Irakasleon garapen profesionalari buruzko ideiak

Gaur arratsaldean duela hamar bat egun CITAk antolatutako kongresuan parte hartu duten hizlariek erabilitako aurkezpenak biltzen dituen artikulura heldu naiz. Eskaintzen diren lau aurkezpenetatik lehenengoak zer pentsatua eman dit eta nire ideiak hementxe jasotzea erabaki dut.

Aurkezpena Castellomgo Jaume I unibertsitateko irakasleak diren Jordi Adell eta Linda Castañedak prestatu dute eta azkenaldi honetan asko kezkatzen nauen gai bati buelta pare bat ematen dizkiote bertan: irakasleon garapen profesionalaren gaia.

Aurkezpena bi zatitan banatu dute. Bigarrena Ikas-ingurune Pertsonalen inguruan da eta IKT kontuetan gehiegi murgilduta ez dabilenak agian ez du gehiegi ulertuko. Lehenengoak ordea mami asko daukala iruditzen zait eta irakaskuntzan urte batzuk daramagunoi zer pentsatua eman beharko ligukeena.

Gogoratzen dut 97an ikastolan hasi nintzenean, nire kezkak nituela Ikastolen Elkarteak atera berri zituen Ostadarreko Matematikako testu liburuak erabiliko ote nituen edo ez erabkitzerakoan. Baliabide haien egokitasuna ez nuen garbi ikusten eta, nire ikuspegitik zituen gabeziak nire material propioekin osatuko nituela erabaki nuen azkenean. Gogoan dut orduan horrelako zerbait entzun nuela garai hartan ikastolan goi mailako ardurak zituzten batzuengandik:

baliabide hauen atzean asko dakiten profesionalak daude; nola ausar zaitezke zalantzan jartzea hau eta bestea

Tira, nik banekien gutxi gorabehera zeintzuk ziren nire arrazoiak erabai hura hartzeko baina egia da ere, zaila nuela argumentatzea nire jarrera, ez baitzen erraza orduan, argumentazio solido bat emateko behar nuen informazioa eskuratzea eta faltan botatzen nuen, baita ere, esperientziak ematen duen ezagutza. “Haiek nik baino informazio iturri aberatsagoak, eguneratuagoak, baliagarriagoak… dituzte” pentsatu nuen. “Nor naiz ni Ikastolen Elkartea bezalako “ezagutzaren tenpluan” lan egiten udtenen erabakiak zalantzan jartzeko” pentsatu nuen. Halere, jarraitzen nuen pentsatzen benetako profesionala izan nahi banuen, ezin nuela material hori besterik gabe erabili, inongo autonomiarik gabe nire lanean, inongo ardurarik gabe, inongo kritikotasunik gabe. Nola bestela izango nintzen gai garai berrietara egokitzeko behar nuen garapen profesionalari heltzeko?

Urteak pasatu dira eta, harrigarria badirudi ere, aurten berriro ere entzun ditut antzeko komentarioak nire inguruan. Nola liteke oraindik onartzea “irakasleok ez daukagu ezagutza nahikorik gure zeregin profesionalari behar bezala erantzuteko”? Irakasleok nola demontre jarraitzen dugu duela hamarkada batzuetako paradigma berdinetan lanean?

