Gaztetan, eskola amaitu eta unibertsitaterako bidea hartu nuen garai hartan, ez nuen imajinatu ere egingo, gerora, zenbat denbora eskainiko nion idazteari.
Goi-mailako ikasketak zientzia arlotik egingo nituela erabaki nuenean ez zitzaidan burutik ere pasa, idatziz nahiz ahoz komunikatzeko gaitasunek garrantzia berezia izango zutenik nire etorkizun profesionalean. Eta ziurrenik horrelaxe izango zen baldin eta jarraitu izan banu nire hasierako farmazilari lanean. Baina gauzak desberdin joan ziren eta bat-batean, ia konturatu gabe, irakasle lanetan murgilduta ikusi nuen nire burua.
Beti pentsatu eta esan dut bigarren hezkuntzako irakasle batek duen ezagutza espezifikoa bezain garrantzitsua dela komunikatzaile ona izatea, batez ere, ikasleekin gela barruan daukagun aurrez-aurreko harremanean. Inkontzienteki beharbada baina uste dut ahalegindu naizela saihestu beharreko akats arruntenak ekiditen. Beti gustatu izan zait txaskarrilloren batekin hastea gelako jarduna, tartean eten txikiak egin atentzioa berriro neureganatzeko, diskurtso aspergarriak saihestu horretarako kontzeptuak “txisparekin” azalduz, ikasleentzat gertukoak izan daitezkeen fenomeno eta gertakariak adibide bezala ipini gelan lantzen ari garenaren balioa eta aplikagarritasuna ulertzeko… Halere baditut oraindik hobetu beharreko gauza ugari; askotan kontzeptuak eta ideiak arrapaladan botatzen ditut, bata bestearen atzetik, burura datozkidan moduan; erritmoa ez dut kontrolatzen askotan eta batzuetan gauzak modu nahasian azaltzen ditut. Ikasleak kontzienteak dira horretaz eta, nahiz eta hori hobetzen ahalegindu, jakin badakit oraindik badudala zer hobetua.
Idaztearena beste kontu bat da. Jakintza ikastolan egindako lehen urteetan beste irakasle askok bezala, nire apuntetxoak sortzeari ekin nion. Egia esan ez zen izan meritu handiko lana. Nire erreferente nagusienak euskarazko testu-liburuak ziren eta, nahiz eta, hauetako batzuk erdaraz egon eta itzultzeko saikera batzuk egin behar izan, testu gehiena liburuetatik zuzenean “fusilatu” nuen. Garai hartan nire eskutik idatzitako gauza gutxi topatuko nituzke gaur egun.
Baina 2005. urtean dena aldatu zen. Blog bat martxan jartzeak zer suposatzen zuen oso ondo jakin gabe oraindik, teknologia berrien inguruan jasotzen nuen informazioari buruz idazten hasi nintzen. Bi aldiz pentsatu gabe hartutako erabaki hark zenbat lan eta esfortzu suposatuko zuen ez nuen imajinatu ere egin hasiera batean. Baina poliki-poliki, gehienetan irakurleengandik jasotako feedbackari esker, gustoa hartu nion idazteari. Geroz eta gutxiago kostatzen zitzaidan idazten jartzea eta, denborarekin, analisi sakonagoak idatziz adierazteko gai nintzela jabetu nintzen.
Luze idazteko gai izatea gauza bat da eta ondo idaztea, ordea, beste bat. Eta nik garbi daukat ez naizela idazle ona. Ez dut zuzentasunez idazten (ortografi akatsak zaintzen ahalegintzen naiz, hori bai), nire idatzi askoei kohesioa faltatzen zaie askotan (puntuazioa ez dut modu egokian erabiltzen maiz eta aditzak ere oker erabiltzen ditut) eta bestetan, koherentzia falta ere izaten dute (gehienetan testuek behar duten azken errepasoa ematen ez diedalako). Ez dut beharko nuen (eta nahiko nukeen) bezain ondo idazten. Idaztea zaila egiten zait. Are gehiago esango nuke: idaztea zaila da eta ondo idaztea, oraindik, zailagoa. Ez nuke sekulan imajinatu ere egingo paper zuri edo pantaila zuri baten aurrean zure burutazioak modu txukun batean idaztea hain gauza konplikatua izango zenik. Inoiz jarri ez dena testu luze bat idazten ezin du imajinatu zenat buelta eman behar zaizkion buruari tajuzko zerbait idazteko. Duela gutxi nire anaiak horixe bera komentatzen zidan, bere lantegian EFQMko ebaluaziorako memoria prestatzen ari zela eta. Ez da bakarrik berari kostatzen zitzaiona; lana lankide gehiagoren artean banatzea erabaki zuten eta bakoitzak egindako idatziak jasotakoan, nahiko agerian geratzen omen zen zenbat kostatzen zitzaien gehienei oinarrizko ideiak modu koherente batean idaztea.
Bai, idaztea zaila da baina, hala eta guztiz ere, idaztea gustukoa dut eta gainera idaztea beharrezkoa dut:
- Saramagok zioen moduan, “idaztea itzultzea da, ikusi eta sentitzen duguna ikurrez osatutako kode baten bitartez adieraztea”. Denborarekin jabetu naiz errazago, antolatuago, txukunago eta modu erreflexiboagoan azaltzen ditudala ideiak eta emozioak idatziz ahoz baino. Garuna azkar (azkarregi) funtzionatzen dion horietakoa naiz. Esan beharrekoak pilatzen zaizkion horietakoa naiz, etorria jarioa baina abiadura handiagoa izaten duen horietakoa. Idaztea ideiak, bizipenak, sentimenduak modu antolatu batean azaltzeko metodo efikaza da. Patxadaz idaztea asko lasaitzen nau eta, bide batez, gauzak edozein modutara bota aurretik, hausnartzen laguntzen dit. Bi aldiz pentsatzen ditut gauzak idatzi aurretik eta horrek erlaxatu egiten nau, azaldu nahi dudana uneko emozioen eraginen menpe ez delako egoten.
- Bestalde, idaztea sortzea da. Sare-sozialen bilakaerarekin informazioa bilatu eta eskuratu bai, informazioa antolatu eta partekatu ere bai, baina horretan geratu gara gehienok. Nahiko ebidentea omen da Interneteko euskarazko edukietan behera egin dugula azkenaldian. Kezkagarria. Baina niretzat kezkagarriagoa da oraindik neure ikaskuntza propioa garatzeko hain garrantzitsua izan den metodo hori alde batera uztea. Blogan idazteari utzi nionetik geroz eta kontzienteagoa izan naiz kontu honetaz. Ez dago benetako ikaskuntza ingurune pertsonalik sormenik ez badago. Informazioa gordetzea, gogoratzea, analizatzea, sintetizatzea, ebaluatzea garrantzitsua da baina hortik ez badago emari konkreturik, benetako ikaskuntza hanka-motz geratzen da.
2005ean gure bloga martxan jartzearen arrazoi nagusiena nire komunitatearekin nuen ezagutza partekatzea bazen, gaur, sei urte beranduago, blogan berriro idazten hasteak nire ikaskuntza prozesuan sakontzea eta aurrera egitea du helburu nagusi bezala. Bada aldea enfoke bien artean, ez zaizue iruditzen?