Gaur, Diario Vascon albiste hau irakurri dudanean, gauza asko etorri zaizkit burura, baina abuztuan gaudela aintzat harturik, ez naiz gehiegi luzatuko.
Gauza da administrazioak jarraitzen duela Microsoft-ek dituen programei buruzko ikastaroak finantzatzen. Honekin, katea ez da eteten: jendeak programa horiek ikasten ditu, jendeak programa horiek erabiltzen ditu, Microsoft-en hegemonia mantentzen da Billy Gates aberasten den bitartean.
Noiz arraio ikusiko ditugu horrelako ikastaroak OpenOffice eta Firefox bezalako programak ikasteko?
Beste horrenbeste esango nuke administrazioak finantzatzen dituen aplikazioei buruz. Izan ere, oraindik ez ditut ikusi estandarrak eta irisgarritasuna bezalako kontzeptuak, proiektu horiek diruz hornitzeko ezarritako baldintzen artean. Nik uste dut aski dela eta guztion diruarekin administrazioak ezin dituela finantzatu baldintza horiek errespetatzen ez dituzten aplikazioak.
Zer deritzozue horri?