Gauzak gaur egun asko aldatu dira. Jordi eta Lindaren aurkezpenean inplizituki uler daitekeen moduan, internetek “ezagutza tenpluen” hormak puskatu egin ditu. Ikasten ikasteko grina duenak eta bere garapen profesionalean aurrera egin nahi duenak, aukerak ditu, hala nahi badu, tenpluan bizi direnek kontsultatzen dtuzten iturri berdinetatik edateko. Are gehiago oraindik, euren ikaskuntza praktikak apenas aldatu dutenen aurrean, euren ikas-ingurune profesionala txukun antolatu dutenek, etengabe ari dira egoera berriek eskatzen dituzten exijentzia berrietara egokitzen. Horrela, “ezagutza tenplu” horietako askok oso modu trakets eta motelean egokitzen ari dira, inguruan gertatzen ari diren aldaketetara. Adibide bat jartzearren, EEBBtan eta Espainia osoan liburu digitalak (orain ezagutzen ditugun moduan) kolokan jartzen dituzten iritziak hezkuntza munduan geroz eta nabarmenagoak diren une honetan, Ikastolen Elkarteak OKDa bezalakoak ipintzen ditu martxan edota ohiko materialen “refritoak” diren liburu-digitalak ipintzen dituzte kalean, berrikuntza barnize batez apainduta gainera. Berrikuntza bezala saldu nahi da, eskola komunitateak dagoeneko erabaki duenean horrelakoek iraungitze epe laburra izango dutela.

Aurkezpenaren 16. diapositiban esaten den moduan “Nos han desprofesionalizado (i.e., el libro de texto) y burocratizado”. Egoera hori ez da bakarrik kanpo-eraginaren ondorioa izan; ziurrenik gutako asko oso eroso sentitu gara ere, gurea den lan bat kanpotik eginda jaso izan dugunean. Alderdi horretatik, onartu beharra dago, kanpoko presio hori oso ondo etorri zaigula askotan, gure ardura pedagogikoak izan beharko luketenak bigarren maila batean utzi eta bizitza profesional erosoagoa izateko. Horrela, gaur egun arazoak ditugu sekuentzia didaktikoak modu autonomoan diseinatzeko, aniztasunak eskatzen dituen estrategia didaktiko alternatiboak diseinatzeko (arazo potolo bat gure ikastolan), benetako ebaluazio formatiboa burutzeko irizpideak diseinatu eta aurrera eramateko bitartekoak erabiltzeko, etabar, etabar. Bitxia bada ere, duela berrogei urte ikastolen mugimenduaren sendotzea gertatzen hasita zegoen garai hartan, hain arrunta zenaren beste muturrean bukatu dugu. Eta hori ez dut nik esaten. Nik dakidaneraino, Jordik eta Lindak ez dute Ikastolen mugimendua gertutik ezagutzen. Baina irakasleon garapen profesionalean aurrera egiteko proposatzen ditzuten estrategiak irakurrita, badirudi duela berrogei urte, ikastolen aitzindariak izan ziren irakasleek egindakoa oso ondo ezagutzen dutela:

1) Estar orientado a la resolución de problemas
2) Ofrecer oportunidades para que lso docentes trabajen juntos y con expertos
3) Facilitar la exposición de los docentes a innovaciones en conocimientos, practicas de enseñanza y tecnologias de apoyo
4) Capacitar a los docentes para probar nuevas estrategias y habilidades
5) Facilitar la reflexión sobre la propia práctica y la discusión orientada a un proposito

Ez al dira horiek, hain zuzen ere, duela berrogei urte ikastoletako irakasleek erabat barneratuta zituzten kontuak? Ikastolen mugimendua gaur dena izatera heldu bada, ez al da orduko irakasleek normaltasunez asumitzen zutelako euren garapen profesionala ezinbestekoa gurea bezalako proiektu bat aurrera eramateko? Baliabide eskasia izugarria zegoen garai hartan, ez al mirestekoa irakasle haiek, euren praktika didaktikoaren hobekuntzaren alde adierazi zuten jarrera eta hartu zuten konpromisoa?

Zergatik ukatu nahi zaigu orduan guri garapen hori, ezagutza eta informazioarekiko sarbidea inoiz baino errazagoa den garai honetan? Zergatik ukatzen zaigu bide berriak ikertzeari, ikerkuntza horrek eskatzen duen formazioa modu autonomoan jasotzeari? Estrategia berriak probatzeari? Noiz pasako gara material “prefabrikatuak” inongo irizpide kritikorik gabe aplikatuko dituen profesionalak izatetik, ibilbidea modu autonomo eta arduratsuan egiten jakingo duten profesionala izatera?

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.