Kalitatea Hezkuntzan V

Q-a
Kalitate ereduek inon eragina izan behar badute, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan izan beharko luke. Aurreko artikuluan aipatu nituen baldintzak betetzen direnean, esparru zabal bat irekitzen da prozesu horietan eragiteko: unitate didaktikoak, saio lektiboa, ebaluazioa, tutorizazioa… Horietan guztietan Teknologia Berrien inplementazioa gauzatzeko erak berebiziko garrantzi izan dezake. Ikastolok ahalegin handia ari gara egiten prozesu horiek tresna bateratu batez kudeatzeko eta Ikasweben txertatzeko. Horrek garrantzi handia badu ere, nire asmoa gela barrura begira dago. Hau da, kalitate eredu eta teknologia berrien inplementazioak gela barruko jardunean duen eragina aztertzea izango da nire xedea.

Teknologia Berriak ikastetxeetan sartzen hasi zirenetik, ene iritziz, asko izan dira eginiko hanka-sartzeak. Zalantzarik gabe, irakasleriaren prestakuntza falta izan da larriena. Horrek zaildu egin baitu erabileraren hedapena eta jarrera eszeptikoa sortarazi baitu. Beste fase batean, eskainitako formazioa programa jakin batzuen erabilera ezagutzera zuzenduta zegoen. Honekin, programa horietan “adituak” lortu ziren baina erakutsi al zitzaien programa horiek nola erabili ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eraginkorrak izateko? Garbi dago erantzuna ezezkoa dela. Hori bai, ikasle guztiek “kopiatu eta itsatsi” komandoak oso ongi ikasi zituzten. Estereotipoz beteriko lanak ekoizten hasi ziren ( nork ez ditu jaso lanak oso-osorik internetetik kopiatuta eta WordArt-eko izenburuekin apainduta? Nire ikasleek badakite zenbat “gustatzen” zaizkidan lan horiek ), betiko hezkuntza ereduak errepikatzen ari ziren. Honekin, ikasleen sormena, iritzi kritikoa, pentsamentu eraikitzailea… mugatu egiten zen. Zorionez, irakasle asko egoera horrekin gustura ez , beste planteamentu batzuk egiten hasi ziren. Helburua: eraginkorrak izatea ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan ikasleen sormena eta jakin-mina sustatzeko.

Bide hau askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait eta aukera ugari dagoen arren, nik balibide batzuk besterik ez ditut aipatuko: Webquest-ak, weblogak, Skype eta Messenger. Hauek bakarrik aipatzearen arrazoia oso xinplea da: gure ikastolan erabiliak dira eta euren baliagarritasuna frogatuta dut. Horietaz gain, Moodle , clic … aipa nitzake baina zerrenda bukaezina egingo litzaiguke.

Beharbada, garrantzi gutxien duena erabilitako tresna da. Bakar-bakarrik guk ziurtatu beharko dugu erabilitako tresnak bermatzen duela lortu nahi dugun helburua. Arestian aipaturiko tresna horiek beste interakzio mota bat ahalbideratzen dute eta oso baliagarriak dira ikasleengan jakin-mina pizteko, informazioaren trataera egokia sustatzeko, elkarkidetza bultzatzeko, gogoeta eragiteko…

Guk, gure ikastolan, EFQM eredua ezarri genuenetik, tresna ugari daukagu gure eguneroko jarduna ebaluatzeko, berrikusteko, hobetzeko… eta horiei esker, berehala jakin genuen Teknologia Berrien inguruko ikuspegian aldaketa sakona eman behar genuela, baita eman ere!. IKTen inguruko prozesuak abian jarri genituen eta, horiekin batera, formazio plan sakona hasi genuen. Hasiera hasieratik oso garbi genuen ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen mesedean jarri nahi genituela IKTak. Garatu beharreko Curriculuma zehaztu, azpiegitura egokiaz hornitu, talde dinamizatzaile bat osatu… ; horiek izan ziren gure lehen urratsak, besteak beste.

Gaur egun, ohiko bilakatu dira gure ikasleen ekoizpen multimediak, lan digitalak, beste ikastetxeetako ikasleekin burutzen dituzten elkarlanak… Ikuspegia zeharo aldatu dugu eta, emaitzek itxaropentsu egoteko arrazoi asko ematen diguten arren, gauza asko hobetzeko dugula ez dugu ezkutatzen. Gure abantaila, eta ez da nolanahiko abantaila, EFQM ereduari esker garatu ditugun kontrol eta doikuntza tresnetan kokatuko nuke, izan ere, tresna horiek etengabe informazioa ematen digute eta neurri zuzentzaileak jartzeko bidea erakusten digute.

Honekin amaitu nahiko nuke Kalitatea Hezkuntzan izenarekin batailatu nuen artikulu sorta hau. Dena den, artikulu hauek idazten ari nintzela, beste ideia bat bururatu zitzaidan eta zin dagizuet epe laburrean gai honekin lotutako beste artikulu bat izango duzuela. Baina, lasai egon, bakar bat izango da eta, bertan, Kalitate Ereduen inplantazioa ikastetxeetan eta horietan Teknologia Berrien garapena aztertzen saiatuko naiz . Ba al dago harremanik? Ikusiko dugu. Besterik gabe, mila esker eta hurrengora arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.