Gaur egun, asko entzuten den hitza dugu “Kalitatea”. Gehiegi esango nuke nik. Askotan, erakundeek euren produktua saltzeko darabilte, bestetan irudia garbitzeko edo hobetzeko, baina, ez da ohikoa ikustea erakunde bat kontzeptu hori erabili baino gehiago praktikatu egiten duena. Izan ere, kalitatearen kontzeptua praxiarekin hertsiki lotuta doa eta, hein handi batean, praxi horren bitartez hurbil gaitezke bikaintasunaren helburu idilikora. Guztiok lortu nahi dugun gorengo maila horretara.
Ez da ohikoa, diot, bikaintasunaren bila dabilen erakundea ez erortzea marketingaren tentazioan. Agian, horrela behar da izan eta ez dut hori zalantzan jartzen, horren garbi ikusten ez dudana da lehenestea publizitatearen alderdia etengabeko hobekuntzaren espirituaren kalterako. Hauxe baita etengabeko hobekuntzaren filosofiaren oinarria urratzen duen minbizia eta, guztion artean, alboratu beharko genukeena.
Nolanahi ere, zorionez, erakunde asko dira bikaintasunaren bidean daudenak eta apostu zintzo eta garbia egiten dutenak benetako “Kalitatea”ren alde. Konpromiso hori ez da xamurra inondik inora, baina, konpromiso hori erakundeen printzipioetan oinarritzen denean, arrakasta ziurta daiteke.
Bide hori urratzeko eredu desberdinak aurki daitezke eta erakunde bakoitzak hautatzen du, beharren arabera, ondoen egokitzen zaiona. Gehien ezagutzen diren ereduak honako hauek dira: EFQM eredu europarra, Six Sigma EEBBetan sortua, ISO arau multzoa, Capability Maturity Model (CMM) softwarea ekoizten duten enpresentzat sortutako eredua, Deming Japonian XX. mendearen erdialdean sortua eta Baldrige EEBBetan sortua. Hauek eta beste batzuk baliagarriak izan daitezke, hori bai, sortu ziren garaia eta lurraldearen arabera filosofia desberdinak daude guztien atzetik.
Hautatzen den eredua edozein izanik ere,arrakastaren gakoa pertsonak dira. Eredu bat ezartzeko ezinbestekoa izango da erakundeko pertsonen jarrera baikorra eta fedea. Hori gabe ezinezkoa baita edozein proiektua aurrera eramatea. Horregatik, honen atzetik etorriko diren iritzi artikuluetan, ahaleginduko naiz azaltzen kalitatezko ereduen eragina gure irakaskuntzaren mundu honetan. Ezin baitugu ahaztu gure mundu honen ardatza pertsonak direla ( ikasleak, gurasoak, irakasleak, ez dozenteak…). Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok, eredu hauetan murgiltzen garenok behintzat, oso garbi daukagu eragina zein den.
Bukatzeko, gaurko sarrera honen ondoren, esan nahiko nuke hurrengo kapituluetan hezkuntza-kalitatea binomioa idatzien ardatz izango dela, beti ere garapen eta berrikuntzaren kudeaketan duen eragina azpimarratuz . Hurrengora arte.