Euskal Herrian zehar milaka esaera zahar gordetzen da. Gorde bakarrik ez, erabili ere bai. Hala dio, behintzat, Joxan Ormazabalek Esaera zaharrak eta txiste berriak (Elkar, 1981) liburuan. Nik azken puntu horretan nire zalantzak ditut, ordea. Zenbatetan ez zaigu gertatzen euskaraz ari eta gaztelaniara jo behar izatea atsotitzen bat erabiltzerakoan? Nire ikasleen artean ohikoa izaten da praktika hori eta esango nuke irakasleon artean ere ez dela hain arrotza jokabide hori. Gauzak honela, zer ikasi eta zer ikusi bazegoela alor horretan eta azken ebaluazioan tartetxo bat eskaini diogu esaera zaharren lanketari.
Jarraitutako urratsak ondorengoak izan dira:
- Gela bikotetan banatu eta bikote bakoitzari 10 atsotitz hautarazi zerrenda batetik.
- Aukeratutako esaera zaharren inguruko hausnarketa sakona egin, esanahia ondo argitze aldera.
- Aukera anitzeko galdeketak sortu.
Hasieran zeregin erraza bazirudien ere, uste baino arazotsuagoa izan da. Liburu pare bat baino ez dugu topatu azalpen gutxi batzuekin eta guraso eta aiton-amonengana ere jo behar izan dugu. Bestalde, Gotzon Garateren Euskal Atsotitzak eskura izatea oso lagungarria izan da, bertan topatutako esaera zaharren itzulpenekin nahiko ondo moldatu baikara hainbat atsotitzen esanahia hobeto ulertzeko.
Euskal atsotitzak ikasteko, lantzeko edo errepasatzeko 24 ariketa sortu ditugu. Horretarako, Hot Potatoes aplikazioa erabili dugu bi arrazoirengatik nagusiki, ariketak elkarrekin lot daitezkeelako eta Moodle plataforman integratzeko aukera ematen duelako. Guztira lau ariketa mota sortu ditugu eta, ondoren, alfabetikoki antolatutako euskal atsotitzen bilduma txiki bat. Ariketen banaketa ondorengoa da:
- 1-13: Emandako atsotitzaren ordaina topatu aukera anitzeko galdeketetan (adibidea).
- 14-15: Euskal atsotitza bere gaztelaniazko ordainarekin parekatu (adibidea).
- 16-23: Atsotitza osatu hutsunea betez (adibidea). Erantzuna ez badakizu, laguntza klikatu.
- 24: Esanahi bereko atsotitzak parekatu (adibidea).
Horiek guztiak euskaljakintzan jarri ditugu edonork egiteko aukera izan dezan.
Amaitzeko, onartu beharrean nago gozatu egiten dudala ikasleak horrelako lanetan ikustean. Askotan esaten dugun bezala, ikasle aktiboak gustatzen zaizkigu, elkarlanean aritzen direnak, ezagutzaren bila doazenak eta ez geldi, irakasleak zer eman zain egoten direnak. Mota hauetako jarduerak egiten ditugunean, horixe da ikusten dudana nire ikasleengan. Sortutakoa ez da beste munduko ezer, baina, nire uste apalean, sortze prozesuak emaitzak berak baino garrantzi handiagoa izan dezake maiz…