Argazki libreak sarean (II) eta gehiago…

ccAspaldidanik nenbilen ni ere argazki libreak (egile eskubide edo Copyright-ik gabekoak, alegia) eskaintzen dituzten webguneen bilduma egiten, hauetako egunen batean nire zerrendatxoa argitaratzeko asmoarekin. Baina Magic ni baino azkarrago ibili da eta atzo bertan zerrenda luze eta interesgarria argitaratu zuen blog honetan. Kontuak kontu, egokiena nire bildumatxoa lehenbailehen argitaratzea komeni dela pentsatu dut nire lankidearena osatu asmoz eta horrelaxe, hementxe bertan utziko dizkizuet nire erreferentziak. Hauetako batzuk jada Mikelek aipatu ditu bere bidalketan, beraz, ez noa hauek hemen errepikatzea.

Hona hemen sailkapena:

  • Argazki bilduma generikoak:
    • 123RF: “Over a million royalti free photos” leloak garbi adierazten du gune honetan zer topa dezakezuen. Halere, ñabardura txiki bat behar du esaldi horrek: argazki gehienak askeak izan arren hauek bakar bakarrik eskura daitezke neurri jakin batzuetan, alegia, bereizmen handiko argazkiak edota TIFF formatuan daudenak nahi izanez gero ordaindu egin beharko genuke. Edonola ere, lehen inpresioa oso positiboa da; kalitate handiko argazkiak orokorrean topa daitezke bertan.
    • CEFIRE: Eldako “Centro de Formación, Innovación y Recursos Educativos de Elda” erakundeak ere argazki sorta zabala eskaintzen du. 51000 argazki baino gehiago, hauetako gehienak irakaskuntzarako bereziki interesgarriak.
    • FlickrCC: FlickrCC ez da argazki bilduma bat, bilatzaile bat baizik. Magic-ek aipatutako baliabide honetaz gain beste aplikazio honekin Creative Commons lizentziapean dauden Flickr-eko argazkien artean bilaketa errazak egiteko aukera daukagu. Oso aplikazio interesgarria.
  • Argazki bilduma espezializatuak:
    • Travel Pictures: erabiltzaile ezberdinek euren bidaietan ateratako argazkien bilduma. Familiatan antolatuta aurkezten dira. Interesgarria agian geografiako lanetan erabiltzeko. Egileek beste hiru erreferentzia gehiago ematen dituzte antzeko argazki gehiago nahi izanez gero; bigfoto.com, free-pictures-photos.com eta pictures-switzerland.com.
    • Trek Earth: aurrekoaren ildo beretik, honek ere mundu osoko leku interesgarrien argazkien bilduma zabala eskaintzen du. Kontinenteen arabera sailkatuak aurkezten diren arren, badago aukera ere ataletan sailkatuak aurkitzeko. Hauek ere interesgarriak izan daitezke geografian erabiltzeko, Google Maps bezalako aplikazio batekin uztartuz eta ondoren Google Earth-era esportatuz, adibidez.
    • IAN Image Library: zientziarekin zerikusi zuzena duen argazki bilduma txikia. 1329 argazkien artean aukeratu ahal izango duzu.
    • HubbleSite: galaxiak, Eguzki Sistema, izarrak… hauen guztien inguruko kalitate handiko argazkiak. Fisikan eta, bereziki, astronomiaren lanketan erabilgarriak. “NASA’s Hubble Space Telescope” erakundearen web orri honek aurtengo Webby Awards-etako bat jaso du zientziako webgunerik hoberena bezala.
    • Animalandia: EducaMadrid-eko webgune honek animalien argazkiak eskaintzen ditu, guztira ia 10000 inguru. Bide batez, 3320 animali ezberdinenen fitxak topatuko dituzue, informazio interesgarri askorekin. Antolaketa alfabetikoa nahiz taxonomikoa eskaintzen du.

