OHARRA: Aurretik joan dadila azken hamar edo hamabost urteetan ardurarik ez hartzen saiatu naizela. Ez, behintzat, era kontzientean. Lehenago hartuta izan ditut eta ondorioak, askotan, desatseginak izan dira. Horregatik nire erabakia. Baina horrek ez du esan nahi arduren inguruan esperientziarik eta iritzirik ez dudanik. Baina nire errealitatea zein den argitzea ezinbestekoa nuen. Behin azalpenak eginda, sar gaitezen arian.
Lehenik eta behin, arduradun eta arduratsu izatearen arteko ezberdintasunak ikus ditzagun. Nahiz eta hiztegietan sinonimo gisa azaldu, uste dut bakoitzaren esanahia oso bestelakoa dela bestearekiko. Modu honetan, arduraduna edozein ardura duena dela esango nuke. Aldiz, arduratsua dena, bere gain dituen lanak txukun betetzen saiatzen dena da. Beraz, arduratsuak ez diren arduradunak topa ditzakegu.
Arduradunek, arduratsu izan ala ez, ardurekin jokatzen ikasi behar dute. Eta lan horretan hiru modu bereiziko nituzke: ardurak hartu, eman edo banatzen dituztenak.
Ardurak bere gain hartzen dituena jainko moduko bat da: berak hartzen du erabakien pisu guztia, bera da gertatzen den guztiaren erantzule eta berak ditu arazo guztien konponbideen giltzak. Ez dago bere kontrolpean ez dagoen ezer, Dena daki eta toki guztietan dago. Irtenbideak bilatzen eta aurkitzen ditu (batzuetan, inposatu ere). Eginbeharrek norabide bakarra dute: berarengana doa dena. Heroi moderno moduko bat da. Baina aspalditik dakigu hilerriak heroiez beterik daudela…
Bestalde, ardurak banatzen dituena dago. Aurreko kasuan bezala, bera da dena jakin eta kontrolatzen duena, baina berak egin ordez, besteei zer egin behar duten esaten die. Askotan, aldiz, eskatze hori agindu bilakatzen da. Autoritate puntu bat hartzen du: berak zer eta nola egin agintzeaz gain, nork egin behar duen ere erabakitzen du. Kasu horretan ere, betebeharrek norabide bakarra dute: gainontzeko guztiengana zuzenduta daude.
Modu horretakoa da beste muturrean dagoena ere: berak ezer ez egitearren, besteei agintzen diena. Horrek ardurak besteei eman eta “eskuak garbitzen” ditu. Eta arazoak daudenean, ezjakinarena egin (“nik ez nekien ezer… prentsaren bidez jakin dut…”) eta ardura eman dien horren lepoa eskatzen du, berea babesean jarriz. Eredu hori oso zabalduta dago gure inguruko politikarien artean…
Azkenik, ardurak banatzen dituena dugu. Esango nuke beste bi ereduen arteko nahasketa hobetua dela: badaki ardurak hartzen eta horiek bere ingurukoen artean banatzen, baina inposatu gabe. Taldea osatzen du, taldekideen iritziak kontuan hartzen ditu, beren esperientziaz ikasten du eta proiektu komun bat dutela ulertarazten du. Dinamismoz jokatzen du eta betebeharrek joan etorriko norabidea dute. Arduradun baino, koordinatzaile edo dinamizatzaile dela esango nuke.
Elkarrekin lan egiten dute giza-taldeek azken pertsona hauen beharra dute gogoz, ilusioz eta etekinak lortuz lan egiteko. Ez da erraza, ordea, dohain horiek dituen pertsona aurkitzea. Agian, norbera bere barruan begiratzen jartzea bezain ariketa sinplea litzateke…