Aurreko egunean, Indiako egitasmoaren berri eman genizuen, bada gaur Portugalera goaz beste eramangarri baten berri emateko: Magallanes izenekoa.
Diotenez, produktuaren kostua 180 €koa izango da, baina Portugaleko ikasleen artean dohain edo, gehienez ere, 50 €ko prezioan banatuko ditu bertako Gobernuak. Horrekin, ikasle guztiek Teknologia Berrietara iristeko duten eskumena bermatu nahi dute, nahiz eta zalantza handiak dituzten irakasleen gaitasunen inguruan.
Kolpe eta zipriztinak jasateko egin nahi den eramangarri sendo honek 7 hazbeteko pantaila izango du, 256 MBeko RAM memoria eta 1 edo 2 GBeko memoria disko gogorraren ordez. Dirudienez, Windows XPrekin joango da, kamera digitala eta banda zabaleko Interneterako sarbidea izango du. Prozesadorea Intel etxekoa izango da, izan ere, eramangarri hau Portugaleko Gobernuak eta Intel etxeak sinatutako akordio baten emaitza baita.
Ikusten dugunez, 2007an Intelek “Classmate PC” izeneko proiektuaren berri eman zuenetik Libia, Argentina, Indonesia, India, Vietnam eta Portugalekin akordioak sinatu ditu eta Brasil, Txile, Txina, India, Nigeria, Filipinak eta Turkia bezalako lurraldeekin, besteak beste, sinatzekotan da, baina Europako beste lurraldeekin ere akordioetara iristeko asmoa azaldu omen dute. AMDk bultzaturiko Negroponteren One Laptop Per Child proiektuarentzat beste oztopo bat.
Iturria: Finanzas.com