Mikelek aipatzen zuen bezala, egun hauetan nire lankideak lanean ari dira jota ke. Badakit argazkiaz gain marrazkiak eta irudiak bilatzen ari direla egiten ari diren lanerako. Tira bada, hemen ipintzen dizkiet clipart irudiak eskaintzen dituzten helbide interesgarri batzuk. Egia esan Google bilatzailean clipart hitz gakoa jartzea besterik ez da behar horrelako irudiak eskaintzen dituzten ehundaka webgune begibistan izateko. Zoritxarrez hauetako askok publizitatez josita daude, hauetako batzuk gainera oso mode erasakorrean aurtzen dutelarik publizitate hau (popup-ak, malawarea, etab). Hemen ipintzen ditudanak eraso guzti hauetatik salbu daudela zin egiten dut eta, bide batez, bereziki irakaskuntzari zuzenduta daudela ere abisatzen dut.

  • Galería de imágenes de Microsoft Office Online: Gates jaunaren ofimatikako aplikazioan txerta daitezkeen irudiak. Ohi bezala, multzo ezberdinetan antolatuta topatuko dituzue.
  • Classroom Clpart: webgunearen izenak berak adierazten du zer den bertan topa daitekeena: milaka eta milaka irudi.
  • School Clip Art: aurrekoaren antzeko bilduma. Bertako irudiak erabili aurretik komenigarria da euren erabilpen baimenak ondo irakurtzea.
  • Clipart ETC: zientziarekin zerikusi zuzena duten 25000 mila argazkitik gora eskaintzen dira webgune honetan. Irudiak txuri-beltzean egon arren hauetako asko oso interesgarriak direlakoan nago. Euren lizentzian diotenez, hezkuntzari begira garatutako proiektu bakoitzeko 50 irudi soilik erabiltzeko baimena dago.
  • Openclipart: clipart-en inguruan eraikitako wiki honetan, irudi mota hauei buruzko informazio mordoa topa dezakezue. Helbide honetan ematen dira irudi hauek dituzten webgune mordo baten estekak.

Ez nuke bidalketa amaitu nahi beste bi webgune interesgarrien erreferentzia egin gabe. Azkenerako utzi ditut, argazkiez gain bestelako baliabideak eskaintzen dituzten webguneek direlako.

  • Banco de imágenes y sonidos del CNICE: Hezkuntza eta Zientzia Ministeritzak bultzaturiko biltegi honetan argazki libre mordo batetaz gain, irudiak, audioak, bideoak eta animazioak aurkitu ahal izango dituzue. Bertan diotenez, “la utilización de los recursos del Banco de imágenes y sonidos es universal, gratuita y abierta, siempre y cuando se trate de un uso educativo no comercial“, beraz, kontuz hemengo baliabideak erabiltzerakoan hauekin “negozioa” egin nahi baduzue :lol: .
  • Soundsnap: duela gutxi aurkitu dudan webgune honetan milaka soinu ezberdin jaso ahal izango duzue. Ikuspegi sozialarekin garatutako webgune honetan (igotako soinuak etiketatu daitezke, erabiltzaileek bozkatu eta iruzkinak utzi ditzakete …) audioak mp3 edota wav formatuetan igo eta jaitsi ahal izango dituzue. Benetan izugarria dagoeneko eskuragarri dagoen fitxategi kopurua.

Azkenik, komentariotxo bat egin nahiko nuke Creative Commons lizentziari buruz. Duela gutxi kaleratu den lizentzi mota honen 3.0 bertsioak dioena oso garbi dagoen arren, lizentzia honi atxekitzen zaizkion baldintza desberdinen ondorioz, erabiltzaileok zertara gauden baimenduta eta zertara ez, ez dut uste oso garbi geratzen denik kasu askotan, batez ere, lizentzia hau duten edukiekin etekin ekonomikoa lortu ote daitekeen edo ez. Honen inguruan gehiago jakin nahi baduzue hala euskal nola erdal Wikipedia kontsultatu dezakezue. Zure edukiak sarean partekatu nahi badituzu aukera ezazu lizentziarik egokiena gero gaizki ulertuak gertatzea ez baduzu nahi.

Informazio iturria: nire del.icio.us-eko kontua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.