Burbuilatik harago

Gazte-gaztetatik izan naiz modetatik ihesian, topikoetatik urrun, tendentzia eta joeren aurka jardun den horietakoa. Ziurrenik horretan eragin handia izan du nire karakter menderakaitz, egoskor eta inkonformistak. Bada hori, nahiko tipo xelebrea naizela! (nire amak badaki, bai, zertaz ari naizen).

Ez naiz erretzailea. 13-14 urte nituela, nerabezaroaren hasieran, inguruko lagun guztiek zigarroari lehen kaladatxoak ematen hasi zirenean, nik ez nuela kerik probatuko erabaki nuen. Eta horrela gertatu da gaurdaino. Aurrerago, tabernan irabazitako lehenengo sosekin nire lehen diskak erosi behar nituela eta, telebista eta irrati kate gehienen eskaintza aspergarritik harago zer zegoen ezagutu nahi nuela, Rockdelux aldizkaria erosten hasi nintzen. Ordizian lau friki besterik ez ginen txanponak aldizkari horretan gastatzen genituenak. Bertan gomendatzen zituzten talde gehienen diskak Discoplayko katalogotik kanpo egoten zirenez, katalogo berri bat bilatzera jo nuen. Eta horrelaxe ezagutu nuen Madrilgo Discos Del Sur dendak (uste dut jada denda itxita dagoela) banatzen zuen katalago bitxi hura. Enpin, adibide tonto pare bat besterik ez dira baina nire izaera azaltzeko nahiko adierazgarriak

Get a Real Job - Isaac Leedom

Egia da asaldura puntu hori gaztaroaren berezko ezaugarria izaten dela eta heldutasunerako bidean galtzen joaten dela. Baina, batzuetan barrura begiratzen dudanean, izpiritu hartatik oraindik zerbait mantentzen dudala iruditzen zait. Baliteke, adibidez, jarrera menderakaitz, egoskor eta inkonformista horren isla txikiren bat agertzea oraindik nire familiako negozioa utzi eta irakasle bezala lanean hastea erabaki nuenean; edota dinamizatzaile bezala hasi nintzenean, gehienek planteatzen zuten profil teknikoa alde batera utzi, eta alderdi pedagogiko eta kudeaketa arloarekin lotutako zereginetara dedikatzea erabaki nuenean; edota, inguruko ikastetxeetan zegoen joera nagusiaren aurka, gurean software askearen aldeko apustua egin behar genuela erabaki nuenean. Eta, nola ez, blog hau bera sortzeko erabakia hartu nuenean. Erabaki hauen guztien atzean ziur gaur kontzientea ez naizen arrazoi ezkutu asko egon zirela baina, nik uste dut, guztietan bazegoela oraindik ere uniformetasunetik ihes egiteko nahia, tendetzia, joera eta moden mugetatik harago dagoena ezagutzeko gogoa, bide berriak urratzeko irrika, ikaskuntza berriekin aberasteko esperantza.

Dena den, informazio eta komunikazio kanalak gaurkoan baina murritzagoak ziren garaian, moden zirkulutik harago egotea ez zen oso konplikatua. Mende berri honen lehen hamarkada amaitu berri dugun honetan ordea, kanal horiek esponentzialki hazi diren honetan, hiperkonektatuta bizi garen garai honetan, norberak bere garapen espazio propio, pertsonal eta autonomoa aurrera eramatea, inguruan dituen eraginetatik at, gauza konplikatua bihurtu da, izan ere, jasotzen diren kanpo estimuluen eta eraginen presentzia hain handia da, beti dirudiela dagoeneko urratuta dagoen bide bat egiten gaudela. Eta hori, ni bezalako tipo batentzat, nahiko gauza frustrantea da.

Denboralditxo bat daramat kontu honi buelta batzuk ematen. Arinkeria da nagusi nire inguruan; fast-foodaren moduan, apenas garrantziarik duen etengabeko informazio jario batean kontsumitzaile amorratua bhurtu naiz eta, kontraesana badirudi ere, informazio jario horrek ez nau autonomoagoa, askeagoa egiten. Alderantziz, kontsumo azkarreko informazio fluxu horrek moda, joera eta tendentzietatik inoiz baina menpekoagoa sentitzera eraman nau. Oso identifikatuta sentitzen nintzen atzo El Pais-ek Nicholas Carri egindako elkarrizketan, ondokoa irakurri nuenean:

La multitarea, instigada por el uso de Internet, nos aleja de formas de pensamiento que requieren reflexión y contemplación, nos convierte en seres más eficientes procesando información pero menos capaces para profundizar en esa información y al hacerlo no solo nos deshumanizan un poco sino que nos uniformizan

Konturatu gabe, azkenaldian ni neu dinamika horretan sartu naizela konturatu naiz, ni neu kontsumo azkarreko informazio pilulak etengabe barreiatzen diren burbuila digital batean murgilduta nabilela iruditzen zait eta burbuila horretan egiten dudan jardunak ez dit inongo abantaila konpetitiborik ekartzen, ez dit ingurukoengandik bereizteko balio, ez da ikaskuntza esanguratsuan bilakatzen.

Eta zerk mantentzen nau orduan burbuila horren barruan orduan? Galdera honen erantzuna atzo bertan Plistik eman zidan Karrajuenean.

Nire iritzian, burmuinak konpentsazio azkarra bilatzen du, gehienetan; gai da denbora luzean dentsitate arineko informazio-fluxua deskodetzen aritzeko; akuilu du deskodetzeak dakarkion ‘sari’ azkarra (dela emozioa, dela informazioa, dela ekinbidea…)

Erabat ados nago bere azalpenarekin. Sare-sozialak burbuila digitalaren McDonaldsean bilakatu dira; honek, bigarren mailako kalitatea duen haragi puska baten kontsumoaren esperientzia, jate soilak berak suposatzen duena baina “aberatsagoa” den zerbaitetan bihurtu duen bezala, sare-sozialek ere antzeko papera jokatzen dutela esango nuke nik. Informazio arinaren kontsumoak, informazioaren kalitatea eta honen inguruko hausnarketa alde abetar uzten ditu, bere benetako balioa kontsumoak sortzen dituen estimuluetan koka daitekeelarik. Ukaezina dena da, estimulazio horrek maila baxuko ekintzak eragiten dituela, diskurtso pobreak eta errepikakorrak eta, garrantzitsua dena, inakzioa. Hortxe Interneteko euskarazko edukietan bizi dugun beherakada, besteak beste.

Badakit beti korrontearen aurka igerian aritzea gauza nekeza dela baina niretzat oso garrantzitsua da. Moda eta joeren ahuleziak identifikatzea, gehiengoa non dabilen oker analizatzea izan daiteke bidea egin eta honekin batera, ikasten joateko modurik egokiena. Horixe bera irakurtzen nuen aurrekoan, adibidez, Martin Gardner-en aipu batean. Balio dezala hausnarketa honek etorri behar duen aldaketa horren abiapuntu bezala.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.