Denbora bat daramat (azken hilabeteak gutxi gorabehera) weblogen mundua ezagutu eta honen mendean erorita, zorionez edo zoritxarrez (oraindik ez dut oso garbi!). Ikaskuntza-irakaskuntzaren ikuskera konstruktibista duen IKTero horietako bat naizen neurrian, hurrengo urtean nire gaietako bat jorratzeko webloga tresna erabiltzeko asmoa dudala behin baino gehiagotan azaldu dizuet nire postetan.
Denbora honetan, aipatutako alorrean lan interesgarria egiten ari direnen izenak eta weblogak ezagutzeko aukera ere izan dut: Carlos Tirado, José Luis Orihuela … Baina, gaur, bereziki Francisco Muñoz de la Peña irakasleari buruz hitz egin nahi dizuet. Izan ere, ostiralean irakurri nuen Bilbora ikastaro bat ematera zetorrela eta, ausardiaren ausardiaz, izena emateko deitu (epea, noski, aspaldi bukatuta zegoen) eta baiezkoa eman zidaten. Horrelaxe, bada, bertan izan naiz eta benetan interesgarriak iruditu zaizkit han ikusi eta ikasitakoak.
Muñoz de la Peña, Aula Tecnológica Siglo XXI Hezkuntza Atariaren sortzailea, gizon ireki eta ideiez betea da; Extremadurako azentu eta doinu bereziaz hitz egiten duena. Goiz osoa pasa zenezake berari entzuten, bere hitzek askatzen duten musikaltasunari adi…Baina gatozen harira!
Gaurkoan, hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, irakurketa-idazketaren didaktikarako tresna oparotzat aurkeztu eta weblogen abantailez hitz egiteaz gain, tresna hauek sortzeko sistema batzuk erakutsi dizkigu: Acelblog, Blogalia , Blogia, WordPress-ek kudeatutako Berriemaile eta beste asko. Halere, bereziki emozionatuta ikusi dugu azken egun hauetan ezagutu duen Zoomblog-arekin eta sakontasunean aztertzeari ekin diogu. Erabiltzeko oso erraza izateaz gain, baditu aukera batzuk nik beste batzuetan aurkitu ez ditudanak:
1. Testu editoreak “what you see is what you get” sistema erabiltzen du (word-en idazten arituko bazina bezala): ez du HTML hizkuntza erabiltzen.
2. Artikulu bat idazteko ez dago administrazioan sartu beharrik, posta elektronikoaz bidal daiteke (ikasleentzat oso erosoa).
3. Trackback automatikoa du (ez daukazu idatzi beharrik).
4. Argazkiak eta irudiak txertatzea oso erraza izateaz gain, Flickr erabiliz, zure albumak osatu eta zuzenean argazkiak txertatzeko aukera ere ematen du.
Hitz batez, aukera mordo bat eskaintzen ditu!! Gainera, berak osatutako material interesgarri bat banatu digu patxadan azter dezagun (eta horixe da nik egin behar dudana artikulu hau publikatu ostean).
Amaitzeko esango dizuet asteazken, ostegun eta ostiralean irakaslea Donostian izango dela Hot Potatoes-en inguruan ikastaro bat ematen. Ezetz asmatu nork eman duen izena hara joateko? Nik, noski!