Ikasturte amaiera gogorra, ia beti bezala, izaten ari da IKTeroak egiten dugunontzat. Saltsero izateari ezin utzi eta ikastolako lan askotan parte hartzen dugunez, azken egunotan buru-belarri gabiltza lan horiek amaitu nahian, hori dela eta, gure mezuen erritmoa moteldu egin da.
Nolanahi ere, ez dakit “engantxatu” ez ote naizen. Gaur, egun osoa ikastolako ordenagailu baten aurrean lanean igaro ondoren, etxera iritsi orduko ohartu naiz bi egun idatzi gabe egon naizela eta post hau idazteari ekin diot (zalantzarik gabe, EFQM memoria idaztea baino errazagoa da) nire burua lasaitu nahirik edo.
Datorren astean, lan horiek amaitu eta berehala, hurrengo ikasturteko proiektuak prestatzen hasiko gara. Horrekin ere nahikoa lan izango dugu eta ahaleginduko gara proiektu horien inguruko informazioa hemen argitaratzen zuekin konpartitzeko.