Egunak daramatzat datorren ikasturterako garatu nahi dudan proiektuarekin erabiliko dudan aplikazioaren bila. Blog honekin hasi ginenean aplikazio gutxi ezagutzen nituen edukiak nik nahi nuen eran publikatu ahal izateko. Hauen artean Blogger, Movable Type eta WordPress nituen ezagunenak. Poliki-poliki ohartu nintzen aplikazio guzti hauek CMS izen generikoarekin ezagutzen direla eta merkatuan uste nuen baino aplikazio gehiago zeudela aukeragai. Hauen artean, nire “IKTero-kide” den Txantxiku ikastolako Xa2-k egun batean federazioan ezagutzera eman zigun Moodle aplikazioa. Plataforma horietako askoren kasuan lizentzia ordaintzea (eta ondo ordaindu gainera!) beharrezkoa izan arren, beste asko eta asko, open source izanik dohain eskura ahal daitezke, hala nola, atariak garatzeko tresnak (Drupal, Mambo, PHP-Nuke, Xoops), blogak sortzeko (b2evolution, WordPress, Nucleus), foroak publikatzeko (phpBB), e-Learning aplikazioak (ATutor, Moodle, Site&School), Wiki-ak (MediaWiki)… Aurrean aipatutako guzti horiek PHP eta MySQL-en gainean funtzionatzen dute baina horietaz aparte ere badaude bestelako programazio hizkuntzetan garatutakoak: Movable Type (Perl hizkuntzan egina), Coreblog (Zope-n oinarritua)… Benetan zerrenda luzea!.
Aipatutako aplikazio hauen eta gehiagoren berri izan nahi baduzue eta erabiltzaileen iritziak ezagutu, beheko helbideak bisita ditzakezue:
- opensourceCMS: CMS pilo baten inguruko informazioa jasotzeaz gain guztiekin praktikatzeko aukera ematen du. Aukeratu ezazu CMS bat eta webgunean emandako erabiltzaile izen eta pasahitzekin ordubetez “saltseatu” dezakezu CMS-aren barruan. Ordua amaitzerakoan egindako aldaketa guztiak ezabatu egingo dira.
- OngETC:aurreko webgunearen administradore batek sortutako webgunea da hau. CMS desberdinen inguruan egon daitezkeen kezkeei erantzuten ahalegintzen da.
- Oscom.org: Open Source Content Management. Webgune honetako orri honetan ere informazio ugari aurki dezakezue
Kontua da, bueltaka nenbilela aplikazio guzti hauen inguruko informazioa kontsultatzen eta bat-batean bonbilla piztu zait: gure ikastolak badu aspalditik behar handi bat edukien kudeaketari dagokionez. Esplikatuko naiz.
Gure ikastola 1997tik hona EFQM edo kalitatearen ereduan murgildurik dabil. Eredu honek zehazten duen metodologiari jarraituz aspaldi honetan sortu dugun dokumentazio bolumena izugarria bilakatu da. Hasi ginenean informazio guzti hau Windows-eko “Explorador de archivos” delakoarekin kudeatzen genuen. Baina ez zen denbora gehiegi pasatu konturatu ginenerako tresna horrek ez zituela asetzen gure beharrak. Hasiera batean gure EFQM aholkulariekin komentatu genuen egoera hau baina beraiek ere ez zuten oso garbi zein tresna izan zitekeen egokiena gure informazio bolumena baldintza egokietan kudeatu ahal izateko. Handik gutxira Ikastolen Federaziotik gure intraneta garatzeko proiektua bultzatu zen. Aurreikusita zeuden intranetaren moduluetako bat, hain zuzen ere, dokumentazioaren kudeatzaile bat izango zen. Gure artean ilusio izpi bat sortu zen; intranetaren demoetan ikusitakoaren arabera gure beharrak asetuko zituen tresna jaso ahal izango genuen ikasturte honen lehen hiruhilabetean. Baina kukuak oker jotzen die askori eta gure intraneta esku artean izan genuenean konturatu ginen ez zela batere erabilgarria. Zortzi urte hauetako ibilbidean 2995 KARPETA ETA 7982 DOKUMENTU SORTU DITUGU!!!! eta, jakina, gure dokumentazio kudeatzailea ez zegoen era egokian diseinatuta informazio guzti hori aise maneiatzeko.
Beraz, pentsatu nuen agian posiblea zitekeela CMSen munduan gure beharreei egokitzen zitzaion aplikazio bat aurkitzea eta dohain izanez gero hobe, noski. Horrela Mario Lopez de Avila-ren bloga topa nuen. Bertan, Knowledge Tree CMSaren inguruko artikulu interesgarri bat aurkitu nuen. Marioren hitzetan:
La aplicación proporciona un ‘almacén’ o repositorio de documentos, soporta el desarrollo de flujo de trabajo, circulación de documentos, publicación de contenidos e, incluso, definición de métricas relativas a la gestión de contenidos. Todo ello por 0 euros.
Aplikazio honek aurkezten dituen ezaugarrien artean ondorengoak aipa daitezke:
- Dokumentuen bertsio desberdinen kontrola
- Bilaketa mota anitzak
- Dokumentu arruntenen kudeaketarako euskarria: MS Word, MS Excel, PDF, TXT, HTML…
- Dokumentuetarako lotura sistema eraginkorra
- …
Kontutan izanik gure intranetak PHP eta MySQLpean lan egiten duela, posiblea izango litzateke horrelako aplikazio bat gure intranetean erbili ahal izatea datorren hilabeteetan?. Jakinen gainean edukiko zaituztegu.
Bitartean aplikazio interesgarri honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero hona edo hona jo dezakezue