.

9. Eskolan gertatutako gauza miresgarriak bizi dituela esanez itzultzen da etxera?

Horrela ez bada, eskola horretan ez dago ezer zure seme-alabarentzat interesgarria denik. Zuk horrelako lan batean jarraitu nahiko zenuke?

10. Eskolako norbaitek zure seme-alabak AGHA (Arreta Galdu – Hiperaktibitate Asaldura) izeneko gaitasuna duela eta Ritalin bezalako botikaren bat hartu beharko lukeela aipatu dizu? (Puntu hau garbi dago EEBBen ikuspegitik eginda dagoela)

Ziur eskola horrek HDG – Hezkuntza Defizitaren Gaixotasuna – izango duela eta seme-alaba bertatik ateratzeko ordua iritsi da!

Beharbada, hau guztia gehiegi dela esango duzue. Ez dakit nik ba!

Kontua da gure eskolak iraganean errotuta jarraitzen duela eta oso gutxi egiten dela/dugula egoera horretatik ateratzeko. Niretzat okerrena, eszeptizismo nagusitzen ari dela eta konpetentzietan oinarritutako curriculumak (Euskal Curriculuma) edo Eskola 2.0 bezalako egitasmoak eraldaketarako aukerak diren arren, aukera pasatzen uzten ari gara eta erreforma huts batean gelditzen ari da hori guztia. Estandarizazioa nonahi eta McDonald’s-en eredua indartsu. Ken Robinsonek dio, Arzak bezalako jatetxeen eredua imitatu beharko lukeela eskolak. Baina ez gutxiengo aberats baten zerbitzuan dagoelako, arreta pertsonalizatua eskaintzen duelako baizik.

Nik oso garbi daukat beste eskola bat nahi dudala. Honekin ez nagoela gustura. Ilara uniforme horretatik irteteko garaia heldu dela. Horregatik, hurrengo mezuan saiatuko naiz nik amesten dudan eskola eredua marrazten. Jarraian uzten dizuedan bideoak ideia bat emango dizue nire ikuspegia nondik joango den jakiteko.